[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Luis Arana Goiri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Luis Arana Goiri
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakLuis Arana Goiri
JaiotzaAbandoko elizatea1862ko abuztuaren 25a
Herrialdea Bizkaia
Lehen hizkuntzagaztelania
HeriotzaSanturtzi1951ko ekainaren 1a (88 urte)
Familia
AitaSantiago Arana
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea
Euzko Alderdi Jeltzalea - Aberri
Artikulu hau Luis Arana Goiri politikariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Luis Arana».

Luis Arana Goiri edo —garaiko euskal idazkeran— Arana ta Goiri'taŕ Koldo (Abando —gaur egun Bilbo—, Bizkaia, 1862ko abuztuaren 25aSanturtzi, Bizkaia, 1951ko ekainaren 1a) Sabin bere anaiarekin batera EAJ alderdia sortu zuen euskal politikari abertzalea izan zen. Luisek bere anaia Sabin abertzaletasunera ekarri zuela uste da;[1] Sabinek berak Luis lehenbiziko abertzalea edota lehenbiziko bizkaitar nazionalista izan zela aipatu zuen. Halaber, ikurrinaren sortzailea izan zen.[2]

Luis Aranak hainbatetan jardun zuen EAJren zuzendaritza postuetan. Horrela, Lehen Mundu Gerraren hasieran EAJren baitan bi joera nagusitu ziren: bata moderatua, Engrazio Arantzadik gidatua; eta bestea erradikalagoa, Luis Arana buru zuena. Eibarko kongresuaren ondoren, Luis Aranaren taldea izan zen garaile. Hala ere, eskuinaldeko korronte moderatuei atea zabalik uzteko batez ere, EAJ izenaren ordez Euzko JEL-Batza izena hartu zuen.[3] Hortaz, Luis Arana, Sabin hil ostean, EAJren Bizkai Buru Batzarreko lehendakari izan zen 1908tik 1915ra, urte horretan alderditik bota baitzuten.[1] Antza, gertaera horrek bere erradikaltasuna bultzatu zuen. 1922 eta 1930 urteen artean Aberriko —EAJko sektore independentistako— lehendakaria izan zen; eta, behin joera guztiak batuta, EAJko burua izan zen 1932tik 1933ra.[2]

1936an EAJren zuzendaritzari gutun bat bidali zion, alderdia uzten zuela adierazteko eta alderdiko kide bat Espainiako Gobernuan ministro izanda alderdiaren printzipioak traizionatzen zirela salatzeko.[1] Espainiako Gerra Zibilean neutraltasunaren alde egin zuen.[1]

Arana-Goiritar familiaren irudia. Sabin Arana amaren magalean dagoen mutikoa da; Luis Arana, berriz, Santiago Arana aitak helduta duen mutikoa.

1862an Abandoko ontzigile enpresari sendi batean jaio zen. Zortzi anai-arreba ziren, baina horietatik bi jaio berritan hil ziren. Ibañez kaleko 10 zenbakian dagoen etxean bizi izan zen (gaur egungo Sabin Etxea), Luis Aranaren aitak eraikitzeko agindu zuen etxebizitzan, hain zuzen.

Aita, Santiago Arana, Abandoko Errepublikako alkatea ere izana zen, eta Matxinada karlistaren aldekoa zenez, familia osoak Espainiar Gobernu Liberalaren jazarpenetik ihes egin eta Bidasoako muga zeharkatuz Ipar Euskal Herria babes hartzera derrigortua egon zen, Baiona, Donibane Lohizune eta Ziburun biziz. 1876. urtean Abandora itzuli ziren.

Behin Aranatarrak Abandora itzulita, Orduñako jesuiten ikastetxe-barnetegia ikasi eta 1880ean Pontevedrako probintziako A Guardako jesuiten ikastetxean arkitekturako prestakuntza ikasketak burutu zituen. 1881 eta 1882 urteetan Madrilen (Espainia) izan zen arkitektura ikasten, baina aita hiltzerakoan Euskal Herrira itzuli zen[2].

1882an Luisek bere anaia gazte Sabin eusko abertzaletasunaren bidean abiarazi zuela uste da.

1883an familia osoarekin Bartzelonara (Katalunia) joan eta hala Luisek nola Sabinek beren ikasketak jarraitu zituzten.[1] Luisek bere arkitektura ikasketak 1888an amaitu arte jarraitu zituen. Garai honetan bi anaiek Arturo Kanpion nafarrarekin euren lehenbiziko harreman intelektuala izatea litekeena da, orduantxe Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara (Euskal hizkuntzaren lau euskaldi literarioen gramatika, Tolosa, 1884) izeneko liburua argitaratu baitzuen, eta Bartzelonan bizi ziren harpidedunen artean Arana anaiak baitzeuden.

Foruzaletasunetik independentismora

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Luis Arana, bigarren lerroa, ezkerretik hasi eta lehena, txapelaz.

Sabin Arana beraren hitzetan, 1882an Luis Arana trenean zihoala, kantabriar bidaiari batek bere ikur foruzalea ikustean honakoa aipatu omen zion:

« Ba begira, ongi ulertzen ez dudana hauxe da. Bizkaitarrak espainiarrak bazarete, ez dakit nola gainontzeko espainiarrek ez dituzten foruez gozatu eta gainera espainiar guztiek aberri bakar bati zor dizkiogun ardurei muzin egiten diezuen. Foruei esker ez duzue Armada espainiarrean zerbitzatu edota aberriaren ogasunari dirurik ordaindu behar. Zuek ez zarete espainiar zintzoak... »

Kantabriarrak aipatutakoa egi borobila zela onartuz, Luisek bere burua espainiarra ala bizkaitarra bakarrik ote zen zalantzan jarri eta gogoeta egin zuen, azkenean bigarren aukera hautatuz. Bere gogoeta eta aurkikuntza berria garaia hartan tisiaz gaixo eta bere burua karlistatzat zuen Sabin anai gazteari azaldu zion. Sabin bera ere Luisen ondorio berdinera ailegatu eta hiztegi baten laguntzaz euskara ikasteari ekin zion.

Jarduera politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jada 1890eko hamarkadan eta Bilbon, Luis Arana bere anaia Sabinen aholkularia eta haren argitaletxe enpresetako administratzailea izango da. 1893an Larrazabalgo otordu ospetsuan parte hartu zutenetako bat izateaz gain, Bizkaiako lehen bandera nazionalista edo abertzalea izango zena diseinatu zuen, Ikurrina. Ondoren, lehenbiziko Bizkai Buru Batzarraren sortzaileetako bat izango da.[1]

1899ean Gasteizko espetxean hiru hilabetez preso egon ondoren, oso argi ez dauden familia arteko arrazoiengatik,[1] Luis eta bere emaztea Lapurdiko Ustaritz udalerrira lekualdatu ziren. Han bizi izan ziren 1906. urte arte, tarteka Bilbora joanda.

Bere anaia Sabin Arana zendu ostean, Ramon de la Sotarekin EAJko zuzendaritza lortzeko lehiatu zen, 1908an bere helburua lortuz, 1915eraino Euzkadi Buru Batzarreko presidentea izan zen, baina urte hartan bertan bere arerioek alderditik kaleratu zuten.[1] Gertakizun honen ondoren, anaiaren jatorrizko independentismoaren jagole bilakatu eta hartara itzuli behar zela aldarrikatu zuen (Euzkeldun Batzokija, Bizkaitarra, etab.). 1916ean EAJ bitan banatu zenean, Euzko JEL-Batza eszisio autonomistaren aurka agertu zen, erlijio integrismoa eta independentismoaren alde eta emakumeek politikan parte hartu edota bozka ematearen aurka ere azaldu zen. Lehen Mundu Gerran Alemaniaren lerrokatu zen. Bestalde, EAJko beste eszisio independentista zen Eli Gallastegiren Aberri (EAJ) alderdiko kide ere bilakatu zen.[1]

Estatutistekin desadostasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Bigarren Errepublika garaian EAJ berrelkartuaren barnean alderik erradikal, sabindar eta independentistarekin lerrokatu, Euskal-nafar estatutua lortu nahi zutenen aurka azaldu (Jose Antonio Agirre eta EAJko alde ofizial edo nagusia tartean) eta Euskal Herria 1833 aurreko egoerara itzultzearen alde agertu zen, hots, Euskal Foruen berrezarpen osoa.[1] 1932an Bizkai Buru Batzarreko presidentea izendatu zuten, baina horrek ez zuen haren pentsamoldea edo jarrera aldarazi, eta 1933an kargutik dimititu zuen. Urte hartan Bizkai Buru Batzarrari igorritako gutun batean (uztailaren 24ean) EAJk emakumeek politikan aktiboki parte hartu eta bozka ematearen alde agertzeagatik protesta egin zuen:[1]

« Gure Aberrian etxean eta behartsu gaixoekiko betekizun kristau eta abertzalea izan duen euskal herritar emakumea, ez dadila modernismoaren aitzakiaz bertatik atera eta bere kristau eta euskal baloreak galarazi. »

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h i j k (Gaztelaniaz) «Luis de Arana Goiri» Auñamendi Eusko Entziklopedia. (Noiz kontsultatua: 2010-10-04).
  2. a b c (Gaztelaniaz) «Luis Arana Goiri, pecado y olvido» Gara (Noiz kontsultatua: 2010-10-04).
  3. Harluxet hiztegi entziklopedikoa

Kanpo-estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Aurrekoa
Santiago Aldak, Alipio Larraurik, Antonio Arroyok, Vicente Larrinagak eta Eduardo Arriagak osaturiko Zuzendaritza Batzordea
EBBko presidentea
Fitxategi:Logopnv 4 (1).jpg

1908ko urriaren 18a - 1915eko abenduaren 19a
Ondorengoa
Ramon Bikuña
(Comunión Nacionalista Vasca)


Aurrekoa
Luis Arana
EAJren banaketa
EBBko presidentea
Aberri
Fitxategi:Logopnv 4 (1).jpg

19221930
Ondorengoa
Ramon Bikuña (EAJren berrelkartzea)


Aurrekoa
Ramon Bikuña
EBBko presidentea
Fitxategi:Logopnv 4 (1).jpg

1932ko otsaila - 1933ko maiatza
Ondorengoa
Jesus Doxandabaratz