[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Alderdi Komunistaren Manifestua

Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Agiri Komunista» orritik birbideratua)
Alderdi Komunistaren Manifestua
Jatorria
Egilea(k)Karl Marx eta Friedrich Engels
Argitaratze-data1848
IzenburuaDas Kommunistische Manifest
MugimenduaMarxismoa
Jatorrizko herrialdeaGermaniar Konfederazioa eta Erresuma Batua
Orrialdeak73
Ezaugarriak
Genero artistikoamanifestu politikoa
Hizkuntzaalemana
Egile-eskubideakjabetza publiko
Fikzioa
Kontakizunaren tokiaAlemania
Argumentu nagusiaalderdi komunista, iraultza komunista, sozialismoa eta komunismoa
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Karl Marx ulertzeko gakoak

Agiri Komunista edo Manifestu Komunista, izen osoz Alderdi Komunistaren Manifestua (Das Manifest der Kommunistischen Partei, alemanezko jatorrizkoan), 1848ko otsailaren 21ean argitaratua lehenengo aldiz, komunismoaren ideologiaren oinarriak finkatu zituen agiri politikoa da. Komunisten Ligak Karl Marx eta Friedrich Engelsi Ligaren helburuak eta programa azaltzen zituen aldarrikapena idazteko agindu zien, eta hauek idatzitako agiriak klaserik gabeko gizarte bat lortzeko eta kapitalismoarekin amaitzeko helburuarekin, proletarioen eskutik zenbait ekintza iraultzaile proposatzen zituen. Agiriak proposaturikoak Leninek Errusian gauzatu zituen XX. mendearen hasieran.

Eduki politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitzaurrean behar historikoaren gaia jorratzen zen, honako esaldiak laburtua: Orain arteko historiako gizarte guztien historia, klaseen arteko borrokaren historia da.

Agirian deskribaturiko programari sozialismo esaten zaio. Jarraitu beharreko politiken artean lurraren jabetzaren deuseztatzea, zerga progresiboak, hezkuntza publiko eta unibertsala, eta produkzio eta garraio baliabideen nazionalizazioa daude, besteak beste. Politika hauek gobernu iraultzaile batek ezarriko lituzke, eta egileen arabera estatu eta klase gabeko gizarte bat ekarriko lukete, komunismoa hain zuzen ere. Agiri komunistak familia burgesaren deuseztatzea ere aipatzen du, gizarte erlazioak egituratzeko beste erak proposatuz (beranduago amodio askea izendatuko zenaren iturria).

Agiriaren zati garrantzitsu batek, sozialismotik komunismorako trantsizioaz aritzen da:

Garapenaren ondorioz, klase desberdintasunak desagertzen direnean, eta produkzio guztia nazio osoaren esku dagoenean, botere publikoak bere izaera politikoa galduko du. Botere politikoa klase batek besteak zapaltzeko antolatu den boterea baino ez da. Proletalgoak, burgesiaren kontrako borrokan, klase bezala antolatzera bultzatuta aurkitzen bada; iraultzaren bitartez klase nagusi bihurtzen bada eta honen ondorioz produkzioaren baldintza zaharrak deuseztatzen baditu, orduan, baldintza hauen deuseztatzearekin batera klaseen arteko kontrakotasunak eta klaseak berak deuseztatuko ditu, eta ondorioz bere nagusitasun bera ere ezeztatuko du.

Sozialismotik komunismorako trantsizio honengatik kritika ugari jaso izan ditu agiri komunistak, batez ere Sobietar aroa hasi zenetik. Anarkista, liberal eta kontserbadoreek beti galdetu izan dute nola izango zen posible estatu iraultzaileak bere botere propioa bertan behera uztea. Izan ere, bai botere-erakarpenaren ikuspegi tradizionalak bai botereari buruzko ikerketa garaikideek aditzera ematen dutenez, badirudi botere politikoa lortu duen talde antolatu orok botere horrek suposatzen duen pribilegioa mantentzeko joera duela, pribilegio horiek bertan behera utzi beharrean (baita pribilegio horiek iraultzaren eta berdintasunaren izenean lortu direnean ere).

Marxisten erantzunaren arabera trantsizioko estatu sozialista hau beti ere demokratikoa izango litzateke, eta boterearen bertan behera uzte hori pixkanaka egingo litzateke, gero eta botere gehiago jendearengan utziz (lehenago jendeak aukeratutako ordezkarien eskutan zegoen boterea). Beste hitzetan, sozialismoa komunismo bihurtzen doa ordezkaritzan oinarritutako demokrazia, demokrazia zuzenean bihurtzen doan heinean.

Sorrera (1847ra arte)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1842an, 24 urte zituela, Marxek Renaniako Gazeta egunkaria (Rheinische Zeitung) zuzentzen zuen, Koloniako hirian editatzen zena. Engels, langile familiakoa zenak, 22 urte zituen eta kolaborazio desinteresatuak bidaltzen zituen egunkari honetara. Data haietan, Engelsen familiak semea ikastera bidaltzea erabaki zuten, baina Marxek ez zion kasurik egin, espioi bat infiltratzeko poliziaren taktika bat zelakoan baitzegoen. Engels Manchesterrera joan zen eta egunkarira artikuluak bidaltzen jarraitu zuen, gobernuak debekatu zuen arte.

1843an, Marx Parisera joan zen bizitzera, non Frantziar Iraultzari eta materialista eta sozialista frantsesei buruz ikasketak sakondu zituen. Parisen zegoen bitartean hasi zen Engelsekin elkarlana eta bere materialismo historikoari buruzko teoriaren oinarriak ezarri zituen. 1844an, Marx Frantziatik bota zuten eta Bruselara joan zen. Garai hartan Marx eta Engels kontaktuan zeuden Justuen Liga izeneko erakunde sekretuaren bidez. Geroago, kongresuaren izena Komunisten Liga izatera pasa zen, burgesiaren, klaseen eta jabetza-pribatuaren abolizioaren eta proletarioen gobernuaren alde posizionatu zirenean. Ligaren enkargua izan zen, Marx eta Engelsi zuzendua, Manifestua idaztearena[1].

Argitaratzea eta hasierako harrera (1848-1872)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

23 orrialdeko liburuxka bat idatzi zuten, "Alderdi Komunistaren Manifestua" (alemanez: Manifest der kommunistischen Partei) izendatu zutena. 1818ko otsailaren 21ean argitaratu zen lehen aldiz[1], Workers' Educational Associationen eskutik Londresen. Ingeles, frantses, italiera, flamenko eta danierara itzuliko zela iragarri zuten arren, hasiera batean alemanez banatu zuten soilik.

Manifestua ez zen oso urrutira iritsi hurrengo bi hamarkadetan. 1840ko hamarkadaren amaieran suedierara itzuli zen eta 1850ean ingelesera. 1860ko hamarkadaren lehen erdian bi edizio argitaratu ziren Londres eta Berlinen, baina hauek ere arrakasta handirik gabe.

Goren unea (1872–1917)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marxen obragatik interesa 1864 eta 1872 bitartean hasi zen, Internazionalean izan zuen paper garrantzitsuagatik, hala nola langile klaseko 2 alderdien sorreragatik, Komunisten Ligaren eskutik. 1872ko martxoan, Wilhelm Liebknecht, August Bebel eta Adolf Hepnerren epaiketan, Manifestua irakurri zuten epaiketako sesio batean; honi esker asko zabaldu zen. Horren ondorioz, Engelsek sarrera berri bat idatzi zuen, 1848ko iraultzen ondoren liburuxka eguneratzeko, nahiz eta ez zen legalki banatzen utzi. Periodo honetan, gutxienez, 9 edizio 6 hizkuntzetan argitaratu ziren.

Ubikuitatea (1917-gaur egun)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alderdi sozialistek marxismoaren eragina izan arren, Alderdi Komunista terminoa 1918ra arte ez zen erabilia izan.Urriko Iraultzaren ondoren, boltxebikeek Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokrata, Errusiako Alderdi Komunistan bihurtu zuten.

Iraultzak etapa berri bat markatu zuen Manifestuarentzat. Hirugarren Internazionaleko alderdiek, Bigarrenak ez bezala, teoria eta praktikaren arteko arrakala ezabatu nahi zuten. Alderdiko kide guztiek teoria marxista ulertzea espero zen, eta horretarako, Marx eta Engelsen testuak oso lagungarriak izan ziren.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren eta SESB munduko potentzia bihurtu ondoren, Manifestua marxismoaren klasiko bat izatetik, politikako klasiko bat izatera pasa zen (unibertsitateetako programetan barneratua izan zen). Gaur egun ere hala da.

Agiri Komunistaren zati aipagarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honela hasten da agiria:

« Mamu bat dabil Europaren gainean: komunismoaren mamua. Mamu hori exorzizatzeko aliantza santua egin dute Europa zaharreko potentziek, aita santuak eta tsarrak, Metternichek eta Guizotek, erradikal frantsesek eta txakur alemanek.

Hortik bi ondorio ateratzen dira:

Lehenik eta behin, Europako potentzia guztiek dagoeneko onartu dutela komunismoa potentzia gisa.

Bigarrenik, badela ordua komunistek egun-argitan eta mundu osoaren aurrean adieraz ditzaten beren ideiak, joerak eta helburuak, eta mamu komunistaren legendari aurre egin diezaioten, alderdiaren manifestu baten bidez.

Helburu horrekin elkartu dira Londresen zenbait herrialdetako ordezkari komunistak, eta ingelesez, frantsesez, alemanez, italieraz, flandrieraz eta danieraz argitaratuko den manifestu hau idatzi dute.

I. Burgesak eta proletarioak

Gizateriaren historia osoa, gaur arteko historia, klase-borrokaren historia da. Askeak eta esklaboak, patrizioak eta plebeioak, glebako baroiak eta jopuak, maisuak eta ofizialak. Azken finean, zapaltzaileak eta zapalduak, aurrez aurre beti, etengabeko borrokan tematuta; batzuetan borroka estalia izaten da, beste batzuetan, erabatekoa eta irekia; etapa bakoitzean gizarte-erregimen osoaren aldaketa iraultzailea edo borrokan ari diren bi klaseak deuseztatzea dakarren borroka.

[...]

Orain burgesiarekin aurrez aurre dauden klase guztietatik proletalgoa bakarrik da benetako klase iraultzailea [...]. Erdiko klaseak -fabrikatzaile txikiak, dendariak, artisauak, nekazariak- burgesiarekin borrokan daude erdiko klase gisa irauteko euren kontrako mehatxua delako. Beraz, ez dira iraultzaileak, kontserbadoreak baizik; izatekotan erreakzionarioak dira: Historiak atzera egiteko eskatzen dute. Iraultza moduak erabiltzen dituzte proletalgoan erortzeko beldurra dutelako (...). Erdiko klaseak zituen elementu apal gehienak proletarioek bereganatu dituzte.

Hiri handietako plebea, ustel pasibo hori... iraultza proletarioak mugimendura eraman dezake; hala ere, bizi baldintzek erreakzioaren alde jarriko ditu errazago.

Gizarte zaharreko bizi baldintzak indargabetuta daude proletalgoaren bizimoduan. Proletarioak ez dauka ondasunik; proletarioen famili harremanek ez dute zerikusirik famili burgesekoekin; lan industrial modernoak langilea kapitalaren menpe jartzen du... eta horrek proletalgoarei nazionaltasuna kentzen dio. Legeak, morala, erlijioa, berarentzat aurreiritzi burges hutsak dira [...].

»


Marx eta Engels.

II. Proletarioak eta komunistak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazleek garbi uzten dute komunistak langile-mugimenduaren parte direla eta ez direla gehiago. Desberdintzen dituen faktore bakarra ekintza guztietan nazio denetako langileen interes komunak azpimarratzen dituztela da.

Autoreek komunismoaren teoria deskribatzen dute, kapitalismoak eragin duen burgesiaren jabetza pribatuaren abolizioa azalduz.

Ondoren, era polemikoan, "burgesiak komunismoari egiten dizkion gaitzespenak" erantzuten diete: jabetzaren abolizioa, lana, familia, nazionalitatea, indibidualtasuna bilatzea... Erantzun bakoitzak gauza berriak argitzen ditu burgesia forma hartzen duten instituzio horiei buruz.

Kapitulua amaitzeko, proletarioen iraultza botere-politikoaren konkistarako lehen pausoa dela azpimarratzera itzultzen dira. Proletarioen lana, ekoizpen-bideak zentralizatzea dela esaten du.

Ondoren, proletalgoa klase dominante bihurtzen denean ezarriko den programa azaltzen dute.

III. Literatura sozialista eta komunista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garaiko sozialismoaren nebulosaren artean, Manifestu Komunistaren egileek hiru arlotan sailkatzen dituzte joerakː sozialismo atzerakoia, sozialismo burges edo kontserbadorea eta sozialismoa eta komunismo kritiko-utopikoak.

Sozialismo atzerakoia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sozialismo atzerakoi gisa ulertzen zuten Marx eta Engelsek, langileen interesak irudikatuz, klase pre-kapitalistarenak irudikatzen zituzten sozialismoaren korronteak.

Sozialismo feudalean, burgesiaren botereak desplazatutako aristokraziako sektoreak tratatzen ziren, kleroarekin batera.

Burges txikiaren sozialismoan, erdi-klaseen sektoreak tratatzen dira, proletarioa loditu eta burgesak kritikatzera dedikatzen direnak.Beraien ordezkari nagusi gisa, Sismondi adierazten dute.

Azkenik, sozialismo alemaniarra edo "egiazko sozialismoa", Alemanian literatura sozialista eta komunista frantsesak izan zuen garrantziagatik sortzen da. Baina Alemaniako egoera, Frantziakoa baino feudalagoa zen eta horregatik, obra horiek literarioki soilik interpretatu ziren.

Sozialismo kontserbadore edo burgesa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ideologia hau, langileen sufrimenduarekiko burgesiaren sentsibilizaziotik sortu zen.

« "Talde honetan, langile-klasearen egoera hobetu nahi dutenak, ekonomistak, filantropoak, humanitarioak, benefizientzia ekintzen antolatzaileak, animaliak babesten dituzten erakundeak, alkoholismoaren aurkako kanpainen bultzatzaileak, predikatzaileak eta beste motatako ereformatzaile sozialak sartzen dira." »


Sozialismo eta komunismo kritiko-utopikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sozialismo honetan, langileria eta erregimen burgesaren arteko lehenengo gatazketatik sortu ziren dotrinak aurkitzen dira. Dotrina hauek mundu burgesari kritika egiten diote eta ezaugarri utopikoak dituzten gizarte ereduak diseinatzen dituzte.

IV. Komunisten jarrera beste alderdien aurrean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapitulu motz honetan, Marx eta Engelsek komunistek jarraitu beharko lituzketen taktikei buruz hitz egiten dute, Europako hainbat herrialdeetako kontextuan:

Agiria honela amaitzen da:

« Komunistek ez dute duintzat hartzen beren ideiak eta helburuak ezkutatzea. Horregatik adierazten dute beren helburuak egungo gizarte antolaketa bortizkeriaren bidez aldatuz soilik lor daitezkeela. Buru diren klaseek dardara egin dezatela Iraultza Komunistaren aurrean. Proletarioek ez dute ezer galtzerik, lotzen dituzten kateak baino. Badute, ordea, irabazteko, mundu oso bat.

Herrialde guztietako langileak, elkar zaitezte!

»


Bere lehen edizioa atera eta gutxira, 1847an, Manifestua Europako hainbat hizkuntzetara itzulia izan zen. Marx eta Engelsek idatzitako prologo desberdinak lehenik, eta geroago, lehena hiltzean, beraien eskuizkribuaren itzulpenen konstantzia dago.

1848an frantsesera, polonierara, italierara, danierara, flamenkora eta suedierara itzuli zen.

Helen Macfarlanek egin zuen ingelesezko lehen itzulpena, 1872ko edizio alemanaren arabera, Londresen argitaratua izan zen 1850ean Red Republicanen. Frantsesera, Parisen itzulia izan zen. Polonierazko bertsioa, Londresen egin zen. 1872an, konstantzia dago polonierara eta errusierara itzultzearena, azken hau Bakuninen eskutik. Gaztelerara egin zen lehen itzulpena, Jose Mesa Leompartek egina, 1872an editatu zen baita ere. Afrikáansera egindako lehen itzulpenean, Trotskyren sarrera bat dago Coyoakanez idatzita, 1937ko urriaren amaieran. Esperantora ere hainbat itzulpen egin ziren, lehena 1908an.

Euskaraz ere argitaratu izan da Manifestu Komunista, esate baterako Euskal Herriko Komunistak taldearen eskutik. Esaldi ospetsuaren itzulpen honekin hasten da bertsio hori: "Mamu bat dabil Europan barrena; komunismoaren mamua"[2].

Herrialde modernoetan eragina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agiri komunistan proposaturiko hainbat neurrik gaur egun indarrean daude herri kapitalista garatu askotan. Mendebaldeko herrialde kapitalista gehienetan neurri hauek hedatu dira:

  • Zerga sistema progresiboa.
  • Estatuaren bankuen zentralizazioa.
  • Hezkuntza publiko unibertsala
  • Lur-jabetzaren erreforma.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Gaztelaniaz) «21 de febrero de 1848: se publica el Manifiesto del Partido Comunista» El Orden Mundial - EOM (Noiz kontsultatua: 2022-06-02).
  2. «Manifestu komunista» www.abertzalekomunista.net (Noiz kontsultatua: 2022-06-02).

Azurmendi, J. 1998: "K. Marxen eboluzioa Manifestu-ra arte. Hegelen idealismotik materialismo historikora" hitzaurrea in Karl Marx eta Friedrich Engels, Alderdi Komunistaren Manifestua, Donostia, Jakin ISBN 84-95234-00-9

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]