[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Leif Eriksson

Wikipedia, Entziklopedia askea
Leif Eriksson
Bizitza
JaiotzaEiríksstaðir eta Icelandic Commonwealth (en) Itzuli, 978
HerrialdeaIcelandic Commonwealth
HeriotzaBrattahlíð (en) Itzuli eta Groenlandia, 1020 (41/42 urte)
Familia
AitaErik Gorria
AmaThjodhild
Haurrideak
Hezkuntza
HizkuntzakOld West Norse (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea eta itsasturia
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakristautasuna
eskandinaviar paganismoa

Find a Grave: 22103714 Edit the value on Wikidata

Leif Eriksson (antzinako eskandinavieraz: Leifr Eiríksson; 9701020) esploratzaile bikingoa izan zen, amerikar lurraldeetara iritsitako lehen europarretako bat, Kristobal Kolon baino bost mende lehenago[1].

Islandiar sagek diotenez Vinland izeneko asentamendua sortu zuen gaur egungo Kanadaren kostaldean, ziurrenik Ternua uhartean[2]. L'Anse aux Meadows aztarnategi arkeologikoa 1.000 urte inguruan populaturik izan zenez hura izan liteke Leif Erikssonen Vinland asentamendua[3]. 1978an UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen[4].

Familia eta gaztaroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leif Erikssonen jaiolekua ez da guztiz ezagutzen baina pentsatzen da 970. urtean jaio zela Islandian, egun berreraikia dagoen Eiríksstaðir etxean. Erik Gorriaren (Eiríkr rauði) semea zen eta Thorvald Ásvaldssonen (Þórvaldr Ásvaldsson) biloba.

960. urtearen inguruan Thorvald Ásvaldsson Norvegiatik herbesteratu egin zuen Haakon I.a erregeak, hilketa batzuren errudun zela ebatzita, eta honek familia hartu (tartean Erik) eta Islandiara egin zuen alde[5].

Erik Thorvaldsson, ilearen koloreagatik Erik Gorria bezala ezaguna, Islandiaren ipar-mendebaldean kokatu zen, Eiríksstaðir etxean. Þjódhild Jorundsdottirrekin ezkondu zen eta bi seme eta bi alaba izan zituen Horietako bat Leif Eriksson zen[6]. Borrokak zirela eta 982. urtean Erik hiru urtetarako herbesteratu zuten Islandiatik eta Groenlandiara joan zen gizon talde txiki bat hartuta. Han bi kolonia sortu zituen, Ekialdeko kolonia eta Mendebaldeko Kolonia deitu zituen. Hiru urte pasa ondoren familiaren bila itzuli zen eta Groenlandiako kolonietara eraman zituen[7]. Erik Gorriak Tyrker jarri zuen haren seme-alabak zaintzearen arduradun. Leif Erikssonek Tyrker alboan izan zuen haren espedizioetan[8].

Norvegiarako espedizioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leif Erikssonek adin egokia bete zuenean aitak Norvegiara bidali zuten Olaf Tryggvason erregearen sekitoko kide izatera[9]. Erik Gorriaren sagak dioenez Norvegiara bidean itsasoak Leifen untzia desbrideratu egin zuen eta Hebrida uharteetara iritsi zen. Uda guztia bertan pasa behar izan zuten aldeko haizeak iritsi artean. Han zegoela Hebridetako noble baten alabaz maitemindu zen, Thorgunna zuen izena, eta seme bat izan zuen, Thorgils[10]. Alde egiteko ordua iritsi zenean ez zuen Thorgunna eramateko haren familiaren baimenik jaso eta bertan utzi behar izan zuen. Urte batzuk beranduago Thorgils Groenlandiara eramango zuen, baina ez zen gizon maitatua izan[11].

Norvegian zegoelarik, Olaf Tryggvason, Norvegiako erregeari zerbitzatzen, Leig kristau bihurtu zen, orduko hainbat bikingo bezala. Erregeak orduan Groenlandiara itzul zedi agindu zion hango biztanleak ere kristautu zitzan.

Vinlanden aurkikuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erik Gorriaren saga eta Groenlandiarren saga dira Leif Erikssonen espedizioa jasotzen dutenak, biak ala biak 1200 urtearen inguruan idatzi ziren[12]. Aurrez idatziz aipatzen da Vinland Adam Bremengoaren lanean (1075 inguruan idatzitakoa) eta Ari Thorgilssonen Islandiarren liburuan (1122 inguruan)[13]. Leif Erikssonek Vinland nola aurkitu zuen bi kontakizun ezberdin egiten dituzte sagek.

Erik Gorriaren saga

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Leifr hinn heppni hitzak ("Leif Zortedun") Erik Gorriaren sagaren izkribu zaharrenean (14. mendea, Hauksbók).

Norvegiatik Groenlandiara bidean zihoala haizeak itsasontziaren norabidea desbideratu zuen eta kostalde ezezagun batera iritsi zen. Eskifaia lehorreratu egin zen eta ingurua esploratzeari ekin zion. Basamahatsak, berez hazten zen garia eta astigarrak aurkitu zituzten. Mahatsengatik Vinland izena eman zioten lurraldeari, "ardoaren lurraldea" hain zuzen ere. Aurkitu zituzten elikagaiekin itsasontzia bete eta Groenlandiara jo zuten. Bidean naufragio batetako marinelak jaso zituzten. Ekintza hauengatik eta Groenlandiako bikingoak kristautu zituelako "Leif Zortedun" (Leifr hinn heppni) ezizena jaso zuen[14].

Leif ez zen inoiz itzuli Vinlandera baina ondorren hainbat groenlandiar eta islandiar izan ziren han, adibidez espedizioan lagun izan zuen Thorfinn Karlsefni eta Leifen anaia zen Thorvald[15]. Erik Gorriaren sagan Vinlandez gain beste bi asentamendu ere aipatzen dira, Straumfjǫrðr eta Hóp[16].

Groenlandiarren saga

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Vinland izan zitekeen asentamendua, L'Anse aux Meadows aztarnategi arkeologikoa, UNESCOk 1978an Gizateriaren ondare izendaturikoa.

Saga honen arabera Leif Eriksson ez zen izan aurreneko europarra Vinlandera iristen. Bjarni Herjólfsson Islandiatik Groenlandiara zihoala behelaino itxiak harrapatu eta Gorenlandiako hegoaldeko punta ikusi gabe aurrera jarraitu zuen lurralde ezezagun bat aurkitu zuen arte. Groenlandiako kostaldeko beste eremu bat zela uste zuten eta lehorreratu gabe aurrera jarraitu zuten. Beste bi kostalde aurrera pasa zituzten. Konturatu ziren hura ez zela Groenlandia[14] eta buelta eman eta ekialderantz jo zuten Groenlandiako kolonia ezagun bat aurkitu zuten arte. Bertan haratago zeuden lurrak ikusi zituztela kontatu zuten[15].

15 urte beranduago Leif Erikssonek Bjarni Herjólfssonen kondaira kontuan izanda haren itsasontzia erosi zuen eta 35 marineletako eskifaia osatu zuen Bjarniren lurraldea esploratzeko asmoz[17]. Erik Gorria aita ere espedizioan joatekoa zen baina zalditik erori zen eta zorte txarraren abisutzat hartu zuenez uko egin zion[18].

Bjarni Herjólfssonen bidaia kontrako norantzan jarratu zuen eta lehenengo eremu harritsu eta desolatua aurkitu zuen. Helluland izena eman zion ("Harri zapalen lurraldea")[19]. Gaur egun Baffin uhartea izenez ezagutzen dena aurkitu zuela pentsatzen da. Aurrera jarraitu eta bigarren toki batean lehorreratu zen. Basoek estaltzen zuteneremua eta Markland izena eman zion ("Zuraren lurraldea"). Gaur egun Labrador izenaz ezagutzen den lurraldearen hego-eskualdeko punta izango zela uste da[19].

Mendebalderantz jarraitzea erabaki zuen eta eremu berde batera iritsi ziren, klima epela eta izokinez beteta zeuden ibaiak zituena. Negua heltzear zegoenez iparralderantz itzuli beharrean bertan akanpatzea erabaki zuten, eta lurraldea esploratzeari ekin zioten[19]. Esplorazio horietako batean Tyrkerrek mahatsondoak aurkitu zituen eta Leif Erikssonek Vinland izena eman zion ("ardoaren lurraldea")[20]. Asentamenduari berari Leifsbudir izena emango zioten Groenlandiatik iristiko ziren hurrengo esploradoreek.

Vinlanden negua igaro ondoren Leif Erikssonek Groenlandiarako bidea hartu zuen itsasontzia mahatsez eta egurrez beteta[18]. Erik Gorriaren sagan kontatzen den bezala, itzulerako bidean naufragio batetako marinelak hartu zituen eta "Leif Zortedun" (Leifr hinn heppni) ezizena jaso zuen[14].

Groenlandiako agintari

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Groenlandiara itzuli zenean hasierako helburuari ekin zion, hots, biztanleak kristautzeari. Erik Gorria aitak ez zuen begi onez hartu baina azkenean bera ere kristautu omen zuen. Thjóðhildr ama lehenago kristautu zen eta haren omenezko eliza altxatu zuen. Misioan laguntzeko apezpikua eta mojeak ekarri arazi zituen Groenlandiara[8].

Leif Vinlandetik bueltan etorri eta urtebetera aita hil egin zen eta Leif izendatu zuten Groenlandiako buruzagi[21].

1018an idatzitako St. Olaf sagan oraindik bizirik zegoela aipatzen da eta 1025eko Swom anaien sagan esaten da agintea Thorkel semeari pasa ziola[22]. Ez da Leif Erikssonen heriotzaren berririk ezagutzen, baina garai hortan hilko zela uste da[23]. Thorkelez haratagoko ondorengorik ere ez da ezagutzen.

Vinlanderako espedizioak utzitako ondarea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Faroetako zigilu batean Amerikaren aurkikuntza biak; gainaldean Leif Erikssonen itsasontzia eta azpialdean Kristobal Kolonena.

Bidaiaren oihartzuna Europan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leif Erikssonen bidaia hain arrakastatsua izan zenez beste hainbat bikingok ekin zioten mendebalderako bidaiari eta 1000. urtearen inguruan Ipar Amerikan asentamendu egonkorrak egin zituzten lehen europarrak izan ziren. Marklandera egur bila eta indigenekin tratuak egitera antolaturiko espedizioak hainbat mendetan mantendu ziren[24].

Vinlanderako bidaiaren berria Europa osoan zabaldu zen. Adam Bremengoak daniarrei entzundako kronika idatzi zuen 1075 inguruan. Batzuek diote bidaiaren kontakizunak XV. menderaino iraun zuela eta Kristobal Kolon berak Islandian entzun zuela 1477an[17].

Norvegiarren eta indigenen arteko harremana

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leif Erikssonek ez zuen Vinland eremuko populazioarekin harremanik izan, baina ondoren joan ziren bikingoek bai. Amerikako biztanleei skrælingi izena ezarri zieten, "dohakabeak" esan nahi du[25].

Erik Gorriaren sagaren arabera Thorfinn Karlsefnik gidaturiko espedizioa izan zen jatorrizko biztanleekin harremana izan zuen lehenengoa. Leif Erikssonen anaia Thorvald bertan zen. Hasiera batean bertako biztanleekin tratua egin zuten bikingoek Hóp izeneko asentamenduan baina aste batzuk beranduago indigenek erasotu egin zituzten eta asnetamentua bertan behera utzi behar izan zuten bikingoek eta Straumfjǫrðr izeneko beste asentamendu batera joan ziren, eremu hura esploratzera. Han hanka bakarra zuen indigena bat aurkitu zuen Thorvaldek, baina hark gezia jaurti eta Thorvald hil egin zen[26]. Zera esan zuen hil aurrean: "Aurkitu dugun herrialde aberatsa da hau; gantz asko dago nire erraietan"[25]. Groenlandiarako itzulerako bidaian Thorfinn Karlsefniren gizonek bi mutil indigena harrapatu eta Groenlandiara eraman zituzten[26].

Groenlandiarren sagaren arabera Thorvald izan zen jatorrizko biztanleekin harremana izan zuen lehenengoa. Markland ingurua esploratzen ari zirela bederatzi indigena aurkitu zituzten lo. Erasoa jo eta zortzi hil zituzten, bederatzigarrenak ihes egin zuen. Indigenen erantzuna laster etorri zen eta gezi batek Thorvald hil zuen[17]. Beranduago iritsi zen Thorfinn Karlsefniren espedizioa eta asentamendua eratu bazuten ere amerikarrek eraso egin eta bertan behera utzi behar izan zuten.

Aintzatespena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Leif Erikssonen memoriala, Reykjaviken.

Ameriketara joandako Europa iparraldeko migratzaileentzat erreferentziazko esploratzailea izan da Leif Eriksson. 1887an Bostonen ezarri zuten Erikssonen omenezko lehen estatua, Anne Whitney eskultoreak egin zuena[25]. Hurrengo urteetan estatua gehiago altxatuko ziren, hala Ipar Amerikan nola Islandian eta Norvegian ere[27].

1929an Wisconsingo Legealdiak erabaki zuen Wisconsin estatuan "Leif Erikssonen eguna" ospatuko zela urriaren 9an, eta hurrengo urteetan hainbat estatuk jarraitu zuten ekimena[28]. 1935ean Estatu Batuetako Kongresuan sartu zen lege ekimena, baina 1935ean soilik ospatzeko erabakia hartu zen[29]. Islandiako sagek ez dute data zehatzik aipatzen ordea, udazkenean izan zela baino ez. Urriaren 9a bazen aurretik Estatu Batuetara iritsi zen norvegiarren lehen itsasontziaren data, 1825eko urriaren 9an iritsi zen Restaurationen ontzia[30].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Why Do We Celebrate Columbus Day and Not Leif Erikson Day?» web.archive.org 2018-12-26 (Noiz kontsultatua: 2024-05-08).
  2. (Ingelesez) «Leif Erikson’s voyage to Vinland» HistoryExtra (Noiz kontsultatua: 2024-05-08).
  3. Wahlgren, Erik. (1986). The Vikings and America. New York : Thames and Hudson ISBN 978-0-500-02109-5. (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  4. Agence Parcs Canada, Gouvernement du Canada. (2024-01-29). «L'anse aux Meadows ​ - Lieu historique national de L’Anse aux Meadows» parcs.canada.ca (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  5. "Grænlendinga Saga." The Vinland Sagas: The Norse Discovery of America. Baltimore: Penguin Books, 47–105 or..
  6. (Ingelesez) «Erik the Red | Biography & Facts | Britannica» www.britannica.com 2024-04-11 (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  7. Sanderson, Jeanette. (2002). Explorers. Teaching Resources/Scholastic, 14 or. ISBN 0-439-25181-8..
  8. a b Hermannsson, Halldór. (1954). «Tyrkir, Leif Erikson's Foster-Father» Modern Language Notes 69 (6): 388–393.  doi:10.2307/3039733. ISSN 0149-6611. (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  9. Wallace, Birgitta Linderoth. (2006). Westward Vikings: The Saga of L'Anse aux Meadows. St. John's, NL: Parks Canada and the Historic Sites Association of Newfoundland and Labrador ISBN 0-919735-09-6..
  10. (Ingelesez) Ingstad, Helge; Ingstad, Anne Stine. (2000). The Viking Discovery of America: The Excavation of a Norse Settlement in L'Anse Aux Meadows, Newfoundland. Breakwater Books ISBN 978-1-55081-158-2. (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  11. (Ingelesez) «Where is Vinland?» www.canadianmysteries.ca (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  12. Lindkvist, Thomas. (2003). Early political organisation. Helle, Knut (ed.). The Cambridge History of Scandinavia: Prehistory to 1520. Cambridge University Press., 212 or. ISBN 978-0-521-47299-9..
  13. «Vinland History» web.archive.org 2011-11-26 (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  14. a b c Ingstad, Helge. (1985). The Norse Discovery of America (Volume 2): The Historical Background and the Evidence of the Norse Settlement Discovered in Newfoundland. Oslo: Norwegian University Press (Universitetsforlaget AS) ISBN 82-00-07039-5..
  15. a b Campbell, Gordon. (2021). Norse America: The Story of a Founding Myth. Oxford: Oxford University Press ISBN 978-0-19-886155-3..
  16. «Vinland Sagas» web.archive.org 2015-12-23 (Noiz kontsultatua: 2024-05-10).
  17. a b c (Ingelesez) Short, William R.. (2010-03-24). Icelanders in the Viking Age: The People of the Sagas. McFarland ISBN 978-0-7864-5607-9. (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  18. a b (Ingelesez) McDonald, Russell Andrew; Somerville, Angus A.. (2010-01-01). The Viking Age: A Reader. University of Toronto Press ISBN 978-1-4426-0148-2. (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  19. a b c Wernick, Robert; Time-Life Books. (1979). The Vikings. Alexandria, Va. : Time-Life Books ISBN 978-0-8094-2709-3. (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  20. «Chapter 5 - Norse Explorers from Erik the Red to Leif Erikson - Canadian Explorers | The History of Canada» web.archive.org 2014-05-08 (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  21. Wallace, Birgitta Linderoth. (2006). Westward Vikings: The Saga of L'Anse aux Meadows. St. John's, NL: Parks Canada and the Historic Sites Association of Newfoundland and Labrador ISBN 0-919735-09-6..
  22. (Ingelesez) Seaver, Kirsten A.. (1996). The Frozen Echo: Greenland and the Exploration of North America, ca. A.D. 1000-1500. Stanford University Press ISBN 978-0-8047-3161-4. (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  23. (Ingelesez) Hermannsson, Halldór. (1936). The Problem of Wineland. Cornell University Press ISBN 978-0-527-00355-5. (Noiz kontsultatua: 2024-05-09).
  24. Sutherland, Patricia. (2000). "The Norse and Native Norse Americans". In William W. Fitzhugh and Elisabeth I. Ward, eds., Vikings: The North Atlantic Saga. Washington, DC: The Smithsonian Institution., 238–247 or..
  25. a b c Weaver, Jace. (2011). The red atlantic. American Indian Quarterly, 418–463, 477 or..
  26. a b (Ingelesez) McGhee, Robert. (1984-01). «Contact between Native North Americans and the Medieval Norse: A Review of the Evidence» American Antiquity 49 (1): 4–26.  doi:10.2307/280509. ISSN 0002-7316. (Noiz kontsultatua: 2024-05-10).
  27. (Norvegieraz [bokmål]) «Leiv Eiriksson oppdager Amerika» Store norske leksikon 2023-12-01 (Noiz kontsultatua: 2024-05-10).
  28. «Leiv Eiriksson» web.archive.org 2009-12-07 (Noiz kontsultatua: 2024-05-10).
  29. Leif Erikson Day Oct. 9 Proclaimed. The Green Bay Press-Gazette. Green Bay, WI, 5 or..
  30. «Presidential Proclamation - Leif Erikson Day | whitehouse.gov» web.archive.org 2017-02-14 (Noiz kontsultatua: 2024-05-10).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]