[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Etengailu magnetotermiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Etxebizitza bateko Distribuzio-koadroa. Ezkerrean, potentzia kontrolatzeko etengailua; eskuinean, etengailu magnetotermiko eta diferentzialak.

Etengailu magnetotermikoa korronte elektrikoak balio batzuk gainditzen dituenean zirkuitoa eteten duen etengailu automatiko bat da.

Bi funtzio nagusi ditu: alde batetik, zirkuitu-laburren aurkako babesa ematen du, horrelakorik gertatuz gero etengailua oso azkar irekitzen baita. Bestetik, gainkorronteen aurkako babesa ematen du, potentzia kopuru bat gainditzen denean –gehiegizko karga konektatzerakoan– zirkuitua irekiz.

Etengailu magnetotermiko berezi bat potentzia kontrolatzeko etengailua da: hau energia elektrikoa banatzen duen enpresak jartzen du etxebizitza edo lantoki bakoitzeko instalazio elektrikoaren hasieran. Xurgatutako potentzia elektrikoa kontrataturiko potentzia baino haundiagoa bada, etengailu hau ireki egiten da.

Ez da etengailu diferentzialarekin nahasi behar: magnetotermikoak zirkuitu-labur eta gainkargekiko babesa ematen du; diferentzialak, ordea, lurrerako deribazioekiko babesa.

Zirkuitu-laburra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «zirkuitu-labur»
Polo bakarreko lau etengailu magnetotermiko txiki. Korronte nominala, zirkuitu-laburreko korrente maximoa eta lan-tentsioa karkaxan ageri dira.

Etengailu magnetotermikoen espezifikazioetan funtzionamendu normalean onartzen duten korronte maximoa –korronte nominala– eta zirkuitu-labur kasuan era seguruan eten dezaketen korronte maximoa adierazten da.

Zirkuitu labur egoeran, etengailuak jasan dezakeen korronterik haundiena egoera normalekoa baino hainbat aldiz haundiagoa izan daiteke. Korronte elektriko haundi bat eteteko kontaktu elektrikoak banatu egiten direnean, arku elektriko bat sortzeko joera dago, arku honek korrontea pasatzen jarraitzea utziko lukeelarik. Egoera honek gas ionizatua eta urtutako edo ebaporatutako metal eroaleak sor ditzake, potentzialki etengailuaren eta berau instalatuta dagoen ekipamenduaren explosioa sor dezakeelarik. Hau dela eta, etengailuek arkua itzaltzeko hainbat ezaugarri bildu behar dituzte.

Etengailu batek eten dezakeen korronte maximoa test bidez neurtzen da. Etengailua honek eten dezakeen baino korronte haundiagoak gerta daitezkeen zirkuitu baten erabiltzen bada, lana behar bezala ez egitea gerta daiteke. Kasurik txarrenean etengailuak zirkuitua eten dezake, eta etengailua eskuz eragitera joaterakoan esplotatu.

Etxebizitzetako distribuzio-koadroetako ohiko etengailuak 10 kA eteteko gai dira. Kontrol zirkuituak eta gailu txikiak babesten dituzten magnetotermiko txikiak baliteke ez izatea distribuzio-koadro baten erabiltzeko behar den eteteko gaitasuna; etengailu hauei "zirkuitu babesle gehigarriak" deritze, distribuziorako erabiltzen diren magnetotermikoengandik bereizteko.

Funtzionamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Etengailu magnetotermiko baten parteak.
Etengailuaren erantzun-denbora korrontearekiko klasifikazio letraren arabera.

Etengailuaren funtzionamendua korronte elektrikoak zirkuitu batean igarotzerakoan sortzen dituen efektu bitan oinarritzen da: magnetikoa eta termikoa (Joule efektua). Zirkuitua ireki ahal izateko, beraz, etengailuak bi elementu ditu: solenoide bat, eta lamina bimetaliko bat, seriean konektatua.

  • Zirkuitu-laburrekiko babesa ematen duen elementua solenoidea (7) da. Bertatik aurrez ezarritakoa baino handiagoa den korronte bat igarotzen bada, kontaktuak (3) banandu egingo dira, eta zirkuitua ireki egingo da. Aurrez ezarritako maila hau etengailuaren korronte nominala baino hiru eta hogei aldiz tartean egon daiteke, etengailuaren klasifikazio letraren arabera –B, C, D,...–. Solenoidearen erantzuna oso azkarra da, gutxigorabehera 25 milisegundotakoa.
  • Denboran luzeagoak diren gainkorronte txikiekiko babesa ematen duen elementua lamina bimetalikoa (5) da. Joule efektua dela eta, korrontea zenbat eta handiagoa izan lamina gehiago berotuko da. Tenperatura handiagotzerakoan lamina bimetalikoa deformatu egiten da, behin maila bat pasatuz zirkuitua irekiko duelarik. Elementu honek karga handiegia konektatzerakoan gertatzen diren gainkorronte txikiengandik babesten du, zeinak ez diren solenoidearen aktuazio mailara heltzen, baina instalazioaren korronte nominala baino handiagoak diren.

Elementu bi hauek elkarren osagarri dira babeste funtzioan, magnetikoa zirkuitu-laburrentzat eta termikoa gainkargentzat. Deskonexio automatiko honetaz gain, etengailuak eragingailu bat (1) dauka, erabiltzaileak eskuz korrontea eten ahal izateko, edo korrontea berrezartzeko etengailua automatikoki ireki bada. Hala ere, gainkorronte egoera mantentzen bada, eragingailua eskuz eraginda mantendu arren etengailua ez litzake itxiko.

Irudian etengailu magnetotermikoaren parteak ikusten dira:

  1. Eragingailua (palanka) - etengailua eskuz eten eta berrabiarazteko. Etengailuaren egoera ere adierazten du (eroaten ala etenda dagoen). Etengailu gehienak eskuz ON posizioan (goian) mantendu arren zirkuitua eteteko gaitasuna dute.
  2. Mekanismo eragingailua - kontaktuak elkartu ala banandu egiten ditu.
  3. Kontaktuak - korrontea igarotzen uzten dute bata bestea ukitzen badaude, ala korrontea eten bananduta badaude.
  4. Terminaleak
  5. Banda bimetalikoa - denboran mantentzen diren gainkorronte txikiekin kontaktuak banatzen ditu.
  6. Kalibrazio torlojua - behin etengailua muntatuta dagoenean fabrikatzaileak etete korrontea dohitasunez ajustatzeko erabiltzen du.
  7. Solenoidea - gainkorronte handietan era azkarrean eteten du zirkuitua.
  8. Arku itzaltzailea

Deskribatutako etengailu hau unipolarra da, hornidura elektrikoko hari bat eteten mozten du. Etengailu bipolarrak ere badaude, baita korronte trifasikoekin erabiltzeko etengailuak. Hala ere, funtsean, etengailu magnetotermiko guztiak deskribatutako printzipioetan oinarritzen dira.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]