[go: up one dir, main page]

Gasteiz

Arabako hiriburua

Gasteiz (ofizialki Vitoria-Gasteiz) Arabako hiriburua da; eta, izatez,[oh 1] Euskal Autonomia Erkidegokoa ere bada, 1980tik, egoitza nagusiak Gasteizen baitituzte bai Eusko Jaurlaritzak, bai Eusko Legebiltzarrak. 2023. urtean 255.886 biztanle zituen, Euskal Herriko hiri jendetsuenetan bigarrena da, eta Euskal Herriko udalerririk luze-zabalenetan bigarrena, 276,81 kilometro koadrorekin. Jendez eta lurraldez Arabako udalerririk handiena da, alde handiz.

Gasteiz
 Araba, Euskal Herria
Gasteizko erdigunearen aireko ikuspegia: Plaza Berria, Andre Maria Zuriaren plaza, San Migel eliza, Arkupea eta Alde Zaharra.
Gasteizko bandera

Gasteizko armarria

Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaAraba
EskualdeaGasteizko kuadrilla
Izen ofiziala Vitoria-Gasteiz
AlkateaMaider Etxebarria Garcia (PSE-EE)
Posta kodea010xx
INE kodea01059
Herritarragasteiztar
Kokapena
Koordenatuak42°50′48″N 2°40′23″W / 42.8467°N 2.6731°W / 42.8467; -2.6731
Map
Azalera276,81 km²
Garaiera525,291 metro
Demografia
Biztanleria255.886 (2023)
2.214 (2022)
alt_left 129.063 (%50,4) (%48) 122.711 alt_right
Dentsitatea9,24 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 8,12
Zahartze tasa[1]% 28,06
Ugalkortasun tasa[1]‰ 43,6
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 79,4 (2011)
Genero desoreka[1]% 5,72 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 13,49 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 24,32 (2010)
Kaleko erabilera [2]% 3.7 (2016)
Etxeko erabilera[3]% 7.63 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera data1181
Webguneahttp://www.vitoria-gasteiz.org/

Etimologia

aldatu

1025. urteko Donemiliagako goldea agirian, Gastehiz izena ageri da, hamarrenak ordaintzen zituen Arabako herri bat izendatzeko. Bestalde, hiriaren sorrera foruak, 1181ekoak, honela dio: Placuit mihi libenti animo et sana mente populare vos in praefata villa, cui novum nomen imposui, scilicet Victoria, quae antea vocabatur Gasteiz.

 
Gasteizen bi izendapen ofizialak.

Gasteiz hitzaren jatorria azaltzeko hamaika hipotesi eratu dira denboran zehar. Egun hipotesirik onartuena Alfonso Irigoienek plazaraturikoa da.[4] Horren arabera, Gasteiz Gaste pertsona izenaren deribazio patronimikoa litzateke (Gartzia, Gartzea, Gartze-ren aldaera da Gaste(a)[5] Gaste askotan -a artikulua itsatsita agertzen da agirietan, Gastea forman. Zehaztu gabeko garai batean, antroponimoa toponimo bihurtu zen, latineko genitibotik datorren eta jabegoa adierazten zuen -i(t)z atzizkiaren bidez.[5]

Gastea eta Gartzea (azkena, Gartzia/García abizenaren jatorria) izen beraren bi aldaera lirateke, bata mendebaldeko euskalkietakoa eta bestea ekialdekoetakoa, bertze/beste, bortz/bost edo ortzegun/ostegun izenetan gertatu den bezalaxe.

Euskal Herriko zenbait herritako euskaran —Arratian eta Debagoienean, kasu— Bitturi edo Bittoixe esaten zaio.

Geografia

aldatu

Erliebea

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Gasteizko erliebea»

Gasteizko udalerri osoa Zadorra ibaiaren arroan dago, Arabako Lautadaren mendebaldean. Punturik altuena Pagogan mendia da (1.029 m), eta baxuena Zadorra ibaiaren irteera Tresponde baino lehen (490 m inguru).

Udalerriko lurraldea laua da hein handi batean, baina badaude Araba erdialde osoan arruntak diren muino lekukoak, hala nola Gasteizkoa bera, Olarizukoa edo Eztarroakoa. Hegoaldean Gasteiz mendiek erliebe malkartsuagoa osatzen dute, eta Gasteizko lurren eta Trebiñuren arteko muga osatzen dute. Ipar-mendebaldean, Badaia eta Arratoko mendilerro karstikoak 800-900 metro inguruko gailurrez eraturik daude.

Hidrologia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Gasteizko hidrologia»

Zadorra ibaia da Gasteizko hidrologia egituratzen duen elementu nagusia. Zadorra Uribarri Ganboako urtegia utzi eta Dura aldetik sartzen da udalerrira, eta berau ekialdetik mendebaldera zeharkatu ondoren, Trespondera jaisten da eta azkenerako Ebro ibaira isurtzen ditu bere urak.

Hiriaren eta inguruko lurren azpian Gasteizko akuifero kuaternarioa dago. 10-15 metroko lodiera duen geruza batez osaturik dago, eta ur askoko garaietan azaleratu egiten da udalerriko zenbait puntutan, esaterako Salburuko hezeguneetan.

Geologia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Gasteizko geologia»

Gasteiz Goi Kretazeoko azaleramenduen eremuan dago. Material nagusiak itsasoan jalki ziren material karbonatodunak dira gehienbat: kareharriak, kareharri-tuparriak, eta tuparriak. Udalerriaren ipar-mendebaldean aipatu hiru materialen txandakatzea agertzen da; Gasteiz mendietan kareharriak dira nagusi, baina hareharri karetsuak, dolomiak eta kareharri tuparridunak ere ageri dira; eta bien artean, Lautadaren erdialdea osatuz, kareharri-tuparriak dira nagusi. Azken eremu horren gainean material kuaternarioak metatu dira, batez ere ibaibideen haranetan.

Landaredia

aldatu

Landarediaren ikuspuntutik, udalerria bi eskualde biogeografikoren artean dago kokaturik: eskualde eurosiberiarra eta eskualde mediterraneoa. Horri esker, bertako flora bereziki aberatsa da. Haize hezeak normalean ipar-mendebaldetik datozenez, Gasteizko mendilerroen iparraldeek, batez ere 800 metrotik gora, eragin eurosiberiar nabarmena erakusten dute eta pagadiaren erreinua dira. Hegoaldera begira dauden maldetan, berriz, Föhn efektuaren eraginez haizea lehor iristen da eta landarediak izaera mediterraneoagoa dauka (artadiak, erkameztiak, etab.).

Haranen hondoan, Arabako Lautadan, haritza izango litzateke espezie nagusia, lur horiek nekazaritzarako luberritu ez balira.

Lurraren erabilera

aldatu

Erabilerak modu kontzentrikoan antolaturik daude hiriaren inguruan. Hiria inguratuz Eraztun Berdea dago, espazio berde naturalez osatutako gerriko estua. Hurrengo eraztunean Arabako Lautadan berezkoak diren nekazaritza erabilerak daude, eta han-hemenka eremu honen euskarri diren herrixkak ageri dira. Egun, hiriaren osagarri gisa jokatzen duten azpiegiturak eraiki dira bertan: aireportua, industrialdeak, errepide eta trenbideen sarea, etab. Azken gerrikoa Gasteiz mendien, Arrato eta Badaia mendilerroen eta Zadorrako urtegien sistemak osatzen dute.

Gasteizek berdegune ugari du bere lurretan: bizilaguneko 42 m² berdegune, Eraztun Berdea ere sartzen badugu, edo biztanleko 23,4 m² berdegune, hiri barrukoak baizik sartzen ez baditugu.

2007ko Gasteizko ikuspegi panoramikoa.
 
Gasteizko erliebearen ikuspegi orokorra.

Mugakideok ditu: Zigoitia eta Arratzua-Ubarrundia iparraldean; Zuia ipar-mendebaldean; Barrundia eta Burgu ipar-ekialdean; Burgu eta Iruraiz-Gauna ekialdean; Trebiñu hegoaldean; Kuartango mendebaldean (bien artean dauden Badaia mendilerroko lurrak Badaiako Sierra Bravako Komunitateak kudeatzen ditu); Iruña Oka hego-mendebaldean; Trebiñu hegoaldean; eta azkenik, Bernedo hego-ekialdean.

Gainera, Iruraiz-Gauna udalerriaren barrendegi txiki bat dauka, 50 bat hektareakoa, Aberasturiren hego-ekialdean.

 
Hiriaren ikuspegi elurtua airetik (2015eko otsailean).
Sakontzeko, irakurri: «Gasteizko klima»

Gasteizek klima subatlantikoa dauka. Itsasoaren hurbiltasunak eragina du kliman, baina Gasteiz iparraldean dauden mendilerroek ahuldu egiten dute eragin hori. Prezipitazioak 700 eta 900 mm artekoak dira hirian, eta 1.200-1.300 mm arteraino iristen dira Gasteiz mendietan. Sasoi lehor laburra gertatzen da uztail inguruan.

Tenperaturari dagokionez, urteko batez bestekoa 9 eta 11 °C artean dago. Urritik maiatzera gauez izozteak gertatzeko arriskua dago; arrisku hori nabarmenagoa da urtarrilaren inguruan.

Haran baten erdialdean kokaturik dagoenez, ohikoa izaten da oskarbi dagoen egunetan lainoa agertzea eta Gasteizko aireportuan arazoak sortzea.

 
Gasteizko diagrama onbrotermikoa: 1930-1990 urteen batez bestekoa.
      Datu klimatikoak (Foronda-Txokiza: 1971-2000)      
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 18.7 21.5 26.6 29.1 33.0 37.4 38.4 40.8 37.2 29.3 22.2 20.3 40.8
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 8.3 10.5 13.3 14.5 18.7 22.0 25.3 25.7 23.2 17.5 12.1 9.0 16.8
Batez besteko tenperatura (ºC) 4.7 5.9 7.9 9.2 12.9 15.9 18.7 19.1 16.6 12.4 7.9 5.6 11.5
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 1.0 1.4 2.4 3.9 7.1 9.8 12.1 12.5 10.1 7.2 3.6 2.2 6.1
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) -17.8 -15.4 -9.2 -3.8 -2.2 1.0 3.2 0.8 0.2 -2.7 -9.4 -11.5 -17.8
Pilatutako prezipitazioa (mm) 76 65 61 86 70 51 43 45 42 74 89 80 779
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 10 10 9 12 10 6 5 5 6 9 10 11 103
Elur egunak (≥ 1 mm) 3 3 2 2 0 0 0 0 0 0 1 1 11
Eguzki orduak 82 106 145 154 182 207 239 221 178 137 95 73 1830
Hezetasuna (%) 83 79 73 72 71 71 71 71 71 77 82 84 75
Iturria: Agencia Estatal de Meterología[6]

Auzoak

aldatu
 
Gasteizko auzoen mapa
 
Gasteizko herrien lurraldeak
 
Salburua auzoa, hiriaren ekialdean.

Gasteizko auzo nagusiak[7]: Abetxuku (Abetxuko*), Adurtza, Alde Zaharra (-a), Anglo-Vasco, Arana (-a), Aranbizkarra (-a), Arantzabela, Ariznabarra, Arriaga-Lakua, Babesgabetuak (-ak) (Desamparados*), Done Jakue (Santiago*), Ehari-Gobeu (Ali-Gobeo*), Ekialdeko Nekazaritza Eremua (-a), Errekaleor, Errota edo Koroatzea (-a) (Coronacion*), Gatzalbide (Gazalbide*), Goikolarra (-a), Hego-mendebaldeko Nekazaritza Eremua (-a), Ipar-mendebaldeko Nekazaritza Eremua (-a), Judimendi, Lovaina, Mendizorrotza, Pilar, Salburua (-a), San Kristobal (San Cristobal*), San Martin, Santa Luzia, Santsomendi (Sansomendi*), Txagorritxu, Zabalgana (-a), Zabalgunea (-a) eta Zaramaga.

Hiriaren sorreratik XIX. mendearen bigarren erdira arte, egun Alde Zaharra dena besterik ez zegoen. Sasoi horretan hiriaren hedatzeari ekin zitzaion hegoalderantz, Zabalgunea osatuz. XX. mendearen hasieran hiritartze berriak egin ziren egun Babesgabeak, Lovaina, Anglo-Vasco, Judimendi eta Koroatzea diren auzoetan, bai eta Mendizorrotza auzoko zenbait tokitan ere. XX. mendeko bigarren zatian, industrializazio prozesu azkarraren eta etorkinen etorreraren ondorioz, auzo modernoagoak eraiki ziren: Abetxuku, Adurtza, Arana, Aranbizkarra, Arantzabela, Ariznabarra, Done Jakue, Ehari-Gobeu, Gazalbide, Pilar, San Kristobal, San Martin, Santa Luzia, Sansomendi, Txagorritxu eta Zaramaga. Mendearen hondarrean, 1990eko hamarkadan, Arriaga-Lakua sortu zen.

2000. urteko Hiri Antolamenduko Plan Nagusiak hiriaren hazkunde nagusia ekialderantz eta mendebalderantz gertatuko zela zehaztu zuen, hain zuzen Salburua eta Zabalgana izeneko lur-eremu handietan. Bakoitzean 10.000 etxebizitza inguru eraikitzen ari dira. Salburuan eta Zabalganean eraiki diren sektore berrietako batzuk, herritarren begien aurrean, berezko izaera hartu dute eta auzotzat dituzte, esaterako Mariturri, Borinbizkarra edo Arkaiate. Plan berean zehaztutako Aretxabaleta-Gardelegi izeneko sektoreko biztanleek, bestalde, 2021. urtean auzo berriari Goikolarra deitzea erabaki zuten.

Gasteizko gainerako eremua, nekazaritza-lur eta herrixka gehienak biltzen dituena, hiru esparru handietan banatuta dago, Ipar-mendebaldeko Nekazaritza Eremua, Hego-mendebaldeko Nekazaritza Eremua eta Ekialdeko Nekazaritza Eremua hain zuzen.

Herriak

aldatu

Gasteiz hiriaz gain, beste 63 herri txiki ere barruan hartzen ditu udalerriak. Historian zehar, Gasteizek inguruko hainbat herrixka anexionatu ditu eta gaur egun duen azalera handia lortu du. XIX. mendean Ehari eta Elorriagako herrixkak anexionatu zituen, eta XX. mendean Ariñiz, Foronda, Otoak eta Mendoza herrixkak.

Gasteizko 63 herrien zerrenda hau da: Aberasturi, Amarita, Andetxa, Andollu, Arangiz, Aretxabaleta, Argandoña, Ariniz, Arkaia, Arkauti, Armentia, Artatza Foronda, Askartza, Aztegieta, Berroztegieta, Betoñu, Billafranka, Bolibar, Ehari, Elorriaga, Erretana, Eskibel, Eztarroa, Foronda, Gamarragutxia, Gamarra, Gamiz, Gardelegi, Gaztelu, Gereña, Gobeu, Gometxa, Ilarratza, Ihurre, Jungitu, Krispiña, Lasarte, Legarda, Lermanda, Lopida, Lubinao, Mandoiana, Margarita, Martioda, Matauku, Mendiguren, Mendiola, Mendoza, Miñaogutxia, Miñao, Monasterioguren, Oreitia, Otazu, Otobarren, Otogoien, Subilla Gasteiz, Uribarri Dibiña, Uribarri Arratzua, Uribarri Nagusia, Zerio, Zuhatzu eta Zumeltzu.

Horrez gain, Iruraiz-Gaunarena den barrendegi bat dauka udalerriak hego-ekialdean, Aberasturitik gertu.

Historia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Gasteizko historia»
 
Gasteiz XVII. mendean, Benito de Casasek margotutako koadroan. Jatorrizko harresiei, goikoari eta behekoari, antzematen zaie.

Egun Gasteiz dagoen tokian karistiarrak bizi ziren, antzinako geografoen arabera. Kristo aurreko I. mendean zehar erromatarrak iritsi ziren Gasteizera eta bertan bizi izan ziren denbora luzez. Erromatarren sasoiko aztarnak daude Iruña-Veleian, Arkaian, Mariturrin, etab.

1181ean Nafarroako Antso VI.a Jakitunak Nova Victoria hiria sortu zuen Gasteiz herrixka zaharraren gainean. 1200ean Gaztelako Alfontso VIII.ak hiria konkistatu zuen, Bizkaiko jaun Diego Lopez II.a Harokoaren laguntzarekin, zazpi hilabeteko setio luzearen ondoren. XIII. mendetik XVII. mendera arte hirian egitura feudal tipikoa eratu eta sendotu zen. Hiriko goi klaseak (noblezia eta kleroa) indartu ziren landa-eremuetako jauntxoen kaltetan.

XVII. mendean, egun Andre Maria Zuriarena deitzen dugun plaza sortu zen, eta bertan harresiz kanpoko azokak egiten hasi ziren.[8] XIX. mendean Gasteizko garapen modernoa hasi zen, eta 1862an Norteko burdinbidea heldu zen hirira, eta Dato kalea bihurtu zen estaziora joateko eta zabalgune berriaren ardatza. XX. mendearen bigarren erdialdean, hazkunde ikaragarria izan zuen industrializazioaren eta etorkin oldearen ondorioz.

1980ko maiatzaren 23an Gasteiz Euskal Autonomi Erkidegoko hiriburua bihurtu zen. 2010eko urriaren 21ean, Gasteizek Europako Hiriburu Berde saria irabazi zuen.

Demografia

aldatu
 
Gasteizko biztanle-dentsitatearen eboluzioa, 2006. urtetik 2016. urtera

Gasteizek 250.000 biztanle inguru zituen 2019an. Azken urteetan, urtetik urtera kopuru hori %0,5 eta %1 inguru hazi da. Historian zehar biztanleriak hazkunde itzela izan du. Dena den, hiria, XII. mendean sortua, nahiko txiki mantendu zen XX. mende erdialdera arte.

XIII. mende erdialdean Gasteizek 10.000 biztanle inguru zituen, eta harresiez kanpo auzo berriak sortzen hasi ziren. XIV. mendean behera etorri zen Gasteizko merkataritza, izurriteak Europa osoan egin zituen triskantza handiengatik, eta biztanle ugari galdu zuen hiriak. Handik aurrera haziz joan zen (4.000 biztanle zituen 1423. urtean; 5.500 biztanle 1560an; 5.441 biztanle 1768an), harik eta XVIII. mendean hiria Erdi Aroko esparrutik atera eta harresiez kanpoko eremuak hartzen hasi zen arte. Demografia hazkundea ikusgarria izan zen garai hartan (5.441 biztanle zituen 1768an eta 6.302 zortzi urte geroago). XIX. mendearen erdia arte motel hazi zen hiriko biztanleria Napoleonen osteen aurkako eta liberalen eta karlisten arteko gerrak zirela eta (10.703 biztanle 1828an; 7.117 biztanle 1839an). Bigarren Karlistadaren ondoren, demografia hazkunde nabaria izan zuen Gasteizek (18.718 biztanle 1856an; 30.514 1897an). Etorkin gehienak Arabako herrietatik etorri ziren eta Gasteizen egokitu ahala, hustuz joan ziren inguruetako herriak. XX. mendearen lehen erdialdean ez zen hiriko biztanleria asko emendatu (30.701 biztanle 1900. urtean; 52.206 biztanle 1950. urtean).

1940ko hamarkadatik aurrera hiria etengabe hazi da, batez ere Espainiako etorkinak erakarri dituelako. Gasteizek lan eskaintza handia zuen, horretan Mercedes eta beste lantegi handi batzuk hirira etortzeak lagundu egin zuen. 1980ko hamarkadatik aurrera hazkundea motelduz joan da, baina beste euskal hiri batzuetan ez bezala, ez da eten. Hiriarentzat bultzada handia izan zen 1981ean eratu berria zen Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu Gasteiz aukeratu izana. Azken urteetan, 2000. urtetik aurrera bereziki, Espainiaz kanpoko etorkinak etortzeak biztanleriaren hazkundea areagotu egin du.

2019. urtean, guztira Gasteizen bizi ziren 252.571 biztanletatik 129.507 bertan jaioak ziren, 59.687 Espainian (EAE salbu) jaioak ziren, 25.039 Espainiaz kanpo jaioak ziren, 18.777 Bizkaian eta Gipuzkoan jaioak ziren eta 11.068 Araban (Gasteiz salbu) jaioak ziren.[9]

Bilakaera demografikoa

aldatu
Gasteizko biztanleria
Datu-iturria: "Series históricas de la población total: 1750-2010" vitoria-gasteiz.org webgunean

Ekonomia

aldatu
 
Jundizko industrialdea.

Gasteiz nekazaritza eremu aberats bateko hiri nagusia izan da XX. mendearen hasieratik, XX. mendearen erdialdetik aurrera industria garatu den arte. Merkataritza hiri garrantzitsua izan zen Gasteiz XIII. mendean, Donejakue bidearen ertzean zegoela eta. Merkatari eta funtzionario hiria izan da mendeetan zehar. XVIII. mendean, bi altzari ola eta ehundegi bat zeuden Gasteizen. XIX. mendean, burdinbidea bertaraino iristearekin batera, sendotuz joan zen industria, eta mende bukaeran industria ugari ziren Gasteizen, altzairu lantegiak nagusiki.

1950eko hamarkadatik aurrera izugarri hazi zen Gasteizko industria alorra (9.481 langile ari zen industrian 1950. urtean; 37.242 – 1975ean, langileen % 60). 1975ean, industria zen ekonomia jarduera nagusia (altzairugintza, kimika industria, eraikuntza, janari industria, zurgintza; langileen % 50,5) eta guztiz garrantzitsua zen zerbitzuen alorra (administrazioa, eskolak, unibertsitatea, erietxeak, dendak, garraioak; langileen % 48,7). Nekazaritzak ez zuen garrantzi handirik udal barrutiaren barnean.

Zerbitzuen alorra asko handitu zen Gasteizen, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio, politika, gobernu eta kultura erakunde nagusiak bertan finkatu zirenetik (1980. urtetik aurrera, Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Legebiltzarra, Euskal Herriko Unibertsitatea, Ertzaintza).

Arabako industria hiri garrantzitsuena da gaur egun ere Gasteiz, Laudiorekin batera. 1996an sortutako balio erantsiaren % 57 zerbitzuek ekarri zuten (Arabako batezbestekoaren gainetik ia hamar puntutan), % 6 – eraikuntzak (batezbestekoaren parean), % 37 – industriak (batezbestekoaren azpitik ia sei puntutan), eta gainerakoa lehen sektoreak. Industriak, nolanahi ere, gero eta garrantzi handiagoa du Gasteizko egitura ekonomikoan, eta enpleguaren ia erdia hartzen du. Ohiko industriari sektore berriei emana gehitu zaie azken urteotan, bereziki autogintzari, aeronautikari eta ekarpen teknologiko handiko sektoreei. Udalerrian bertan kokatutako industriaguneetan zein, hiriburuaren eraginez, inguruko udalerrietan sortu direnetan aipagarria da Miñaon sortu den parke teknologikoa, industria asko kokatu du azkenaldian, hiriaren eta eskualdearen egitura ekonomikoa indarberrituz.

Enplegua

aldatu

XX. mendearen lehen hamarkadaren hasieran gertatutako hazkunde ekonomikoaren ondorioz, langabezia-tasa asko jaitsi zen, enplegu osoa deritzona erdietsi arte. 2007an langabezia-tasa % 2,3 zen. 2007an hasitako atzeraldi handiaren ondorioz, enpleguak azkar galtzen hasi ziren, 2012an % 10,2eko langabeziara iritsi arte.

2012. urtearen azkenean 20.398 pertsona zeuden lanik gabe Gasteizen.[10] Araba osoan langabezia-tasa % 9,6 izan zen 2012an[11] (kontuan izan behar da Gasteizko populazioa Araba osoaren % 85 dela).

Sektore ekonomikoak

aldatu

XXI. mendearen lehen hamarkadan Gasteizko jarduera ekonomikoan garrantzi handiagoa hartu zuten banka eta finantzei lotutako jarduerek, eta oro har zerbitzuen sektoreari lotutakoek, bai eta eraikuntzari lotutakoek ere. Industriak, berriz, garrantzia galdu zuen aurreko jardueren aurrean. Merkataritzak eta nekazaritzak gero eta pisu gutxiago dauka Gasteizko jarduera ekonomikoan.

Establezimendu-kopurua sektoreka[12]

Sektorea 1994 2006
Nekazaritza eta arrantza 30 33
Industria eta energia 1.155 1.366
Eraikuntza 1.892 2.630
Merkataritza, ostalaritza eta garraioa 6.133 6.612
Bankuak, aseguruak eta enpresentzako zerbitzuak 2.280 4.330
Beste zerbitzu batzuk 708 2.041

Politika eta administrazioa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Hauteskundeak Gasteizen»

Maider Etxebarria (PSE-EE) da Gasteizko alkatea 2023eko ekainaren 17tik, Gorka Urtaranen (EAJ) tokia hartu ondoren.

EH Bilduk izan zuen garaipena, baina azkenean PSE-EEko hautagaia izan zen alkate boto kopuruan bigarrena geratu arren.

2023ko Udal hauteskundeak

aldatu

Egungo Gasteizko Udalbatza 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeetan erabaki zen. Hauteskundeen ondoren, Maider Etxebarria hautatu zuten alkate PSE-EEren eta EAJren botoei esker.

2023ko hauteskundeen ondorengo Gasteizko udalbatza

Alderdia

2023ko maiatzak 28

Zinegotziak Boto kopurua
Euskal Herria Bildu (EH Bildu)
7 / 27
24.845 (% 23,10)
Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE)
6 / 27
23.909 (% 22,23)
Alderdi Popularra (PP)
6 / 27
21.853 (% 20,32)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
6 / 27
21.454 (% 19,95)
Elkarrekin Podemos (EP)
2 / 27
7.742 (% 7,20)
Vox (Vox)
0 / 27
4.194 (% 3,90)
Euskadiren Aldeko Libreak (EaL)
0 / 27
1.619 (% 1,51)
Aulki Zuriak (AZ)
0 / 27
951 (% 0,88)
Bidezko Mundurantz (M+J)
0 / 27
475 (% 0,44)
Herritarrak-Herritarron Alderdia (C's)
0 / 27
260 (% 0,24.)
Datuen iturria: Hauteskunde emaitzak. Eusko Jaurlaritza
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Alkateak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Gasteizko alkateak»

Hauek izan dira Gasteizko azken alkateak:

Alkatea Agintaldi hasiera Agintaldi amaiera Alderdia[13]
Jose Angel Cuerda Montoya[13][14][15] 1979 1983 Euzko Alderdi Jeltzalea
Jose Angel Cuerda Montoya[13][14] 1983 1987 Euzko Alderdi Jeltzalea
Jose Angel Cuerda Montoya[13][14] 1987 1991 Eusko Alkartasuna
Jose Angel Cuerda Montoya[13][14] 1991 1995 Euzko Alderdi Jeltzalea
Jose Angel Cuerda Montoya[13][14] 1995 1999 Euzko Alderdi Jeltzalea
Alfonso Alonso Aranegui[13][14][16] 1999 2003 Alderdi Popularra
Alfonso Alonso Aranegui[13][16] 2003 2007 Alderdi Popularra
Patxi Lazcoz Baigorri[13] 2007 2011 Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra
Javier Maroto Aranzabal[13] 2011 2015 Alderdi Popularra
Gorka Urtaran Agirre[13] 2015 2019 Euzko Alderdi Jeltzalea
Gorka Urtaran Agirre[13][17] 2019 2023 Euzko Alderdi Jeltzalea
Maider Etxebarria Garcia[18] 2023 Jardunean Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra

Euskara

aldatu
Gasteizko hiztunen testigantzekin osatutako bideoa euskarari buruz, Euskal Herriko Ahotsak[19][20] proiekturako egina, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.

Koldo Zuazoren arabera, Gasteizen hitz egiten zen euskalkia Arabako erdialdeko azpieuskalkia[21] deitutakoa zen, bizkaieraren eta gipuzkeraren eraginak zituena. Euskara hori XVIII. mendean galdu zen. Hala ere, Gasteizko iparraldean kokaturiko hainbat herritan XXI. mendera arte iraun du hiztun zaharretan.[22] Gasteizen eta inguruko herrietan hitz egiten zen euskararen adibideak eman zituen 1562. urtean Nicolao Landuchio italiarrak bere Dictionarium linguae Cantabricae izeneko hiztegian.

Egoera soziolinguistikoa

aldatu

1986an gasteiztar euskaldunak 11.551 ziren, hau da, populazio osoaren % 6.

XX. mendeko laurogeiko hamarkadatik aurrera Araban gertatu den euskararen berreskurapenaren ondorioz, 2011n Gasteizko biztanleen % 22,5ek, 52.298 biztanlek alegia, euskaraz hitz egiten zekien.[23] Beste 60.851 lagun (populazioaren % 26,1) euskara ulertzeko gai ziren.

Ezagutzaren hazkundearekin batera, euskararen kaleko erabilera ere handitu egin da, nahiz eta zifra osoa txikia izan. 1989an kaleko erabilera % 2koa zen, eta 2006an – % 4koa. 2016an egin zen neurketan erabilera % 3,7koa izan zen.[24]

Gasteizko hiztunen testigantzekin osatutako bideoa, hiriko euskalduntze-prozesuari buruz. Euskal Herriko Ahotsak[19][20] proiekturako egina, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.

Euskararen aldeko ekimenak

aldatu

Gaur egun, gasteiztarrek eskura dituzte hainbat ikastola (Abetxuku, Aranbizkarra, Armentia, Olabide, Umandi...), bertso-eskola bat eta hainbat euskaltegi. Halaber, hirian Araba Euskaraz antolatu dute hainbatetan (1981, 1992, 1995 eta 2006an).

Hedabideei dagokienez, Arabako Alea aldizkaria sortu zen 2014an, lehenago 17 urtez argitaratu zen GEU aldizkariaren ordezko gisa. Urte berean, Hala Bedi irratiak euskara hutsezko kanala sortu zuen, Hala Bedi Bi izenekoa.

Hiriburuko euskara elkarte nagusia GEU Elkartea da, eta haren eskutik sortu dira ekimen anitz, esaterako irakurle klubak eta mintzalagun proiektuak. Bestalde, Gasteizko Kafe Antzokia errealitate bihurtzeko helburuz, 2012. urtean Gasteizko Kafe Antzokiaren Aldeko Plataforma sortu zen, eta hurrengo urtean Plataformak Lazarraga Kultur Elkartea[25] sortu zuen Gasteizko Kafe Antzokia proiektu kulturala kudeatzeko lanabes gisa. 2014an sortu zen Oihaneder Euskararen Etxea, Kafe Antzokiaren aurrekari gisa.

Gasteiztar euskaldun ezagunen artean daude Erramun Olabide, Odon Apraiz eta Henrike Knörr hizkuntzalariak; Fito Rodriguez, Xabier Montoia, Rikardo Arregi, Edu Zelaieta, Karmele Jaio eta Katixa Agirre idazleak; eta hainbat politikari, kirolari, irakasle, bertsolari eta abar.

Kultura

aldatu

Musika

aldatu

Gasteiz musikaren munduko bi gertakizun garrantzitsuren kokaleku da: Gasteizko jazzaldia eta Azkena Rock Festival izeneko rock jaialdia.

 
Andre Maria Zuriaren plaza.
 
Bibat: Fournier Naipe Museoa eta Arkeologia Museoa.

Musikagile ezagunak eman ditu hiriak, besteak beste Jesus Guridi, Tomas San Miguel eta Bingen Mendizabal. Juanjo Mena orkestra zuzendaria ere bertakoa da, baita Luis Aranburu organo-jotzailea eta Angel Celada bateria-jotzailea ere.

Halaber, beste batzuen artean Cicatriz, Potato, Hertzainak, M-ak, Soziedad Alkoholika, Betagarri, Gasteiz Big Band, Neubat eta Izaki Gardenak taldeak bertan sortutakoak dira.

Museoak

aldatu

Jaiegunak

aldatu
 
Andre Maria Zuriaren jaiak hasten dituen ekitaldia: Zeledonen jaitsiera.
  • Gabonak Gasteizen. Abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra.
  • Errege Magoen Desfilea. Urtarrilak 5.
  • San Anton eguna. Urtarrilak 17.
  • Santa Ageda egunaren bezpera. Otsailak 4.
  • Inauteriak. Otsailaren 6tik 13ra.
  • Aste Santua.
  • San Prudentzio. Apirilak 28.
  • Estibalizko Andre Maria. Maiatzak 1.
  • Blusa eta nesken eguna (Done Jakue eguna). Uztailak 25.
  • Andre Maria Zuriaren jaiak. Abuztuaren 4tik 9ra.
  • Iraileko Ama Birjinaren egunaren ondoko lehen astelehena: Olarizuko erromeria

Ondasun nabarmenak

aldatu
 
Andre Mariaren katedral zaharra.
 
Plaza Berria.

Hirigune historikoan

aldatu

Zabalgunean

aldatu

Gasteizko beste alde batzuetan

aldatu

Azpiegiturak

aldatu

Garraioa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Gasteizko garraiobideak»
 
Gasteizko tranbia, Alaba Jeneralaren kalean.
 
Ajuriaenea jauregia.

Hiriak XXI. mendearen hasieran jasandako hazkunde handiaren ondorioz, derrigorrezkoa gertatu zen hiriko garraiobideak guztiz moldatzea. Asmo horrekin Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana deritzona prestatu zen, hiriko garraioa osatzen zuten modu guztiak (autoa, hiri autobusak, tranbia, bizikleta, oinezko joan-etorriak...) integratzeko.[26]

Gasteizko garraio publiko nagusia TUVISA enpresa publikoak kudeatzen duen autobus sarea da. Eguneko 10 linea ditu eta gaueko 6 (Gautxoriak). Metroen antzeko sare bat osatuz, autobus aldaketen bidez hiriko edozein auzotara iristea ahalbidetzen du autobusen sareak. Horrez gain, ostiral eta larunbat gauetan Gautxori zerbitzu berezia dago.

2006. urtean tranbia bat eratzeko obrak hasi ziren, eta 2008ko abenduan abian jarri zen. Horrela, hiria iparretik hegoaldera zeharkatzen dituzten bi linea daude, EuskoTran enpresak kudeatuta.

Osasuna

aldatu

Bestelakoak

aldatu

Kirola

aldatu
 
Buesa Arena, Saski Baskoniaren jokalekua.

Gasteizek Euskal Herriko beste ezein hirik baino kirol azpiegitura gehiago dauzka. Auzo bakoitzean kiroldegi bat dago, igerileku eta bestelako ekipamenduekin.

Horrez gain, hiriak bi kirol talde nagusi dauzka:

Bi talde horiek osatzen duten fundazioari 5 gehi 11 deritzo.

Gasteiztar ospetsuak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Zerrenda:Gasteiztar ospetsuak»

Hiriko pertsona ospetsuen artean ditugu, besteak beste, Almudena Cid, Juanito Oiarzabal, Iker Pou, Eneko Pou, Andoni Zubizarreta (Gasteizen jaiotako aretxabaletarra) eta Martin Fiz kirolariak, Karra Elejalde eta Unax Ugalde aktoreak, Juanma Bajo Ulloa zinema zuzendaria, Jose Angel Cuerda alkate ohia, Ignacio Aldekoa, Xabier Montoia eta Xabier Izaga idazleak eta Jesus Guridi musikaria.

Seme-alaba kuttunak

aldatu

Hauek dira Gasteizko seme-alaba kuttunak:

Herri eta hiri senidetuak

aldatu

Gasteiz ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:

Oharrak

aldatu
  1. Ezein legetan ez da zehaztu, oraingoz, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua zein den.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  4. Irigoien Etxebarria, Alfonso (1982). Sobre el topónimo Gasteiz y su entorno antroponímico en Vitoria en la Edad Media. Ikerketa Historikoen I. Biltzarraren aktak. Gasteizko Udala, 621-652
  5. a b Euskaltzaindia: «Gasteiz», Euskal Onomastikaren Datutegia.
  6. Aemet. Balio Klimatologiko Normalak. Foronda-Txokiza. (Noiz kontsultatua: 2013-8-21).
  7. «Gasteizko auzo nagusiak» Berria - Estilo liburua (Noiz kontsultatua: 2017-07-29).
  8. SL, TAI GABE DIGITALA. (2020-05-14). «Erdi Aroko Almendra, Gasteizko hirigune historikoan» naiz: (Noiz kontsultatua: 2020-05-15).
  9. (xls) Gasteizko Udala, ikerlan eta estatistikak. (Noiz kontsultatua: 2019-08-13).
  10. Gasteizko lan-merkatuaren koiuntura vitoria-gasteiz.org webgunean 2013/03/09an kontsultatua
  11. Langabezia-tasa eustat.es webgunean 2013/03/09an kontsultatua
  12. Jarduera-sektoreak vitoria-gasteiz.org webgunean 2011/07/17an kontsultatua
  13. a b c d e f g h i j k l «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
  14. a b c d e f «Vitoria-Gasteiz. Historia - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-20).
  15. (Gaztelaniaz) Cañamero Redondo et al., Antonio. (1982). Enciclopedia Histórico Geográfica de Álava. Haranburu Editor, (IV. Liburukia) 252 or..
  16. a b (Gaztelaniaz) «Alfonso Alonso; el primer alcalde que tuvo el PP en el País Vasco deja la política» La Vanguardia 2020-02-28 (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
  17. (Gaztelaniaz) «Alcaldías en Álava: Labastida, Zigoitia y Laguardia para el PNV, Samaniego para EH Bildu» Gasteiz Hoy 2019-06-15 (Noiz kontsultatua: 2020-03-14).
  18. «Maider Etxebarria (PSE): "Helburu komunak ditugu eta garrantzia eman behar diegu"» EITB 2023-06-17 (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  19. a b «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  20. a b Ahotsak Ahozko Ondarea. (2015-12-03). Gasteiztarra eta euskalduna. (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  21. «Gasteiz - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
  22. Uribarri Ganboako Modesta Galdos Urkiola, 1926an jaioa, euskaraz hitz egiten ahotsak.com proiekturako 2011/07/16an kontsultatua
  23. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, Gasteiz 2010-1012. (Noiz kontsultatua: 2018-12-20).
  24. Hizkuntzen erabileraren kale neurketa. Euskal Herria, 2016. , 9 or. (Noiz kontsultatua: 2018-12-26).
  25. Lazarraga Kultur Elkartea. (Noiz kontsultatua: 2018-12-26).
  26. Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana[Betiko hautsitako esteka]
  27. (Ingelesez) Sister Cities International. (Noiz kontsultatua: 2018-08-08).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gasteiz