[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Mikotoxina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aspergillus onddoak mikotoxina batzuk ekoizten ditu


Mikotoxinak (grezieratik: mukus -onddo- eta latinetik: toxicum -pozoia-) onddoek ekoiztutako molekula toxikoak dira, metabolito sekundario direnak. Mikotoxinak janari-intoxikazio askoren eragileak dira.

Mikotoxinak kaltegarriak dira gizakiarentzat eta animalia askorentzat. Hori dela eta, osasun-ondorio nabarmenak dituzte. Bestalde, substantzia multzo honetan ez dira sailkatzen onddoek ekoizten dituzten beste molekula toxiko batzuk: bakterioen aurka sortzen dituztenak (penizilina bezalako antibiotikoak, kasu) edota hainbat perretxikok dituzten pozoiak.

Onddoak Fungi erreinuko bizidunak dira, hiru talde nagusitan -morfologiari dagokionez- sailkatzen direnak: legamiak (onddo zelulabakarrak), lizunak (hifa izeneko filamentuak dituztenak) eta perretxikoak (gorputz fruitu-emaile handiak dituztenak, jateko modukoak). Aerobioak dira eta heterotrofoak, ez baitute fotosintesia burutzen. Hiru mekanismo nagusiren bidez sortzen dituzte gaitzak: kontaktuaren bidez (erreakzio alergikoak eragiten dituztenean), infekzioen bidez (mikosi deritzonak sortzen dituztenean) eta mikotoxinen bidez (animalientzat kaltegarriak diren toxina berezi horiek ekoizten dituztenean).

Gizakia ez ezik, mikotoxinek ere animalia asko kaltetzen dituzte: 1960. urtean, kasu, Erresuma Batuan 100.000 oilo baino gehiago hil egin ziren Aspergillus Flavus-ek ekoiztutako toxina baten ondorioz, pentsuak kutsatu zituena.

Mikotoxinen ahalmen patogenoa aldakorra da oso: batzuk oso pozoitsu eta hilgarriak dira, beste batzuek immunitate-sistemaren gain eragina dute, edota alergiak eragiten dituzte. Beste batzuen ahalmen patogenoa askoz ahulagoa da. Badira arnas-aparatua eta digestio-aparatua kaltetzen dutenak, eta minbizia eragiten dutenak ere.

Landareak infektatutakoan onddo batzuek mikotoxinak sortzen dituzte. Kutsatutako landare horiek jaterakoan animaliek edo gizakiak mikotoxinak irensten dituzte, eta dagokion patologia garatzen dute. Garagarra, artoa, oloa, arroza, kakahueteak, garia, ilarrak, ogia, garauak... dira kutsatu ohi diren landareak, nahiz eta hainbat kasutan mikotoxinen sorburua esnekiak izan (adibidez, onddo batzuk gaztan hazten dira, rokefertina izeneko mikotoxinak sortuz). Esan daiteke mikotoxinek gaitzak sortu dituztela aspalditik, gizakiak landareak era sistematikoan landatu dituenetik.

Erdi Aroan San Antonen sua deitutakoak izurrite latzak sortu zituen Europa osoan. Gaitz honen atzean onddo kaltegarri batek sortutako mikotoxina bat (aflatoxina bat, hain zuzen) zegoen.


1960. urtetik (lehenengo mikotoxina antzeman zenetik, Aspergillus flavus-ek sortutakoa) gaur arte mikotoxina ugari aurkitu dira, garrantzitsuenak hauek izanik:

  • aflatoxinak: Aspergillus generoko onddoek sortutakoak, zerealak infektatzerakoan. Oso toxikoak dira eta tumoreak eragiten dituzte zenbait animalietan. Termoegonkorrak dira.
  • okratoxinak: tumoreak ere eragiten dituzte, eta Aspergillus eta Penicillium generoko hainbat espeziek ekoizten dituzte. Termoegonkorrak dira
  • patulina: Penicillium patulum-ek eta Aspergillus clavatus-ek ekoiztutakoa, sagarrak eta pikuak infektatzerakoan. Tumoreak sortu eta nerbio-sistema ere kaltetzen du.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]