[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Fenian zikloa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Fenian Zikloa edo Fiannaidheacht (egungo irlanderaz Fiannaíocht), Fionn-en zikloa, Finn-en zikloa, Fianna-ren zikloa, Finnian ipuiak, Fian ipuiak, Féinne zikloa, Feinné zikloa eta Ossiándar zikloa izenekin ere ezagutzen da. Hitz lauz eta bertsoz osatutako kontakizun multzo bat da. Haien gai nagusia Fionn mac Cumhaill heroi mitikoa eta Fianna Éireann gerlarien balentrien goraipamena da. Irlandar mitologiako lau ziklo nagusietako bat da. Beste hirurak Ziklo mitologikoa, Ulstergo zikloa eta Ziklo historikoa dira. Kronologikoki, Fenianen zikloa hirugarrena da, Ulstergoa eta historikoaren artean. Fenian zikloari askotan Osiandar zikloa edo Ziklo osianikoa ere deitu ohi zaio, Fionnen seme Oisín olerkien ustezko idazlea izan baitzen. Ziklo horrek Fiannatarren beste senide edo kideei buruzko beste zenbait kontakizun ere baditu, horien artean Caílte (Fionnen iloba), Diarmuid Ua Duibhne, Oisínen seme Oscar, eta Fionnen etsai amorratu Goll mac Morna.

Kontakizunaren laburpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cormac mac Art, Irlandako errege nagusiak, bere erresuma babesteko, Fiannatarrak osatu zituen, hots, klanen koalizioa. Fianna taldearen nagusitza bi klanen gain zen: Bascna klana, buruzagia Cumhall zuena, eta Morna klana, Goll buruzagi zuena eta Liath Luachra altxorzain. Knock-eko Gudaren ondoren, Mornako klanekoek Cumhall hil eta Bascna klanaren altxorraren poltsa lapurtu dute. Cumhallen emazte Muirne-k ihes egin eta haur batez erditu da, Demna (edo Deimne), azken haur bi emakume gerlarik zaindu dute, Liath eta Bodhmall druidesa (Cumhall-en arreba). Muirne Kerryko erregearekin ezkondu da.

Fionn-en altxamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Demnak, haren ile argia dela eta, Fionn ("zuri" edo "dizdiratsu") ezizena jaso du, eta adin egokia izan bezain laister mendeku bila joan da. Liath Luachra hil eta altxorraren poltsa berreskuratu du, azken hori Knock-eko Gudan biziraun zuten gerlariei eman die. Finn Eces olerkariarekin ikasten ari dela, Fionnek nahigabean Jakinduriaren Izokina jan eta munduaren jakintzaren jabe egin da. Hiru proba gainditu ondoren, Tara-ko errege nagusiaren Gortean onartua dute eta Bascna klanaren lider bilakatu.

Fionn eta Aillén

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samhain jaia ospatzen den aldiro, Aillén mac Midgna maitagarriak Taran izua zabaltzen zuen, bere harpa joz gerlariei loa eragin eta jauregiari su emanez. Fionnek harparen musikatik babesten zuen bere lantza magikoa erabiliz, Aillén hil du. Sari moduan, Fianna taldearen buruzagi izendatu dute, Goll-en ordez: horrek bere leialtasuna zinpean eman dio.

Fionn eta Sadbh

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behin batez, Fionn orein bat ehizatu nahian ari zen, baina harrapatu zuenean, Bran eta Sceolang bere txakurrek oreina akabatzea eragotzi zioten, eta gau hartan bertan oreina emakume eder bihurtu zen, Sabdh. Emakume horren esanetan, Fer Doirich druidak bilakatu omen zuen orein. Fionnen egoitza Allen-go gotorlekuak apurtu omen zuen aztikeria hura, Sadbh bere mugen barnean mantentzen zen bitartean druidaren sorginkeriaren eraginetik at izango zen. Fionn eta Sadb ezkondu egin ziren. Geroago, Fionnek inbaditzaile batzuk kanporatu nahian bere egoitza utzi egin zuen eta Sabdh gotorlekuan geratu zen. Fer Doirich druida Fionnen antzera mozorroturik bertaratu zen, Sabdh Gotorlekutik kanpo atera zedin konbentzitu zuen eta han berriz ere orein bilakatu zen. Fionn haren bila ibili zen baina zazpi urteren buruan aurkitu zuen arrasto bakarra orein batek hezitako haurtxo bat izan zen: Oisín. Aurrerago, Oisín bardo ospetsu bat izan zen, baina Sabdh gaixoaren arrastorik ez zen berriz izan.

Gabhra-ko guda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Osterantzeko Fenian Zikloa Oisín-en jaiotza eta Gabhra guda luzearen artean igarotzen da. Ezustean Cormac Errege Nagusia zendu eta haren seme Cairbre Lifechairrek Fianna taldea suntsitzeko helburua du, erregea berriak ez baitie Fianna taldekoi beren babesarengatik dirurik ordaindu nahi. Beraz, Cairbre Lifechairrek gudaloste bat antolatu eta asebete gabe zeuden gerlari talde batekin elkartu da: guda piztu du eta hor, Fionnen zerbitzaria hil dute. Guda hartan Goll erregearen lerroetara gehitu da eta Bascna klanaren aurka. Zenbait kontakizunen arabera, bost gerlarik hil omen zuten Fionn gudalekuan; beste batzuen esanetan, aldiz, Aichlech mac Dubdrenn-ek hil omen zuen Ibiaren gudan. Edonola ere, soilik hogei gerlarik lortu izan zuten guda horretatik bizirik irtetea, horien artean Oisín eta Caílte.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]