Trikiti musika
- Artikulu hau musika motari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Trikiti (argipena)».
Trikiti musika Euskal Herriko musika herrikoia da, trikitilari bikote batek jotzen duena, panderoz eta eskusoinu txikiz. Aldaera tradizionalean pieza musikalen errepertorio jakin bat jarraitzen da , nagusiki trikitixa, porrusalda, fandangoa, arin-arin eta kalejira pieza musikalek osatua, eta neurri txikiago batean bestelako euskal pieza batzuek (zortzikoak, aurreskua, banakoa, kopla doinuak...) eta baltsek. Trikiti izena panderoaren soinuaren onomatopeia da, askoren ustez. Euskal Herriko erromerietako musika tradizionala bilakatu da, XIX. mendearen bukaeratik eskusoinu txikia Euskal Herrian jotzen hasi zenetik.[1]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jatorria eta errotzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian hasi zen hedatzen XIX. mendearen amaieran. 1889an lehenengo aipamen idatzia dugu, Urkiolako erromeria batekoa, akordeoi guztiz berri bati buruzkoa ("novísimo acordeón").
Nondik etorri eta zabaldu ote zen berriz, ez dago argi. Bi teoria nagusi daude honen inguruan. Batzuen arabera, trenbidea egitera etorri ziren Alpeetako langileek, frantsesek nahiz italiarrek ekarri zuten. 1890. urtean Altsasun ateratako argazki batean soinu txikia azaltzen da. Beste teoria batzuen arabera, zabalkundea Bilbotik Gipuzkoara izan zen: Bilbotik Arratiara, Zornotzara, Gernikara, Lea-Artibaira eta ondoren Gipuzkoa mendebaldera. Zengotita denda zegoen Bilbon, seguruenik Honner markakoak ziren lehen soinuak saltzen zituena.
Trikitiak berehala hartu zuen leku garrantzitsu bat herri musikako errepertorioa jotzen zuten instrumentuen artean. Arina zen, txikia, edozein lekutara erraz eramateko modukoa. Baxuek erritmo bat eramateko aukera ematen zuten; orkestra txiki bat zeukaten soinu tresna bakarrean.
Baserri giroan gelditu zen erroturik, hirietan bai baitzuten lehiarik, bandak eta beste… Bizkaian txistulari eta atabalariak edozein udaletan ordainduak ziren, eta trikitia mendialdeko erromerietan errotu zen.
Funtzio sozial eta ekonomiko bat bazuen trikitiak. Ostatu, sagardotegi eta tabernei loturiko trikitilari asko sortu ziren, dantzarako aukerak jendea erakartzen baitu. Soinu txikia landa ingurura loturik gelditu zen, erromeriari, eta hirian, berriz, kromatikoa zabaldu zen gehiago. Herriaren bizimodu arruntean nahiz ospakizun berezietan hartu zuen lekua.
Korronte berri baten moduan, haustura bat ekarri zuen. Trikitilariek ezkondu arte jotzen zuten soinua, ezkondutakoan utzi egiten zuten, ez baitzen oso duina garai hartako gizartean trikitilari izatea. Eliza integrismo eta zapalkuntza ideologiko handia zegoen garai batean trikitiak funtzio askatzaile bat bete zuen nekazarien esparruan. Dibertsiorako askoz ere askatasun handiagoa ekarri zuen, dudarik gabe. Elementu aurrerakoia izan zen eta aurre egin zien debeku sozial eta erlijiosoei.
Tradizionala eta berria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian mende bat baino ez du trikitiak, baina herrikoi eta tradizional bihurtu dela esan daiteke. Trikitia ez da batere akademikoa izan, herrikoa izan da. Lortu duen altxorra herri altxorra izan da; trikitiak aurreko danbolintero, albokari eta bereziki dultzaineroen errepertorioa hartu eta moldatu egin zuen, dultzainak ez zituen aukerak baititu soinuak. Dultzainak danborreroa behar zuen erritmoa eramateko, eta soinuak, berriz, ezker eskua zuen danborreroaren lana egiteko. Bi ahots ere erraz egin zitezkeen soinuarekin eta, gainera, ekonomiari begiratuta ere, bakar batek egiten du bi edo hiruren lana.
Tradizionala tradizioz egiten dena da, errepikatzen dena. Instrumentuari herriak bere berezitasun propioa ematen dionean bihurtzen da herrikoi, berezko, euskal herri doinu. Kanpoko eraginak geure egiten ditugunean, gure moduan, orduan bihurtzen dira herrikoi, eta behin eta berriz errepikatzen badira, tradizional.
Juan Mari Beltranek dioen moduan, “ez bada aldatzen, ez da mantentzen, eta ez bada mantentzen, hil egiten da”.[2]
Dantzari lotua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iztuetak 1824an argitaratutako Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia. Beren soñu zar, eta itz-neurtu liburuan “fandangoa” aipatzen du, eta Gipuzkoara Bizkaia aldetik sartzen ari dela azpimarratzen du:
« | Gipuzkoan ezta usatzen gizon dantza egin ondoan, ez fandangorik, eta ez Bizkai dantzarik egitea. Egia da orain asi diradena zenbait erritan, bañan nere gazte denboran, dantza beakurtsu edo respetable aietan, etzan bein ere egiten, danza mota oienik”. Iztuetak aipatzen duen Bizkai dantza arin-arina da. Arin-arina 2/4 erritmokoa, eta kasu honetan, kopla kantatuz gero, guk “porrusalda” deitzen diogu. | » |
Trikitia dantzari loturik ezagutu dugu betidanik, askatuari nahiz lotuari loturik. Askatua soka-dantzaren amaierako zati bat zela dio Juan Antonio Urbeltzek. Ordenaturiko dantza batzuen ondoren kaotiko bat zetorren eta hori zen gaur askatua deitzen dugun hori.
Trikitiaren errepertorioa dantzarako piezekin lotu behar da derrigorrean. Askaturako zein loturako, azken mendeko erromerietan elementu garrantzitsua izan da soinu txikia. Trikitiak arrakasta izan bazuen, ez zen izan jadanik ohiko musika tresnak jotzen zituzten piezak kopiatu zituelako, baizik eta dantza lotuari -baltseoari esker- lorturiko errepertorioari esker. Dantza askatua bazegoen, dantza lotuarekin izan zuen arrakasta soinu txikiak.
Dantzak neska-mutilen arteko harremanak bideratzeko zuen garrantzia ere azpimarratu behar da. Dantzarekin bazegoen kripto hizkuntza bat harremanak egin ahal izateko. Hortik zetozen neska laguntzeak, eta horregatik zegoen gaizki ikusia.
Sasoi ilunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Trikitia gutxietsia eta gaizki ikusia zegoen jendartean: apaiz katolikoek "infernuko hauspoa" esaten zioten, gazte jendea dantza lotuan egitera tentatzen baitzuen, Elizak dantza horiek debekatzen zituen garaietan. Eliza, udala eta gobernu zibila baturik zeuden eskusoinuaren kontrako gerra batean, erromeriak debekatuz eta kasuren batean, baita dantzariak eta musikariak atxilotuz ere. Eusko nazionalismoak ere ez zuen eskusoinua euskal soinu-tresna jatortzat hartu gerraostera arte. Gainera, "soinu handi" edo akordeoi monotonikoak "soinu txikiak" baino ospe handiagoa zuen jendartean, akordeoilariak solfeoa ikasitakoak izan ohi baitziren, besteak ez bezala.
1936ko gerran ere trikitilariak hantxe ibili ziren, fronteetan bezala bestelako lanetan. Soinua ez zuen erabat isildu armen hotsak. Gerra osteko lehen urteetan ere gauzak ez ziren hobeto joan. Euskaraz kantatzea edo dantza lotua debekaturik zeuden, eta erromeriak ezkutuan egin behar ziren, ganbaretan, modu klandestinoan.
60ko hamarkadan hasi zen poliki-poliki trikitia berriro bere lekua hartzen. Irratiek ere garrantzi handia izan zuten orduan trikitiaren zabalkundean. Diskoak ugaritzen hasi ziren bezala, Loiolako Herri Irratia izan zen aitzindaria, eta gerora Arrate edo Segura irratiek ere erabateko ezkontza izan zuten trikitiarekin bezala bertsolaritzarekin. 1970ean Lehen Trikitixa Txapelketa Nagusia antolatu zuten. Bi hamarkada iraun zuen txapelketen aroak. Lehiak zapuzteak eta haserreak ekarri zituen batetik, baina, bestetik, trikitilarien trebezia izugarri bizkortzea ekarri zuen. Bariazioak sartu ziren, soinu handiaren jotzeko modura gerturatze bat ekarri zuen, nolabaiteko birtuosismo bat. 1986tik aurrerako txapelketetarako trikitilaria gerora klasikoak izan diren piezak konposatzen hasi zen. Txapelketek ekarri zuten eklosio horretan Martin zen pirateatu eta espiatuena. Oso famatu egin zen. Berak sartu zuen lehen erritmo kutxa, eta eskola handi bat sortu zuen.
Kopla kantariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azken urteetan trikiti bikoteak ezagutu ditugu, soinu txikia panderoarekin uztarturik jo izan da. Lehen panderistak emakumeak izan omen ziren. Eta ba omen zen ohitura bitxirik; emakume panderista horietariko batzuek senargaiaren irudia marrazten zuten panderoan. Kopla kantariak ziren. Kopla hauek dantzarakoak, erromeriakoak izaten ziren. Pandero soilez laguntzen ziren hasieran, eta gerora alboka, dultzaina, biolin, soinu nahiz beste perkusioren bat ere erabili izan da. Koplaren testuak zati errepikatuak ditu, dantza berak dituen bueltak bezala. Koplak testu laburrak izaten ditu, puntu biko edo hirukoak gehienez, eta bi erritmo nagusi erabili ohi dira: binarioa (porrusalda; testu laburrak), eta ternarioa (trikitia; testu luzeagoak). Kopla bakoitzak bere osotasuna dauka. Bakoitza pieza ale independentea da. Beharbada, noizbehinka, pare bat kopla izan daiteke elkarren osagarri, baina hori salbuespen arraroa da. Kopla bakoitza ale independentea denez, koplariak nahi dituen erara ordena ditzake, zentzurik galdu gabe. Ez dago sortaren garapenik. Dantzarako baliagarriak izatea da haien funtzioa eta ez istorioak edo diskurtsoak garatzea.
Jabier Kalzakortak ale horiei perla deitzen die, eta erreskadari, perladuria. Aita Villasantek 60ko hamarkadan 25 kopla jarraian dituzten perladuriak bildu zituen Araotzen.
Bide berriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Trikitiaren soinuan ere esperimentuak egin zituzten eta midi esaten zaion formatua hautatu zuten trikitilari askok. Midi sistemarekin trikitia joaz, beste instrumentuen soinuak imitatu ahal dira, eta baxu elektronikoak eta akordeak osatzeko aukera ematen du. 1987an Kepa Junkera, Zabaleta eta Motrikuren lehen lana eta Tapia eta Leturiaren Jo eta hautsi argitaratu ziren. Ildo tradizionalari jarraitzen zioten, baina berrikuntzak ekartzen zituzten harmonia eta erritmoari zegokienez. 1988an Imuntzo eta Epelarreren diskoarekin belaunaldi berri baten bidea irekitzen zihoan. 90eko hamarkadaren hasieran iraultza bat, trikitiaren eklosio antzeko bat gertatu zen. Horrek diskogintzan izan zuen bere ondorio garbiena. Bi disko dira belaunaldi berri baten aldaketaren ispilu: Juergasmoan (Tapia eta Leturia), eta Triki up (Kepa, Zabaleta eta Imanol). Bi disko horiek 1990. urtean ikusi zuten argia, eta hamarkada horretan sortu ziren bikote eta talde berrientzat mugarri izan ziren.
1992tik aurrera trikiti bikote asko talde bihurtu ziren. Hasieran hirukote (trikitia, pandero eta baxua, erritmo kutxa bidez lagundurik), bestetan laukote (bateria gehituz) eta azkenik boskote (trikitia, panderoa, baxua, bateria eta gitarra). Azken formazio hori rock talde tradizionalen formazio bera da, gitarra bat trikitiarekin aldatua eta panderoa sartuz gero. Formula hori Ameriketan (tex-mexa, ballenato…) erabili izan da 90eko hamarkadaren aurretik. Hori hautatu zutenetako batzuk: Imuntzo eta Beloki, Gozategi, Maixa ta Ixiar, Iker eta Larraitz, Zabaleta eta Imanol…
Eklosio honek onddoen garaia ekarri zuen: trikiti eskolak ugaritu ziren, instrumentuak berak nolabaiteko euskalduntasun musikalaren erreferentzia papera hartu zuen… Bikoteak eta ordura arte erromeria talde zirenak plaza talde bihurtu ziren. Beren sormen lanak pieza tradizionaletatik pop-rock inguruko piezak egitera eraman zituzten, heavya, cajuna, punka, baladak, ska erritmoak… Mota guztietako talde eta bakarlariekin kolaboratu du trikitiak. Trikiti taldeen beste adar bat udako abestiarena izan da. Tapia eta Leturiak band formatuan, Alaitz eta Maiderrek, Maixa ta Ixiarrek, Gozategik eta Etzakit taldeak sorturikoak dira aipagarrienak. Talde haietako batzuek beren lanak Japonian argitaratuak ikusi dituzte, bitxikeria modura. Tapiak eta Junkerak nazioartean ere beren lanak argitaratuak ikusi dituzte (AEB, Alemania…), Kepa Junkera multinazional batekin aritu da lanean eta haren diskoak mundu osora hedatu dira.
90eko hamarkadaren bukaerak ildo berari jarraitu zion. Lanak konpaktuan argitaratu ziren; baina, bitxia da, kasetean ere argitaratzen den musika estilo bakarra izango da. Horrek ematen digu arrasto bat, gelditzen den baserri munduarekin duen lotura ez dela eten.
Atzera buelta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mende berriak zirkuluari itzuli osoa ematea ekarri du. Halako joera bikoitz bat sumatzen da. Modu guztietako esperimentuak egiten dira soinuarekin, molde guztietako formatuetan sartzen da trikitia. Bi talde berriren adibidea: Gose —soinua elektronikarekin nahasten du, testuetan sexua aipagai duelarik— eta Esne Beltza —talde handi bateko protagonista nagusia da soinua, ohiko rock formazioari metalak eta armonia landuak gehitzen zaizkiolarik—. Sorkuntza da nagusi lehen joera honetan.
Baina, bestetik, trikitia eta pandero bikotea indarberritzen ari da. Asko estimatzen dira pieza zaharrak, orain 40 urteko jotzaileen errepertorioa estimatu eta imitatzen da. Herri eta auzo txikietako erromerietan du lekua joera honek eta indar handia hartzen ari da. Sorkuntzari baino gehiago, interpretazioari begira ari da garatzen joera hau.
Lehen grabazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezagutzen diren trikitiaren lehen grabazioak 20ko hamarkadakoak dira. Arbelezko diskoan daude, 78 bira minutuko abiadan.
- Trikitixa de Elgoibar: 2 erreferentzia: (Columbia)
- Trititixa de Guipuzcoa: 6 erreferentzia: (Regal eta Columbia)
- Trikitixa de Zumarraga: 4 erreferentzia: (Regal)
- Serafin eta Antonia Aranzeta: 2 erreferentzia: (La Voz de su Amo)
Trikitixa de Guipuzcoa izenburupean Zumarragako trikitiaren grabazioak biltzen dira. Grabazio hauek Donostiako Kursaal jauregian egin zituzten, 1929an, eta jotzaileak Itsasakorta soinuarekin eta Joxe Oria panderoarekin ziren.
Trikitixa de Elgoibar izenburupean agertzen zaizkigun erreferentziak dira lehendabizikoak eta, noski, zaharrenak. Manuel Sodupe Gelatxo eta haren emaztea Juliana Esnaola Muxillo ditugu, 2007ko urtarrilean zendutako Pedro Sodupe Gelatxo-ren aita eta ama.
Bizkaian, Frantziako Gramophone enpresaren La Voz de su Amo izenburua izan zuen sailean, Serafin Aranzeta Oromiño soinu jolearen grabazio bat ere badago. 1926-27 inguruan eginikoa dela uste da. Oromiño kamineroa zen eta lanean ari zela etorri omen zitzaizkion grabazioa egingo ote zuen galdezka. Laneko erremintak bertan utzi eta Bilboko Albia antzokira joan omen zen, laneko arropak aldatzeko denborarik gabe grabazio hura egitera.
Hortik atzera 45 b.m. mikrosurkoa, 33 b.m biniloa, kasetea, CDa eta mp3a etorri dira.
Trikitilariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musika tresna honen joleak trikitilariak dira. Hauexek dira ezagunenetarikoak:
- Pedro Sodupe Gelatxo (Elgoibar, 1928-2007).
- Kaxiano (Lizartza, 1932-2002).
- Iñaki Garmendia Laja (Azkoitia, 1944).
- Tomas Soraluze —goitizenez Tomas Epelde— (Azkoitia, 1945), Epelde eta Larrañaga taldeko kidea.
- Iñaki Malbadi (Albiztur, 1957).
- Joseba Tapia (Lasarte-Oria, 1964).
- Kepa Junkera (Bilbo, 1965).
- Iker Goenaga (Zizurkil, 1974).
- Alaitz Telletxea (Oiartzun, 1976), Alaitz eta Maider taldeko kidea.
- Maixa Lizarribar (Altzo, 1971), Maixa ta Ixiar taldeko kidea.
- Xabi Aburruzaga (Portugalete, 1978).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat «Trikitixa, baserritik kalera» artikulutik hartua da. Artikulu hark Mikel Markez du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
- ↑ Trikitixa - Auñamendi Eusko Entziklopedia. (Noiz kontsultatua: 2018-02-02).
- ↑ Trikitixa, baserritik kalera Badok