Tarja Halonen
Tarja Kaarina Halonen (Helsinki, 1943ko abenduaren 24a - ) Finlandiako 11. presidentea izan zen. Herrialdeko lehenbiziko emakume presidentea izan zen eta kargua eskuratu aurretik, Finlandiar Legebiltzarreko parlamentaria izan zen 1979tik 2000ra. Gainera, sindikatuen mugimenduan eta gobernuz kanpoko erakunde askotan buru-belarri ibili izan da; hala nola, Sindikatuen Organizazio Nagusian eta SETAn.
Kallio langile-barrutian jaio zen eta Helsinkiko Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi ondoren, politikan sartu zen Sindikatuen Organizazio Nagusiaren bidez. 1971ean Alderdi Sozial-Demokratan izena eman zuen eta aurreneko karguak eskuratzen hasi zen. Parlamentu batzordeetan, Justizia eta Kanpo Harremanen ministerioetan, Helsinkiko Udalbatzan eta Eduskuntan hiru hamarkada igaro ondoren, Alderdi Sozial-Demokrataren hautagaia bihurtu zen 2000ko hauteskunde presidentzialetan. Bi aldiz eskuratu du presidentetza eta emakume eredu tradizionaletik kanpo dagoen arren, herrialdeko pertsona maitatuenetakoa da. 2006ko hauteskundeetan lortutako bigarren presidentetza 2012. urtean bukatuko da eta Halonenek ez du argitu hirugarren aldiz aurkeztuko ote den.
Forbesek 2009an argitaratutako Munduko 100 Emakume Boteretsuak zerrendan gehitu zuen eta Munduko Emakume Agintarien Kontseiluko kide garrantzitsuenetako bat da. Ezaguna da Finlandian homosexualen eskubideen alde eginiko ekintzengatik eta 80ko hamarkadan urtebetez SETA izeneko sexu berdintasunaren aldeko erakundearen buru izateagatik.
Haurtzaroa
aldatuTarja Halonen 1943ko abenduaren 24ean jaio zen Kallion, Helsinkiko langile barrutian. Ama, Lyyli Elina Loimola, arropa-arduraduna zen eta aita, aldiz, Vieno Olavi Halonen, soldatzailea zen. Halonenen gurasoak Bigarren Mundu Gerra hasieran ezkondu ziren eta alaba, urte gutxira jaio zen. Garai hartan, Vieno Halonen frontean zebilen eta amak, bitartean, zapata fabrika batean egiten zuen lan. Mundu Gerra bukatzean, gurasoak banandu eta ama, Thure Forss izeneko argiketariarekin ezkondu egin zen 1950ean. Thure Foss, langile-klase komunitatearen artean ospe handia zuen gizona zen eta langileen aldeko ekintzetan gogotsu hartu ohi zuen parte [1].
Amak eta aitaordeak Halonenen mundu ikuspegian eragin handia izan zuten. Urte batzuk geroago, politikan sartu zenean, biziraule eta langile sutsu gisa irudikatu zuen ama, eta norbanakoak eduki ditzakeen bertute nagusiak umiltasuna, apaltasuna, onestasuna eta aktibotasuna direla irakatsi zion pertsona izan zela aitortu zuen [2].
Ikasketak
aldatuOinarrizko ikasketak sei urte zeukanean hasi zituen Kallioko Eskolan eta neskato azkarra eta bizia zela aipatu izan dute orduko irakasleek. Gurasoek diru asko ez zuten arren, gutxiengo ikasketak derrigorrezkoak ziren eta lortutako nota bikainei esker, 1962. urtean, azkenean, Kallioko Gymnasiumean graduatu eta udazkenean Helsinkiko Unibertsitatean matrikulatu zen. Unibertsitatean Artearen Historia ikasteari ekin zioin, hala ere, 1963an, aldatzea erabaki eta Zuzenbidea ikasten hasi zen. Bost urteren buruan, Master of Laws titulua eskuratu eta Zuzenbide penalan espezializatu zen.
Ikasketak bukatu aurretik, 1967an, abokatu lanetan hasi zen Luotonvalvonta oy erakundean. Hiru urtez bertan lanean ibili ondoren, Unibertsitateko Ikasleen Elkarte Nazionaleko Gizarte Gaiak eta Idazkaritza Nagusia sailetan jardun zen bi urtez. Lan honek politikan interesa piztu eta 1970. urtean Finlandiar Sindikatuen Organizazio Nagusian sartzea lortu zuen lehenbiziko emakumea izan zen (1974. urtera arte) [3].
Ibilbide politikoa
aldatuHastapenak
aldatu1971ean, azkenean, Sindikatuen Organizazio Nagusiarekin lotura handia zuen eta presidentetza emango zion Alderdi Sozial-Demokrataren kide bihurtu zen. Hamarkada hasieran, gainera, Sindikatuen Organizazio Nagusiak ordezkari izendatu eta batzordetara bidali zuten. Finlandiak Alemaniako Errepublika Demokratikoa herrialde gisa onartzeko batzordearen presidente ordea bihurtu zen eta onarpen hau gauzatzeko, garaiko Urho Kekkonen presidentea presionatu egin zuten. Aipatzekoa da, 2006ko hauteskunde presidentzialetan aurkariek Tarja Halonen batzorde honetan parte hartzeagatik kritikatu zutela; dena den, honek, batzordea alderdi politiko ugarik osatzen zutela erantzun zuen, baita kontserbadoreak ere. Azkenean, Kekkonenek bai Alemaniako Errepublika Demokratikoa (AED) eta bai Alemaniako Errepublika Federala (AEF), biak onartu zituen 1973an [4][5].
1974ean, bestalde, Kalevi Sorsa lehen ministroak Halonen aukeratu zuen bere parlamentu idazkaria izateko. Izendapen honekin batera, buru-belarri sartu zen politikan eta gobernuan eta bere ibilbideak aurrera salto izugarria eman zuen; horrela, kargu publiko asko eskuratzen hasi zen. Sorsa berberak Tarja Halonenen aukeraketa ez zuen beranduago arte argituko, eta orduan, Halonen Sindikatuen Organizazio Nagusiarekin lotura handia izateagatik parlamentu idazkari aukeratu zuela baieztatu zuen.
Aurreneko karguak
aldatuLehen esan bezala, parlamentu idazkaria izendatu zutenetik, aurreneko karguak eskuratu zituen. 1976ko udal hauteskundeetara aurkeztu zen Helsinkin eta 1996ra arte mantenduko zuen eserlekua lortu zuen bertako Udalbatzan. 1979an ere, Alderdi Sozial-Demokrataren hauteskunde orokorretako zerrendan aurkeztu eta Eduskunta edo Finlandiar Legebiltzarrean eserlekua lortu zuen. Ordezkaritza hau, aldiz, Finlandiako Presidente izendatu zuten arte mantenduko zuen, alegia, 2000. urtera arte. Legebiltzarrean sartu bezain pronto, batzorde lanetan hasi zen; 1979tik 1986ra Gizarte Gaietako Parlamentu Batzorde kidea (burua azkeneko bi urtetan), Presidentetza-hauteslea 1986ra arte eta Merkataritzako Parlamentu Batzordeko ordezkaria 1982ra arte izan zen. Gainera, Finlandiako Gizarte-segurantzako Parlamentu Administrazioko kidea izan zen 1980tik 1984ra eta 1982tik 1986ra arte, bestalde, Kanpo Arazoetako Batzordeko ordezkaria izan zen. Dena den, ez zituen politikaz gaindiko erakundeak alde batera utzi eta urtebetez, 1980ean, Seksuaalinen tasavertaisuus edo SETA sexu berdintasuna bultzatzen duen erakundeko burua izan zen. Buruzagitza honek Finlandiar Armadarekin zenbait buruhauste izatera ekarri dizkio azken urteotan [6].
Ministro lanak ere, goiz hasi zituen. Harri Holkeri lehen ministroaren eskutik Osasun eta Gizarte-arazoetako ministerioa eskuratu zuen 1987tik 1990ra. Gobernualdi horretan Herri Holkerik aldaketa ugari egin zituen, eta ministerioa zuzentzeko dohainak ikusi ondoren, Matti Louekoski ordezkatu eta Halonen Justizia Ministerioko buru izendatu zuen 1990etik 1991ra. Zenbait urtez Lankidetza Nordikoan, Zuzenbide Gaietako Batzordean eta Parlamentu Batzorde Nagusian ibili ondoren, azkenean, Halonenek presidentetza emango zion kargua eskuratu zuen eta Paavo Lipponenen gobernualdian Kanpo Harremanetako ministroa izan zen 1995tik presidente bihurtu zen arte [7].
Guztira, 3.238 egun izan zen ministro eta lan horretan gehien jardun duen Finlandiako emakumea da Sinikka Mönkäre ondoren.
Lehen Presidentetza 2000-2006
aldatuHalonenek 1999an Finlandiako Presidentea izateko nahia adierazi zuen eta 2000ko hauteskunde presidentzialetarako hautagaitza aurkeztu zion Alderdi Sozial-Demokratari. Orduko Martti Ahtisaari presidente alderdikideak bere hautagaitza berriz ez zuela aurkeztuko iragarri zuen eta Tarja Halonenen aurkari sozial-demokrata nagusiak Europar Legebiltzarrean zihaduen Pertti Paasio eta Europar Herriaren Defendatzailea zen Jacob Söderman bihurtu ziren. Hauteskundearen aurretikoetan, herritarrek eta alderdiaren oinarriak zion begikortasunagatik Alderdi Sozial-Demokratako kideek Tarja Halonen aukeratu zuten beren hautagai; guztira, 12.800 boto sozial-demokraten %61a lortu zuen.
Horrela, bat-batean, Alderdi Sozial-Demokrataren ezusteko hautagaia bihurtu zen, mundu tradizionala batere irudikatzen ez zuen hautagaia, besteak beste, alderdiko ezker-mutur hegala errepresentatzeagatik, Pentti Arajärvi izatezko bikotearekin bizitzeagatik, ama senargabea izateagatik, SETA erakunde homosexualarekin duen tratuagatik eta Finlandiako Eliza Luteranoaz arnegatzeagatik baitzen ezaguna herrialdean. Hasiera batean, inkestetan laugarren postuan azaltzen zen arren, Esko Aho, Riitta Uosukainen eta Elisabeth Rehnen atzetik, lehenbiziko itzulian aurreneko postua eskuratu zuen, bozen %40a. Garaipen hau entzutetsua izan zen, bigarren hautagaiari ateratako aldea ezustekoa bezain handia baitzen. Finlandian ohikoa denez, bigarren itzulia egiten da %50eko emaitzatik behera gertuen dauden hautagaiekin; hain zuzen, Halonenez gain, itzuli honetara igaro zen beste hautagaia Zentroko Esko Aho izan zen eta, guztira, bozen %34,4a eskuratu zuen aurreko itzulian. Azkenik, itzuli honetan ere Halonen suertatu zen garaile eta botoen %51,6az Finlandiako lehen emakumezko presidente bihurtu zen 2000ko martxoaren 1ean.
Tarja Halonen Errusiarekin harreman onena duen Europar Batasuneko agintaria da eta lehenbiziko presidentetzan zehar hainbat batzar izan zituen Dmitri Medvedev eta Vladimir Putin lehen ministroarekin. Laguntasun honek, herrialde baltikoen mesfidantza ekarri izan du eta Estonia, Letonia eta Lituaniak NATOn sartzeko eskaintza egin zutenean 2001ean Finlandia eta herrialde hauen arteko hainbat tirabira izan ziren. Izan ere, Finlandia, NATOn ez dagoen EBko herrialde bakarrenetakoa da eta Tarja Halonen berberak erakunde honen aurkako kritika asko esan izan ditu [8][9].
Presidentetza eman zion garaipen estua izan zen arren, hau lortu ostean, presidentearen ganberak inkesta bat egitea erabaki zuten. Inkesta hau, 2003ko abenduan gauzatu zen eta bertan, finlandiarren %88ak Halonen onesten zuela ikusi zen; horrela, Europa osoko agintari maitatuena bihurtu zen bere herritarren artean. Urte horretan bertan, Irakeko Filtrazioa edo Irak-vuoto izeneko eskandalua izan zen Finlandian. 2003ko hauteskunde orokorren kanpainan, Zentroko Anneli Jäätteenmäkik Irakeko Gerraren inguruko isileko dokumentuak publikoki jakinarazi zituen eta dokumentu hauek, Tarja Halonenen aholkulari batek filtratu zizkiola zabaldu zen. Anneli Jäätteenmäki lehen ministro izendatua izan zen arren, filtrazio hauengatik kargua uztera behartu zuten alderdikideek bi hilabetera [10].
Lehenbiziko presidentetza honetan, hainbat aldaketa egin zituen Finlandiar Armadan, besteak beste, buruzagiak aldatu eta lur minen erabilpena guztiz debekatu baitzituen. Buruzagi aldaketak, batik bat, Ipar Kareliako Brigadako buruak Tarja Halonen "emakume komunistaren" eta SETA sexu berdintasuna bultzatzen duen erakundearen arteko harremana kritikatu zuen iruzkinaren ondoren gauzatu ziren. Dena den, oro har, presidentzia honetan oso pertsona maitatua bihurtu zen Finlandian, errekurtso gutxiko familia batean hazi eta presidente liberal eta justua izatera iritsi baitzelako [11].
Bigarren Presidentetza 2006-2012
aldatu2005eko maiatzaren 20ean, Halonenek prentsaurreko bat eman zuen Mäntyniemi etxean eta bigarren aldiz presidentetzara aurkeztuko zela iragarri zuen, Alderdi Sozial-Demokratak bi egun lehenago bigarren aldiz aurkezteko eskatu baitzion. Alderdi honez gain, Ezker Elkartasuneko Suvi-Anne Siimes buruak eta Sindikatuen Organizazio Nagusiak ere, Tarja Halonen etorkizuneko kanpainan lagunduko zutela adierazi zuten. Hautagaitza ofizialki azaroaren 19an iragarri zen eta Alderdi Sozial-Demokratak eta Ezker Elkartasunak batera babestu zuten. Kanpaina oso gogorra izan zen, esate baterako, Sindikatuen Organizazio Nagusiak Sauli Niinistö aurkari nagusiaren aurka panfleto iraingarri asko argitaratu zituen eta horrek, Tarja Halonen babesten zuten Koalizio Nazionaleko boto-emaile asko atzera bota zituen.
Hala ere, Halonenek jarraitzaile ugari izan zituen, hala nola, Helsingin Sanomat Finlandiako egunkari nagusiak argitaratutako artikulu gehienak bere aldekoak izan ziren eta AEBetako Conan O'Brien aurkezleak, Halonenen antza duela-eta, Finlandiaraino etorri eta bere aldeko kanpaina humoretsua egin zuen. Hauteskunde aurreko inkestek bozen %50a baino gehiago ematen zioten Haloneni, baina lehenbiziko itzulian iragarpenak ez ziren bete eta botoen %46a eskuratu zituen. Bigarren itzulira, %24a lortu zuen Koalizio Nazionaleko Sauli Niinistörekin batera igaro zen. Hain zuzen, azken itzuli hau 2006ko urtarrilaren 29an ospatu zen eta herrialdeko bi bloke nagusiak jardun zuten norgehiagokan. Zentroko Alderdiak Sauli Niinistöri eman zion laguntza eta, ondorioz, Alderdi Sozial-Demokratak eta Ezker Elkartasunak babesten zuten hautagaiak gutxigatik irabazi zuen. Guztira, boto guztien %51,8a eskuratu zituen eta Tarja Halonen bigarren aldiz Finlandiako Presidente izendatu zuten [12].
Bigarren presidentetza honetan ere arazoak izan ziren herrialde baltikoen eta Finlandiaren artean, eta dena, Tarja Halonenen iruzkin baten ostean iritsi zen. Hain zuzen, Halonenek estoniarrak "estres egoera post-sobietarrean" zeudela esan zuen eta Estoniako Toomas Hendrik Ilves presidenteak erantzutea errefusatu zuen arren, ez zuen hitzek eragin zioten ondoeza ezkutatu. Hala ere, Finlandia eta Estoniaren arteko harremana bikaina dela eta bizikidetza harmoniatsua eta harreman kultural oparoa dutela esan daiteke [13][14].
Presidenteak, askotan bere eragina erabili izan du kartzela zigorrak leuntzeko; esate baterako, 2008an, gizona intsulina bidez hil zuen emakumeari eta Yoshio Tani japoniarrari zigorrak murriztu zizkien.
Gaur egun
aldatuHalonen presidentea Mäntyniemi jauregian bizi da Pentti Arajärvi jaunarekin. Hamabost urtez elkarrekin bizi ondoren, Tarja Halonen eta Pentti Arajärvi 2000ko abuztuaren 26ean ezkondu ziren zeremonia zibil baten bitartez eta lekukoak presidentearen Anna Halonen alaba eta Arajärviren Esko seme nagusia izan ziren; biak bikotearen aurreko harremanen fruitu dira. Zaletasun nagusiak, artearen historia, antzerkia eta igeriketa direla aipatu du eta guztira, lau hizkuntza maisuki menderatzen ditu, herrialdeko hizkuntza koofizialak diren finlandiera eta suediera, ingelesa eta estoniera [15].
Ikuspuntu politikoa
aldatuTarja Halonen, presidentetza eskuratu baino lehen eta Alderdi Sozial-Demokratan zegoen garaian, alderdi honen ezker muturrean zebilen, alegia, Ezker Elkartasuna alderdi komunistatik hurbil dagoen taldean. Horregatik, eta emakume baten eredu tradizionaletik kanpo dagoelako, besteak beste, Pentti Arajärvi izatezko bikotearekin bizi delako, ama senargabea delako, homosexualen eskubideak sutsuki defendatzen dituelako eta Finlandiako Eliza Luteranoaz arnegatu zuelako, Europa osoa harrituta utzi zuen herrikideek presidente aukeratu zutenean.
1960ko hamarkadan Halonenek Finlandian nagusi den Eliza Luteranoaz arnegatu zuen; emandako argibidea elizak eliztarrei egozten dizkien zergen eta emakumeak apaiz izateko debekuaren aurka zegoela izan zen. Gaur egun, emakumeak apaiz izateko aukera dute Finlandiako Eliza Luteranoan eta, ondorioz, Halonenek luteranoen espaloira itzultzeko arazorik ez duela adierazi du. Dena den, keinua gaizki ulertua izango den beldurrez, Eliza Luteranora bueltatzea baztertu du oraingoz. Hala ere, sutsuki parte hartzen du kristau gizarte ekintzetan eta Suomen setlementtiliitto kristau erakundeko buru izan zen 1990eko hamarkadan [16].
Finlandiarrek "Bakezaleen Ama" deritzote, eta bere garaian SESBekin harreman estua izan zuen arren, betidanik giza eskubideen betetzea aldarrikatu izan du. Presidentetzara iristean, kanpo-politkan ez zuela militarki parke hartuko aldarrikatu zuen eta lur minen erabilpena debekatu zuen Finlandiar Armadan. Dena den, Bigarren Mundu Gerraren hondamendia ondoren, politika bakezale hau oso ohikoa da Finlandian. Izan ere, independente estatusa mantentzeko, Mundu Gerran SESBen eta Alemaniaren laguntzaren artean ibili zen, eta horregatik, gogorki zigortua izan zen. Gaur egun, oraindik, NATO biziki kritikatzen duen Europar Batasuneko herrialde bakarrenetakoa da [17].
Lehen esan bezala, Tarja Halonen, Seksuaalinen tasavertaisuus edo sexu berdintasuna aldarrikatzen duen SETA erakundearen burua izan zen 1980ko hamarkada hasieran. 1990. urtean Justiziako ministroa bihurtu zenean, talde honek homosexualen eskubideak defendatuko zituela uste izan zuen. Hala ere, Halonenek beranduago argitu zuenez, gobernuaren presioak bere helburuak gauzatzea galarazi zuen. 2003an, bestalde, Tony Halme parlamentariak eta borrokalari ospetsuak Halonenen aurkako adierazpen gutxiesgarri bat bota zuen:
« | ...lesbiana bat dugu presidentetzat eta ni parlamentaritzat. Denak posible dirudi [18]. | » |
Halonenek ez zuen adierazpen honi buruzko aipamenik egin eta Tony Halme gaizki ulertua izan zela azaltzen saiatu zen arren, "Presidenteak lesbiana itxura duela" eta antzeko adierazpenen bidez, finlandiar prentsak gogor ekin zion. 2005ean, baimendutako biografia batean, Tony Halme ordez, Tarja Halonenek armairuan dauden finlandiar politikariak salatu zituen, besteak beren eskubideen alde borrokan dauden bitartean, hauek ezkutuan jarraitzen dutelako [19].
Kritikak
aldatuHalonenek zerbitzariak eta Alderdi Sozial-Demokratako kide batzuk gogor hartu eta iraindu egiten dituelako zurrumurrua dago, dena den, gaur egun arte, tratu txarrak salatu dituztenek ez dute ezer frogatzea lortu [20].
Gogor kritikatu izan dute Koalizio Nazionaleko kideek NATOren aurka eginiko adierazpenengatik. Gainera, kargu ofizialak izendatzeko irizpidea kutunkeria edo faboritismoa izan dela salatu izan diote [21].
Ibilbide politikoaren bilakaera
aldatu- Alderdi Sozial-Demokratako kidea: 1971-2000
- AED Onartzeko Batzordeko presidenteordea: 1972-1973
- Lehen Ministroaren Parlamentu-idazkaria: 1974-1975
- Helsinkiko Udalbatzako batzarkidea: 1977-1996
- Eduskuntako parlamentaria: 1979-2000
- Gizarte Gaietako Parlamentu Batzordeko kidea: 1979-1986 (burua 1985-1986)
- Merkataritzako Parlamentu Batzordeko ordezkaria: 1979-1982
- Presidentetza-hauteslea: 1979-1986
- Finlandiako Gizarte-segurantzako Parlamentu Administrazioko kidea: 1980-1984
- Kanpo Harremanetako Batzordeko ordezkaria: 1982-1986
- Osasun eta Gizarte-arazoetako ministroa: 1987-1990
- Lankidetza Nordikoko ministroa: 1989-1991
- Justiziako ministroa: 1990-1991
- Zuzenbide Gaietako Batzordeko kide eta presidenteordea: 1991-1995
- Parlamentu Batzorde Nagusiko kidea: 1993-1995 (burua 1995)
- Kanpo Harremanetako ministroa: 1995-2000
- Finlandiako Presidentea: 2000-gaur egun
Ohorezko tituluak
aldatu
|
|
Erreferentziak
aldatu- ↑ Henkilötiedot Presidentti. 2011.03.04
- ↑ Elämäkerta Presidentti. 2011.03.04
- ↑ Eduskunta Halonen kansanedustajana. 2011.03.04
- ↑ Helsingin Sanomat 2007.09.13
- ↑ DDR:n varjo vielä valaisematta[Betiko hautsitako esteka] Turun Sanomat] 2011.03.04
- ↑ Presidentti 2011.03.04
- ↑ Ministerikortisto[Betiko hautsitako esteka] Valtioneuvosto. 2011.03.04
- ↑ Baltian maiden liittyminen Natoon epäilyttää MTV3. 2001.04.08
- ↑ Nato-lausunnoista kohu MTV3. 2001.05.07
- ↑ Manninen leaked secret documents out of job frustration Helsingin Sanomat. 2004.03.19
- ↑ Halonen criticised as global do-gooder Helsingin Sanomat. 2004.04.26
- ↑ Toinen keirros Tuomioja. 2011.03.04
- ↑ Halonen nimitti Viljasen sisäministeriön kansliapäälliköksi Helsingin Salomat. 2008.08.15
- ↑ Halonen nimitti Viljasen sisäministeriön kansliapäälliköksi Ilta-Sanomat. 2008.08.15
- ↑ President of the Republic Tarja Halonen answers children's questions Presidentti. 2008.08.02
- ↑ Tarja Halosen setlementtiliike Presidentti. 2000.03.06
- ↑ Kakkonen puolustelee kommenttejaan Iltalehti. 2008.06.03
- ↑ Finnish Pres called Lesbian Windy City. 2011.03.04
- ↑ Ranneliike 2011.03.04
- ↑ Vapaasana 2011.03.05
- ↑ Tarja Haloselle: Suomen ei pidä suosia terroristeja![Betiko hautsitako esteka] Aamulehti blogit. 2010.07.22
Kanpo estekak
aldatu- Finlandiako Alderdi Sozial-Demokrata (Finlandieraz)
- Halonen, Tarja Kaarina (Finlandieraz)
- Tarja Halonen & SETA (Ingelesez)
Aurrekoa Matti Louekoski |
Justiziako ministroa 1990-1991 |
Ondorengoa Hannele Pokka |
Aurrekoa Paavo Rantanen |
Kanpo Harremanetako ministroa 1995-2000 |
Ondorengoa Erkki Tuomioja |
Aurrekoa Martti Ahtisaari |
Finlandiako Presidentea 2000-2012 |
Ondorengoa Sauli Niinistö |