Joan XXIII.a
- Artikulu hau XX. mendeko Aita Santuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Joan XXIII.a antipapa».
San Joan XXIII.a[1] (latinez: Ioannes PP. XXIII), jaiotzez Angelo Giuseppe Roncalli (Sotto il Monte, Lombardia, Italia, 1881eko azaroaren 25a - Vatikano Hiria, 1963ko ekainaren 3a) Eliza Katolikoko Aita Santua izan zen 1958ko urriaren 28tik bere heriotzaren egunera arte.
2014ko apirilaren 27an kanonizatu zuten eta San Joan XXIII.a izena hartu.
Familia eta lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1881eko azaroaren 25ean jaio zen Bergamoko probintziako Sotto il Monte herrixkan. Hamalau seme-alabatatik laugarrena zen (semeen artean, lehenengoa). Haren anai-arrebak hauek ziren[2][3]:
- Maria Caterina (1877-1883)
- Teresa (1879-1954), 1899an Michele Ghislenirekin ezkondu zena
- Ancilla (1880-1953)
- Francesco Saverio (1883-1976), 1907an Maria Carrararekin ezkondu zena
- Maria Elisa (1884-1955)
- Assunta Casilda (1886-1980)[4], 1907an Giovanni Battista Marchesirekin ezkondu zena
- Domenico Giuseppe (1888-1888)
- Alfredo (1889-1972)
- Giovanni Francesco (1891-1956), 1919an Caterina Formentirekin ezkondu zena
- Enrica (1893-1918)
- Giuseppe Luigi (1894-1981), 1922an Ida Biffirekin ezkondu zena
- Luigi (1896-1898)
Haren gurasoak, Giovanni Battista Roncalli eta Mariana Mazzola, nekazari behartsuak ziren, errentan hartutako baserri baten bizi eta bertan lan egiten zutenak. Familia apal horren buru bere aitaren osaba zen, Zaverio, Angeloren aitabitxia[2]. Dirudienez, Roncalli Erronkariko haranaren erdal izenetik dator, XVII. mendean Italian finkatutako Erronkariko gizon baten arabera.
1892an elizbarrutiko seminarioan sartu zen, herriko parrokoaren eta baserri jabearen diru-laguntzei esker. Garai horretan hasita, eguneroko bat idatzi zuen, bere gogoeta espiritualak jasoz. 1901ean Erromara bidali zuten, hango seminario nagusian ikasketak jarrai zitzan. Teologia ikasketak amaitu eta 1904ean apaiztu zen.
Apaizgoa eta apostolu jarduera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1905ean Bergamako gotzain Giacomo Radini Tedeschiren idazkari izendatu zuten, eta baita Bergamako seminarioan historia eta patrologia irakasle ere. Lan horretan aritu zen 1914an Tedischi hil zen arte.
Lehen Mundu Gerran mediku eta militarren kapilau jardun zen eta 1921ean, Benedikto XV.ak Misioen erakunde goreneko batzarrean Italiako ordezkari izendatu.
1925ean Aeropoliko apezpiku jarri zuten (Obedientia et Pax zen haren goiburua) eta gero, Pio XI.ak Bulgariako ikuskatzaile apostoliko izendatu. Bertan katoliko eta ortodoxoen arteko harremanak hobetzen saiatu zen. 1934an Turkiako nuntziaturan hasi zen lanean, Istanbulen. Bigarren Mundu Gerran juduak salbatzeko lan egin zuen.
1944an Pio XII.ak Parisko nuntzio izendatu zuen. Bertan erregimen naziarekin kolaboratu zuten apaizen arazoa konpondu behar izan zuen. 1953an Veneziako patriarka izan zen.
Aitasantutza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1958an, 77 urte zituela, Aita Santu aukeratu zuten. Inork gutxik espero zuen Roncalli aita santu izatera iritsiko zenik, adinez oso aurreratuta zegoelako gehienbat. Pio XII.aren aitasantutza luzearen ondoren (1939-1958) kardinalek adineko Aita Santu bat nahi izan zuten, trantsizio lasai bat egiteko. Ez zuten uste Roncalliren karisma, gertutasun eta eskuzabaltasunak aparteko arrakastarik lortuko zuenik.
Joan XXIII.ak bestelako aitasantutza eredu bat ezarri zuen: Vatikanoko goi agintariei soldatak murriztu zizkien langile apalenei diru-sarrera duinagoak bermatzeko. Erromako parrokia guztiak banan-banan bisitatu zituen eta Eguberrietan ospitaletako haurrak eta espetxeetako presoak ere bisitatu zituen.
1959ko urtarrilaren 25ean Vatikanoko II. Kontzilioa deitu zuen eta kode kanonikoa eraberritzeko nahia azaldu zuen. 1960an Eliza Anglikanoko burua hartu zuen Vatikanoan, lau mendeko harremanik ezari amaiera emanez. 37 kardinal izendatu zituen, tartean, lehen aldiz, mexikar bat, tanzaniar bat, japoniar bat eta filipinar bat.
Zortzi entziklika idatzi zituen. Guztien artean miresmen eta eskerron gehien jaso zituztenak Mater et Magistra eta Pacem in Terris izan ziren. Haietan gizakiak Jainkoaren antz eta irudiko izateagatik dituen berezko duintasun eta eskubideak azpimarratu zituen.
1962ko urriaren 11n Vatikanoko II. kontzilioa hasi zen, Elizaren irudia eraberritzeko asmoz; liturgia berria (laikoengandik gertuago), ekumenismoa eta munduarengana gerturatzeko jarrera izan ziren haren ardatz garrantzitsuenak.
Joan XXIII.aren arabera, kontzilioaren helburua ez da okerreko doktrinak gaitzestea edo dogma berriak ezartzea, Ebanjelioa egungo munduan egoki aldarrikatzeko eliza eraberritzea baizik (aggiornamento). Kristau elizen arteko batasuna bilatu eta munduarekin lan egin, elkarrizketa bultzatu, "batzen gaituzten gauzetan arreta jarri, bereizten gaituztenetan jarri beharrean".
Kontzilioan begirale izan ziren beste kristau elizetako ordezkariak (ortodoxo, luterano, anglikano, etab.), baita beste erlijio batzuetako ordezkariak ere (musulmanak eta Amerikako indiarrak ere bai tartean).
Heriotza, beatifikazioa eta kanonizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1963ko maiatzaren 23an Vatikanoak esan zuen Aita santuak urdaileko minbizia zuela. Urte bereko ekainaren 3an hil zen. Munduko hainbat buruzagik (erlijioso, politiko, ekonomiko...) eta hainbat herritar xumek Joan XXIII.a Aita santu on edo historiako Aita santurik maitatuen gisan gogoratu dute.
Haren ondorengoak, Paulo VI.ak, beatifikazio prozesua ireki zuen kontzilioa amaitu zenean. Joan Paulo II.ak beatifikatu zuen 2000ko irailaren 3an eta Frantziskok 2014ko apirilaren 27an santifikatu: haren jaieguna urriaren 11n ezarri zuen (kontzilioaren hasiera eguna).
Haren gorpua Vatikanoko San Petri basilikan dago. Katolikoez gain, protestante eta anglikano askok ere ohoratzen dute, Elizaren erreformatzaile gisa.
Entziklikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Joan XXIII.ak 8 entziklika idatzi zituen:
- Ad Petri Cathedram (1959ko ekainaren 29a)
- Sacerdotii nostri primordia (1959ko abuztuaren 1a)
- Grata recordatio (1959ko irailaren 26a)
- Princeps pastorum (1959ko azaroaren 28a)
- Mater et magistra (1961eko maiatzaren 15a)
- Aeterna Dei sapientia (1961eko azaroaren 11)
- Paenitentiam agere (1962ko uztailaren 1a)
- Pacem in terris (1963ko apirilaren 11)
Ondorengotza apostolikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Scipione Rebiba kardinala
- Giulio Antonio Santorio kardinala (1566)
- Girolamo Bernerio kardinala (1586)
- Galeazzo Sanvitale artzapezpikua (1604)
- Ludovico Ludovisi kardinala (1621)
- Luigi Caetani kardinala (1622)
- Ulderico Carpegna kardinala (1630)
- Paluzzo Paluzzi Altieri Degli Albertoni kardinala (1666)
- Benedikto XIII.a aita santua (1675)
- Benedikto XIV.a aita santua (1724)
- Klemente XIII.a aita santua (1743)
- Bernardino Giraud kardinala (1767)
- Alessandro Mattei kardinala (1777)
- Pietro Francesco Galleffi kardinala (1819)
- Filippo de Angelis kardinala (1826)
- Amilcare Malagola kardinala (1876)
- Giovanni Tacci Porcelli kardinala (1895)
- Joan XXIII.a aita santua[5]
Plazak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. 129. araua: Aita santuen izenak. .
- ↑ a b (Ingelesez) «Pope John XXIII» Vatican.va jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2010-08-04) (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
- ↑ (Ingelesez) «Chronology 1881–1963» Journal of a Soul, Pope John XXIII. (argitaratze data: 1965 (2000)), xxxv or..
- ↑ (Ingelesez) «Woman dies» Spokane Daily Chronicle: 2. 1980-03-26 (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
- ↑ (Ingelesez) «Pope John XXIII (St. Angelo Giuseppe Roncalli)» Catholic Hierarchy (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).