[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Serantesko gotorlekuak

Koordenatuak: 43°20′01″N 3°03′32″W / 43.3334993°N 3.0589823°W / 43.3334993; -3.0589823
Wikipedia, Entziklopedia askea
Serantesko gotorlekuak
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaSanturtzi
Kokapen fisikoaSerantes
Koordenatuak43°20′01″N 3°03′32″W / 43.3334993°N 3.0589823°W / 43.3334993; -3.0589823
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XIX. mendea
JabeaSanturtziko Udala
Ondarea
72
Kontaktua
HelbideaSerantes Igoera, 14

Serantesko gotorlekuak izen bereko mendian dauden hiru gotorleku militarrak dira, Santurtzin kokaturikoak. Nahiz eta egungo gotorlekuen aztarnak XIX. mendekoak izan Filipe V.a Espainiakoa eta Espainiako Ondorengotzaren Gerratik aurrera badaude gotorleku militarrak mendi honen hegaletan[1].

Serantes mendiko gotorlekuak hiru dira:

Gotorleku guztiek bere teilatuak galdu dituzte. Utzita eta bandaloen eskuetan, ondareak galtzear daude. 2017ko ekainaren 26an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[4].

Fortearen ikuspegia Serantesko tontorretik.

Serantes mendia Abraren ezkerraldean dago, 450,84 metroko altuera du eta ageri-ageriko mugarri orografikoa da itsasadarraren ingurunean. Menditik, ikusmiran hartzen dira kostaldeko eremu zabal bat, Bilboraino doan itsasadarraren harana eta Bilbora sartzeko bide historikoek eta egungoek osatzen duten gunearen ikuspegi zabala.

Serantesko gotorleku-multzoa lerro baten gainean dago ezarria, El Mazo (245 m. g.g.b.) muinoan hasi, eta mendiko gailurreraino heltzen dena. Behatoki natural bat da, ikusmira ederra eskaintzen duena; erabat urbanizatutako ingurune baten ondoan dago, eta, egun, Bilbo Handiko naturagune nagusietako bat da.

Gotorleku-sistemaren elementu nagusiak Serantes Gotorlekua eta gailurreko Dorre Handia dira, eta, haietara heltzeko, nagusiki, bide bihurri bat hartu behar da, gotorlekuak diseinatu zituzten ingeniari militarrek egina.

Gotorlekuak pentagono irregular baten oinplanoa du, 8.500 m2-ko azalera duena, gutxi gorabehera. Nahiz eta azken gerra karlistaren garaian Serantesko gortorlekuak aipatzen diren (1875), oraingo gotorlekua geroago eraiki zen, 1879an proiektua onartu ondoren, Bilboko Itsasadarreko defentsa-sistemaren berrantolaketaren testuinguruan, eta lanak 1882an bukatu ziren. Inguruan duen lubanarroa 3–4 m-koa da sakon, eta, iparraldeko angeluan, kanoi-zulo bat du. Gotorlekuak altuera txikiko parapeto bat du inguruan. Barrura sartzeko, guardia-aretoa zeharkatu behar zen, bi isurialdeko pabiloi bat, arku eskartzanodun sarbide-baoak dituena (2012-2013 urteetan zaharberritu zen).

Guardia-aretotik, gotorlekuko kale edo galeria nagusira sartzen da, eta, haren alboetan, eraikuntzen hondarrak daude: ezkerraldean, pabiloiek osatutako lau lerro, zeharka antolatuak (hiru pabiloi, eta bi pabiloi independentek osatutako beste lerro bat), eta, haien iparraldean, luzetara antolatutako pabiloi bat, horma gezi-leihodunak dituena. Kale nagusiko eskuinaldean, pabiloi handi bat dago, paraleloan antolatua: partez berreraiki da, estalkiraino.

Partez kontserbatzen dira gotorlekuaren eta gelen inguruko harresiak. Harlangaitzez edo kareharrizko harlanduxkoz eginak dira, eta, izkinetan, harlanduak dituzte. Eraikinetan, bao gezi-leihodunak daude, adreiluz inguratuak, garaiko gotorlekuen tankerara. Zenbait pabiloi gotorlekuko soldaduen eta gobernadorearen aterpe gisa erabiltzen ziren; pabiloi bat munizioen biltegia zen, eta beste batean, sukaldea eta janari-biltegia zeuden.

Gotorlekua XX. mendearen hasierara arte erabili zen (1915 inguruan artilleria kendu zen, nahiz eta bizitoki izan zen 1926ra arte, eta 1928an eraisteko asmoa hartu zen).

Serantesko gailurrean, dorrea dago. 1879ko proiektua onartzeko dokumentuan dator ere (non «Torre avanzada del Serantes» deitzen zaion), eta bere obrak 1881ean bukatu ziren. Harlandu irregularrez egindako eraikina da; lau angeluko oinplanoa eta bi altuera ditu, eta zabaltza bat, garitoiz inguratua, erdiko errematea izan zuena. Beheko aldean, albo bakoitzean, bost kanoi-zulo daude, eta beste bana izkinetan; goiko aldean ere, kanoi-zuloak daude, hego-ekialdeko fatxadan bao zabalagokoak direnak. Egun, ia osorik galdu dira terrazadun itxitura eta erdiko erremateko atala; gainera, dorreko harresiak oso hondatuta daude, eta lehenbailehen sendotu beharra dute.

Oro har, egungo egoera aintzat hartuta, kontserbatutako egiturak hondarrak dira, eraikuntzak bainoago. Gotorlekuan, hormen oinarriak kontserbatzen dira, izan altuera handia edo txikia, eta erraz antzematen dira multzoaren oinplanoa, forma eta antolamendua. Dorreak, kontserbazio-egoera halamoduzkoan egonda ere, zutik dirau, eta gailurreko irudiaren erreferentea da. Hondarrak dimentsioak eta interpretagarritasuna aintzat hartuta XIX. mendeko arkitektura militarraren lekukotza dira, Bizkaiko esanguratsuena. Gainera, gotorlekuen hondarrak paisaian daude txertatuta, eta haren berezko elementuak dira, ingurune naturalari interes kultural nabarmeneko osagai bat gehituz. Hori dela-eta, lehengoratze-jarduera edo esku-hartze oro ikuspegi integratzaile batetik egin behar da, eta zaharberritze- eta berreraikitze-lanek helburu izango dute elementu guztien berezko ezaugarriak zaintzea, oinarri hartuta ingurunean eta Serantesko paisaian inpaktu negatiborik izango ez duten testuradun eta koloredun materialak eta akaberak.

  • Joseba Trancho : "Serantes Mendia". 1997.
  • Javier Sánchez : "La vuelta a Bilbao a través de sus montes y su historia". Bilbo: Bilboko Udala. 2007

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa