[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Sabin Arana

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Sabin Arana

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakSabin Polikarpo Arana Goiri
JaiotzaEspainia1865eko urtarrilaren 25a
Herrialdea Euskal Herria
Lehen hizkuntzagaztelania
HeriotzaSukarrieta1903ko azaroaren 25a (38 urte)
Hobiratze lekuaSukarrieta
Heriotza moduaberezko heriotza: Addisonen gaixotasuna
Familia
AitaSantiago Arana
Ezkontidea(k)Nikolasa Atxika-Allende
Haurrideak
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, idazlea, kazetaria, national revival activist (en) Itzuli eta militante politikoa
Lantokia(k)Espainia eta Euskal Autonomia Erkidegoa
MugimenduaEuskal Pizkundea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Literaturaren Zubitegia: 568
Artikulu hau Sabin Arana politikariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Arana».

Sabin Polikarpo Arana Goiri —edo berak idatzi bezala, Arana ta Goiri'taŕ Sabin— (Sabin Etxea, Abandoko elizatea —gaur egun Bilbo—, Bizkaia, 1865eko urtarrilaren 26a - Sukarrieta, Bizkaia, 1903ko azaroaren 25a) politikaria, ideologo abertzalea, jeltzalea, idazlea eta euskalaria izan zen.

1892an Bizkaya por su Independencia liburua idatzi zuen. Haren pentsamoldearen oinarriak independentismoa, abertzaletasuna, euskaldun arrazaren garbitasuna, katolizismoa eta euskara garbia izan ziren eta ideia multzo hori Jaun-goikua eta Lagi-zaŕa (JEL) leloan laburbildu zuen. Aranak Bizkaiaren independentzia eskatzen zuen, beste gainerako euskal herriekin batera Euzkadi izeneko euskal herritarren konfederazio edo nazio federalean batzeko. Gaur egun aski ospetsua den eta garai hartan Euskal Herriko gizartean asaldura eragin zuen esaldi berritzailea eta apurtzailea honako hau izan zen:

« Euzkotarren aberria Euzkadi da. »
Arana ta Goiri'taŕ Sabin

Euskal Herriko proiektu nazional hura gauzatzeko asmoz, eusko abertzaletasunari ikur, ideologia, alderdi, aldizkari eta esaera eta lelo multzo bat eman nahi izan zizkion: besteak beste, Ikurrina, Euzko Alderdi Jeltzalea eta Euzko Abendaren Ereserkija.

Nikolasa Atxika-Allenderekin ezkondu zen eta ez zuten seme-alabarik izan. Gazte hil zen (38 urterekin), espetxean preso zegoela, Addisonen gaixotasuna hartu baitzuen.

Familia

Arana-Goiritar familiaren irudia. Sabin amaren magalean dagoen mutikoa da eta Luis, Santiago aitak heltzen duen mutikoa.

1865eko urtarrilaren 26an Sabin Polikarpo Arana Goiri gaur egungo Sabin Etxea dagoen solairuan zegoen eraikin batean jaio zen, Abando udalerrian (1872an, Bilbo hiriko auzo bilakatu zen). Gurasoak Santiago Arana Antsotegi (1823-1883) abandotarra eta Paskuala Goiri Atxa (1824-1887) bilbotarra izan zituen.[1] Sabin gurasoen Abandoko etxean munduratu zen; halere, eraikin hura frankistek eraitsi zuten, eta gaur egun, toki horretan bertan, Sabin Etxea eraikina dago. Garai hartan, Abando eta Bilbo bi udalerri ezberdin ziren: Abando, herritarra (nekazaritzaz gain ontziolek garrantzi handia zuten), 5.000 biztanleekin, eta Bilbo, hiritarra (bertan merkataritza nagusi zen), 20.000 biztanle inguru zituela, gehienak Zazpi Kaleetan bildurik. Bi udalerri haien arteko lotunea Areatzako zubia zen[2].

Sabin etxeko txikiena zen, seigarren umea. Gainontzekoak seme-alabak, adinaren arabera, Luzila (1845-1893), Frantziska (1847-1922), Joan (1851-1882), Paulina (1859-1921) eta Luis (1862-1951) izan ziren.[3] Sabinek bizitza osoan Luis anaia zaharrenarekin harreman estua izan zuen[4]

Garai hartan, Abando udalerrian euskara ohiko hizkuntza zenez, litekeena da Santiago aita elebiduna izatea; dena dela, garai hartako eliteen ohiturei jarraikiz, Arana-Goiritarren etxeko hizkuntza gaztelania izan zen. Hori zela eta, Sabin Aranak euskara nerabezaroan ikasi zuen. Bestalde, familiak fede katoliko sakona zuen; politikari zegokionez, karlismoaren aldekoa zen.[4]

Bigarren Karlistaldia

Artikulu nagusia: «Bigarren Karlistaldia»
Aranatarren Abandoko ontzioletako bat.

Bigarren Karlistaldian Santiago Arana karlisten altxamenduaren alde buru-belarri sartu zen. Karlistaldia hasi aurretik, bere ontzioletako batean Ulibarri jeneral karlista ezkutatu omen zuen eta behin matxinada hasita, Santiago Arana Ingalaterrako Londres hiriburura karlistentzako armak erostera joan zen.[5] Nolanahi ere, Abando liberalen eskuetan izanik eta Santiagoren joera politikoa aski ezagunaren ondorioz, ezin itzulirik geratu zen: horren ondorioz, Lapurdiko Baiona hiriburuan babes hartzera beharturik egon zen. Laster, Paskuala Arana eta haien seme-alabak Ipar Euskal Herrira joan eta hainbat gorabeheraren ondoren, 1873an aitarekin elkartu ziren, Sabinek 8 urte zituela. Honela bada, gerra hark iraun zuen denbora guztian Arana-Goiri familia mugaz bestalde mantendu zen.[6]

Garai haretako Sabin Arana haurrak oraindik ez zuen euskal nazioaren kontzientziarik, bere burua espainiartzat zuen, muga iragan zuten gainontzeko familia karlisten gisan.[6] Sabinek handik urte askotara Iparraldeko sasoi hura honela gogoratu zuen:

« Hamar urterekin, nigan maitasun abertzalea gartsua zela oroitzen dut: soilik nire aberria zein zenez ezjakituna nintzela. Nik Espainia zela uste nuen, nire anaia eta neuk, Baionara emigratutako beste familietako semeekin batera San Luis Gontzaga ikastetxean guk frantsestzat jo ohi genituen beste haurrak harrikatzen genituen, halere, gu bezain euskal herritarrak ziren, eta frantses izatetik gu espainiarrak izatera bezain urruti zeuden. »
Sabin Arana Goiri[7]

1875ean Arana-Goiritarrak Donibane Lohizunera lekualdatu ziren. Bertan familiako mutiko txikiek irakasle partikularrak izan zituzten: Luisek, nafar apaiz bat, eta Sabinek, arabar ofizial karlista bat.[8]

1876ko urrian Arana-Goiritar ama-umeak Abandora itzuli eta handik hilabete pare batetara Santiago aita lur jota eta gaixorik elkartu zitzaien. Une latz hura Arana-Goiritarren ikuspegitik erabateko porrota zen: liberalak irabazle, foruak suntsituak, karlismoa garaiturik eta alderdi karlista legez kanpo, erlijio katolikoa kolokan eta familiaren egoera ekonomikoa larriki zauritua. Aranatarren zurezko ontziolak ere behea jo zuen, garai hartan metalezko itsasontzien ekoizpena abian jarri baitzen. Nolanahi ere, familiak lanik egin gabe mantendu ahal izateko lain diru gordetzea lortu zuen. Honela, Aranatar familia Abandoko ontziola enpresaburu boteretsua eta prestigiotsua izatetik errentista burges mailara bilakatu zen.[9]

Urduñako ikastetxea (1876-1881)

Abandora itzuli bezain azkar gurasoek 11 urteko Sabin Arana mutikoa Urduñako jesuiten ikastetxera ikastera bidali zuten; bertan 1876tik 1881era bost urtez ikasten ibili zen.[10] Ikastetxe hartara Euskal Herriko herri txikietako jauntxoen semeak joan ohi ziren, hots, gehienak karlisten eta azken gerrako galtzaileen umeak ziren.[10] Ikasle haietako batzuk Sabinen ikaskideak eta etorkizunean Sabinek sortu zuen alderdi abertzaleko kideak izan ziren. Jesuitek ikasleei hezkuntza katoliko eta tradizionala eman ohi zieten, liberalismoaren aurkakoa. Horretaz gain, Sabin Aranak bizi guztirako jesuiten ereduaren marka jaso zuen; horren ondorioz, Jesusen Lagundiaren sortzaile San Inazio Loiolakoa sakonki miretsiko zuen eta, gainera, Urduñako ikastetxean ikasitako logika eskolastikoa sarritan bere pentsamoldeetan islatu zuen.[11]

Urduñako jesuiten ikastetxeko 1878-1879 ikasturteko ikasle eta irakasleak. Sabin Arana Goiri mutikoa argazkiaren ezkerraldean 1 zenbakiaz adierazita ikus liteke.

Sasoi hartako Sabin Aranak aitaren antzera bere burua karlistatzat jo zuen, baina ez karlismoaren ideologia defendatzeagatik, nagusiki erabateko foruzalea zenez, karlismoaren bidez Hego Euskal Herriko foruak babestu eta defendatzeko asmoz baizik:[12]

« Hamabost urteko adinarekin Filosofia ikasi nuenetik, nire ideiak bereiztu eta per accidens karlista nintzela aipatu ohi nuen, On Karlos Borboikoaren garaipena foruak berreskuratzeko bide bakarra zela iruditzen baizitzaidan: On Karlos espainiar tronuan eseri zedin gura nuen, ez helburu gisa, bai ordea Foruak berrezartzeko modu gisa: garai hartan gure erakundeei Foruak deitzen bainien eta nire buruaz foruzalea nintzela nioen. »
Sabin Arana Goiri.[12]

Bestalde, izaeraz mutiko ameslaria, fededun sakona eta abenturazalea zen, eta batez ere zerbait handia egiteko irrika zeukan.[12] Aisialdian Bizkaiko historiari buruzko liburuak irakurri zituen: foruzaleen liburuak ere eskuratu zituen —haietan, maiz iraganeko Euskal Herri libre eta ideal bat deskribatzen zen.[13] Ikasle gisan, ordea, arreta gutxi jartzen zuen: adibidez, sarritan ikastorduetan koadernoen ertzak marrazkiz betetzen zituen.[12] Bere kabuz ikastea gustatzen zitzaion, araurik bete gabe:

« Beti zeozer irrikaz ikasi dut, baina behin ere ez ikasketetako irakasgairen bat; hala eta gutxiago adierazi zizkidaten ikasgaiak ere. Oso ikasle kaskarra izan naiz; inoiz ez naiz ordutegien banaketei atxikitu ahal izan, ez eta irakasleen azalpenei, inoiz ez, ezta ikasketa programei ere. »
Sabin Arana Goiri.[14]

Azken urtean tisiak jota gaixotu zen: hilko zela ere pentsatu zuten, baina haren osasun egoerak hobera egin eta batxilergoko gainditzeko azken azterketak ohean zegoela eta emaitza onekin amaitu zituen. Handik aurrera, eta haren bizitza osoan, osasun arazoak berriz gertatu ziren.[11]

Errebelazioa (1882)

1881ean, 16 urterekin, Urduñako ikastetxea utzi eta Abandoko jaiotetxera itzuli zen. Tisiaren ondorioak erabat gainditu ez zituenez, medikuek osasuna hobetu zekioin, ikasten segitzea galarazi ziotenez, gurasoen etxean bi urteko atsedenaldian egon zen.[15] Denboraldi horretan Euskal Herriari eta bere pentsamolde politikoari buruzko ideiak zehaztuz joan zen: anaia Luisekin, Bizkaiari buruzko solasaldiak izan ohi zituen, 1882an solasaldi haietako batean Sabin Aranari bizitza betirako eraldatu zion gertakari garrantzitsu bat jazo zen:

Sabin Arana Goiriren estatua Bilboko Albia lorategietan.
« Larogeitabigarren urtea (Nire Aberria ezagutu eta atzerritar ilunpeetatik atera nintzen eguna bedeinkatua izan dadila!), nire anaia Luis eta ni gure lorategian pasioan genbiltzan goiza batean, eztabaida politiko bat izan genuen. Nire anaia jada bizkaitar nazionalista bat zen; nik nire per accidens karlismoa defendatu nuen. Azkenean, eztabaida luze baten ondoren, egia bilatzeko helburuaz batak bestea erasotu eta bata bestearengandik defendatzen ibili ostean, berak Bizkaia Espainia ez zela frogatzeko hainbeste froga historiko eta politiko aurketuz, eta karlismoa jada, ez Espainiarengandik isolamendu edota haustura osoa, baita jaurgoaren usadio soilak ere lortzeko desegokia eta txarra zela erakusten horrenbeste ahalegindu zenez, nire anaiak historiaz ni baino gehiago zekiela eta neu engainatzeko gai ez zela jakinik, nire burua zalantza fasean sartu eta Bizkaiko historia gogo barez ikertu eta egiari irmoki atxikitzeko zina burutu nuen. »
Sabin Arana Goiri. 1882an anaiarekin izandako solasaldiari buruz Sabin Aranak 1893ko Larrazabalgo hitzaldian eginiriko aipamena.[16]

Gertaera horren ondoren 17 urteko Sabin Arana gazteak lau hausnarketa nagusi ondorioztatu zituen:

  • Karlismoa ez zela foruak berreskuratzeko biderik egokiena, alderantziz, euskal herritarrentzat ideologia horrek kaltea besterik ez zekarrela.
  • Bizkaia ez zela Espainia, hots, Bizkaiak independentea behar zuela izan.
  • Luis Arana Goiri anaiak Bizkaiari buruzko historia eta foruak berak baino hobeto ezagutzen zituela aitortzen du.
  • Euzko Alderdi Jeltzalea sortu aurretik jada bizkaitar edo euskal nazionalistak bazaudela, nahiz eta mugimendu politiko gisa oraindik antolatzeke egon: anaia bizkaitar nazionalista horien adibide jarri zuen.

Usadioz Arana-Goiri anaiek izan zuten solasaldi garrantzitsu hura 1882ko Berpizkunde Igandean gertatu zela aipatu ohi da. Hori dela eta, 1932tik aurrera eta urtero jai egun horretan eta gertakari garrantzitsu haren omenez Aberri Eguna ospatu ohi da.

Gerora, 1893ko Larrazabalgo hitzaldian jendaurrean aitortu zuen bezala, anaia Luisekin izandako sosaladiaren ondorioz barne gogoeta egin eta handik aurrera hiru helburu edo betebehar egin behar zituela argi eta garbi ondorioztatu zituen:

« Lehenbiziko egunetik nire begien aurrean hiru lan aurkeztu zitzaizkidan: nire Aberriaren hizkuntza ikastea, zoritxarrez niretzat erabat ezaguna zena, bere historia eta legeak: eta bigarrenik, euskaraz ez zekiten nire aberrikideei, Gramatika bat argitaratuz, hura ikasteko bidea eman, eta liburu batzuen eta egunkari baten bidez, aberriaren historia eta politika irakatsi: eta lan guztien sintesi modura, atzerritartasuna errotik atera eta abertzaletasuna ezarri, Bizkaiko seme guztiak bandera bakar baten pean jarriz, usadioaren bandera orbangabea, esklabotzaren zama gainetik astindu eta duintasun eta kemenez Aberria ezartzeko indarra beraganatzeko asmoz. »
Sabin Arana Goiri, Larrazabalgo hitzaldiaren sarrera (1893).[17]

Ikasketa aldia (1882-1888)

Sabin Aranak 17 eta 23 urte bitartean Euskal Herriko historian sakontzeari eta euskara ikasteari ekin zion:

Euskal Herriko historia eta independentismoan sakontzen

Obra foruzale tradizionalak ikuspegi independentistatik irakurri zituen, usadiozko foruzaleen hitzaldi eta ikuspegiak muturreraino eramanez. Euskal Herriko probintziak jatorriz libreak baldin baziren, eta foruek euskal subiranotasuna inplikatzen bazuten, Aranaren ustez Fidel Sagarminaga bezalako foruzaleak oker zebiltzan arazoa zentralismoaren eta autonomiaren arteko borrokatzat ikustean.

Sabin Aranaren irakurketa berritzailea independentziaren eta okupazioaren arteko honako hau zen: 1876an Espainiak ez zuen Hego Euskal Herriko foru autonomia abolitu eta zentralismoa ezarri, baizik Hego Euskal Herriko foru independentzia deuseztatu, eta Bizkaia eta Hego Euskal Herriko beste hiru foru probintziak militarki okupatu eta anexionatu zituen.

Euskararen ikasketa

Euskara 18 urterekin bere kabuz eta ahal zuen moduan ikasten hasi zen. Helburu horretarako, lehenbizi Pablo Pedro Astarloa eta Willen Jan Van Eys euskalarien hiztegiak eskuratu zituen. Liburuetan ikasitakoa euskaldunei entzunez osatzen zuen, belarria hizkuntzara egiteko. Laster euskaldun berri bilakatu zen; halere, eguneroko hizkuntza gaztelania izan zuen.

Senitartekoen heriotzak

1882an, Joan anaia zaharrena hil zen. Bestalde, 1883ko udan, luzaro osasunez makal ibili ondoren, aita ere zendu zitzaion. Gertaera latz horien ondorioz, Sabin ikteriziaz gaixotu zen eta, etxekoekin batera, Sukarrieta udalerrira atseden hartzera joan zen. Geroago, Urdaibaiko herri hura euren urteroko oporleku izan zen.

Bartzelonako unibertsitatea (1883-1888)

Behin 1883an Sabini medikuek ezarritako atsedenaldia amaitu ondoren, familia osoa Kataluniako Bartzelona hiriburura bizitzera lekualdatu zen.[18] Han, Luis anaiak Arkitektura karrera ikasi eta Sabin Aranak zuzenbide karrerari ekin zion, ez berak hala nahi zuelako, bai ordea amak hala bultzatuta. Aldiz, berak aukeran zientzietako karrera bat, medikuntza edota filosofia karrerak hastea nahiago izango zuen, ez ordea lanbide horietan jarduteko, soilik haiek ikasteko baizik.[19]

Bizkaieraren Oinarrizko Gramatika liburuaren jatorrizko azala, Bartzelona, 1888 (Gramátika elemental del euskara bizkaino).

Hortaz, karrerari jaramon egin gabe, bere betiko zaletasunekin segitu zuen: euskara eta Euskal Herriko historia aztertzen. Horregatik, 19-21 urte bitartean bere lehen idazlanak idazten hasi zen: Ensayo del alfabeto euskara, Etimologías euskérikas (1887), Pliegos Euskaráfilos (1888) eta Gramátika elemental del euskara bizkaino (1888).

Idazlanon asmoa euskara ikasi nahi zuten bizkaitarrei tresna egoki bat erraztea izan zen. Sabinen nahia euskara irakasteaz gain Euskal Herriko historia eta politikari buruzko liburu eta aldizkariak sortzea ere izan zen. Horren ondoren eta aberkideak kontzientziatu ostean bizkaitar guztiak Bizkaiaren independentziaren alde biltzeko helburuz. Garai honetan eta nahiz eta adinez oso gaztea izan, jada bere buruan euskal herritar edo bizkaitar proiektu nazional bat bor-bor zuela suma liteke, nahiz eta proiektu hura egi bilakatzeko oraindik Euskal Herrira itzuli eta bide luzea burutu behar izango zuen.[20]

Sabin Arana Goiri gaztearen argazkia Kataluniako Bartzelona hiriburuan bizi izan zen garaian (1883-1888).

1888ko otsailean oraindik Bartzelonan zirela, ama Paskuala hil zitzaion.[21] Ama-semeek elkarren artean harreman estua zuten; hori zela eta, haren omenez olerki mindu hau eskaini zion, euskaraz idatzi zuen lehenbizikoa:

¡Ama maitea!
¿Zetako,
zeu il da gero,
neu bizi?
Nire begion argia
ziñan da
min uts-negarrak
itzali dostaz
uts baltzak.
Biotza
lokatuta dot
atsekabeak:
atsegin
zamurra
galduta,
atseden ezin.
Aritz zar baten
adarra
gau illuntako
ekatxak,
etenez gero
bertan lo pozik
egoan egun-txoria
illun artetik
asten da egaz,
ez nora ioan
yakiñaz,
ez non dabillan
¡Gaizoa!
Olantxe neu be
narabill
eriotz-putzak,
niri zeu, ama,
kenduta.
Nora naroian
ni zori txarrak
eztakit,
¿Olan bizi izan
dagokit?
[...]
[22]

Ikusten denez, amaren heriotzak erabat lur jota utzi zuen.[23] Horrela, bizitzaren aro berri bati ekin zion: aitarik eta amarik gabe, forurik gabe, karlismo eta foruzaletasun klasikotik urruntzen eta independentismoan bete-betean murgilduta. Etxeko segurtasuna galduta, 23 urteko Sabin gaztea ikasle garai lasaia atzean utzi eta bizitzan zerbait egin nahi zuen. Behinola, Jesuita sartzeko asmoa ere izan omen zuen, baina bere ohar pertsonaletan argi eta garbi irakur daitekeenez, ez zen hura bere asmo bakarra.[23] Aldiz, buruan barne-grina kontrajarriak zeuzkan:

« Nire bihotzean bi sentimendu handi nabaritzen ditut, lehen begi bistara elkarren artean uztartu ezinak diruditenak.
Bakea eta askatasunarena: munduan gauzatzen ari diren zapalkuntza guztiak ito nahiko nituzke, eta herrialde guztietan justizia zorrotza ezarri.
Borrokarena: nire Aberria pozik balego, Atlaseko leoiak, hartz grisa eta Bengalako tigrearen artean borroka bila joango nintzateke.
Baina nire Aberriaren etsaiak, zinez, leoia, tigrea edota hartza baino menderaezinagoak dira.
»
Sabin Arana Goiri[23][24]

Azkenik, Sabinen barne-ezinegonak bigarren aukera hautatu eta bere aberriaren alde lan egitera bideratu zuen. Horren ondorioz,unibertsitateko ikasketak laga — ez zituen sekula serio hartu—, familia osoarekin batera Katalunia utzi eta etorkizunerako proiektu eta egitasmo ugari zituela, Euskal Herrira itzuli zen.[25]

Abertzaletasunaren antolaketa eta ekintza politikoa (1888-1895)

Euskara irakasteko katedra (1888)

Resurreccion Maria Azkue (1864-1951).

1888an Sabin Arana Euskal Herrira itzuli bezain azkar, Bizkaiko Aldundiak diputatu foruzaleen ekimenez, Bilboko institutu probintzialean euskara irakasteko katedra bat sortzea onartu zen. Aldundian gehiengoa liberalek zuten, baina haiek ez zuten halako ekimen pintoresko edo folkloriko bati trabarik jarri. Berez, institutu hartako ikasketa guztiak gaztelania hutsean ziren, baina katedra horren bidez eta ikasle euskaldunek hala nahi izan ezkero, euskara klase bat izateko beta izan zuten.[26]

Xede hartarako, Bizkaiko Aldundiak euskarazko katedrarako irakaslea hautatzeko deialdi publikoa egin zuen. Sabin Arana deialdi hartaz ohartu eta berehala aurkeztu zen, bere ideia abertzaleak zabaltzeko aparteko plataforma zela pentsatu baitzuen. Harekin batera, beste jende gehiagok ere izena eman zuen: ezagunenak, Miguel Unamuno bilbotarra eta Resurreccion Maria Azkue lekeitiarra.[27]

Diputatuek Sabin laster baztertu zuten, ez baitzuen batxiler titulua, baita Unamuno bera ere euskara maila aski apala baitzuen. Azkenik, Resurreccion Maria Azkue hautatu zuten,[28] hiru hautagai horien artean euskaraz ezbairik gabe hobekien egiten baiten: jaiotzez Lekeitio herri euskaldunekoa izateaz gain, Arana eta Unamuno ez bezala, euskaldun zaharra zen.

Erabaki hura jakitean, Aranak Azkueri tratu bat proposatu zion:[28] soldata lekeitiarrak jasotzearen alde eskolak Aranak ematen utz ziezaion. Argi zegoen Aranari diruak bost axola ziola, bere helburua bere ideiak nola edo hala jendaurrean jakinaraztea baitzen. Azkuek ez zuen proposamena onartu: Bilboko euskara irakasle berria bilakatu eta hil arte, kargu hartan mantendu zen. Aldiz, askok diotenez, gertakari hura jazo aurretik, Miguel Unamunok euskaraz zenbait idazlan argitaratu zituen, baina katedra hartako hautaketa gainditu ez izana ondoren Unamunok euskararekiko erakutsi zuen ezinikusia edo mespretxuaren nahiz eusko abertzaletasunarekiko gorrotoaren kausa izan liteke.[29]

Nazionalismoa eta JEL (1889)

Sakontzeko, irakurri: «Jaungoikoa eta Lege zarra»
Sabin Arana 1890an

Ffamiliaren ondareari esker, lan egin gabe bizi zitekeen, hortaz, indar eta diru guztiak nahi zuenaren alde jarri zituen: Aberriaren aldeko proiektua, horretarako Abandon bere argitalpenak idatzi eta argitaratzen jarraitu zuen. Aisialdiak lagunekin ehizara joan ohi zen, bereziki basurdeak ehizatzera; era horretan, Bizkaiko barnealdea ezagutzeko txangoak ere egin zituen. 1889ko udan, Frantziako Paris hiriburura bidaiatu eta bertako Erakustazoka Unibertsala bisitatu zuen; itzuleran egun batzuetan zehar Vichyko bainuetxean egon zen.

1889an Pliegos histórico-políticos liburuxkaren bigarren zatia argitaratu zuen: hor, garai hartako alderdi guztiekin distantziak markatu zituen: Sabin Arana Goiri ez zen karlista, ez liberala, ez eta foruzalea ere, nazionalista zen. Idazlan horretan nazionalista hitza aurrenekoz aipatu eta idatzi zuen, nagusiki foruzaleengandik desberdindu asmoz. Sabinen ustez, foruzaleak autonomista huts batzuk ziren, ez zuten foruen egiazko ezaugarria defendatzen: Independentzia.[30]

Sabini foru hitza ez zitzaion aski argia iruditzen: haren ordez, Lagizarra erabili zuen. Garai hartako karlista eta foruzaleen lelo Jaingoikoa eta Foruak honekin ordezkatu zuen: Jaingoikua eta Lagizarra (JEL).[30]

Liburuxka hura, aurrekoen antzera, Euskal Herriko gizartean nahiko oharkabean eta inongo ohiartzunik gabe pasatu zen.[30] Sabinek bere idatzietan kezka hura honela aipatu zuen:

« Bizkaiaren alde ezer ez nuen egingo, oraindik etsairik ez baitut. Ideia honek sakonki kezkatzen nau. »
Sabin Arana Goiri[30]

Ordu arte Euskal Herriko gizartearen egoera aldatu eta mugimendu politiko berria abian jartzeko gogo bizia zuen. Bestalde, bere idatzietan lider edo buruzagi bokazio edo sena argia ere erakusten du:

« Askori goi karguetan egon nahi ez dutela entzun izan diet, euren mailari proportzinalki dagokion ardura dela eta. Ardura hori ongi ezagutzen dut, baina zinez mintzatu behar baldin banaiz, nire aldetik aginterako indartsu sentitzen naiz. »
Sabin Arana Goiri.[30]

Aberriaren alde sakrifikatzeko prest ere agertzen da:

« Ehun bizitza, ehun aita, ehun ama, ehun anai, ehun emazte eta ehun seme banituzke, oraintxe bertan denak emango nituzke horrekin Aberriaren salbazioa lortuko balitzateke. »
Sabin Arana Goiri[30]

Bizkaia bere independentziaren alde (1890-1892)

Sakontzeko, irakurri: «Bizkaia bere independentziaren alde»
Bizkaia bere independentziaren alde (1892).
Bizkaia bere independentziaren alde (1892).

1890an Sabin Aranak La Abeja aldizkarian lau istorio abertzale idatzi zituen. Istorio hauek iraganean Bizkaiak Espainiaren aurka izandako kondairazko lau guduei buruzkoak ziren. Une hartan ez zuten arrakastarik izan, baina Sabinek ez zuen etsi eta istorio hauek geroago argitaratzeko gorde zituen.[31]

1892an Bizkaia bere independentziaren alde. Lau Loria Aberkoi. liburuxka argitaratu zuen. Hau aurretik aipatutako lau guduei buruzko istoriez osatutako bilduma bat zen: Arrigorriagako gudua (888), Gordexolako gudua (1355), Otxandioko gudua (1355) eta Mungiako gudua (1470).[32] Istorio erdi-mitiko hauetan bizkaitarrek beren independentzia espainiarren aurka borrokatuz nola defendatu zuten kontatzen da, bai eta Bizkaiko jauna Espainiako errege bilakatzean Bizkaiaren independentziari ekarritako kaltea: Aranaren ustez ordu arte bi estatu desberdin ziren Bizkaia eta Espainiako buruzagia pertsona berbera bilakatzean, Bizkaiko eta bizkaitarrek independentzia galdu baizuten. Aranarentzat konponbidea bizkaitarrek Jaunaren kargua sortu zuten bezala, hura deuseztu eta independentzia berreskuratzean zetzan.[33] Liburu honen amaieran ondorio hau irakur zitekeen:

« Atzo.- Bizkaia, Jaurerri Errepublika Independientea, bere Jauna era berean Gaztela-Leongo erregea izanik, Espainiaren aurka borrokatu zen, honek menderatu egin nahi baitzuen, eta garaitu egin zuen [...] aske jarraituz.

Gaur.- Bizkaia Espainiako probintzia bat da.
Bihar.- ¿...? Hitza XIX. mendeko bizkaitarrek dute, patua euren jokaeraren araberakoa izango baita.

»
Bizkaia bere independentziaren alde.[34]

Lasterrera, Bilboko Euskal-Erria elkarte foruzaleko kide batzuk liburuxka hori interesez irakurri eta Sabin Aranaren pentsamoldearen inguruan gehiago jakiteko asmoa erakutsi zuten. Izan ere, azken hauteskundeetan Euskal-Erria elkarteko buruzagia zen Fidel Sagarminagak emaitza hobeagoak lortu nahian Alderdi Integristarekin aliantza gauzatu zuen, baina Euskal-Erria elkarteko kritikoei euren buruzagiak azken aldian burutzen ari zen politika eta koalizio hura ez zitzaien batere gustatu, Espainia mailako alderdi ultraerlijioso batekin aliatzeak onura eskasa ekarriko ziela uste baizuten.[35]

Foruzale disidente edo kritiko horien buru edo ordezkari nagusia Ramon de la Sota enpresaburua izan zen. Talde kritiko honetako kideak Bizkaiko gizarte industrial berriari lotutako burgesak ziren: merkatariak, medikuak, ingeniariak, arkitektoak... Gehienak bizkaitarrak ziren, baina Gipuzkoako pare bat ere bazeuden. Sota bera Enkarterrietako jauntxoen familia batekoa zen, baina Hego Euskal Herriko foruen galerak boteretik kanpo utzi zuen. Halere, laster bere negozioak sortu eta itsasontzi konpainia handi baten jabe egin zen, honela Espainiar Estatuko aberastasun handienetako baten jabe bilakatu zen. Hala ere, ez zuen orduan boterean zegoen elite liberalarekin elkartu nahi, aldiz Cánovas del Castillok eta Hego Euskal Herriko liberalek diseinatutako sistema oligarkikoa hautsi eta aurreko foru antolaketa edo antzekoa berreskuratu nahi zuen. Hasiera batean talde hau Sagarminagaren Euskal-Erria elkartera gehitu zen, baina honen ezgaitasuna eta Alderdi Integristarekin gauzatutako aliantza ikusirik elkartea utzi zuten.[36]

Talde foruzale kritiko honek alderdi berri bat sortzeko asmoa zuen, hor Sabin eta Luis Arana-Goiri eta haien pentsamolde nazionalista berria toki eta une egokian agertu ziren. Sotaren taldeari Bizkaia bere independentziaren alde liburuxkan irakurritakoa gustatu eta Sabin Aranari afari bat eskeintzea erabaki zuen.[37]

Larrazabalgo otordua (1893)

Sakontzeko, irakurri: «Larrazabalgo hitzaldia» eta «Euskal-Erria elkartea»

1893ko ekainaren 3an Bilbo aldamaneko Begoñako Larrazabal baserri-txakolindegian bat egitera elkartu ziren. Euskal-Erria elkartearen talde kritikoko gonbit egileen burua Sota zen, bestaldetik 28 urteko Sabin eta Luis Arana Goiri anaiak dozena bat inguru adiskiderekin hitzordura azaldu ziren.

Gerora, Sabin Arana azaroaren 19an Engrazio Aranzadi Kizkitzari gutunez ekitaldi harren aurre prestaketei buruz oroituaz honela mintzatu zitzaion:

Bertaratutakoak:

Ez bertaratuak:

  • Pedro Aldai Urkixo
  • Estanislao Angulo Hormaza
  • Enrike Areiltza
  • Dionisio Aristegi Urtaza
  • Ramon Mentxaka Zarraga
  • Felipe Zulueta
Larrazabalgo baserri-txakolindegiaren irudia XIX. mendearen amaieraldera.
« Hilabete batzuk aurretik "Bizkaia bere independentziaren alde" (1893) liburua agertu zen, eta foruzale ateoek deitu zidaten lehenbiziko aldia izan zen, bai eta euren saiakeren aurreneko porrota ere. "Bizkaia bere independentziaren alde" agertu zenean -Sabinek azaroaren 20ko gutun batean jarraitzen zuen modura- nire lagunmin batzuk zenbait elementuei gustatu zitzaiela jakinarazi zidaten, gainera niri otordu bat eskeintzea pentsatzen zutela. Elementu hauek honakoak ziren: X eta X buruak (Areilza doktorea) mediku ospetsua... nahi duen edonorren aurrean bere ideiak aldarrikatzeko prest dagoen ateoa, eta hortaz hori izateagatik ezaguna dena; proselitoak, X-i jarraitu zioten Euskal-Erria elkarteko antzinako kide nabarmenak. Gonbitea iritsi zitzaidan; baiezkoa eman nuen: predikatzen ari nintzen doktrina berria baitzen, alderdi berria ezin zen bihurtu berriez ez bestez osatu ahal; bertaratuko zirenen fede ona suposatzea nahitanahiezkoa zen. »
Sabin Arana Goirik Engrazio Aranzadi Kizkitzari azaroaren 19-20 artean igorritako bi gutunen zatiak.[17]

Honela bada, gonbidatuak afari-meriendan jan-edanean hasi aurretik Sabin Aranak gerora Larrazabalgo hitzaldia deituko zena eskeini zien. Hitzaldi horren sarrera honako hau izan zen:

« Jaunok: Zuon irriki abertzalea, entzuten ari zareten bizkaitarrok, zorionez nire "Bizkaia independentziaren alde" liburu apalean jaurtiki nuen txinpartaren kontaktuaz piztu da, bere kearekin zuon ikuspegia zainduz, niregan neroni naizena ikustea eragotzi dizuelarik, Bizkaiko seme soil bat, eta zinezko estimuzko eskeintza neurrigabe hau egitera bultzarazi zizuen, utz iezaidazue hortaz, nire eskeron sakonena adierazi ondoren eta zuon eskeintzari zuoi ni naizen eta dudanarekin zerbitzatzeko asmoaz eantzunez, Jainkoaren eta nire Aberriaren aurka ez doan heinean... »
Sabin Arana Goiri, Larrazabalgo hitzaldiaren sarrera (1893).[17]Aipuaren errorea: Baliogabeko <ref> etiketa;

edukirik gabeko erreferentziek izena izan behar dute

Hitzaldiaren lehenbiziko herenan Bizkaiko historiari buruz mintzatu zen, bere arabera Espainiak Bizkaia zapalduta duela aipatu zuen, kondoren garai hartan Bizkaiko Aldundian ordezkatuak zeuden liberalak, kontserbadoreak, monarkikoak, errepublikarrak kritikatu eta espainolistak izatea eta Bizkaiaren aurka ekitea leporatu zien, kritika horien jomugan foruzaleak barne zeudelarik. Hitzaldiaren honako zati honetan Espainiak bere Aberria inbaditu zuela ere aipatu zuen:

« Nire Aberria ezagutzera iritsi eta zein gaitzek kaltetzen zuten jakitun jarri nintzenerako, nire inguruan lagunduko zidan beso eskuzabal baten bila begirada luzatu nuen, bihotz abertzale bat, gure mendiak ebakitzen zituen espainiar inbasio batekin topatu nintzen, eta hura ukatu beharrean, Bizkaiko seme ez duinek eroki eta frenetikoki laguntzen zuten, eta ez nuen alderdi bat, gizarte bat, liburu bat, egunkari bat, orrialde bat, orrialde bakar bat bera ere topatu, entzuten ari nauzuen bizkaitarrok, benetako bizkaitarra zenik. »
Sabin Arana Goiri. Larrazabalgo hitzaldia.

Laster, harriduraz beteriko entzuleei elkarte abertzale bat sortzeko asmoa zeukala azalduarazi zien:

« Elkarte nazionalista ez dago eratuta, eta ezin izango da eratu datorren urteko hasiera arte; bere estatutuak idatziak daude, bere programa politikoa ongi zehaztuta, eta beste egun batez, uzten badidazue, bata eta bestearen ideia emango dizuet; baina inor ez da elkarte horren kide, ezta bertan bazkidetu ere, bere aldarrikapena agertuko den eguna arte. »
Sabin Arana Goiri, Larrazabalgo hitzaldiaren sarrera (1893).[17]Aipuaren errorea: Baliogabeko <ref> etiketa;

edukirik gabeko erreferentziek izena izan behar dute

Amaitzeko entzunleei euskaraz mintzatu ez izanagatik barkamena eskatu eta Bizkaiaren independentziaren aldeko ohi batekin bukatu zuen:

« Eta bi gauza eskatu behar dizkizuet: lehenbizikoa, hitzaldi zabar honetan nire buruaz eta gauzez mintzatu izana. Solasaldi sinple batean bakoitzak bere buruaz mintzatzea zentsuragarria eta gorrotagarria baldin bada, oraindik areago jendaurrean eta idatziz... Baina kasu honetan nire liburuaren azkeneko ondorioa azalatzeko asmoz nire buruaz mintzatzeko beharrak, beharbada nire indiskrezioa barka dezake eta zuon induljentzia espero dut. Bigarrenik, atzerritar hizkuntzan zuzendu izan natzaizuela barkatu beharko didazue, zuon artean aberriaren hizkuntza ez dakitenak izanik, hortara behartua izan bainaiz: eta orain, oihukatu ezazue nirekin: Gora Bizkaiaren independentzia! »
Sabin Arana Goiri, Larrazabalgo hitzaldiaren sarrera (1893).[17]Aipuaren errorea: Baliogabeko <ref> etiketa;

edukirik gabeko erreferentziek izena izan behar dute

Hitzaldia amaitu bezain laister, bertaratutako batzuk hitzaldian esandakoa onartu eta beste batzuk ixilik gelditu ziren.[17] Ramon de la Sotak Sabin Aranari zorionak eman eta berehala burua makurtuz entzundakoaz pentsakor jarri zen. Jan-edanean hasi bezain pronto mahaikideen desadostasunak azaleratzen hasi ziren. Bapatean, Ramon de la Sotaren taldeko kide batek hitzaldian aipatutakoa Euskal-Erria elkarteak jada defendatzen zuela esan zuen, Sabin Aranak ez zuen ezer erantzun, baina afarian zeuden gainerakoak Euskal-Erria elkartearen aurka mintzatzen hasi ziren. Honela, giroa berotzen eta gaiztotzen hasi zen, mingainek bihotzek sentitzen zutena aipatzen hasi eta dena nahasten joan zen. Hori gutxi ez balitz, kanpotik Euskal-Erriko bi kide txakolindegi barnera sartu ziren, haietako bat mozkorturik zegoelarik, eta eztabaidan parte hartu zuten.[17] Azkenik, begirada guztiak Arana-Goiri anaien gain jarri ziren, eta biek bertaratutakoei Euskal-Erria elkarteak Sabinek hitzaldian esandakoaren aurkakoa defendatzen zutela frogatzen saiatu ziren: españolismoa eta liberalismoa.[17] Eztabaidaren erdian esaldi hauek entzun ziren:

« Euskal Herriaren katolizismoa aldarrikatzea ez da beharrezkoa, berez hala baita. »
Ramon de la Sotaren taldeko kide batek aipatutako esaldia[17]
« Utz dezagun Jainkoa: gutaz arduratzeko oso goian baitago. »
Ramon de la Sota[17]

Gauzak honela, jada giroa puri-purian zegoen, Sabin eta Luis Aranak, euren adiskideak ziren hiru edo lau ez beste hamabiren bat pertsonen erasoen aurka defendatzera behartuak egon ziren, gainera euren adiskideek ez zituzten ez defendatu ez erasotzen, baina Sabinen arabera tarteka estabaida bor-bor zegoela bi anaien azalpenak oztopatu egiten omen zituzten, haietako batzuk ere liberalak zirelako. Adiskide haietako salbuespen bakarra Ziriako Llodio izan zen, hau gerora nazionalismora bilakatu eta Euskeldun Batzokijako presidente-ordea izango zen.[17]

Mahaian zeudenak hamabi edo hamalau ziren, hauei sartu berri zirenak gehitu ezkero denera hemezortzi ziren. Sabinek bere Aberriarentzat katolizismoa aldarrikatzen zuela aipatu zien, bai izaera politiko nahiz zibilarengatik, oinarriz katolikoa baitzen. Une honetan Ramon de la Sota eta bere kide nabarmenenak eztabaidatik atera ziren. Aldiz, mozkorturik zegoen Euskal-Erria elkarteko kidea Arana Goiri anaiak iraintzen hasi zen, eta gutxi falta izan zen Sabin eta Luis Arana denekin mutur joka hasteko. Azkenik, Sabin eta Luis Arana anaiak zutitu eta Bilbora jeistea erabaki zuten.[17]

Egun hartan, hitzaldia eman eta eztabaida guzti horien ondoren, Sabin Aranak ez zuen lortu bertaratutako Ramon de la Sotaren taldeko kideak konbentzitzea, gainera Arana eta Ramon de la Sotaren elkarlan saioak hark porrot egin zuen. Hurrengo hilabeteetan bien arteko kontaktu informalak mantendu ziren, baina bakoitzak bere kabuz bere ibilbidea egiten jarraitu zuten. Handik urte askotara Manu Egileorrek honela deskribatu zuen Sabin eta Luis Aranaren gaur hartako etxerako itzulera:Aipuaren errorea: Baliogabeko <ref> etiketa; edukirik gabeko erreferentziek izena izan behar dute[38]

« Ankerki ederra zen gau hartako zeru izarreztatuaren pean, Sabin eta Luis Arana anaiak bakarrik eta ixilik lokartutako bidezidorretan ernaltzen zihoazen zelai bazterran barna itzuli ziren, Abandoko euren etxera itzuli ziren, abertzale igurtziz beteriko, ibilaldi eta solasaldiei ekitera, lantegi eskuzabalen forjaria zen lorategira, eguzkiaren iratzartzeari irekia zegoen aretoan... »
Manu Egileor IkasleAipuaren errorea: Baliogabeko <ref> etiketa;

edukirik gabeko erreferentziek izena izan behar dute[38]

Bizkaitarra, Sanrokada eta Gamazada (1893-1894)

Sakontzeko, irakurri: «Bizkaitarra (aldizkaria)», «Sanrokada» eta «Gamazada»
Bizkaitarra

Sabin Aranak ez zuen amore emateko inolako asmorik, Ramon de la Sota edo bera gabe aurrera segi eta bere ideiak zabaltzeko bidean nekagaitz jarraitu zuen. 1893ko ekainaren 8an, Larrazabalgo hitzaldiaren porrota jazo eta sei egun besterik igaro ez zirela, Sabin Aranak Bizkaitarra panfletoa kaleratu zuen. Aurreneko ale honetan euskara nahiz gaztelaniazko bertsioa zuten bi artikulu politiko argitaratu ziren. Bi hilabete beranduago beste ale bat argitaratu zuen, zenbaki gehiago atera eta 1894ko urtarrilean hilabetekari bilakatu zen, gero hamabostekaria eta zenbaitetan astekaria izatera ere iritsi zen. Bizkaitarra historiako eusko abertzaletasunaren ildoa zuen lehenbiziko aldizkaria bilakatu zen; han, Sabin Aranak propaganda abertzalea egiten zuen.[39][40]

1894ko apirileko Bizkaitarra aldizkariaren alea.
1894ko iraileko Bizkaitarra aldizkariaren alea.
1894ko urtarrileko Bizkaitarra aldizkariaren alea.

Berehala Espainiar Agintariek aldizkariari trabak jartzen hasi zitzaizkion: 2., 4., 6., 25. eta 32. aleek salaketak jaso zituzten, azkenik aldizkarian argitaratutako Engrazio Aranzadiren Basa-Jaun artikulua zela eta, 1895ko irailaren 5ean Espainiar Gobernuaren aginduz itxiarazi egin zutelarik.[39] Denera 32 ale kaleratu zituen, batez besteko 1.500 tirada izan zuelarik. Emaitza hau lehenbiziko abertzaletasunarentzat sekulako arrakasta izan zen, ideologia nazionalista edo independentistarentzako hedabide bikaina izan baitzen. Gerora, Bizkaitarra aldizkaria hainbat denboraldi ezberdinetan ere argitaratua izan zen: 1909-1913, 1916-1919, 1930 eta 1931-1936 bitartean.[39]

Sanrokada
Sakontzeko, irakurri: «Sanrokada»

1893an Espainiako German Gamazo ogasun ministro liberalak espainiar probintzietako aberastasunean aldaketa bat egon zela arbuiatuta, Hegoaldeko lau euskotar probintzietako kupoa aldatzeko berrikuspen berri bat burutzeko asmoa azaldu zuen, honen azken helburua Hego Euskal Herriko aldundiek Espainiako Estatuari ordaintzen zioten diru kopurua igotzea zen.

Ondorioz, 1893-1894 bitartean Hego Euskal Herrian protesta foruzale biziak jazo ziren. Hego euskal herritarrek foruak galtzea gutxi ez, eta orain Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekonomia ituna eta Nafarroako ekonomia hitzarmena arrisku larrian ikusi zituzten.[41] Honela, arazo ekonomiko eta politiko honek lau probintzietako jendea elkartu eta Laurak Bat lelopean mobilizatu egin ziren.Aipuaren errorea: Baliogabeko <ref> etiketa; edukirik gabeko erreferentziek izena izan behar dute Bitxikeria gisa, Gamazoren neurria Hego Euskal Herriko liberalei ere ez zitzaien gustatu, honela mobilizazio kanpaina handi bat prestatu eta laster foruzaleek euren eskakizunak egiteko aprobetxatu zuten.[42]Aipuaren errorea: Baliogabeko <ref> etiketa; edukirik gabeko erreferentziek izena izan behar dute

Sanrokada eguneko bazkariaren irudia. 1893ko abuztuaren 16a, Gernika.

Lau probintzien elkartasun giro honetan Iruñeko Orfeoia Bilbora kontzertu batzuk ematera joan eta han ongietorri bero bat eman zioten. Bizkaiko zenbait alderdik nafarrei Gernikan bazkari-omenaldi bat eskaini zieten.[42]Aipuaren errorea: Baliogabeko <ref> etiketa; edukirik gabeko erreferentziek izena izan behar dute

Bazkari-omenaldi hau 1893ko abuztuaren 16an ospatu zen,[42]Aipuaren errorea: Baliogabeko <ref> etiketa; edukirik gabeko erreferentziek izena izan behar dute Gernikako santu zaindaria den San Roke egunean, hortaz udalerria jai giroan eta jendez gainezka zegoen. Bazkarian nafarrak, bizkaitarra eta kataluniar batzuk ere bildu ziren. Garai hartan ohitura zen legez Gernikar Elkartea eta Elkarte Tradizionaleko balkoietan Espainiako bandera bana zintzilikatu ziren. Bazkaria hartan dozena bat erdi bizkaitar nazionalistek denen artean zalaparta handiena ateratzen zutenak ziren, honela une jakin batean norbaitek oihu bat bota zuen:

« ¡Muera Castilla! (Hil bedi Gaztelaǃ)[42] »

Berez, oihu hura ez zen oihu abertzale bat, bai ordea oihu antizentralista bat, hortaz ziurrenik foruzale batek emana. Giroa berotzen joan eta bapatean norbaitek, ziurrenik Luis Arana Goirik honako hau oihu hau erantsi zuen:[42]

« ¡Muera España! (Hil bedi Espainiaǃ)[42]Aipuaren errorea: Baliogabeko <ref> etiketa;

edukirik gabeko erreferentziek izena izan behar dute

»

Azken oihu honen ondorioz karlista eta foruzaleak haserretu eta bazkaritik ospa egin zuten. Arratsaldez, abertzale edo bizkaitar nazionalista talde bat lehen aipatutako Gernikar Elkartea eta Elkarte Tradizionalara sartu, bertako balkoietako Espainiako banderak kendu eta ondoren erre egin zituzten.[42] Dirudienez, ezohiko ekitaldi hartan Ramon de la Sota berak ere parte hartu omen zuen. Egun hartan berta, Arana Goiri anaiak eta euren taldea Gernikatik Bilbora zihoala, haietako batek hau ohikatu zuen:[42]

« ¡Viva Euskeria independiente! (Gora Euskeria askeaǃ)[42]Aipuaren errorea: Baliogabeko <ref> etiketa;

edukirik gabeko erreferentziek izena izan behar dute

»

Gertaera guzti hauei Sanrokada izenez deitu zitzaien eta Bizkaitarra aldizkariak euren berri eman zuen.[42]

Gaztazkak ez ziren hor amaitu, Abuztuaren 27an Donostiako Udal Bandako zuzendariak jendeak jotzeko eskatutako Gernikako Arbola ereserkia jotzeari uko egin, eta ondorioz Espainiako presidentea zen Sagastaren aurkako manifestazio bat jazo zen, bertan Guardia Zibilak tiroz hiru lagun hil zituen.Aipuaren errorea: Baliogabeko <ref> etiketa; edukirik gabeko erreferentziek izena izan behar dute Handik hilabetera, Azkoitian ospatutako Euskal Lore jokoetan Grazien Adema Zaldubi olerkari lapurtarrak Zazpiak Bat leloa aldarrikatu zuen.[43]

Gamazada
Sakontzeko, irakurri: «Gamazada»

Bienbitartean, Espainiako Gamazo ogasun ministroak bere asmoekin aurrera jarraitzen zuen: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundi liberalek Espainiar Estatuarekin negoziazioak burutu eta azkenik Gamazorekin adostasun batetara ailegatu ziren: Espainiako Estatuari diru gehiago ordainduko zioten, baina Gamazok hasieran eskatzen zuen diru kopurua baino txikiagoa ordainduko zuten. Aldiz, Nafarroako Aldundia berean tinko mantendu zen, hortaz Nafarroa osoan protesta eta manifestazio ugari jazo ziren, azkenean Gamazok amore eman eta dimititu beharra izan zuelarik. Gertakari guzti hauei Gamazada deitu zitzaien.[44]

1894ko otsailaren 18an, Gamazada matxinadan, Nafarroako Castejón udalerrian Sabin eta Luis Arana Goiri anaiek erabilitako bandera eta lema: Jaun-Goikoa eta Lagizarra - Bizkaitarrak Agur Eiten Deutse Naparrei

1894ko otsailaren 18an Nafarroako Castejón udalerrian lorpen hura ospatzeko ekitaldi edo manifestazio masibo eta erraldoi bat antolatu zen.[45] Hori dela eta, Arana Goiri anaiak eta abertzale talde bat zekartzan tren berezi bat Bilbotik Iruñera ailegatu zen.[45] Arana anaien talde abertzale hau manifestazio hartara batu eta bizkaitarrek nafarrenganako elkartasuna adierazten zuen honako esaldia zeraman pankarta ondo zuri eta hizki gorriduna erakutsi zuten:

« Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra. - Bizkaitarrak agur eiten deutse Naparrei.
Dios y Ley Vieja. - Vizcaya saluda a los Navarros..
[45]
»

Pankarta hura, aurretik eta gau batez Iruñeko Cafe Iruñan diseinatu eta Estanislao Aranzadi nafar diputatuaren Juana emazteak josi zuen.[46][47]

Aipatzekoa da, manifestazio hartara bertaratu zen bizkaitar abertzaleen ordezkaritzako kideek haritz hosto orlegi eta lokarri zuri-gorriz osatutako ikurrak zeramatzatela.[46]

Manifestapen hartara Euskal-Erria eta Bilboko Zirkulu Integrista elkarteak ere bertaratu ziren. Nafarroako Aldundiak Sabin Aranari gonbidapena luzatu eta hark nafar aldundiei aurrean honako hitzaldi hau zuzendu zien:[45]

« Hemen dauden bizkaitarren izenean, eta bizkaitar guztienean ere esango nuke, denak Nafarroan baitaude, eta baita "Bizkaitarra" egunkariaren izenean ere, haren zuzendaria naizenez, Nafarroako Foru Aldundia begirunez agurtu eta gogoz eskertzen dut, Espainiar Gobernuaren egitasmo injustuen aurrean izandako jarrera abertzale eta heroi kanpainarengatik, eta gure aldetik, otoi, gure herriaren anaia den, gure bihotzeko herri maitea den, nafar herriari besarkada indartsu bat eman bezaiola. »
Sabin Arana Goirik Nafarroako Foru Aldundian emandako hitzaldia.[48]

Iruñetik Bilbora itzultzean, Sabin Aranak zorion mezu bat idatzi eta bere amaieran honako hitz hauek jarri zituen:[45]

« Gora Nafarroa! Gora Euskeria! »
Sabin Arana Goiri.[45]
Pentsamendua
« (...)Zuen arraza guztiz bakana da bere ezaugarri bikain guztiengatik; baina auzotar dituzuen espainiar eta frantsesen arrazarekin, edota munduko beste edozein arrazarekin zerikusirik ez izateak are bakanago bihurtzen zaituzte. Zuen arraza horrek eratu du Bizkaia, zuen aberria; eta zuek, duintasuna galdu eta dagoeneko arbasoak errespetatzen ez dituzuenok, zuen odola nahasi duzue espainiar maketoen odolarekin.

(...)Ez zen inonzuena baino hizkuntza zaharragorik (...) baina zuek lotsarik gabe mespretxatu duzue, eta haren ordez, zuen aberria zapaldua dutenen hizkuntzan mintzo zarete.

»
Sabin Arana: Bizkaitarra, 1894

Sabin Arana eta xenofobia (1894)

Sabin Aranaren lehen urteetan espainiarren aurkako hainbat idatzi ezagun egin zituen Bizkaitarra aldizkarian. Gerora, eta batez ere espainiar komunikabideen aldetik arrazista deitu baldin badiote ere, badirudi gauza ez dela hain sinplea. Izan ere bakarrik espainiarren aurkako jarrera oldarkorra dauka eta gainera garai horietako gizartearen gehiengoak antzeko iritzia zuen. Gainera, idatzi horiek egin eta gero nahiz eta errepresio latzak jasan, bere ideiak gehiago entzutea eta errazago zabaltzea lortu zuen.

Gaur egun, euskal etniaren aldeko gizona zela esanez, errazago ulertzen da bere pentsamendua. Aldi berean, katolizismo sutsuaren aldetik, antiinperialista eta Jainkoaren aurrean gizaki guztiak berdinak zirela esaten zuen. Gaur eguneko hainbat historialarien iritzirako, bere idatziak garaiko emigrazio uholdearenganako beldurra eta bere jarrera kontserbadoreari egotzi ahal zaizkie.[49]

Ondorioz, xenofobia hizkera duten beheko bere idatzi hauek, goian idatzita dagoena ahaztu gabe baloratu beharko ziren.

« [...] Kataluniar politikariak, esate baterako, bere esparrura erakarri nahi ditu gainerako espainiarrak; bizkaitarrak, aldiz, bere esparrutik kanpo utzi nahi ditu espainiarrak atzerritarrak diren aldetik. Katalunian katalan bihurtzen dute Espainiako gainerako lurraldeetatik etorritako elementu oro, eta gogoko dute bertakoek Bartzelonako udaltzain aragoar edo gaztelauak katalanez mintza daitezen; hemen gureak eta bost sufritu behar izaten ditugu euskarazko bertso batzuen ondoan Pérez dioen sinadura bat irakurtzen dugunean, edo kotxezain errioxar bati, mihisegile pasiego bati edo ijitu bati euskaraz aditzen diogunean, edo itsasoan galdutako marinel bizkaitarren zerrenda irakurtzerakoan deitura maketo batekin topo eginten dugunean. Kataluniarrek nahi lukete berak ez ezik beren lurraldean egokituriko gainerako espainiarrak katalanez mintza litezen; gurean, goitik beherako hondamendia litzateke gure lurraldean bizi diren maketoek euskaraz egin lezaten. Zergatik? Arraza garbitasuna, hizkuntza bezala, bizkaitarren legearen oinarrietako bat delako, eta hizkuntza, gramatika on baten eta hiztegi on baten laguntzaz, berregin badaiteke ere, inor hartaz mintza ez ledin arren, ez ordea arraza, galdu ondoan ez litzatekeelako berpiztuko.

Aukera egin beharko bagenu maketo euskaldunez beteriko Bizkaiaren eta soilik bizkaitar erdaldunez jendezaturiko Bizkaiaren artean, bigarren honen aldeko hautua egingo genuke batere zalantzarik gabe, nahiago baitugu egunen batez garbitu eta berezko balioez ordezka daitezkeen elementuez orbanduriko funts bizkaitarra, berezko sakonean inoiz aldatuko ez den funts kanpotarra baino, ezaugarri bizkaitar batzuez hornitua egon litekeen arren. Era berean, alde batean jarriko baligute Bizkaiaren erabateko heriotza osoa, hau da, haren arraza eta hizkuntza guztiz galtzea, eta haren legeei eta historiari buruz (...) idatzitakoa eta gogoan gordetakoa eta izena bera ere arras desagertzea, eta bestean, Bizkaia maketo burujabe bat, gure gurasoen legeen arabera gobernatua, gure hizkuntzaren jabe eta gure historiaren oinordeko, lehenengoaren aldeko aukera egingo genuke; eta bigarren Bizkaia horren eta Bizkaia esklabo baina arrazaz euskotar, burujabetzaren eta bere legeen eta hizkuntzaren berrezartze osoaren aldeko baten artean hautatu beharko bagenu, azken hau aukeratuko genuke: zeren esklabo bizi baino hobe bada hil, hobe baita esklabo bizi irudizko bizitza batean iraun baino. Beren hizkuntza nazionalean mintzatzera obligaturik dauden bezala, beharturik daude bizkaitarrak beren hizkuntza maketo edo espainiarrei ez erakustea. Espainiarren kutsatzetik babesteko ete bi arrazen arteko nahastea sahiesteko bidea ez da hizkuntza batean edo bestean hitz egitea, baizik eta mintzaileak zein diren ongi bereiztea. Gure inbasoreek euskaraz ikasiko balute, utzi beharko genuke euskara, haren gramatika eta hiztegia kontu handiz artxibatu eta errusiera, norvegiera edo maketoek ezagutzen ez duten beste edozein hizkuntza erabili, haien menpean gauden bitartean. Kataluniarren kasuan loria handia litzateke Espainiako gobernuak hizkuntza katalana Espainia osoko hizkuntza ofizial egingo balu; ostera, horrelakorik egingo balute euskararekin, diplomazia finenaz sastakaturiko heriotza-kolpe saihestezina litzateke guretzat.

»
Sabin Arana: «Errores catalanistas», Bizkaitarra aldizkaria, 16. zenbakia (1894).

Euskeldun Batzokija eta Ikurrina (1894)

Sakontzeko, irakurri: «Euzkeldun Batzokija», «Batzoki» eta «Ikurrina»
Euskeldun Batzokija elkarteko egoitza Bilboko Zazpikaleetako Posta kaleko 22. zenbakian, 1894-1895 bitartean.
Arrigorriagako bilkuraren irudia, erdialdea Sabin eta Luis Arana Goiri jarraitzaileez inguraturik ikus daitezkelarik. Bilkura hau 1894ko uztailaren 8an ospatu zen, Euskeldun Batzokija handik sei egunetara, uztailaren 14an, Bilbon ofizialki inauguratu zelarik.

Arana anaiek Bilboko Posta kaleko 22. zenbakian, Dorre kalearen izkinan eta Done Jakue katedralaren alboan, euren elkartea sortzeko egoitza egokia topatu zuten, leku hura Areatzako parkearen ertzean zegoen, hiriaren erdi-erdian. Elkarte hau ez zen alderdi politiko bat, bai ordea garai hartan puri-purian zeuden britainiar usadioko klub edo biltoki bat. Bertan Bizkaitarra aldizkariko ideiak onartzen zituzten pertsona edo kideak bildu ahalko ziren.[50]

1894ko uztailaren 14an,[51] larunbata, arratsaldeko seietan elkarte hau Euzkeldun Batzokija izenez formalki inauguratu zen. Irekiera ekitaldian egoitza honetako balkoian elkarteko bazkiderik zaharrena zen Ziriako Iturri karlista ofizial ohiak bandera berri bat zintzilikatu zuen: Ikurrina. Aurretik, Sabin eta Luis anaiek bandera hau Bizkaiko ikur izateko diseinatua zuten, hau diseinatzeko unean beren ohiko lema politikoan inspiratu ziren: Gurutze zuriak Jainkoari erreferentzia egiten zion, gurutze orlegiak Lege Zaharra eta Gernikako Arbolari, eta hondo gorria Bizkaiko armarritik hartu omen zuten.[51]

Euskeldun Batzokija elkarteko 1894ko Zuzendaritza Batzordeko batzordekideak. Goitik behera eta ezkerretik eskuinera, goiko lerroan ezkerretik eskuinera: Sebastian Amorrortu, Luis Arana Goiri, Ulpiano Abasolo eta Juan Aranburuzabala; bigarren lerroan: Jose Maria Aldekoa, Sabin Arana Goiri eta Elias Lekue; hirugarren lerroan: Antonio Elexpuru, Ziriako Llodio eta Toribio Rezola. Azkenik, behealdeko lerroan: Jose Arriaga, Ramon Mentxaka eta Fabian Ispitzua.

Igandean, uztailaren 15ean, Begoñako basilikan meza bat eman zen, behin hau amaitu eta kanpoan zeudela elkarte berri hartako bazkideek Gernikako Arbola abestu zuten, ondoren egoitzara joan eta bertan aurreneko Batzar Orokorra burutu zuten. Honetan, Sabin Arana Zuzendaritza Batzordeko presidente edo Batzokiko buru hautatu zuten. Hura amaitzean, txistulari talde bat balkoira atera eta beheran zegoen jendea asaldatu zuen, lehenengoan, Udal Bandak Arenalen musika joko zuela espero baizuten. Festa gau osoan luzatu zen, eta gainera San Inazio egunean ere jaia berriz errepikatu zen, ondorioz bizilagun bat ernegatu eta elkartearen aurka zalaparta edo iskanbila sortzeagatik salaketa bat jarri zuen. Elkarteari "abestu, atabala jo eta lurzorua ostikatzeagatik" 500 pezetako isuna ezarri zitzaion. Salaketa hura Sabin Aranaren lehenbiziko espetxeratzearen arrazoia izango zen.

Batzokia irekitzean 94 bazkidek izena emana zuten, hurrengo hilabeteetan ehundik gora ziren eta 1895. urtearen hasierarako 120 kidek eman zuten izena. Kideetako gehienak Bilbo edo inguruko gizon gazteak ziren, Sabin Aranaren adin berdintxukoak (berak orduan 29 urte zituen), gehienen adina 20-35 urte artekoa zelarik. Batez ere, hiriko burges katoliko txikiak ziren: artisauak, enplegatuak, merkatariak... langile apalak eta enpresaburu handiak askoz ere gutxiago. Bazkide osoak izateko euskal abizenak izan behar zituzten; baldintza hori betetzen ez zutenak ere bazkide izan zitezkeen, baina eskubide gutxiagoekin.[51]

Euskeldun Batzokija elkartearen 1894ko sorrera agiria.

Elkarte edo Batzokia teorian ez zen osoki politikoa, aisialdirako jarduerak ere burutzen zirelarik: kafea hartu, billarrean edo kartetan jokatu, pianoa jo, abestu, etab. Praktikan egoitza aisialdi jarduera horietaz gain Bizkaitarra aldizkaria irakurri eta komentatu, albiste politikoei buruz solastatzeko eta sabindar ideietan doktrinatzeko erabili zen.[51] Benetako asmoa, bazkideen artean JEL doktrinaren ideiak bazkideetan finkatu, bazkideak gehiago gehitu eta ondoren Batzokia oinarritzat hartuz hauteskundeetara aurkeztu ahal izango zen alderdi politiko berri bat sortzea zen. Sabin Arana desbideraketa ideologikoen beldur zenez, Batzokia modu tinkoan gidatu zuen: bertako araudia zorrotz betetzen ez zuten bazkideak zalantzarik gabe kanporatu zituen. Edonola ere, bazkide batzuk kanporatu ezkero beste batzuk sartu ohi ziren, hortaz Batzokiak 110-130 bazkide inguruko kopuru finkoa mantendu ahal izan zuen.[52]

Lehen aipatu bezala Euskeldun Batzokija elkarteko presidentea Sabin Arana Goiri hautatu zuten, aldiz hautatuak suertatu ziren Zuzendaritza Batzordeko beste batzordekideak honako hauek ziren: Ziriako Llodio presidenteordea, Jose Arriaga idazkaria, Antonio Elexpuru idazkariordea, Elias Lekue kontularia, Fabian Ispitzua kontulariordea, Sebastian Amorrortu diruzaina, Jose Maria Aldekoa diruzainordea, Ulpiano Abasolo zinegotzia, Luis Arana Goiri zinegotziordea, batzordekideak: Ramon Mentxaka, Toribio Rezola eta Juan Aranburuzabala.[53]

Eusko Batzokijaren araudiaren testua Sabin Aranak zehaztasun eta xehetasun handiz landu eta idatzi zuen. Denera 10 kapituluetan banatutako 110 artikuluk osatzen zuten.[54]

  • I. kapitulua: Helburua eta izaera, 1. eta 2. artikuluak.
  • II. kapitulua: Doktrina politikoa, 3. artikulutik 8.era.
  • III. kapitulua: Errejimen pribatua, 9. artikulutik 32.era.
  • IV. kapitulua: Errejimen publikoa, 33. artikulutik 57.era.
  • V. kapitulua: Kideei buruzkoa, 58. artikulutik 68.era.
  • VI. kapitulua: Karguak, 68. artikulutik 85.era.
  • VII. kapitulua: Batzarrak, 86. artikulutik 100.era
  • VIII. kapitulua: Administrazioa, 101. artikulutik 103.era.
  • IX. kapitulua: Enplegatuei buruzkoa, 104. artikulutik 106.era.
  • X. kapitulua: Jaiei buruzkoa, 107. eta 108. artikuluak.
  • Kapitulu gehigarria: 109. eta 110. artikuluak.
  • 1. artikulua: Euskeldun Batzokija izenarekin Bilbo udalerrian aisialdirako Elkarte bat sortu da, bere helburua bizilagunen arteko elkartasun eta adiskidetasun loturak ezartzea delarik (…) Jaun Goikua eta Lagi-Zarra lelo Bizkaitarrean dauden doktrinen jarraitzaileak direlarik.
  • 2. artikulua: Behin Bizkai-Batzar deituko den Bizkaiko Elkarte Orokorra sortu eta gero, bere estatutuak Arana ta Goiri'taŕ Sabinek idatziko ditu. Euskeldun Batzokijak hauek onartuko ditu (…).
  • 3. artikulua: Jainkoa. Bizkaia bere barne bizitzan eta gainontzeko herrialdeekin izango dituen harremanetan katolikoa-apostolikoa-erromanikoa izango da.
  • 4. artikulua: Lagizarra. Bizkaia libreki berregituratuko da. Foruak deituriko bere usadiozko Legeak bere osotasunean berrezarriko ditu. Gure arbasoen jokamolde eta ohitura onak berrezarriko ditu. Euskaldun arrazako familiekin, osoki ez baldin bada, nagusiki berregituratuko da. Euskara hizkuntza ofiziala gisa adieraziko du.
  • 5. artikulua: Eta. Bizkaia erlijio eta politika ordena, jainkotiar eta gizatiar armonia perfektuaren gainean ezarriko da.
  • 6. artikulua: Jaungoikua eta Lagizarraren desberdintzea. Bizkaia erlijio eta politika ordena, elizkoi eta zibilaren arteko desberdintasun argi eta narbarmen batean ezarriko da.
  • 7. artikulua: Jainkoa Lagizarraren aurretik jartzea. Bizkaia politika erlijioarekiko baldintzarik gabeko menpekotasun batean dagoelarik ezarriko da, Estatua Elizaren mende.
  • 8. artikulua: Bizkaia, arrazaz, hizkuntzaz, fedez, izaeraz eta ohiturez, Araba, Nafarroa Beherea, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoarekiko anai delarik, sei herrialde hauekin Euskelerria (Euskeria) deitu ohi den osotasuna gauzatzeko lotu edo konfederatuko da, baina bere berezko autonomia murriztu gabe. […]

Bilbo, 1894ko uztailaren 14a

Alderdi politikoaren sorrera (1895)

Sakontzeko, irakurri: «Euzko Alderdi Jeltzalea»

Garai hartako Europako mugimendu edo talde politikoek hiru oinarri zituzten: elkartea, aldizkaria eta alderdi politikoa. Sabin Aranak eta eusko abertzaletasunak jada hiru oinarri horietako bi bazituzten, hortaz hurrengo urratsa alderdi politiko bat eratzea izan zen.

Abiapuntua: Bizkai Buru Batzarra (1895)

Sakontzeko, irakurri: «Bizkai Buru Batzar»
1895eko lehenbiziko Bizkai Buru Batzar alderdiko Zuzendaritza Batzordeko kideak. Ezkerretik eskuinera, eta goitik behera: Juan Aranburuzabala, Elias Lekue, Sabin Arana Goiri, Luis Arana Goiri, Ziriako Llodio, Salbador Etxeita eta Fabian Izpitzua.

1895eko uztailaren 31an, San Inazio egunez, Euskeldun Batzokiko kideek eta Bizkaiko hainbat udalerrietako abertzale edo nazionalistek alderdi berriaren zuzendaritza hautatu zuten. Ekitaldi hura inongo iragarpen edo deialdirik egin gabe burutu zen, gehienbat Espainiar Agintariak ohartu ez zitezen, eta haien jazarpena, salaketak, isunak eta espetxeratzeak saihesteko asmoz. Zuzendaritza Batzorde harren buruzagi nagusia 30 urtetako Sabin Arana bera izan zen, denera Zuzendaritza Batzordea zazpi kide hauek osatu zutelarik: Sabin Arana Goiri (buruzagia), Luis Arana Goiri, Fabian Ispizua, Elias Lekue, Juan Aranburuzabala, Ziriako Llodio eta Salbador Etxeita.[55] Urte hartako abuztuaren 15ean euren karguak eskuratu zituzten, horretarako formula edo esaldi hau erabili zutelarik:

« Bizkaya, Bizkaya, Bizkaya: Jaun-Goikua eta Legi-Zarra'ren aldez. »
Bizkai Buru Batzar alderdiko lehenbiziko Zuzendaritza Batzordeko kideen kargu hartzean erabilitako formula.[56]

Aranak alderdiko kide gehienak gazteak eta ezkongabeak izan zitezela saiatu zen, honela emazte edo familia kargarik izan ezean euren denbora ia osoa alderdiari eskain ziezaioten. Bestalde, 1895ean Euskeldun Batzokia eta Bizkaitarra aldizkariaren jazarpen politiko-judiziala hasi zenez, alderdi berria klandestinoki funtzionatzeko diseinatua izan zen.

Jazarpena eta espetxeratzea (1895-1896)

Sabin Arana Larrinagako espetxean, 1895ean.

1895eko abuztuaren 14an Espainiako Agintaritzak Sabin Arana espetxeratu egin zuen. Horretarako abiapuntu gisa salaketa partikular bat oinarritzat hartu zuten, baina azken epaia jazarpen politiko giro bete-betean etorri zen. Sabin espetxeratu eta bi astetara Euskeldun Batzokija elkartea itxiarazi zuten, bai eta elkarte honetako Zuzendaritza Batzordeko gainontzeko bederatzi kideak espetxeratu ere. Gainera Euskeldun Batzokija elkarteko 100 bazkide ere prozesatu zituzten. Handik hamar egunera Bizkaitarra aldizkaria itxiarazi zuten.[57]

Funtsean Sabin Aranaren jazarpena bere ideia edo pentsamolde politikoearengatik izan zen: Espainiaren ohorea zalantzan jartzeagatik eta proiektu nazional alternatibo bat eskeintzeagatik, laburbilduz, "rebelión contra España" delitua leporatu zioten. Garai hartan abertzaleek ez zuten gatazka bortitzik sortu, aldiz beren ideiekin eta modu baketsuan espainiar nazio proiektuari aurre egin zioten. Sabin Arana sei hilabete espetxean egon eta isun ugari ordaindu behar izan zituen.[58]

Abertzaletasuna ezagutarazi eta alderdia antolatuz (1896-1897)

1896. urtearen hasieran Sabin Arana espetxetik atera zen. Elkarte eta aldizkaririk gabe propaganda abertzalea hedatzeko zailtasunak zituen, hortaz beste bide batzuk bilatu behar izan zituen, Bizkaia osoan bazkariak egiteko aitzakian bilera txikiak ospatu zituen: Bermeo, Mundaka, Busturia, Gernika, Arteaga, Elantxobe, Ea, Lekeitio... berarekin batera herriko mezetan abestu ohi zuen abesbatza eraman eta Ikurrina herrietan ezagutarazi zuen. Bazkari haien bidez herri mailako hainbat pertsona garrantzitsu eusko nazionalismora hurbildu ziren: medikuak, abokatuak, indianoak, alkateak, apaizak... maila apalagoko jendea ere abertzaletasunaren inguruan interesatu zen: baserritarrak, nekazariak, herriko langileak... gainera, maiz goardia zibila ekitaldi haiek zaintzera hurbiltzen zenez, jendearen eusko abertzaletasunarekiko jakinmina areagotu egiten zen.[59]

Une hartan biziraun zuen erakunde bakarra Bizkai Buru Batzar zen. Errepresioa ekitiditeko asmoz ezkutuan jardun zuen. Sarritan ezkutuko erakunde hura izendatzeko BBB edo Sabinek asmatutako 3B, B3 edota Irubeta izendapenak erabili ohi ziren. Bertako militanteek ere ez zekiten zehazki alderdi osoa zeintzuk osatzen zuten, ondorioz erakunde abertzalea sekretismo eta misterioz inguratua zegoen.[60]

Sabin Aranaren nahia foruzaleak erakartzea zenez, 1897. urtean karlisten eta Euskal-Erria elkartearen aurkako kanpainari ekin zion.[61]

Karlisten eta Euskal-Erria elkartekoen aurka (1896-1897)

1897ko otsailean Sabin Aranak El Partido Carlista y los Fueros Vasko-Nabarros panfletoa argitaratu zuen. Bertan, karlisten programari kritika zorrotza egin zion: Sabinen ustez karlistek Espainiako eskualde guztien autonomia administratiboa nahi zuten (Hego Euskal Herria barne), baina ez zituzten usadiozko Euskal Herriko foruak berrezarriko. Sabinek zioenez autonomia administratibo hura jada liberalek kontzertu eta hitzarmen ekonomikoaren bitartez onartzen zuten, ondorioz karlistek ez zuten liberalek jada eskeinitakoa baino gehiago eskatzen.[61]

Karlistak erantzuten saiatu ziren, baina Sabinek haien erantzunak puntuz-puntu jorratzen zituen bigarren argitalpen bat argitaratu zuen. Gainera, foruzaleek ez bezala, Sabinek foruzaletasuna azken muturreraino eramateko gai zen, hots, independetzia eskatzera, aldiz karlistak ez ziren gai hain muturreraino ailegatzeko. Sabinen argitalpen hark 20.000 aleko tirada izan zuen, Bizkaian karlista elkarte eta topagune askotan zabaldu zen. Bestalde, Gipuzkoan ere 2.000 ale banatu ziren. Ondorioz, panfleto hark ordurarte karlista, foruzale eta integrista ziren asko eusko nazionalismo edo abertzaletasunera hurbiltzea ahalbideratu zuen.[61]

Baserritarra (1897)

Sakontzeko, irakurri: «Baserritarra»

1897ko martxoan Sabinek Baserritarra aldizkaria sortu zuen, bere esanetan Alderdi Karlista suntsitzeko. Aldizkariaren izenburuak nazionalismoaren utopiari lotua zihoan: baserritarra, euskalduntasunaren eredua. Nahiz eta Baserritarra izena eduki, ez zen ez baserriaz, ez eta nekazaritzaren inguruko aldizkaria, bai ordea nagusiki gaztelaniaz idatzitako politikari buruzko aldizkaria. Estatuaren aurreko errepresioa aurreikusiz, Bizkaitarra baino hobe antolatuagoa zegoen eta bertan hizkera neurtuagoa erabili zen.[62]

Bizkaian jada Alderdi Karlista nahiko ahuldua zegoenez, Sabinek hurrengo lehiakidearen aurka ekin zion: Euskal-Erria elkartea.

1894an ordurarte Euskal-Erria elkarteko Fidel Sagarminaga buruzagia zendu zen. Orduan, Larrazabalgo otorduan aurkeztu zen Ramon de la Sotaren talde disidentea Euskal-Erria elkartera itzuli eta bertako zuzendaritza eskuratu zuen. 1895-1897 bitartean Ramon de la Sotak elkarte hartako pentsamolde foruzalea abertzaletasun eta eusko nazionalismora bideratuz joan zen. Halere, Ramon de la Sota eta bere taldea Sagarminagaren foruzaletasuna baina erradikalagoak baina Sabin Arana eta abertzaletasuna baino moderatuagoak ziren. Sotaren jendea politikoki praktikoa zen, erlijioari ez zieten garrantzirik ematen eta beraientzat politika botere joko soil bat zen. Sabin Arana bera ere eurengana erakartzen saiatu ziren. Beren elkarteari prestigioa eman nahian ere Resurreccion Maria Azkue eta Felipe Arrese Beitia bezalako euskaltzaleak erakarri zituzten.[63]

Halere, Sabin Aranak ez zuen Euskal-Erria elkartekoen eskaintza onartu eta Baserritarra sortu bezain azkar elkarte harren aurka jo zuen. Bienbitartean, 1897an Sabin Aranak euskal kultura sustatzeko asmoz Bizkayaren Edestija ta Izkerea Pizkundia argitaletxea sortu zuen. 1897ko amaieraldera Gipuzkoan Errezola eta Lardizabal integristak eta euren El Fuerista egunkaria Sabinen ideietara hurbiltzen hasi ziren. Garai hartan, jada bere burua nazionalismora bilakatu zuen Engrazio Aranzadi Kizkitzak gipuzkoar integrista haiek eta Sabin Aranaren arteko bitartekari lanak burutu zituen.[64]

1997ko urrian Bizkai Buru Batzarra alderdi politikoa antolatzeko bidean urratsak ematen hasi zen eta Asociación Euskeriana de Bizkai-Batzarra izeneko alderdian lehen afiliatuek izena eman zuten. Gerora EAJ alderdia izango zenaren lehen afiliatuak ziren.[65]

Mende amaiera (1898-1902)

Kubako gerra (1898)

Sakontzeko, irakurri: «Espainia-Estatu Batuak Gerra»

1898ko apirilean Estatu Batuak aurretik kubatarrek espainiar aginte kolonialetik askatzeko zeraman gerrilla borrokan esku sartzea erabaki zuen. Une hartan, Espainia osoan hasi integristetatik nahiz kontserbadoreetatik eta liberaletaraino gerraren aldeko gorazarre espainolista bat aldarrikatu zen.[66]

Sukar espainolista hau Hego Euskal Herrian ere nabaritu zen: Bilbon, espainiar itsas komandantziako militarrei elkartasuna azaltzeko 8.000 pertsonako manifestazioa egin zen. Bidean zihoazela, Arana Goiritarren jaiotetxetik iragatean hura harrikatu eta ondorengo oihukatu zuten:[66]

« ¡Viva España!
¡Abajo el separatismo!
»
1898ko Bilboko manifestazio espainolistaren manifestarien oihuak.[67]

Luis eta Sabin Aranak euren etxe barnean 80 harritik gora topatu izan zituzten.[67]

Giroa ez zen eusko nazionalismoarentzat egokiena, hortaz Sabin eta Luiz Aranak Bizkayaren Edestija ta Izkerea Pizkundia argitaletxea itxi eta Bilbotik alde egin zuten. Gipuzkoako El Fuerista egunkariak ere giro hari ezin aurre eginik itxi egin beharra izan zuen. Bien bitartean, Euskal-Erria elkarteko foruzale klasiko batzuk Espainiako armadaren aldeko diru dohaintzak eman nahi izan zituzten. Ramon de la Sotaren taldekoak asmo horren aurka agertu ziren. Ondorioz, Espainiako gobernadoreak Ramon de la Sotaren taldea Euskal-Erria elkartea uztera behartu zuen.[67]

Kubako Gerran zehar estatubatuar itsas armadak espainiar ontziteri zaharkitua erabat suntsitu zuen, 1898ko uztailean jada estatubatuar armadak Kuba bere kontrolpean zuelarik. Espainiar iritzi publikoa erabat lur jota gelditu zen, aurreko hilabeteetako histeria espainolista hura behin betiko desagertuaraziz eta espainiarrei ordurarte ikusi nahi ez zuten errealitatea agertuaraziz: jada XIX. mendearen amaieran indar militar errealik gabeko herrialdea zen, harrokeriak eta jauntxokeriak usteldua.[68]

Giro honetan Sabin Aranak lehebiziko aldiz hauteskundeetara aurkeztea erabaki zuen. Halere, Kubako Gerra aurretik ere erabaki hura hartua omen zuen, baina gerraren amaierak eta Espainiaren porrotak hauteskundeetara aurkezteko oraindik arrazoi handiagoak eman zizkion.[69]

Hauteskundeak: arrakasta eta jazarpena (1898)

1898ko irailean aldundi probintzialetako aldunak hautatzeko hauteskundeak ospatu behar ziren eta Sabin Aranak bertara aurkezteko asmo irmoa zuen. Nazionalistek Bizkaian bi hautagai aurkeztu zituzten: Bilboko barrutitik Sabin Arana bera eta Gernikako barrutitik Angel Zabala Kondaño. Oso epe laburrean hautagaitza haien aldeko bi mila sinadura aurkeztu ziren, haiek biltzeko lana Luis Arana eta beste kide abertzale batzuk burutu zutelarik, haietako asko Euzkeldun Batzokija elkarteko eta Euskal-Erria elkarteko Ramon de la Sotaren taldeko kideenak ziren, bai eta Sukarrieta eta Busturialdeko baserritarrena ere.[70]

Garai hartan Bizkaiko politikan Victor Txabarri enpresaburua jaun eta jabe zen, La Piña izeneko alderdi liberal-kontserbadorea zuzentzen zuen, honek Bizkaiko boterea euren pentsamoldeko jauntxo eta enpresaburuen artean banatzen zuen.[71]

Iraileko hauteskundeetan Sabinek Bilboko barrutian 4.545 boto atera zituen (erroldaren %22a), aldiz La Piñakoek ohiko ustelkeria eta boto erosketen bidez boto kopuru handixeagoa lortu zuten, halere emaitza hark eusko nazionalismoaren historiako lehenbiziko hauteskunde arrakasta suposatu zuen: Sabin Arana Bizkaian jokoan zeuden lau diputatu edo aldun postuetako bat bereganatu zuen, hortaz aurreneko aldun abertzalea bilakatu zen, gainontzeko hiruak La Piñakoen eskuetan geldituz, horrela ordurarte La Piñakoek zuten monopolioa hautsi zuelarik. Bestalde, Angel Zabalak Gernikako barrutian 3.018 boto lortu eta gutxigatik ez zuen ordezkari bat atera.[70]

Eusko nazionalismoaren garaipena ukaezina zen. Arrakasta eta euforia giro hartan Ramon de la Sotaren taldekoak Sabin Aranaren alderdian sartu eta afiliatu egin ziren. Nahiz eta sabindar eta sotatarren arteko harmonia erabatekoa ez izan eta gerora sarritan nazionalismo pragmatikoa eta independentistaren arteko ezberdintasunean argitaratu izan (adibidez, Comunión Nacionalista Vasca eta Aberriren arteko liskarrak), jada denak etxe edo alderdi bakar baten barnean zeuden.[72]

1899ko apirilean Bilbon Centro Vasco elkartea ireki zuten, bere arauak ez ziren aurreko Euskeldun Batzokija elkartekoak bezain zorrotzak, 400 bazkide baino gehiago bilduz eta gerora irekiko ziren Batzokien oinarria izan zen. Bestalde, Ramon de la Sotaren dirulaguntzak El Correo egunkari abertzalea irekitzea ere ahalbideratu zuen. Une hartan Sabin Arana egunkarietan artikuluak idazten zituen artean, Luis Arana zeregin burokratioetaz arduratzen zen. Bienbitartean, Sabin Aranak aldun modura Bizkaiko Aldundian burututako lanak alderdi nazionalistari prestigio eta kide gehiago ekarri zizkion.[73]

1899ko Udal Hauteskundeetan ere abertzaleak aurkeztu ziren, Bizkaiko hainbat udalerritan zinegotziak lortuz: Bilbo, Bermeo, Arteaga, Lekeitio, Santurtzi, Deustua, Getxo, Begoña, Basauri, Lezaman eta abar. Mundakan eusko nazionalismoak lehenbiziko alkate abertzalea lortu zuten.[74]

Eusko nazionalismoa erradikalismoak saihestuz eta politika guztiz legala eginez sekulako arrakasta bereganatzen ari zen. Honek, Victor Txabarri urdurituarazi eta bere botere galtzeko arriskuan ikusi zuen. Ondorioz, Txabarrik egoera hura handik eta hemendik aldarazten saiatu zen, azkenean 1899ko irailean Espainiako Gobernadoreak separatismo salaketa baten ondorioz Bizkaian berme konstituzionalak eten zituelarik. Gobernadore zibilak eusko nazionalismoaren aurkako errepresioari ekin zion: abertzaleen argitalpen guztiak debekatu eta Bilbo, Barakaldo eta Bermeoko elkarte abertzaleak itxiarazi zituen. Euskaraz nahiz gaztelaniaz argitaratu ohi zuen Azkueren Euskalzale kultur aldizkari ere isuna jartzera iritsi ziren.[75]

Eten hark hamar hilabete iraun zituen, halere Sabin Arana nahiz zinegotzi abertzaleak euren postuetan jarraitu zuten. Jada eusko nazionalismoa edo abertzaletasunaren oinarria sendo finkatua zegoen.[76]

Nikola Atxika-Allende: Harremana eta ezkontza

Sakontzeko, irakurri: «Nikolasa Atxika-Allende»
Sabin Arana Goiri eta Nikolasa Atxika-Allende 1900an Loiolako Santutegian.
Sabin Arana Goiri eta Nikolasa Atxika-Allende.

Sabin Arana bere aisialdiak ehizean igaro ohi zituen, batez ere Gernikako itsasadarra inguruan. Horretarako, Sukarrietako Kafranka etxean ostatu hartzen zuen. Alboko herrietan bere adiskideminak bizi ziren: Arteagan Angel Zabala Kondaño eta Mundakan Jose Arrandiaga Joala.[77]

Usadioaren arabera, Sabin eta beste lagun batzuk basurde bat bizirik ehizatzea lortu omen zuten. Basurdea Sukarrietako Abiña baserriko kortan gorde eta hazi omen zuten. Baserri hartako etxekonagusia Jose Mari Atxika-Allende zen, Mundakako alkatea izana, eta garai hartan zinegotzia zena. Sabin Arana baserri hartan apopilo ere egon omen zen, baita Jose Marirekin ere inguruko lursail bat erosteko tratuak ere egin. 1898ko urtarrilean Sabin fruituak landatzen ari zela baserriko alaba gazteenaz ohartu zen: Nikolasa. Une hartan, Nikolasak 23 urte zituen, Sabinek berriz 33. Sabinek Abiña baserria utzi eta Sukarrietako etxe batera lekualdatu zen. Bere egitekoak bultzaturik Bilbora itzuli zen baina Sabin eta Nikolasaren harremanak aurrera jarraitu zuen.[78]

Sabinek Nikolasari 1899ko ekainaren 17an euskaraz igorritako gutun bat ere gorde izan da:

« Atxika'taŕ Nikole'ri:
99-6-17
Sukaŕieta
Nire bijotzeko Nikole: Gauŕ gabian etoŕiko naz oŕa, ta bijar goxetik ikusiko zaitut.
Zeuria beti
Sabin
»
Sabin Arana Goiri[79]

Aipatzekoa da, aurretik Sabin Bilboko neska batez gustatua egon zela, baina neska hark erdal abizenak izanik harremanik ez hastea erabaki zuen. Aldiz, Nikolasarekin Allende deituraz zalantzak izan zituen, erdal abizena baitzen, horregatik Nikolasaren 126 abizenen genealogia azterketa egin zuen, azkenean Allende izena azken unean eskribauak soilik Atxika abizena zenari gehitua omen zela ondorioeztatu zuelarik. 1898ko abenduan Sabinek Nikolasaren gurasoei euren alabarekin ezkontzeko asmoa jakinarazi zien.[75]

Halere, Nikolasaren baserritar maila zela eta, Sabinek ingurukoen kritikak jaso zituen, garai hartan oraindik gizarte klase edo maila ezberdinen arteko ezkontzak gaizki ikusia baizeuden. Halere, Sabinek kritika guzti horiei ez zien jaramonik egin.[79]

1900eko otsailaren 2an Sabin Arana Goiri (35 urte) eta Nikolasa Atxika-Allende (25 urte) Sukarrietako San Antonio baselizan ezkondu ziren, bazkaria Erramonaneko etxean ospatu zelarik. Eztei bidaian Frantziako Lourdes udalerrira joan ziren. Laster, Nikolasa haurdun gelditu zen, baina 1900eko abuztuan Nikolasak haurra galdu zuen. Sabinek eta Nikolasak haurra izateko asmoa ez zen gauzatuko.[80]

Jazarpena, barne tentsioak eta espetxeratzea (1902)

1899ko eusko nazionalismoaren aurkako jazarpenaren ondoren, 1900an debekuak altxatu ziren, baina urte hartan bertan karlisten aurka ekiteko aitzakiz Bizkaiko gobernadoreak abertzaleen aurka berrekin eta haien elkarteko egoitza eta aldizkaria itxi zituen. 1901an Centro Vasco egoitza eta sotatarren Euskalduna adlizkariak berririki ziren, ez ordea El Correo aldizkaria. Hasiera batetik sotatarren Euskalduna eta sabindarren La Patria aldizkarien arteko eztabaidak piztu ziren, biak euren buruak eusko nazionalismoaren ordezkaritzat baizituzten. Euskalduna aldizkariko sotatarrek alderdiaren demokratizazioa eta errepresioa jasan gabe espainiar legeen barnean jardungo zuen programa bideragarri bat eskatzen zuten, aldiz, Sabin Aranak ez zuen alderdia berrantolatzeko deialdirik egin, sotatarrek alderdiaren buruzagitza bereganatu, programa independentista alboratu eta programa autonomista bat ezarriko zutenaren beldur baitzen.[81]

1902ko maiatzaren 2an Bilbon Hirugarren Karlistaldian zehar liberalek hiriko karlisten setioa hautsi izana ospatu zen, halere zinegotzi abertzaleak sozialistekin bat egin eta udal ordezkaritza ospakizun horietara ofizialki ez aurkeztea lortu zuten. Horrela bada, martxa liberala ospatzen ari zen bitartean espainiar errejimendu militar Bidebarrieta kaletik barna zihoan unean, Centro Vasco elkarteko egoitza aurretik igaro eta manifestari talde bat ofizial militar baten agindupean egoitza erasotzeari ekin zion: bazkideak jo, ahal zuten guztia suntsitu eta balkoian eskegita zegoen Euskal Herriko armarridun bandera kendu zuten. Biharamunean, espainiar agintariek liskar haien errudun abertzaleak egin zituzten. Ondorioz, erasotzaileak zigorrik gabe utzi eta Centro Vasco elkarteko bazkide bat espetxeratu zuten.[82]

Theodore Roosevelti telegrama Kubaren independetziarengatik zorionduz

Aste gutxitara, Ameriketako Estatu Batuek lau urtez bere administraritzapean izandako Kubari independentzia formala eman zion. 1902ko maiatzaren 25ean Sabin Arana Goirik Theodore Roosevelt estatubatuar presidenteari honako telegrama hau igorri zion:[82]

« Kubako independentziarengatik eusko alderdi nazionalistaren izenean zuzentzen duzun Federazioa zoriontzen dut, esklabotzatik askatzen jakin baitzuen. Zuon Estatu boteretsuak, Europako potentzientzat historian ezezaguna izan den Justizia eta Askatasunaren kultua eta bikaintasunaren adibide dira, bereziki latindarrentzat. Europak imitatu ezkero, bere herri antzinakoena den euskaldun nazioak ere, Estatu Batuen goraipamenak merezi izan zituen Konstituzioan aginduz mende gehien askatasunaz gozatu izan duenak, aske litzateke. »
Sabin Aranak 1902ko maiatzaren 25ean Ameriketako Estatu Batuetako Theodore Roosevelt presidenteari igorritako telegrama Kubako independentziarengatik zorionduz.[83]

Sabin Aranak telegrama honekin Euskal Herriko auzia nazioartean ezagutaraztea izan zen, bere itxaropena Ameriketako Estatu Batuek Kubari independentzia lortzen lagundu zioten antzera Euskal Herriari ere independendentzia lortu eta Espainiatik banatzen laguntzea baitzen. Halere, telegrama ez zen inoiz Bilbotik atera. Hura jaso zuen posta bulegoko funtzionarioak bere nagusiei eman, espainiar agintariek Sabin Aranari salaketa jarri eta auzitegian amaitu zuen.[84]

Ondorioz 1902ko maiatzaren 30ean Sabin Arana Goiri matxinada delitua leporatu eta epaiketa burutu arte Larrinagako espetxean kartzelatua izan zen, ondoren Bizkaiko gobernadore zibilak hamar zinegotzi abertzale espetxeratu eta haien lekuan zinegotzi liberalak jarri zituen. Ez legearen aurka zeozer zehatza egin zutelako, bai ordea beren helburua independentzia zelako.[84]

Espetxealdi honetan, Sabin Aranak Euskal Herriko ereserki nazionala izateko asmoz Euzko Abendaren Ereserkija ereserkiaren hitzak idatzi zituen.[85]

Proiektu espainolista

Espetxean zegoela Sabin Aranak erabilitako politika posibilista alferrikakoa izan zela ikusi zuen, espainiar agintariek errepresioarekin erantzun baizuten. Sotatarrekin elkartu eta Bizkaiko aldundiak eta udalerrietako udaletako eguneroko lanean aritu zenean, independentismoa esplizitua saihestu zuen. Halere, ez zen nahikoa praktikan moderatua izatea, pentsamoldez independentzia nahi izateak ere espainiar agintarien jazarpena zekarrela ohartu zen. Honetaz gogoeta egin eta Sabinek erabaki erradikal bat hartu zuen: bere alderdikideei Liga de Vascos Españolistas izeneko alderdi bat sortzeko asmoa jakinarazi, abertzale izena alboratu eta jarraitzaileak bertan izen emateko eskatu zien. Alderdi berri honek Espainiako subirotasuna onartu eta harren barnean ahal zen autonomia edo autogobernu zabalena lortzea ahalbideratuko zuen, gainera orain arte nazionalistak ez zirenei ere bertan sartzeko ateak irekiz. Sabin Aranak oraindik alderdi berri honen programa idazteke zuen eta bere jarraitzaileei berarengan konfiantza izateko eskatu zien.[86]

Alderdi berri hau ez zen alderdi erregionalista bat izango, ez eta foruzalea edo autonomista ere. Izena ere ezohkioa zuen: espainolista, ordurarte Sabin Aranak bere etsai politikoei erasotzeko erabili izan zuen izendapena zen. Aranaren ustez adjetibo hori bereganatzean bere etsai politikoak bere alderdi berriaren aurkako argudiorik gabe geldituko omen ziren, separatismo salaketak ekidinez.[86] Honela idatzi zion Sabin Aranak espetxetik bere emazte Nikolasari:

« Honen ondoren, jada bizitza osoan ez naiz gehiago gauza hauetan egongo, alderdi nazionalista aurten hil eta nazionalistak espainolistak bilakatuko baitira. Haientzat ez dira ez espetxe ez eta epaiketa gehiago egongo. Ni etxera atseden hartzera erretiratu eta jada niretzat ez da arrisku gehiagorik izango. Nire emaztearekin lasai-lasai eta pozik biziko naiz. Egon zaitez hortaz lasai. »
1902ko abuztuaren 15ean Sabin Aranak bere emazte Nikolasa Atxika-Allenderi espetxetik igorritako gutunaren zatia.[85]

Halere, Sabin Aranak eskuizkribu pribatuetan aitortzen duenez, ez zuen inoiz bere jatorrizko azken helburua txokoratu: independentzia, baina hura lortzeko orain estrategia aldatu, alderdi espainolista sortuz Espainia osoan erregionalismoa bultzatu, eta azkenean Espainiar Estatua ahulduz, Euskal Herriak Ingalaterraren babespean bere independetzia lortuko zuela konbentzituta zegoen.[85]

Abertzale guztiak zeharo harrituta gelditu ziren, batzuk Sabin Arana erotu ote zen ere pentsatu zuten. Zaila zen Sabin Aranak horrelako erabaki erradikal eta bapateko bat nola hartu zuen ulertzea. Garai honetan Sabin Aranari Addisonen gaixotasuna agertzen hasi eta espetxean zegoenez bere animoan ere eragina izatea baliteke.[85]

1902ko abuztuan Alfontso XIII.a Espainiakoa erregea Bilbotik pasatu zen, Sabin Aranaren indultua eskatuz abertzaleek 8.000 sinadura bildu zituzten, gainera Sabinek jasaten zuen gaixotasunaren ondorioz ere espetxean hiltzeko arriskua zuela ere aipatu zuten: Erregeak ez zuen libratu.[85]

Azkenik, 1902ko azaroaren 7an epaiketa burutu zen. Sabin Arana defendatu zuen abokatua Daniel Irujo Urra nafarra izan zen (Manuel Irujo Ollo politikari jeltzalearen aita). Sabin absolbitua izan zen.[87]

Azken urtea (1902-1903)

Aske geratu bezain laster, Sabin Arana eta emazte Nikolasa Loiolara hiru astez atseden hartzera joan ziren. Halere, Aranaren kasua zeraman fiskalak errekurritu eta Bizkaiko gobernadore zibilak berriz ere atxilotzeko agindua eman zuen. Polizia Loiolan zegoela jakin gabe Sukarrietan haren bila agertu zen. Sabinen arreba Paulina Aranak senar-emazteei abisua eman eta Iruñera ihes egin zuen. Han Sabinek bizarra moztu eta Angel Sabala izen faltsua hartu zuen. Nafar abertzale batek lagundurik Orreagan muga iragan eta azaroaren 22rako Donibane Lohizunen zen eta han emaztea elkartu zitzaion. Paris hiriburuan egon eta tarte horretan Sabinen gaixotasunak okerrera egin zuenez Vichyko bainuetxean ere izan ziren.[87]

1903ko urtarrilean espainiar epaitegiek absoluzioa baieztatu zutenez, senar-emazteak Sukarrietara itzuli ziren. Halere, tarte horretan sabindar eta sotatarren arteko tentsioa areagotuz joana zen. Egoera bitxi eta kontrajarriak izan ziren: sotatar natzuk Sabinen programa berriari erabateko leialtasuna agertu zieten eta sabindarrak, aldiz liderraren asmoen aurrean egonezinik zeuden.[88]

1903ko martxoan Hauteskunde Probintzialak egin ziren. Sabinek espetxealdia eta ihesaldia zirela eta, ez zuen proiektu espainolista landu eta programa berria idazteko denborarik izan; hura zela eta, alderdiko hautagaiak nazionalista izendapenarekin aurkeztu izan ziren. Hauteskunde kanpainian Sabin Arana bera ere herriz herri propaganda eginez ibili zen: adibidez, Bermeoko batzokian jendaurreko euskarazko hitzaldi bat ere irakurri zuen. Azken bi hautagai abertzalek lortu zuten Bizkaiko ahaldun berri izatea: Angel Zabala Kondaño eta Pedro Chalbaud. Ez ziren abertzaleek aurreikusitako emaitzen adinakoak izan, berez lau-sei ahaldun lortzea espero baizuten; hala ere, jada euskal abertzaletasuna etengabe aurrera zihoan.[88]

Bestalde, garai horretan Sabinek proiektu españolistak ordu arte independentismoak uxatu eta abertzaleak ez ziren hainbat talde ere alderdi nazionalistara erakarri zituen: vatikanistak, buruzagi nagusia La Gaceta del Norte egunkariko sortzaile eta jabe Jose Maria Urkixo zutenak. 1903ko apirilean Urkixo Bilboko barrutitik Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetara hautagai aurkeztu zen: haren lehiakidea Bizkaiko oligarkia liberala zen. Urkixok Aranari laguntza eskatu zion, baina horri bere pentsamolde eta ideologiarekin osoki bat egiten ez zutenak onartzea ez zitzaion atsegin. Nolanahi ere, hasierako zalantza batzuen ondoren, Aranak baiezkoa eman zion; gainera, Urkixok Madrilgo Gorteetan hainbat errebindikazio abertzale defendatzeko prest ere azaldu zen, nahiz eta alderdiko kidea ez zela argi eta garbi utzi izan. Urkixok abertzaleez gain karlista eta intregristen babesa ere jaso zuen. Liberalek ohi bezala bozka erosi zuten, baina baita modu apalago batean Urkixoren aldekoek ere. Gertakari horrek Sabin eta bere jarraitzaile abertzaleak erabat eskandalizatu zituen. Dena dela, hautagai katolikoek, abertzaleen sostengua tarteko, garaipena lortu zuten.[89]

Emaitza hori harentzat gazi-gozoa izan zen: alde batetik, abertzaleen eta zenbait talderen arteko aliantzaren bidez liberalen hegemonia hausteko gai zirela erakustarazi zion; baina bestaldetik, ideologia zaindu gabe burututako hedakuntzak jatorrizko independentismoa eta idealen ustelkeria ekar zezakeela ere ikusi zuen. Hortaz, ez zen egitasmoetan arinegi ere joan behar, ongi pentsatuta baizik, bestela batek jakin alderdian zein sar zitekeen. Momentuz, alderdi nazionalista edo abertzaleari irmo eutsi behar zitzaion.[90]

Heriotza (1903)

Sabin Arana Goiriren hileta martxa Sukarrietan, 1903ko azaroa.
Sabin Arana Goiriren hileta martxa Sukarrietan, 1903ko azaroa.

1903ko ekainerako, haren osasun egoera oso larria zen. Addisonen gaixotasunak azalaren kolorea aldatu eta ahuldu egin zuen:

Zestoako bainuetxera hilabete batzuetako egonaldia egin baina itzultzean hobetu beharrean ahul segitu zuen. Medikuek bere jarduera politikoa laga eta atseden har zezan eskatu zioten, eta honela uda osoa erabat ahulduta igaro zuen.

Sabin Arana Goiriren beila Sukarrietan, 1903ko azaroa.[91]

Iraila iritsi eta bere burua sendotzen ez zela ikusirik, Sabin Aranak alderdiko zuzendaritzako ondorengoa Angel Zabala Kondaño izendatu zuen. Zabala erabateko konfiantzazko adiskidea zen, Sabinen jarraitzaile zintzoa, haren esku alderdiaren etorkizuna nahiz proiektu espainolista gautzatzeko ardura utzi zituen. Kondaño, eta gainerako alderdikide abertzale edo nazionalistei ez zitzaien proiektu espainolistaren ideia batere gustatzen. Halere, Sabinekiko leial izateagatik ez zuten publikoki haren aurkako iritzirik eman; hortaz, proiektu hura aipatu gabe utzi zuten, bertan behera ahaztuta geratuko zelako itxaropenaz.

Bitartean, Sabin Aranaren osasuna gero eta kaskarragoa zenez, urrian testamentua egin eta jabetza guztiak emazte Nikolasa Atxika-Allenderi laga zizkion.

Azaroan, jada hilzorian zegoela, azken gutun bat idatzi eta bertan proiektu espainolista hain beharrezkoa ez zela aipatu zuen. 1903ko azaroaren 25ean, 38 urterekin, azken hatsa eman eta Sukarrietan zendu zen.

Sabin Aranaren hilobia, Sukarrietako hilerrian, 2022ko abuztuan.

Oinarrizko ideologia

JEL: Jaun-goikua eta Lagi-zaŕa

Sakontzeko, irakurri: «Jaun-goikua eta Lagi-zaŕa»

Euzkadi

Sakontzeko, irakurri: «Euzkadi»

Euzkadi Aranak Euskal Herria izendatzeko sortutako terminoa da. Izatez, Euskal Herriko zazpi herrialdeak barne hartzen ditu, beraz. Abandoarraren ustez, Euzkadi izendapena Euskal Herria tradizionala baino egokiagoa zen, lehenak hizkuntzari egiten baitzion erreferentzia, eta ez arrazari edo arlo politikoari. Aranak pentsatu zuen euskara eguzki hitzetik zetorrela eta, horregatik, Euzkadi sortu zuen, eguzkiaren z-rekin, eta -adi atzizkia erantsita, euskoen —euskal herritarren— multzoa dela adierazteko: pagadi, belardi izenetan bezalaxe.[erreferentzia behar]

Euzko

Euskarari ere euzkara deitzen zion, euzkera hitza "euzko + era" zela ondorioztatu zuen, hots, "euzkoen hizkera", hortik euzko hitza euskaldun arrazako jendea izendatzeko antzinako sustraia zela atera zuen.

Ikurrina

Sakontzeko, irakurri: «Ikurrina»

Sabin Aranak Ikurrina irudikatu eta Luis Arana Goiri anaiak marraztu egin zuen. Lehenbiziko aldiz 1894ko uztailaren 14an Bilboko Euzkeldun Batzokijaren inaugurazio egunean elkarte horretako egoitzaren balkoain zintzilikatu zuten. Elkarte hartako bazkiderik zaharrena zen Ziriako Iturri karlista ofizial ohiak zintzilikatu zuen. Ikurrina diseinatzeko unean Sabin eta Luis Aranaren ohiko JEL lema politikoan inspiratu ziren: Gurutze zuriak Jainkoari erreferentzia egiten zion, gurutze orlegiak Lege Zaharra eta Gernikako Arbolari, eta hondo gorria Bizkaiko armarritik hartu omen zuten.[51]

Aranatar anaiek sortutako lehen ikurrina (1896), eurak diseinatutako proportzio eta neurrikein ikusgai.

Hasieran Bizkaia independentearentzat pentsatu bazen ere, azkenean XX. mendearen lehenbiziko urteetan gainontzeko herrialdeetara hedatu eta Euskal Herriaren bandera bilakatu zen. Halere, Luis Arana Goiri bilakaera horrekin ez zegoen gustura, ikurrina Bizkaiko bandera zela pentsatzen jarraitzen baitzuen, hortaz 1907. urtean zazpi bandera berri marraztu zituen: Euskal Herriarentzat orokor bat (Euskadiko Konfederazioaren Bandera) eta sei lurraldeentzat bana (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa). Proposamen horek ez zuen arrakastarik izan, jada jendeak ikurrina oso gustukoa baitzuen.

1936 urtean Eusko Jaurlaritzako Aznar sailburu sozialistaren proposamenez Euskadiko bandera ofizial bilakatu zen.[92] Hala ere, Aranatarren hasierako neurriak egokitu behar izan ziren, Victor Bilbao Goioaga ehungintza-gizonaren aholkuei men eginda. Izan ere, jatorrizko neurriei eutsiz gero, ikurrina nekez ikusiko zen urrunetik, batez ere gurutze berdea oinarri gorriaren gainean. Horrela, ikurrin osoaren luze-zabalera mantenduta (500 x 280), gurutzeen zabalera 43 cm-ra handitu zuten, azken diseinu hau gaur egun ezagutzen dugun ikurrinaren behin behineko eredua izan zelarik.

1939an Francok legez kanpo utzi zuen, eta Diktadura Frankista osoan Hego Euskal Herrian ikurrina debekatua egon zen, aldiz Ipar Euskal Herrian arazorik gabe erabili zen.

1977ko urtarrilaren 19an [93] berriro legeztatu zuten ikurrina Espainiako legedian, eta Euskal Autonomi Erkidegoko bandera ofizialtzat hartu zen, nahiz eta lehenagotik Euskal Herri osoaren ikurtzat erabili zen eta erabiltzen den.

Euzko Abendaren Ereserkija

Sakontzeko, irakurri: «Euzko Abendaren Ereserkija»

1902an Sabin Arana Goiri Larrinagako espetxean zegoela Euzko Abendaren Ereserkija abestiaren hitzak idatzi zituen, betiere Euskal Herriko nazioaren ereserkia izateko asmoz. Doinua antzinako euskal abesti herrikoi batean oinarritzen zen. Ereserkia hau Sabin Aranaren JEL lelo edo pentsamoldeari fidel zaio, bertan Jainkoa, Gernikako Arbola eta Euskadi aipatzen baitira.

1983ko apirilaren 14an Eusko Legebiltzarrak Euskadiko ereserkia ofizial izendatu zuen, aurretik Gernikako Arbola eta Eusko Gudariak ereserkiek lehiatu ondoren. Maiz Gora ta Gora ere deitu ohi da, bere lehenbiziko bertsoen hitzak baitira. Ereserkia honek aldeko eta aurkakoak ditu, azken hauen iritziz ereserkia hau historikoki Euskal Herriari baino Eusko Alderdi Jeltzaleari lotuagoa egon omen da.

Euskara

Bilboko Sabin Etxearen, Euzko Alderdi Jeltzalearen egoitzaren gaur egungoko ikuspegia.

Hizkuntza eredua

Sakontzeko, irakurri: «Euskara garbia»
« Arana Goirik euskara modu mugatu eta idealizatuan ikasi eta irudikatu zuen, hizkuntza garbi eta perfektu gisa. Euskara beretzat ez zen hainbeste komunikatzeko tresna praktiko bat, baizik eta batez ere euskal berezitasunaren froga eta espainolengandik desberdintzeko tresna. »
Jurgi Kintana Goiriena[94]

Hizkuntzarentzako ortografia eredu bat proposatu zuen, Lecciones de Ortografía del Euzkera Bizkaíno lanarekin. Gaztelaniatik aldentzeko nahiak eta garbizalekeriak bultzaturik, latin hizkuntzetatik hartutako mailegu guztiak, berriak nahiz zaharrak, euskal hiztegitik desagerrarazi nahi izan zituen. Horretarako, berak edo bere ingurukoek asmatutako hainbat neologismo ("aranismo" edo "sabinismoak") zabaldu zituen; haietatik asko erlijio, politika eta teknika alorrekoak ziren, baina eguneroko hitzak ere baziren: txadon (etxe-done, 'eliza'), gotzon (goi-gizon, 'aingeru'), gotzain (gogo-zain, 'apezpiku'), deun (santu), bilebagi (zirkunzisio), uŕutizkin (telefono), izpaŕingi (egunkari) eta oŕlegi (berde) beste askoren artean.

Neologismo gehienok denborarekin galdu egin ziren eta gaurko hiztunek ez dituzte erabiltzen. Hala ere, batzuek arrakasta eta erabilera handiz bizirik diraute, batez ere terminologia politikoan, baina baita eguneroko mintzoan ere: aberri (abahebreeraz 'aita'— eta herri), abertzale, lehendakari, abesti, abizen (aba-izenetik eratorria), sendi (senide eta sein hitzetatik eratorria, familia mailegua ordezkatu nahian), idatzi (ordu arteko izkribatu, izkiriatu eta eskribituren ordez), urtaro (urte-sasoi), suziri (jaietako itxafero, etxafuego eta antzekoen ordezko).

Euskararen batasunaren auzian, euskararentzako eredu bakar bat hitzartzearen aurka agertu zen. Bere ustez, euskalkiek, herrialde bakoitzean (Euzkadiko estatu federatu bakoitzean) hizkuntza estatusa izan behar zuten, bata bestearengandik bereizirik. Resurreccion Maria Azkue eta Arturo Campión euskalariak ez zetozen iritzi horrekin bat, eta gaia garai hartako eztabaida nagusietako bat izan zen. EAJren iritzi ofiziala denbora luzean Aranaren berbera izan bazen ere, Arana zendu ondoren jeltzale asko izan ziren Azkueren ikuspegia onartu zutenak, hala nola Seber Altube euskaltzaina.

Hendaia eta Hondarribiko kongresuak (1901-1902)

Hendaiako Kongresua Martin Guilbeau Oiartzabal lapurtarrak herrialde eta sentiberatasun ezberdinetako euskaldunak bildu eta euskara estandarizatzeko arau batuak ezartzeko asmoz antolatu zuen.[95]

1901eko irailean mugaz bi aldetako 30 euskaltzale Hendaian egun bat iraungo zuen kongresu batetara bildu ziren, horien artean Sabin eta Luis Arana, Arturo Kanpion, Resurreccion Maria Azkue, Jean Hiriart-Urruti, Estanislao Arantzadi, Serapio Mujika, Piarres Broussain eta Jean-Baptiste Constantin zeudelarik.[95]

Guilbeauk euskararen oinarrizko ortografia egun hartan bertan adostea nahi zuen (adibidez tx/ch/tch/ts artean, edo ŕ/rr artean hautatzea, garai hartan denak erabiltzen baitziren). Aldiz, Sabinek ez zuen ortografia hain modu inprobisatuan erabakitzerik nahi, hortaz proposamen alternatibo bat aurkeztu zuen. Sabinen proposamenak lehenbizi hizkuntzaren biziraupenaren gakoak aztertzen zituen:[96]

« Euzkera zutitu eta bizitzeko nahitanahiezko bi gauza daude: bizitzarako beharrezkoa egitea, bai zirkulu handi zein txikian, bere lurraldearen barnean, eta behar izan horiei erantzuteko gai egin dezagula.

Aurrenekoa alboratu, eta euzkera literatura hizkuntza bat izan ahalko da, aberatsentzako luxuzko objetua, hizkuntzalari, historialari eta arkeologoentzako zientzia lanabes bat, baina behin ere ez da herriaren hizkuntza izango, hizkuntza bizia. Bigarrenari kasurik ez egin, eta euzkera denbora batez euskal lurreko arrantzale, baserritar eta artzainen hizkuntza izaten jarraituko du; baina alde guztietatik neolatindar hizkuntzek zapaldua eta arrantza, artzaintza eta nekazaritzaz mintzatzeko besterik balio ez duela, azkar atzeratzen joango da [...] denborarekin desagertuz, eta ziurrenik hurbileko data batean.

»
Sabin Arana goirik 1902eko Hendaiako Kongresuan bertaratutakoei euskarari buruz eskeinitako hitzaldiaren zatia.[97]

Sabinentzat alde batetik euskara jakitea arlo sozialean ezinbestekoa izan behar zen, eta bestetik euskara bizitza modernoan erabiltzeko gaitu behar zen. Bigarren asmo horren barnean euskararen ortografiaren batasuna zegoen. Helburu hau lotzeko, Sabinek lan-egutegi eta prozesu batzuk aurkeztu zituen, hauen emaitzak Hondarribian ospatuko zen kongresu batean bilduko zirelarik. Aranak bere proposamena kongresuaren amaieran irakurri eta partaideek aho batez onartu zuten. Arazoa dena persaka egin eta gaizki ulertuak egon zirela da: Sabin Aranak proposamena berak euzkerafilo zeritzon denei irekia zegoen, hots, euskara maite zuten denei, euskaldunak izan ala ez. Aldiz, Hendaiako kongresuko gainontzeko partaideak euskaltzale aktibo edo euskal letretan aditu edo trebatuak zirenetaz ari zela ulertu zuten.[98]

1902an euskararen batasun prozeduran bozka emateko 320 lagunek izena eman zuten, haietako gehienak bizkaitarrak, hots, Sabin Aranaren jarraitzaile sutsuak eta haien maisuaren euskararen orotografiaren alde bozkatzeko asmoz. Gainontzeko partaideak (Broussain, Azkue, Kanpion, Hiriart-Urruti, Guilbeau...) bapateko izen emate masibo horrekin erabata harriturik gelditu ziren.[81] Gertatzen zenaz oharturik, prozesua geldiarazten saiatu eta liskarra sortu zen. Kanpionek kongresu hartako giro nahasi hura honela deskribatu zuen:

« L'affaire Arana est un bien triste affaire. Gu denok fede onaz goaz, à l'amiable, ahal den borondate on gehienen partaidetzaz konponbideak bilatuz. Arana jauna aurrezarritako helburu batez mugitzen da, bere ortografia sistema inposatzeaz, ez arrazoiaren bozkez, baizik bozken arrazoiaz. Bere buruarekiko maitasun gozakaitzez, bere Aberria maite duen euskaldun bakarra dela sinistuarazi dio. Eta Euskal Herria denena denez, bere erabilera partikularrerako Euzkadi asmatu du, su harroputzen bizilekua den euskal herrialde berria. »
Arturo Kanpionek Hendaiako Kongresuan euskararen ortografia batasunaren prozesuan zehar Sabin Aranak izandako jokabidearen deskribapena.[98]

Sabin Aranak bere ideiak aberriarentzat onenak zirelako uste irmoa zuen, horretarako ortografiaren auzian bere alde bozkatuko zuten alderdikideak ekarri zituen. Aldiz, gainontzeko euskaltzaleek bozka populistak alde batera laga eta kultur eliteen arteko adostasuna nahi zuten. Martxoan bi aldeek prozesua berbideratzeko saikerak burutu zituzten, baina Sabin Arana beste euskaltzaleen aurka berearekin tematu eta euskararen batasunerako prozedurak adostea ezinezkoa izan zen.[81]

1902ko irailean Hondarribiko Kongresua ospatu zen, baina han ez zen ortografiaren batasunari buruzko gaia landu, aldiz bai beste gai batzuk. Aurreko 320 sabindar horiek ere ez ziren agertu, ez eta haien liderra: une hartan Sabin Arana Goiri espetxean zegoen.[81]

Izendegia

Sakontzeko, irakurri: «Sabin Aranaren izendegia»

Arana zendua zela, 1910ean Luis Eleizaldek Deun Ixendegi Euzkotarra argitaratu zuen, Aranak argitaratu gabe utzi zuen lanean oinarrituta. Liburuan kristau izendegi osoa euskaratu nahi da, ustezko euskal arau fonetikoei jarraituz. Arlo horretan, Sabinen proposamenek arrakasta handia lortu zuten denborarekin. Izan ere, izen haietako asko oso erabiliak dira gaur egun ere, adibidez: Ander, Andoni, Endika, Iker, Imanol, Iñaki, Irune, Gaizka, Gorka, Gotzone, Jasone, Jone, Josune, Julen, Karmele, Kepa, Koldo, Nekane, Zuriñe eta abar.

Izen-deituretarako proposatu zuen eredua, ordea, ez da askorik zabaldu. Gaztelaniaz nolabait gizarteko goi mailakotzat jotzen zen formula hartu zuen:

izena + «de» + lehen abizena + «y» + bigarren abizena
(bere izen-abizenei aplikatuta, Sabino de Arana y Goiri emango luke, gaztelaniaz)

Halaxe, deiturei -taŕ amaiera erantsi zien, eta bi deituren artean eta ezarri; eta, gaztelaniaz ez bezala (horrako horretan euskararen berezko legeari jarraituz), izena azken tokian jarri zuen. Hau da, eredu hori bere izen-deiturei aplikatuta, Arana ta Goiri'taŕ Sabin zen.

Euskaltzaletasunaren pizgarri

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Pizkundea»

Euskarak hil edo bizikoa zuen batasunaren bidean ezarritako oztopo haiekin batera, hala ere, Sabin Aranak egin zion ekarpenik euskarari. Izan ere, milaka eta milaka euskaltzale egin zituen Sabin Aranak. Euskotar asko jarri zuen euskara ikasten, lantzen, irakurtzen eta idazten. Idazten bakarrik, ehunka berriemaile eta idazle. Eta irakurtzen? XX. mendearen hastapenetako euskara irakasle Juan de la Escalera Maidaganek hauxe zioen:[99]

« Ordu arteko irakurle guztiak baino irakurle gehiago ekarri zizkion Sabinek euskarari. »
« Aranak euskal alorrean utziriko emaitza handiena, zalantzarik gabe, Azkuek berak aitortu zuenez, hizkuntzaren garrantzi teorikoa azpimarratu eta hori bere programako gainerako eskakizunekin batera jartzea izan zen, eta, gure gizartean euskara erabat baztertzen eta mespreziatzen zen garai ilunean, hari esker gure mintzaira defendatzen zuen lehen talde politikoa antolatu zuen, hau da, giza multzo eratu bat, alderdi trinko bat, erdalduntzeko erasoei beti aurka egiteko prest. »

Xabier Kintana[100]


Balantzea: Ondarea eta eragina gaur egungo abertzaletasunean

Testuingurua

Sabin Arana Goiri krisi garai batean bizi izan zen, denboraldi honetan Hirugarren Karlistaldia, Hego Euskal Herriko foruen aboluzioa eta Euskal Herriko industrializazioa jazo ziren, gainera Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herrian bere espainiar eredu nazionalaren ezarri eta kontsolamendu edo kontzesio gisa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroari Hitzarmen Ekonomikoa eman zizkien, hau jende batzurentzat nahikoa izan zen, halere garai hartan euskal herritar gehienengan foruak berreskuratzeko irriki edo griña handia zegoen.

Sabin Arana Goiriren estatua Bilboko Albia lorategietan, atzealdean Sabin Etxeko Ikurrina duela.

Sabin Arana Goirik berarekin batera bere garaiko moldeak irauli zituen pentsamoldea ekarri zuen, hau gaur egun ere finko mantentzen den Euskal Herriko auziari buruzko ikuspuntua da, eta honako bere esaldi hauek ongi definitzen dute:

« Zenbat jakintsuk aipatu dute geure arraza Europa eta mundu osoko antzinakoena dela! Zenbatek goretsi dute gizateriaren lehen aroetako erlikia ederra den hau! Baina, inor ez da bere zoritxarraz gupidatu! Inork ez du justiziaz zor zaiona eskatu: independentzia. »
Sabin Arana Goiri

Bestalde, Bizkaiko oligarkia industrializazioarekin aberatuz hasi zen, gainera milaka eta milaka espainiar etorkin lanera etortzen hasi ziren, ohitura, arazo sozial eta pentsamolde edo ideologia politiko ezberdinak zituztelarik. Euskaldun askok espainiar etorkin hauen etorrera mehatxutzat hartzen zuten, lehenbiziko espainiar etorkinen mugimendua nagusiki Bilbo eta inguruko hirietan ezarri zenez, bereziki bilbotar askok egoera hau inbasiotzat hartu zuten, bilbotar hauek egoera honen konponbidea nondik edo nola etorriko zain zeuden. Testuinguru honetan Sabin Arana Goiri eta bere euskal nazioan oinarritutako ideologia berri eta apurtzailea agertu zen.

Sabin Arana Goirik predikatutako berri ona bilbotar, bizkaitar nahiz Euskal Herriko biztanle askok desiatzen eta zain zueden konponbide edo mezuarekin bat egin zuen. Garai hartan jatorrizko subirotasuna, antzinako legeak, Euskal Herriko foruak, Euskal Herriaren askatasuna eta hizkuntza zaharra ohiko kontzeptuak ziren, batez ere giro foruzaleetan. Sabinen pentsamoldeak osagai horiek guztiak bildu eta muturreraino eraman zituen: independentismora, gainera ordurarte ez bezala, eusko nazionalismoa lehenbiziko aldiz zehaztu, proiektu politiko bat eantolatu eta alderdi abertzale bat sortu zituen, laburbildu eusko nazionalismoaren mugimendu politikoa egituratu zuen.

Halere, Sabin Aranaren proposamenak ez ziren beti koherenteak izan, adibididez, hasiera batean bizkaitar nazioaren eta euskal herritar nazioaren arteko zalantzan egon zen, baina atzera eta aurrera pauso batzuen ondoren garbi zeukan Euskal Herriarentzako proiektu nazional baten beharra zegoela.

Izaera

Frankistek egingo zutenaren beldur, bere gorpuzkinak sekretupean Zallara lekualdatu zituzten jeltzale batzuk

Sabin Arana Goiri oso gizon idealista zen, baina baita intransigentea ere. Bere jarraitzaileen artean ezbairik gabe karisma handiko pertsona izan zen, bizi izan zen artean maisu gisa hartua izan zen, aldiz hil ostean bere zaletu eta jarraitzaile nazionalista batzuk mesias, profeta eta Jesukristo baten pare jartzera ere iritsi ziren, maiz nazionalista eta abertzaleen biltzar eta bileretan bere argazki eta irudiak bera lekuko balitz gisa jarri ohi zirelarik.

Eragina gaur egungo eusko nazionalismoan

Gaur egungo bera hil eta ehun urte baino gehiago iragan direla, Euskal Herriko politikan nahiz gizartean Sabin Aranaren eraginaren itzala oso luzea da. Politikan adibidez, berak asmatutako eta gaur egun oso arruntak iruditzen zaizkigun lelo eta hitz asko oso erabiliak dira: Gora Euzkadi askatuta!, Euzkadi (Euskadi), Euzko Abendaren Ereserkija (Gora ta Gora), Euzkotarren Aberria Euzkadi da, JEL laburdura, euzko (eusko), aberri, abertzale eta jeltzale hitzak... gainera, zalantzarik gabe esan liteke, gaur egungo Euskal Herriko alderdi abertzale guztiak neurri handiago edo txikiago batean bere eta bere jatorrizko ideologiaren ondorengoak direla.

Batzuen iritziz, sarritan Euskal Herritik kanpoko ikertzaile eta historiaren arabera, Sabin Arana eusko nazionalismoaren aita izan omen zen, aldiz, Euskal Herriko historialari gehienentzat jada bera jaio aurretik eusko nazionalismoa nahiz eusko nazionalistak ba omen zeuden[erreferentzia behar] (Sabin Aranak gaztea zela bere burua oraindik foruzaletzat zuen garaian bere anaia Luis bizkaitar nazionalista zela esateak, jada bere aurretik euskal herritar edo bizkaitar nazionalistak bazeudelako adibide da). Argi dagoena da, bera izan zela eusko nazionalismoa politikoki antolatu eta helburu zehatzak eman zizkion lehenbizikoa, bai eta Euzkadiren aita.

Aranaren idazlanak

Sabinen ideologia eta pentsamoldea idazlan ugaritan islatu zen, horien artean 33 ereserki, olerki eta abesti; 600 artikulu baino gehiagotan agertu zuen kazetaritza borrokalaria; nahiz bere bizitzan zehar euskalaritza, literatura, historia eta politikari buruz argitaratutako 14 idazlan ere badaude. Bestalde, bera hil ondoren, bere jarraitzaileek aurretik argitaraturik gabeko idazlanak ere argitaratu zituzten; gainera, berak idatzitako gutun ugari bilduma partikularretan gordeta edota jada galdurik daude.[101]

Sabin eta Luis Arana Goiri anaiek 1896an sortutako Bizkaya'ren Edestija ta Izkerea Pizkundia argitaletxearen zigilua.

Bere bizitzan zehar argitaratutako idazlan nagusiak honako hauek dira:[102]

  • Etimologías Euskérikas, Bartzelona, 1887.
  • Pliegos Euskérikos, Bartzelona, 1888.
  • Gramática Elemental del Euskera Bizkaino, Bartzelona, 1888
  • Bizkaya por su independencia. Lau Loria Aberkoi, Bilbo, 1892.
  • Tratado Etimológico de los Apellidos Euskérikos, Bilbo, 1895.
  • El Partido Carlista y los Fueros Vasko-Nabarros, Bilbo, 1897.
  • Lecciones de Ortografía del Euskera Bizkaino, Bilbo, 1897.
  • Umiaren Lelengo Aizkidia, Bilbo, 1897.
  • Egutegi Bizkaitarra, Bilbo, 1898.
  • Egunkariak: Bizkaitarra (1893-1895), Baserritarra (1897), El Correo Vasco (1899), La Patria (1901-1903) eta Patria (1903).
  • Euzkadi aldizkaria (1901).
  • Libe, Bilbo (1903).
  • Deun-ixendegi euzkotarra (1910).

Gainera, 1896an euskal kultura sustatzeko asmoz Sabin eta Luis anaiek Bizkayaren Edestija ta Izkerea Pizkundia ("Bizkaiaren Historia eta Hizkeraren Pizkundea") argitaletxea sortu eta 1897. urtetik aurrera euskararen inguruko idazlanak argitaratzeari ekin zioten: haurrei euskaraz irakurtzen irakasteko Lenengo Umiaren Aizkidia (1897), Egutegi Bizkaitarra (1898)...[103][104]

Kronologia

Toki izenak

Sabin Arana Goiriren soina Bakion.

Bizkaian oso ohiko toki izena da Sabin Aranarena. Honako udalerriek Euzko Alderdi Jeltzalearen sortzailea omendu nahi izan dute bere izena kale edo enparantza bati emanez:

Filmografia

Bibliografia

Erreferentziak

  1. Kintana 2007, Biografiak, 11. orr.
  2. Kintana 2007, Biografiak, 12. orr.
  3. (Gaztelaniaz) Arana. De Arrigorriaga a Abando (Bizkaia). Ascendientes de Sabino Arana de Goiri. Genealogias vascas.
  4. a b Kintana 2007, Biografiak, 14. orr.
  5. Kintana 2007, Biografiak, 21-22. orr.
  6. a b Kintana 2007, Biografiak, 21. orr.
  7. Corcuera 1979, 187. orr.
  8. Kintana 2007, Biografiak, 22. orr.
  9. Kintana 2007, Biografiak, 25-26. orr.
  10. a b Kintana 2007, Ikas ameslaria, 26. orr.
  11. a b Kintana 2007, Ikas ameslaria, 30. orr.
  12. a b c d Kintana 2007, Ikas ameslaria, 29. orr.
  13. Kintana 2007, Ikas ameslaria, 28-29. orr.
  14. Kintana 2007, Ikas ameslaria, 28. orr.
  15. Kintana 2007, Ikas ameslaria, 30-31. orr.
  16. Kintana 2007, Ikas ameslaria, 31. orr.
  17. a b c d e f g h i j k l (Gaztelaniaz) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Discurso de Larrazabal. Euskomedia.org.
  18. Kintana 2007, Ikasle ameslaria, 39. orr.
  19. Kintana 2007, Ikasle ameslaria, 39-40. orr.
  20. Kintana 2007, Ikasle ameslaria, 40-41. orr.
  21. Kintana 2007, Ikasle ameslaria, 34. orr.
  22. Sabino Arana Goiri. Euzkadiren Aita (1865-1903). Ikasle ameslaria. 34. orr. Jurgi Kintana Goiriena. Biografiak. Elkar, 2007.
  23. a b c Kintana 2007, Ikasle ameslaria, 44. orr.
  24. Juaristi 1997, Apuntes íntimos", HND, 1, 113-114 orr.
  25. Kintana 2007, Ikasle ameslaria, 45. orr.
  26. Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 47. orr.
  27. Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 47-48. orr.
  28. a b Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 48. orr.
  29. (Gaztelaniaz) Landa, José. Unamuno y el Nacionalismo Vasco. .[Betiko hautsitako esteka]:
    « Es a todas luces difícil —por no decir imposible— explicar a ciencia cierta las razones por las cuales Unamuno asumió las posturas indicadas, en punto a los aspectos fundamentales del problema vasco. A propósito, se han aventurado las más variadas tesis e hipótesis. Entre éstas destacan las que responden a un determinismo psicológico, pretendiendo reducir la actitud unamuniana respecto de los problemas vascos a su espíritu de contradicción, a su propensión a la diatriba, a su soberbia, a su presunto complejo de superioridad, e incluso a cierta tendencia al resabio y al rencor por algún que otro lance desventurado en su ciudad de origen. En esta dirección se encaminan las imputaciones de, entre otros, Bernardo G. de Gandamo, Lino de Aquesolo y el mismo Sabino Arana, quien adujo sendos fracasos de Unamuno cuando concursó en las oposiciones para optar, por separado, a las cátedras de Euskera y de Filosofía en Bilbao, como hechos que influyeron decisivamente en sus posiciones en torno al asunto en referencia. »

  30. a b c d e f Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 49. orr.
  31. Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 50. orr.
  32. Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 54. orr.
  33. Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 54-55. orr.
  34. Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 55. orr.
  35. Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 55-56. orr.
  36. Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 56-57. orr.
  37. Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 57. orr.
  38. a b Jemein 1935, 223. orr.
  39. a b c (Gaztelaniaz) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Bizkaitarra. Euskomedia.org.
  40. Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 62. orr.
  41. (Gaztelaniaz) «La Sanrocada» Auñamendi Eusko Entziklopedia. Euskomedia.org.
  42. a b c d e f g h i j Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 64. orr.
  43. Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 65. orr.
  44. Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 66. orr.
  45. a b c d e f (Gaztelaniaz) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Gamazada (La). Euskomedia.org.
  46. a b (Gaztelaniaz) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Bandera. Bandera vizcaína en la Gamazada. Euskomedia.org.
  47. (Ingelesez) Olle, Jaume. «Basque Flags of National Type» Electronical Bulletin of Vexillology from Cataloniasque Flags of National Type.
  48. Gamazada. Auñamendi entziklopedia. Euskomedia.org (Gaztelaniaz)
  49. .
  50. Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 68. orr.
  51. a b c d e Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 69. orr.
  52. Kintana 2007, Profeta oihartzun bila, 72. orr.
  53. (Gaztelaniaz) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Euskeldun Batzokiya. Euskomedia.rog].
  54. (Gaztelaniaz) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Araudia. Euskeldun Batzokiya. Euskomedia.rog].
  55. (Gaztelaniaz) Anasagasti, Iñaki. Ciento catorce años. .
  56. (Gaztelaniaz) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Bizkai Buru Batzar. Euskomedia.org.
  57. Kintana 2007, Euzkadiren Aita (1865-1903). Jazarpena eta kartzela (1895-1896). Alderdi Sekretuko buru, 76-77. orr.
  58. Kintana 2007, Euzkadiren Aita (1865-1903). Jazarpena eta kartzela (1895-1896). Alderdi Sekretuko buru, 76-79. orr.
  59. Kintana 2007, Alderdi Sekretuko buru, 80. orr.
  60. Kintana 2007, Alderdi Sekretuko buru, 81. orr.
  61. a b c Kintana 2007, Alderdi Sekretuko buru, 82. orr.
  62. Kintana 2007, Alderdi Sekretuko buru, 85. orr.
  63. Kintana 2007, Alderdi Sekretuko buru, 84. orr.
  64. Kintana 2007, Alderdi Sekretuko buru, 85-86. orr.
  65. Kintana 2007, Alderdi Sekretuko buru, 87-88. orr.
  66. a b Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak. Kubako gerra (1898), 110-111. orr.
  67. a b c Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak. Kubako gerra (1898), 111. orr.
  68. Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak. Kubako gerra (1898), 111-112. orr.
  69. Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak. Kubako gerra (1898), 112. orr.
  70. a b Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak. Kubako gerra (1898), 112-115. orr.
  71. Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak. Kubako gerra (1898), 113-114. orr.
  72. Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak. Kubako gerra (1898), 115. orr.
  73. Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak. Kubako gerra (1898), 116-117. orr.
  74. Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak. Kubako gerra (1898), 117. orr.
  75. a b Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak. Kubako gerra (1898), 117-118. orr.
  76. Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak. Kubako gerra (1898), 118. orr.
  77. Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak, 109. orr.
  78. Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak, 110. orr.
  79. a b Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak. Kubako gerra (1898), 121. orr. Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name "Kintana 121" defined multiple times with different content
  80. Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak. Kubako gerra (1898), 124-126. orr.
  81. a b c d Kintana 2007, Jazarpena, barne-tentsioak eta proiektu espainolista (1902), 133-134. orr.
  82. a b Kintana 2007, Jazarpena, barne-tentsioak eta proiektu espainolista (1902), 135. orr.
  83. Kintana 2007, Jazarpena, barne-tentsioak eta proiektu espainolista (1902), 135-136. orr.
  84. a b Kintana 2007, Jazarpena, barne-tentsioak eta proiektu espainolista (1902), 136. orr.
  85. a b c d e Kintana 2007, Jazarpena, barne-tentsioak eta proiektu espainolista (1902), 139. orr.
  86. a b Kintana 2007, Jazarpena, barne-tentsioak eta proiektu espainolista (1902), 136-138. orr.
  87. a b Kintana 2007, Jazarpena, barne-tentsioak eta proiektu espainolista (1902), 140. orr.
  88. a b Kintana 2007, Azken urtea (1902-1903), 140-141. orr.
  89. Kintana 2007, Azken urtea (1902-1903), 141-143. orr.
  90. Kintana 2007, Azken urtea (1902-1903), 143. orr.
  91. Sabin Aranaren gorpua eta beila. Argazkiaren emailea: Aranburu familia. Multimedia. Euskomedia.org
  92. Eusko Jaurlaritza. Oroagindua.-Euzkadi'ko ikur eta ikurriñatzaz. .[Betiko hautsitako esteka]
  93. Egunkaria, 1997-01-19. Ikurriñaren legalizazioa. .
  94. Kintana 2007, 21-29. orr.
  95. a b Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak. Hendaia eta Hondarribiko Kongresuak (1901-1902), 130. orr.
  96. Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak. Hendaia eta Hondarribiko Kongresuak (1901-1902), 130-131. orr.
  97. Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak. Hendaia eta Hondarribiko Kongresuak (1901-1902), 131. orr.
  98. a b Kintana 2007, Ezkontzaren pozaldiak eta saminak. Hendaia eta Hondarribiko Kongresuak (1901-1902), 131-132. orr.
  99. Atxaga, Mikel. (1998). Sabino Arana. in: Bidegileak. Eusko Jaurlaritza.
  100. Kintana, Xabier. (1994). Bilbao, euskararen bizitzan. X. Kintanaren Euskaltzaindian sartzea. Euskaltzaindia.
  101. Estornes 2008, Auñamendi
  102. Sabino Arana Fundazioa. Sabino Arana. Datu biografikoak. .[Betiko hautsitako esteka]
  103. Kintana 2007, 87-111. orr.
  104. (Gaztelaniaz) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Bizkayaren Edestija ta Izkerea Pizkundia. Euskomedia.org.
  105. Euskadiko Filmategia. Sabino Arana. .[Betiko hautsitako esteka]
  106. «ETB1ek 'Sabin' Sabino Aranaren inguruko telefilma estreinatuko du gaur» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-01-28).
  107. «Bideoa: Sabin. Sabin | TB | Telebista online | EITB nahieran» www.eitb.tv (Noiz kontsultatua: 2020-01-28).


Ikus, gainera

Kanpo estekak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sabin Arana Aldatu lotura Wikidatan


Aurrekoa
Sorrera
Bizkai Buru Batzarreko presidentea
18951903
Ondorengoa
Angel Zabala Ozamiz
"Kondaño"