Hezegune
Hezeguneak, etengabe edo aldizka, urak hartuta egoten diren eremu lauak dira, bai lehorrekoak (aintzirak, zingirak, zohikaztegiak) nola itsabazterrekoak (padurak, mangladiak)[1].
Ingurune hauek garrantzi handiko onurak eskaintzen dizkiote gizarteari, hala nola, ura araztea, uholdeen kalteak arintzea eta itsasertza egonkortzea[2]. Horrez gainera, aniztasun biologiko handiko ekosistemak dira, eta landare eta animalia askoren bizilekua[3].
Hezeguneak mundu osoan arriskuan daude. Beren kontserbazioa eta zentzuzko erabilpena sustatzeko[4], 1971ko otsailaren 2an Ramsarko hitzarmena sinatu zen. Euskal Herriko zortzi eremu daude hitzarmen horren barruan, baina, jakina, hezeguneen katalogoa askoz handiagoa da. Hitzarmena sinatu zenetik, urtero, otsailaren 2an Hezeguneen Mundu Eguna ospatzen da.
Definizioa
aldatuHezegune mota asko daude eta, horregatik, definizio orokor bat ematea ez da gauza erraza. Batetik inguru horiek oso izaera aldakorra, eta bestetik zehaztu gabeko ezaugarri morfologikoak izaten dituzte. Hori dela eta, hezeguneen definizio ugari agertu dira. Zientzialari batzuen esanetan, adibidez, "hezeguneak oinak bustitzeko balio arren, igeri egiteko balio ez duten alderdiak dira". Definizio honek hezeguneen ezaugarririk garrantzitsuena aipatzen du: ura egotea, baina sakonera txikikoa. Kanpoan gelditzen dira, beraz, sakonera handiko aintzirak, adibidez. Hala ere, erabat zuzena ez da, zenbait hezegune igeri egiteko bezain sakonak direlako[5].
Beste zientzilari batzuek ekotono gisa definitzen dituzte. Beraz, lehortar eta urtar ekosistemen arteko trantsizio-aldea izanen lirateke[6]. Mitsch eta Gosselinken arabera, "hezeguneak lehorreko eta uretako ekosistemen arteko interfazean agertzen dira eta, horietatik ezberdinak diren arren, beren eraginaren mendean daude"[7].
Ramsarko hitzarmenaren arabera hezeguneak "padura, zingira, zohikaztegi edo urez estalitako guneak dira, naturalak zein artifizialak, iraunkorrak zein aldi baterakoak, ur-geldikoak zein lasterrekoak, gezak, gazikarak zein gaziak izan, itsasoko urak hartutakoak barne, baldin eta itsasbeheran haien sakontasuna sei metro baino gutxiagokoa bada"[8].
Hezegune motak
aldatuScottek[9] 39 hezegune mota (30 natural eta 9 artifizial) bereizi zituen arren, guztiak bost kategoriatako sailkapen honetan laburbitzen ahal dira[10]:
- Estuarioak. Ibaiak itsasoratzen diren tokietan oso baldintza bereziak izaten dira, ur geza eta gaziaren nahasketekin. Adibidez, deltak, padurak, lokatz hondartzak...
- Itsasokoak. Ibaien emarien eraginik ez duten eremuak dira. Esaterako, koralezko uharriak eta, orokorrean, itsasbazterrekoak.
- Ibai ertzetakoak. Ibaiek gainezka egitearen ondorioz, periodikoki urez estalirik geratzen diren guneak. Esaterako, baso urpetuak, uholde-lautadak, meandro-aintzirak...
- Lakustreak. Ur zirkulazio txikia duten eta beti urez estalita dauden eremuak dira: aintzirak, orokorrean.
- Palustreak. Ur iraunkor samarra dutenak: padurak, zingirak...
Biodibertsitatearen altxorra
aldatuHezeguneen ezaugarri nagusiak hauek dira[5]:
- Sakonera txikiko ur-gainazala edo maila freatikoa izatea.
- Ur asetasun iraunkorra edo noizbehinkakoaren ondorioz, lurzoru hidromorfoak agertzea.
- Baldintza horietan bizirauteko moldatuta dagoen landaredia garatzea.
Landaredi hau bi motatakoa izan daiteke:
- Hidrofitoa: uretan edo urperatutako lekuetan bizi dena.
- Freatofitoa: ura ikusten ez denean, lur azpian dagoelako. Kasu horietan espezie hauek lehorreko espezie arruntak ordezkatzen dituzte.
Ekosistema hauek dauzkaten baldintza bereziek eta gehienetan agertzen den elikagai aberastasunak, animalia-komunitate jori eta interesgarriak izatea eragiten dute[11]. Fauna sarritan endemikoa da eta inguruko faunatik bereiztua. Narrasti eta hegazti familia asko horrelako inguruetan bizitzeko moldaturik daude.
Hezegune asko bioaniztasun handiko eremuak dira, eta landare eta animalia asko hezeguneen erabat mendekoak (hezeguneetatik at ezin dute bizirik iraun). Izan ere, itsasertzeko hezegune batzuk -mangladiak, koralezko uharriak, estuarioak eta itsas belarrez estalitako hondoak- munduko ekosistema aberats eta emankorrenetakoak dira[12].
Munduko hezegune handienak
aldatuMunduko hezegune handienak[13] | |||
---|---|---|---|
Kontinentea | Hezegunea | Deskripzioa | Azalera (km²) |
Eurasia | Mendebaldeko Siberiako lur behereak | Zohikaztegiak | 2.745.000 |
Hego Amerika | Amazonas ibaiaren arroa | Sabana eta uholde-lautadako basoak | 1.738.000 |
Ipar Amerika | Hudson badiako lur behereak | Zohikaztegiak, zingirak, padurak | 374.000 |
Afrika | Kongo ibaiaren arroa | Zingirak, ibarbasoak, larre hezeak | 189.000 |
Ipar Amerika | Mackenzie ibaiaren arroa | Zohikaztegiak, zingirak, padurak | 166.000 |
Hego Amerika | Pantanal | Sabanak, larrebelardiak, ibarbasoak | 160.000 |
Ipar Amerika | Mississippi ibaiaren arroa | Uholde-lautadako hostozabalen baso misto epelak, zingirak, padurak | 108.000 |
Afrika | Txad aintziraren arroa | Belar eta zuhaixka-sabanak, zuhaiska-estepak, zingirak, padurak | 106.000 |
Afrika | Nilo ibaiaren arroa | Zingirak, padurak | 92.000 |
Ipar Amerika | Prairie Pothole eskualdea | Zingirak, larreak | 63.000 |
Hego Amerika | Patagoniako Paramoa | Zohikaztegiak | 44.000 |
Erreferentziak
aldatu- ↑ Hezegune Euskalterm
- ↑ Servicios de los ecosistemas de humedales Ramsar.org
- ↑ RAMSAR. Dibertsitate biologikoa Euskadi.net
- ↑ Ramsarreko hitzarmena Euskalnatura.net
- ↑ a b Mikel ESTONBA MINTXERO: Euskal Herriko hezeguneak (I)[Betiko hautsitako esteka] Zientzia.net
- ↑ "Glossary" Alabamapower.com
- ↑ Mitsch, William J.; James G. Gosselink. Wetlands (4th ed.). New York: John Wiley & Sons. ISBN 978-0-471-69967-5
- ↑ Ramsar Hezeguneak[Betiko hautsitako esteka] Alava.net
- ↑ D.A. SCOTT (1989): Design of Wetland Data Sheet for Database on Ramsar Sites. Mimeographed Report to Ramsar Convention Bureau, Gland, Switzerland. 41 pp.
- ↑ E. B. BARBIER, M. C. ACREMAN ETA D. KNOWLER (1997): Valoración económica de los humedales - Guía para decisores y planificadores Ramsar.org
- ↑ Mikel ESTONBA MINTXERO: Euskal Herriko hezeguneak (II)[Betiko hautsitako esteka] Zientzia.net
- ↑ Wetlands: Reservoirs of biodiversity Ramsar.org
- ↑ Paul A. KEDDY, Lauchlan H. FRASER, Ayzik I. SOLOMESHCH, Wolfgang J. JUNK, Daniel R. CAMPBELL, Mary T. K. ARROYO eta Cleber J. R. ALHO: Wet and Wonderful. The World’s Largest Wetlands Are Conservation Priorities [1][Betiko hautsitako esteka] Biosciencemag.org
Kanpo estekak
aldatu- Mikel ESTONBA: Euskal Herriko hezeguneak[Betiko hautsitako esteka] Elhuyar.org
- : "Hezeguneen gainbehera eta susperraldia" Consumer aldizkaria.