[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Joan Ignazio Iztueta

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Joan Ignazio Iztueta

Bizitza
JaiotzaZaldibia1767ko azaroaren 29a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia eta Zaldibia1845eko abuztuaren 18a (77 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakidazlea, folklorista eta historialaria
Lantokia(k)Zaldibia eta Donostia

Literaturaren Zubitegia: 358
Joan Ignazio Iztuetaren omenez Zaldibian jarritako eskultura: Ricardo Ugarteren La vertical del sonido.

Joan Ignazio Iztueta Etxeberria (Zaldibia, Gipuzkoa, 1767ko azaroaren 29a1845eko abuztuaren 18a) euskal idazle eta historialaria izan zen. Arlo askotan nabarmendu zen.

Ez zaio ezagutzen Iztuetari goi mailako ikasketarik. Berak esana da, gainera, «gizon lego eskolatu bageko jakin-ez bat» zela; hala ere, idazkietan jakintza maila nahiko handia erakusten du.

Zaldibian jaio zen, Iztuetaenea etxean (gerora Kapagindegi izena hartuko zuen eraikin horrek). Hogeita hiru urte zituela ezkondu zen lehen aldiz, Joakina Lintzoain urnietarrarekin. Handik hamabi urtera alargundu zen, lehen ezkontza hartatik bost seme-alaba izanda.

Azpeitiko kartzelan egon zen 1801-1807 urte bitartean. Zergatiak ez dira garbi ageri: agidanez, lapurreta bategatik edo; beste zenbaiten ustetan, ordea, haur hiltze batean laguntzaile izateagatik. Ezaguna dena da Kontxesi Bengoetxea donostiarra ezagutu zuela han, hura bi haur hiltzeagatik kondenatua, eta harekin maiteminduta, 1808an ezkondu zirela. Kartzela garaikoa da Kontxesiri izeneko bertso saila, gerora entzute handikoa izan zena. Oso ezaguna da bertso horien hasiera: «Maite bat maitatzen det maitagarria». Iberiar Penintsulako Gerran frantziarren aldeko jarrera izan zuen, frantsestu gisa, eta ogasun alorrean karguren bat izan zuen Donostian.

1815az gero, eta aurreko garai ilun haien ondoren, Donostian izan zen Iztueta literatura lanetara emana. Donostiako udaletxeak agindu zion bil zitzala ahal zituen dantza eta dantzarako musika gehienak, artxiboetan gordetzeko eta gazteei erakusteko. Lan horren ondorioz argitaratu zuen Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia beren soñu zar, eta itz neurtu edo versoaquin. Baita berac ongui dantzatzeco iracaste edo instruccioac ere liburua. Horregatik hartzen da Iztueta lehen folkloristatzat.

Bigarren aldiz alargundu eta 1828an hirugarrenez ezkondu zen, Asunción Urruzola zizurkildarrarekin. Donostiako harresietako Lur Ateko zaindaria izan zen garai hartan, eta kartzelako alkaide ere izan zen. Bere lanetan euskararen alde eta dantzen alde jardun zuen, orduko dantzen kontra aritzen ziren apaizekin eztabaidan sartuta. Horren lekuko da Juan Jose Mogeli idazten dion gutuna, Frai Bartolome Santa Teresaren kontra: Carta eguiten diona D. Juan Ignacio Iztuetac apez D. Juan Jose Mogueli, aita beacurtsu fraile Santa Teresacoac Plauto euskaldunaren icenarequin izquidatu duen obrachoaren gañean. Ceña arguitaratu duen Moguel berac (1829).

Donostian zegoelarik gaztelaniaz poesia anonimoren batzuk ere idatzi zituen, Elias Legarda, Claudio Antón Luzuriaga, Jose Manuel Collado eta beste zenbait donostiar oligarka ezagunen aurkako poema satirikoa kasu (Una docena de banderillas de fuego al compadre Legarda):[1][2][3]

«

Yo soy en Guipúzcoa
un erótico duende
que todos miran,
y nadie entiende.
[...]
En fin, Don Elias
cuidar el cogote,
pues, si se descuida,
andará el garrote.

»

Bizitzako azken urteak Zaldibian pasa zituen, gazteei dantzak irakasten eta bere lanik garrantzitsuena, Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia (hil ondoren, 1847an, argitara emana), idazten. Liburua bi zatitan banatuta dago: lehen zatian orduko Gipuzkoako ohiturak, bizimodua, animaliak, landareak, ibaiak eta abar deskribatzen ditu; eta bigarrenean, berriz, Zaldibiako batxillerraren Suma-ri jarraituz, eta Zamacolaren Historia de las naciones vascas plagiatuz, gipuzkoarren gudu eta gatazken kontaketa bat egin zuen. Gipuzkoako historia horretan ematen du bat-bateko bertsolaritzari buruz ezagutzen den lehen berri historikoa: Billabonan 1802an 4.000 entzuleren aurrean bi bertsolarik egindako saio luze baten aipamena.

Jose Garmendia Arruabarrenak Iztuetaren olerkiak eta lan ezezagunak bildu eta argitara eman zituen bi liburukitan (lehena 1968an eta bigarrena 1978an). Jesus Elosegik 1969an Juan Ignacio de Iztueta Echeberria (1767-1845) izeneko biografia jakingarria idatzi zuen.

Iritzi kritikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errima edo puntuari eta erritmoaren ematen die Iztuetak garrantzi gehien. Haren eskuetan errima, askotan, ustekabean sortzen da, errima erregularretik irregularrera salto eginez, gaiak eta erritmoak eskatzen dioten neurrian. Erritmoari dagokionez, Iztuetak eta, geroago, Bilintxek gauza bera egin zuten: bertsoak kantatzeko, doinu berriak erabili zituzten, zaharrez gainera. Izan ere, errimen aldaketa ez ezik, neurriari ere astindu ederrak ematen dizkio Iztuetak. Molde erregularreko monotonia hautsita, bat-batean bertso laburrak tartekatzen ditu, doinuak hala eskatuta ziurrenik.

Oin herrena edo gaztelerazko pie quebrado delakoa deitzen dena erabiltzen zuen, Bilintxen modura Juana Bixenta Olabe bertso sailean. Honexegatik eta biek olerkigintza eta bertsolaritza landu zutelako, Bilintxekin parekatu izan dute.

Iztueta dantzari gaztea
Joan Ignazio Iztuetaren omenezko eskultura Donostian

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]