[go: up one dir, main page]

Pedro Antonio Añibarro

euskal idazlea

Pedro Antonio Añibarro Ugalde (Areatza, Bizkaia, 1748ko abenduaren 5a - Zarautz, Gipuzkoa, 1830) euskal idazlea izan zen. Juan Antonio Mogelekin batera bizkaierazko literaturaren aitatzat hartzen da.

Pedro Antonio Añibarro

Bizitza
JaiotzaAreatza1748ko abenduaren 5a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaZarautz, 1830 (81/82 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijio-ordenaAnaia Txikien Ordena

Literaturaren Zubitegia: 371

Bizitza

aldatu

1764an San Frantziskoren Ordenan sartu zen Bilboko komentuan eta 1772an apaiztu. 1790ean Zarauzko Misiolari Ikastetxean onartu zuten eta han egon zen hil artean. 1794an, Konbentzio Gerran frantsesek Gipuzkoan sartu zirenean, preso harturik Frantziara eraman zuten. Handik bi hilabetera itzuli zen eta berriro gerra ezagutu zuen, 1808tik 1814ra luzatu zen Iberiar Penintsulako Gerra, alegia.

Misiolari gisa Hego Euskal Herriko hizkerak sakon ezagutzeko aukera izan zuen, eta ezagutza horrezaz baliatu zen nafarreraz, gipuzkeraz eta bizkaieraz idazteko. Azken euskalki honetan egin zituen lan gehienak eta ezagunenak, bizitzan zehar landuz joan zen bizkaiera orokor xamar batean.

Añibarro eta bizkaiera

aldatu

Añibarrok, Mogelek eta Frai Bartolomek bezala, bizkaiera erabili eta landu zuen bere lanetan, euskalki honetaz literatura hizkuntz ereduzko bat moldatuz, ordura arte bizkaieraz idatzirikoa gutxi eta han-hor-hemen zabaldua baitzegoen.

Añibarro eta Mogel bat zetozen Bizkaian bertako euskalkia erabili behar zela eliz zereginetan: hala sermoietan nola katekesi liburuetan. Idazterakoan zein bizkaiera mota behar zen, ez zeuden ados. Izan ere Añibarrok zabalago eta, gaurko ikuspuntutik, zentzudunago jokatzen zuen, artikuluak eta hitzen bukaerak ondo bereiziz, lekuan lekuko fonetismoak gaitzetsita; Mogelek, berriz, herrian –Markinan– hitz egin eta entzun bezalaxe idazten zuen, bitxikeria fonetiko guztiak maila idatzian ere gordetzen zituela. Añibarro Manuel Larramendiren mireslea zen, haren eragina maila teorikoan nabarmena izanik; euskarazko liburuetan, berriz, gutxitan erabili zituen hark sorturiko neologismoak.

Ekinbide literarioa

aldatu

Obra askoren egilea izan zen Añibarro: debozio liburu anitz, itzulpenak, hizkuntzari buruzko tratatuak eta erdara-euskara hiztegia. Liburu horietariko asko, diru eskasia zela eta, autorea hil ondoren eman ziren argitara, beste batzuk argitaratu gabe gelditu zirelarik.

Berak egindako ebanjelioen itzulpena, osoa nahiz zatiren batena, idazle askoren ikerlana izan da.

Bakar batzuk aipatzearren, Salaberri Ibarlakoaren San Mateoren ebanjelioaren itzulpena dugu, behe-nafarreraz, Bonaparte printzeak argitaratu zuena hamabi ale kaleratuz. 1856an, zubereraz, Emmanuel Intxauspek itzuli zuen San Mateoren ebanjelioa, Bonapartek ordaindu eta beste hamabi aletan banatuz. Añibarroren eskuizkributan gordetzen denaz gain, Elkanoko Lizarragak Jesus-Cristoren evangelio sandua Juanec dacarren guisara. Don Joaquin Lizarragac euscaran itzulia itzez itz, daiken diña, egiaren amorez, ta Luis Luciano Bonaparte principeac arguitara emana liburua 1868an argitaratu zuen Bonaparteren laguntzaz. 1838an Oteiza medikuak San Lucasen ebanjelioaren itzulpena argitaratu zuen Madrilen George Borrowek eskatuta. Badira, era berean, lan horretan jardun duten beste idazle gehiago ere, hala nola, Manuel Arriandiaga bizkaitarra, etab.

Aurrekoak bezala argitaratzeke gelditu zen Artzai-Adibideac, Toledoko artzapezpikuaren gutun pastoral baten itzulpena. Añibarroren estiloa didaktikoa da, gauzen azalpena helburu duena, argia baina ez distiratsua; sinonimoak pilatzera jotzen du, eta honek alde batetik hizkuntzari aberastasuna badakarkio, halako astuntasuna damaio bestetik.

1802an Iruñean argitara emandako Pedro Antonio Añibarroren Cristau Doctriña Ceñetan Eracusten baitire gure Fede Sanduco gauzaric bearrenac obraren inprentako frogak (KOLDO MITXELENA Kulturunea). 
Pedro Antonio Añibarroren Cristau Doctriña Ceñetan Eracusten baitire gure Fede Sanduco gauzaric bearrenac obraren inprentako frogak (Koldo Mitxelena Kulturunea).

Hil ondoren argitaraturiko lanak:

  • Gurutze Santuaren, Aita Gure ta Ave Mariaren ganeco Eracusaldiac (Durango, 1879; beherago aipatzen den Misionari Euscaldunaren zatia).
  • Gueroco Guero. Axularren klasikoaren bizkaierazko itzulpena, Añibarrok gordintzat zeuzkan pasarteez arindua. RIEV-en 1923tik harat argitaratzen hasia (42 kapitulu).
  • Catálogo de los pueblos vascongados de Vizcaya, Guipúzcoa y Navarra (Eusk. Adisk. Bol., 1956). Pastoraltzaren premiei begira egindako zerrenda hau, Libro de Becerro edo Crónica del Colegio de Zarauz liburuaren zati gisa emana, garrantzizkoa da 1820. urte inguruan euskararen mugak zein ziren ezagutu ahal izateko.
  • Voces Bascongadas Diferenciales de Bizcaya, Guipúzcoa y Navarra (Caja de Ahorros Vizcaína, Bilbo, 1963). Manuel Larramendiren eragin nabarmena duen arren, dirudienez herriaren ahotik zuzen harturiko hitz asko biltzen ditu hiztegi honek.
  • Gramática Bascongada para el uso y alivio de párrocos y predicadores bizcainos, guipuzcoanos y navarros (An. Sem. Fil. Vas. Julio de Urquijo, 1969). Hiru euskalkien aditz jokoaren azterketa, bereziki bizkaierazkoa, aurrekoa bezala L. Villasantek argitara emana.

Argitara eman gabekoen artekoak dira:

  • Misionari Euscalduna, Cristiñau dotriña ta Sermoiac Bizcai-errietan iracasten., bi liburuki handik osatua dena: Añibarroren sermoiak eta kredoari, aginduei eta sakramentuei buruzko azalpenak.
  • Nequea Arinduric. Jesus eta Mariaren nahigabeen gaineko meditazioak.
  • Lau Evangelioak batera alcarturic. Lamy-ren konkordia ebanjelikoaren bizkaierazko itzulpena.
  • Artzai-Adibideac. Toledoko artzapezpikuaren gutun pastoral baten itzulpena.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo loturak

aldatu