[go: up one dir, main page]

Mendebaleko euskara

euskalkia

Mendebaleko euskara euskalkirik mendebaldekoena da, usadioz bizkaiera deitua. Mendebalekoa izendapena zehatzagoa da, euskalki hori zer lurralde eremutan egiten den kontuan hartuta. Izan ere, Bizkaian ez ezik, Gipuzkoako Debagoiena eta Debabarrena eskualdeetan eta Arabako Aramaio eta Legutio udalerrietan ere erabiltzen da. Horrenbestez, euskalkirik hedatuena da. Gainera, Arabako euskara zena euskalki horren barruan sailkatzen da, eta Burgosko eta Errioxako euskararen arrastoek mendebaleko euskararen ezaugarriak dituzte.

██ Mendebaleko euskara Euskalkien mapa, Koldo Zuazoren XXI. mendeko sailkapenari jarraituz.

Azpieuskalkiak eta hizkerak

aldatu
 
Mendebaleko euskararen gaur egungo mapa (Koldo Zuazo, 2015).
Ines Osinaga arrasatearra, Gose taldeko abeslaria, Koldo Zuazorekin berbetan, Arrasaten egiten den mendebaleko euskararen erakusgarri.

Mendebaleko euskara ez da homogeneoa: azpieuskalki bi (sartaldekoa eta sortaldekoa) eta zortzi hizkera nagusi ageri dira. Garbia da azpieuskalki bien arteko aldea, nahiz eta oharkabean egiten den batetik besterako bidea: Busturialdeko hizkerek, iparraldean, eta Otxandio-Oleta-Ubide aldekoek, hegoaldean, egiten dute bien arteko lotura.[1]

Sartaldeko azpieuskalkiak lurralde eremu hau hartzen du: Uribe-Kosta, Mungialdea, Txorierri eta Nerbioi ibarra, Zeberio, Arratia eta Orozko. Sortaldekoak, aldiz, beste hau: Lea-Artibai, Durangaldea, Aramaio, Debagoiena eta Debabarreneko Mallabia, Ermua, Eibar eta Soraluze.[2]

Mendebaleko euskalkiak, bestalde, tarteko hizkera hauek ditu:[2]

Mendebaleko euskararen mugak, historian

aldatu
 
1603ko Plentziako Torrebarri jauregiko armarria eta euskarazko epigrafea: Muxica areriocaz agica Butroe celangoa da Oroc daquie garaia nago eria gordeago

Badirudi mendebalekoa gainerako euskalkiak baino lehenago sortu zela, VIII. mendearen inguruan[3] (gaur egungo euskalarien arteko tesi nagusiaren arabera, gainerakoak XI-XII. mendeetan bereizi ziren).[3][4] Goi Erdi Aroan, mendebaleko euskara Bizkaian eta Araban egiten zela badakigu, dokumentuen eta toponimoen bidez; gainera, Errioxa Garaian eta Burgosko probintziako ekialdean ere egiten ei zen, toponimiak utzitako arrastoei begiratzen badiegu.[3][5]

Hainbat adituren ustez —Koldo Zuazo, Kike Fernandez de Pinedo eta Xabi Otsoa de Alda, kasu—, mendebaleko euskalkiaren ezaugarriak sortzeko gune nagusia Gasteiz izan zen XII. eta XIII. mendeen bitartean, eta handik Araba osora, Bizkaira, Deba ibarrera eta Errioxara zabaldu ziren; bai eta, ahulago, Urolaldera, Goierrira eta Nafarroa Garaiko mendebaleko hiru ibarretara (Burunda, Ameskoak eta Lana) ere.[3][6][7]

Geroztik, mendebaleko euskalkiaren mugek oso atzera egin dute hegoaldean: lehendabizi Burgosen eta Errioxan galdu zen, eta gero Araban (Legution eta Aramaion izan ezik). Bestetik, ekialdean, erdialdeko euskalkiaren iparraldeko azpieuskalkiarekiko muga ere aldatuz joan da, dela inguru horretako hizkerek izandako aldaketengatik, dela sailkatze irizpideen arteko aldeengatik. Kontuan hartu behar da, izan ere, hizkera biziek izaten dituzten aldaketez gainera, dialektoen sailkapena ezarri duen euskalarietako bakoitzak bere irizpideak erabili dituela horretarako, eta irizpide horiek gero eta zehatzago eta zientifikoagoak direla, oro har. Hala, bada, euskalariek honela ikusi dituzte euskalki bien arteko mugak gaur arte:

« En Elgoibar y más en Eibar empieza el dialecto de Vizcaya en mucha parte: eman eustan, egin eben, buruagaz, etc., y corre por Placencia, más o menos por Vergara, Mondragón, Arechavaleta, Escoriaza, Salinas, Oñate y todas aquellas aldeas. En la marina de Motrico hasta Fuenterrabía apenas hay distinción del dialecto común de Guipúzcoa. »
Manuel Larramendi (1754): Corografía de Guipúzcoa, 1969, 301. orrialdea
« Respecto a los límites [del dialecto vizcaíno] establecidos por el Príncipe para el dialecto, hemos modificado el oriental, con la exclusión de la población de Elgóibar, que del dialecto vizcaíno (variedad de Vergara) pasa a formar parte del guipuzcoano (variedad de Azpeitia). »
Pedro Irizar: Morfología del verbo auxiliar vasco, Euskaltzaindia, 2008. 5. orrialdea
  • Koldo Zuazoren 2008ko mapan, Deba, Mutriku, Mendaro eta Elgoibar bi azpieuskalkion arteko lotura eremutzat ageri dira —Deba, ez osorik: udalerriaren iparraldea, kostaldeko zerrenda (hirigunea barne), gipuzkeratzat markatzen du; eta gainerakoa, lotura eremutzat—,[8] 1999an Deba ibarreko euskararen gaineko azterketan esandakoa berretsiz.[9] 2015eko mapan, aldiz, Deban jadanik bete-betean Urolaldeko gipuzkera egiten dela ageri da.[10]

Ezaugarriak

aldatu

Fonologia (ahoskera)

aldatu
  • Ahotsak[11][12] proiektuko testigantzekin osatutako bideoa.
    Hitz askotan, u vs. i: uri / hiri, urun / irin, ule / ile, urten / erten / irten, uger egin / igeri egin, uzen / izen... Ez dakigu bi aldaeretatik zein den zaharrena.
  • -a amaieradun hitzei -a artikulua eranstean: -a + -a > -ea: neska + -a > neskea, -ea horretatik, hizkeren arabera -ia, -ie, -i edo -e sortzen dira: neskia, neskie, neski, neske.
  • Lau txistukariak bitara ekartzea: batetik, s eta z > s kontsonantean berdintzen dira; bestetik, tz eta ts > tz dira beti. Gipuzkoako iparraldeko herri askotan ere halaxe gertatzen da.
  • Hitz askotan, gainerako euskalkietan e dagoenean, mendebalean a dago: barri / berri, andra / andre, alkar / elkar.
  • Aditzetan, g mendebaldean: erabagi / erabaki, jagi / jaiki.
  • itz > tx: (h)aritz > aretx, (h)aitz > atx, gaitz > gatx.
  • iz > x: (h)aize > axe, goizean > goxean, eleiza > elexa.

Izen morfologia

aldatu
  • Soziatiboa: -gaz singularrean eta -kaz pluralean: laguna(ga)z eta lagunakaz. Pluraleko -kaz hori sartaldean sortaldean baino gehiago entzuten da. Sortaldeko hiztun batzuek -kin bakarrik erabiltzen dute, singularrean zein pluralean.
  • Destinatiboa: -rantz(a) sartaldean eta -runtz sortaldean.
  • Aditz izenak mugimenduzko aditzen osagarri direnean eta norabidea edo helburua adierazten dutenean, -ten mendebal gehienean: afalten goiaz = afaltzera goaz, eitten noie = egitera noa.
  • Partitiboa esapide batzuetan erabiltzen da: kalerik kale, etxerik etxe, mendirik mendi vs. kalez kale, etxez etxe, mendiz mendi.
  • Sarritan, onetan, 'honetan' nahiz 'hauetan' adierazteko erabiltzen da, azentua gorabehera; pluralean, oneitan ere entzuten da. Onék eta ónek, onégaz eta ónekaz, aretara eta áretara, singularra eta plurala, hurrenez hurren.
  • Izenordainak zehaztugabeak: zeozer, nonor, nonoz lakoak, eta horietatik eratorritako zeozelan, nonogaz, nonondik mendebaleko berrikuntza da. Dena den, edozelan, edonor eta edonoiz ere mendebalean esaten dira.
  • Izenordain indartuak: neu, (h)eu, zeu, geu, zeuok vs. neroni / nihaur, herori / hihaur, zerori / zuhaur...
  • Gaztelaniatiko -ción atzizkia > -iño: erlazino, konfesino (erdialdeko euskaran konfesioa, ekialdean eta Iparraldean, konfesionea).

Aditz morfologia

aldatu
 
Aditz laguntzailearen taula osoa, bizkaiera batuan.
  • NOR-NORI-NORK saileko adizkietan, eutsi errotik hartutako formak: deutsat 'diot', deust 'dit', deusku 'digu'... aldaera askorekin.
  • Antzinako idatzietan *ezan erroa ohikoa zen, baina egungo mendebaleko euskaran egin-ek ordezkatu du: daigun 'dezagun', leikezu 'dezakezu', ekarri eixu 'ekar ezazu', e.a.
  • *edun iragankorreko orainaldiko adizkietan (dut, dute...), -o- eta -au-: nik dot, hik don, zuk dozu, hak dau, guk dogu, zeuok dozue, hak dabe (<*daue).
  • *edun iragankorrekoetan (nuen, zuten...), -eu- > -eb-: nik neban, (h)ak eban (hark) zuen, (h)ak eben (haiek)zuten... baina hiztun gehienek zuk zenduan, guk genduen, zuek zenduen.
  • NOR-NORI: jat(a), jak/n, jako, jaku, jatzu, jatzue, jake. Hasierako j-, sartaldean y-, erdialdean dx- eta sortaldean [x] igurzkari belarra ahoskatzen dute (gaztelaniazko jamón hitzean bezalakoa).
  • *-io- aditzeko formak Mendebalean honela dira: dinot, dinozu, dino, e.a. Beste euskalkietan ez bezala, NOR-NORI-NORK sailekoak gorde ditu: zuk niri dinostazu (zuk niri esaten didazu).
  • Partizipioak gaztelaniatiko mailegu berrietan:
a) -ado > -au: pentsau, akabau, amenazau eta abar. Bestela da mailegu berriak ez direnetan: barkatu / parkatu, bukatu, bekatu / pekatu, eta abar.
b) -ido > -idu: korrejidu, sentidu, mobidu / mogidu, eta abar.

Hiztegia

aldatu

Hiztegian hainbat alde daude eskualdetik eskualdera, baita herri batetik bestera ere askotan (adibidez, bizkaieraz egiten duten hainbat tokitan nahi eta gaizki berbak erabiltzen dituzte; horiek ere badira bizkaiera, nahiz eta zerrenda honetan euskara batuko azalpentzat agertu).[13] Hemen hitz ezagun batzuk baino ez ditugu bistaratuko. Hiztegia.net webguneko «Herriz herri» atalean, tokian tokiko hiztegi batzuk kontsultatzeko modua dago. Azken urteotan gai horretaz lan gehien egin eta argitaratu duen ikerlaria Iñaki Gaminde da.

  • abade: apaiz.
  • agorril: abuztu.
  • aitaita: aitona.
  • amaitu: bukatu.
  • amama: amona.
  • amata(t)u: itzali.
  • artaziak: guraizeak.
  • bagil: ekain.
  • baltz: beltz.
  • bariku: ostiral.
  • barri: berri.
  • baso: mendi.
  • batzar: bilera.
  • beilegi: hori
  • berba: hitz.
  • berakatz: baratxuri.
  • domeka: igande.
  • ederto: ederki.
  • edur: elur.
  • eguazten: asteazken.
  • eguen: ostegun.
  • ei: omen.
  • erdu: etorri (inperatiboa).
  • ete: ote.
  • garagarril: uztail.
  • gatzatua: mamia.
  • gitxi: gutxi.
  • gura: nahi.
  • izara: maindire.
  • izeko: izeba.
  • lorail: maiatz.
  • ilbaltz: urtarril.
  • indaba: babarrun.
  • jaramon: kasu, arreta.
  • jezarri: eseri.
  • jausi: erori.
  • jorrail: apiril.
  • kirikino: triku.
  • karu: garesti.
  • korta: ukuilu.
  • labandu: labaindu, irristatu.
  • lantzean behin: noizean behin.
  • lapiko: eltze.
  • lar, larregi: gehiegi.
  • le(ge)z: bezala.
  • lei: izotz.
  • lepo: bizkar.
  • lotu: gelditu.
  • madari: udare.
  • mailuki: marrubi.
  • mihin: mihi.
  • martitzen: astearte.
  • mosu: aurpegi.
  • motz: itsusi.
  • odoloste: odolki.
  • okela: haragi.
  • olgeta: jolas.
  • oratu: heldu.
  • ortu: baratz.
  • osatu: sendatu.
  • oste: atze.
  • ostarku: ostadar.
  • otu: bururatu.
  • papar: bular.
  • pernil: urdaiazpiko.
  • sama: lepo.
  • txarto: gaizki.
  • txiker: txiki.
  • txilio: garrasi.
  • udagoien: udazken.
  • uger egin: igeri egin.
  • uri: hiri.
  • urre: hurbil.
  • urrin: urrun.
  • uzki: ipurdi.
  • zapatu: larunbat.
  • zarama: zabor.
  • zelan: nola.
  • zemendi: azaro.
  • zezeil: otsail.

Literatura

aldatu

Historia

aldatu

XVI. mendean, Esteban Garibai (1533-1599) arrasatear historialariak jasotako balada eta eresiak mendebaleko euskararen lekuko zaharrenetakoak dira. Joan Perez de Lazarraga arabarrak gutxi gorabehera 1567tik 1602ra bitartean idatzitako lanak biltzen dituen eskuizkribu bat 2005ean aurkitu zen, Madrilgo liburu zaharren denda batean. Lazarragaren eskuizkribua Hego Euskal Herriko euskarazko idazlan literario zaharrena da; eta haren euskara mendebaleko euskaratik —eta, zehazkiago, Debagoiengo euskaratik— hurbil dago, nahiz eta beste euskalkietako ezaugarri asko ere badituen (Rosa Miren Pagolaren hitzetan, «mugako hizkera denik ere zail da ukatzen»).[14] XVIII. mendean, Pedro Ignazio Barrutia (1682-1759) Arrasateko eskribau aramaioarrak idatzitako Acto para la nochebuena ("Gabonetako ikuskizuna"), ezagutzen den Hegoaldeko antzezlan zaharrena da.

Mendebaleko euskara literatur euskalki moduan XIX. mendetik aurrera hasi zen gorpuzten, bereziki Juan Antonio Mogel eta Pedro Antonio Añibarroren lanetatik abiatuz. Mogelek Markinako euskara hartu zuen eredutzat eta Añibarrok, berriz, Arratiakoa.

XX. mendean, Jaime Kerexetak Biblia bizkaierara itzuli zuen, 1976an.

Idazleak

aldatu

Bizkaierazko idazle aipagarrien artean, hauek ditugu ezagunenetarikoak:

Hiperbizkaiera

aldatu

Hiperbizkaiera terminoa[15] Koldo Mitxelenak asmatu zuen, XX. mendearen hasieran Bizkaiko idazle garbizaleak erabiltzen hasi ziren euskara eredua izendatzeko.

« Desde hace años, acaso desde finales del- siglo pasado, ha hecho estragos el deliberado empeño de confundir el vizcaíno con lo que yo he llamado (...) hipervizcaíno, formado con solo aplicar la regla que sigue: algo es vizcaíno de lengua si y solamente si sólo aparece ahí y falta en las demás variedades de la lengua (de la cual se sigue suponiendo, sin embargo, que es dialecto el vizcaíno); si no se alcanza esa perfección extrema, siempre deseable, algo es vizcaíno en la medida en que tiene menos copartícipes o, en otras palabras, en la medida en que no es vasco común. »

—Koldo Mitxelena, 1981, Anuario del Seminario de Filología Vasca «Julio de Urquijo» XV, 291-313 or. eta Palabras y Textos (1987), 35-55 or.


Itzulpena:

« Duela zenbait urtetatik hona, beharbada joan den mende bukaeratik, kalteak eragin ditu bizkaiera neuk hiperbizkaiera deitu dudanarekin nahasteko berariazko ahaleginak, honako erregela hau aplikatuz osatzen dena: Zerbait hizkuntzaz bizkaitarra da, baldin eta soilik baldin horretan baizik agertzen ez denean eta gainerako hizkuntza-aldaeretan falta denean (bizkaiera, hala ere, hizkuntza horren aldaeratzat hartzen jarraitzen da); beti desiragarria den erabateko perfekzio hori ez baldin bada erdiesten, zerbait bizkaiera izango da partaide gutxiago dituen neurrian, edo bestela esanda, euskara komuna ez den neurrian. »

Idazle haiek mendebaleko euskarak gainerako euskalkiekin dituen ezaugarri komunak saihesten ahalegintzen ziren, horiek euskara giputzetik "kutsatutako" forma arrotzak zirelakoan. Hala, soilik Bizkaian (edo Bizkaiko txoko batzuetan) erabiltzen ziren adizkiak eta hitzak aukeratzen zituzten: gura (latinezko gula(m)-etik), mendebalekoa ere baden nahi-ren ordez; jagon, zaindu ohikoagoaren ordez; eragon, Orozko eta Zeberion bakarrik erabilitako aditza, jardun-en ordez, besteren artean.

Joera horren hasiera, Juan Mateo Zabala bilbotarrak 1848an argitara emandako Verbo regular del dialecto vizcaíno gramatika-lanean dagoela dirudi. Geroago, Resurreccion Maria Azkueren Euskal Izkindea-Gramática Euskara lanak, aranazaleei garbizalekeriaren bidea ireki zien, nahiz eta gero Azkuek berak bide hura gaitzetsi.[16] Juan Mateo Zabalak bizkaiera bizitik aditz forma "erregularrenak" aukeratzen zituen, horiek forma zaharrenak zirela iritzita. Beraz, Zabalari gintzazan bezalako formak giñean bezalakoak baino "jatorragoak" zirela begitantzen zitzaion, batzuk besteak baino erregularragoak zirela-eta. Azkuek, berriz, urrats bat gehiago eman eta forma horien biziaz harago egin zuen eraikuntza, hau da, inoiz izan gabeko aditz formak asmatu zituen: hark eraikitako jatorrizko euskaran, izan-en orainaldiko adizkiak honako hauek ziren: ni nai, i ai, a dai, gu gaiz, zu zaiz, arek daiz.[16]

Ia beti, hiztunek analogiaz sortutako adizki berriagoak ziren jatortzat hartzen zirenak, eta muturrera eramandako joeretan, herriak darabiltzan adizkiak baztertu eta berriak asmatzen ziren. Hala, ordu arte bizkaiera idatziaren tradizioan erabat arruntak ziren ditut, ditudaz, ditugu, dituez eta antzekoen ordez, hiperbizkaierazaleek adizki analogikoak hobetsi zituzten: dodaz, doguz, dozuz eta abar. Era berean, Mendebaleko literaturan erabat orokorra zen ditu(z) formari, herri gutxi batzuetako dauz berrikuntzak hartu zion tokia testu idatzietan, ia erabat ordezkatzeraino.

Egungo egoeran, mendebaleko euskararen eredu literarioa bultzatu eta zabaldu nahi duten taldeen barruan, oraindik bizirik dirau euskara horren ezaugarri bereziak nabarmentzeko gogoak. Batzuetan, batasunaren kalterako.

Elkarteak

aldatu

Labayru ikastegiak mendebaleko euskara era akademikoan lantzen du 1970etik, informazio zabal-zabala eskainiz, eta horren inguruko ikastaroak ere antolatzen ditu. Egoitza Nagusia eta Hizkuntza Arloa Bilbon dauka eta Etnografia Arloa eta Euskal Biblioteka, Derion.

Mendebalde Kultura Alkarteak euskalkiaren inguruan era zehatzean lan egiten du, helburuak hauexek izanda, haien hitzetan:

« Euskal Herriko mendebaldeko euskereak, bizkaiera izenaz ezagutzen danak, euskera batuari eskaini leikion ondarea ikertzea eta indartzea, honan euskera bera ikertu eta indartuz; bestetik, mendebaldeko euskerearen corpusa eta estatusa jagotea, jorratzea eta bultzatzea. »

Hedabideak

aldatu

Irratiak

aldatu

Aldizkariak

aldatu

Telebistak

aldatu

Egunkariak

aldatu

Blog komunitateak

aldatu
  • Bizkaie aldizkari elektronikoaren blog komunitatea, euskalkidun egileek osatua.

Hortik kanpo, Bizkaiko eta Deba ibarreko blogari bakan batzuek ere mendebaleko euskara erabiltzen dute.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Koldo ZUAZO: «Ezaugarriak», Euskalkiak.
  2. a b Koldo ZUAZO: Euskalkiak. Herriaren lekukoak, Elkar, 2004.
  3. a b c d Koldo Zuazo (2010): El euskera y sus dialectos, Alberdania, 2010.
  4. Koldo Mitxelena (1981): «Lengua común y dialectos vascos», Palabras y textos, Euskal Herriko Unibertsitatea, 1987.
  5. Koldo Mitxelena (1976): «Onomástica y población en el antiguo reino de Navarra: la documentación de San Millán», Palabras y textos, Euskal Herriko Unibertsitatea, 1987.
  6. Koldo Zuazo (1997): "Euskara Araban", Uztaro, 21. zenbakia.
  7. (Gaztelaniaz) Beatriz Corral (2008) «El euskera vizcaíno nació en Vitoria», Kike Fernandez de Pinedori eta Xabi Otsoa de Aldari eginiko elkarrizketa, El Correo, 2008-05-22.
  8. Koldo Zuazo: Euskalkiak: euskararen dialektoak, Elkar, 2008.
  9. «Saio honetan ikusittakuak erakusten dabenez, Debabarreneko berbetak egitten dabe mendebaleko euskalkixaren eta erdialdekuaren arteko loturia, eta baitta, beste negurri baten, Antzuola eta Bergara aldekuak be.» (Koldo Zuazo [1999]: Deba ibarreko euskeria. Antzuolako, Aramaioko, Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako, Eibarko, Elgoibarko, Eskoriatzako, Leintz-Gatzagako, Oñatiko eta Soraluzeko udalak, 1999.)
  10. Koldo Zuazo: Euskalkiak.com.
  11. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
  12. «Ahotsak ikasgelan» ikasgelan.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
  13. Xabier Amuriza: Bizkaierazko gitxieneko hiztegia.
  14. Pagola, Rosa Miren, 2006, «Lazarragaren eskuizkribua: grafiak, hotsak eta hitzak», in C. Isasi Martínez & S. Gómez Seibane (arg.), Lingüística Vasco-Románica. I Jornadas = Euskal-Erromantze Linguistika. I. Jardunaldiak. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 539-561 (= Oihenart 21).
  15. Itziar Laka Mugarza, «Hiperbizkaieraren historiaz I», 1987, ASJU 21, 409-421
  16. a b «Azkue eta hiperbizkaiera» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-08-24).

Kanpo estekak

aldatu