[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Bilboko tranbia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bilboko tranbia

Tranbia unitate bat San Mames geltokian
Datu orokorrak
Garraio motaTranbia
EskualdeakBilbo, Bizkaia,
 Euskal Herria
Lineak1
Geltokiak14
Bidaiariak2 992 842 (2018)[1]
JabeaEusko Jaurlaritza
PresidenteaAntonio Aiz[2]
EgoitzaAtxuri kalea, 6; 48006 Bilbo
Webguneawww.euskotren.eus
Ustiapena
Hasiera2002ko abenduaren 18a
EragileaEusko Trenbideak
Ibilgailuak8
Datu teknikoak
Luzera5,570 km[3]
Abiadura maximoa50 km/h
 Mapa
Map

Euskotren Tranbiaren TR linea edo Bilboko tranbia, gaur egun Bilbo udalerrian dagoen tranbia linea da, Euskotren Tranbia enpresa publikoak kudeatuta. Atxuriko geltokitik abiatu eta La Casillakora heltzen da, bitartean 12 geraleku gehiago dituela, zeintzuen bitartez Bilboko hainbat auzo eta gune lotzen baitiren. Tranbiaren ibilbideak Ibaiondo, Abando eta Basurtu-Zorrotza barrutiak zeharkatzen ditu, eta bidean intereseko hainbat guneri zerbitzu ematen dio, hala nola Zazpikaleak, Erriberako merkatua, Arriaga antzokia, Abandoko geltokia, Justizia Jauregia, Guggenheim Bilbao Museoa, Euskalduna Jauregia, San Mames zelaia, Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Ingeniarien Goi Eskola Teknikoa, Deustuko Unibertsitatea, Basurtuko Ospitalea edota La Casilla Udal Pabilioia.

Tranbia zerbitzua 2002ko abenduaren 18an inauguratu zen, Estatu espainarreko hirugarren tranbia sarea izanik, Valentzia (1994) eta Alacanteko (1999) tranbia sareen ondoren. Gaur egun 5,57 kilometroko luzera eta 14 geltoki ditu.

Bidaiei dagokionez, 2018an tranbiak 2.992.842 bidaiari garraiatu zituen. Etorkizunean garraioa Boluetako geltokira eta Zorrotzaurrera luzatuko da.

Geltokiak

Tranbiak 5,57 kilometroko ibilbidea egiten du hamalau geltokitan zehar. Ibilbide guztia aldi ezberdinetan inauguratu zen. Lehena 2002eko Abenduan Atxuri eta Uribitarte artekoa. Hurrengo urtean Guggenheimerarte luzatu zen tranbia. Ondoren San Mamesera, eta azkenik Basurtu arte. 2012ko apirilean geltoki berria zabaldu zen Autonomia kalean zehar Etxetxuraino.

Lotuneak

  • Abando
    • Bilboko metroa: L1 (Etxebarri - Plentzia) eta L2 (Basauri - Santurtzi)
    • Renfe Aldiriak: C-1 (Bilbo-Abando - Santurtzi), C-2 (Bilbo-Abando - Muskiz) eta C-3 (Bilbo-Abando - Orduña)
    • Renfe: Distantzia luzeak
    • Feve: B-1 (Bilbo-Concordia - Balmaseda), R-3 (Bilbo-Concordia - Santander), R-3b (Bilbo-Concordia - Karrantza) eta T-1 (Transkantabrikoa)
  • Ospitalea
    • Feve: B-1 (Bilbo-Concordia - Balmaseda), R-3 (Bilbo-Concordia - Santander), R-3b (Bilbo-Concordia - Karrantza) eta T-1 (Transkantabrikoa)

Historia

Antzinako tranbia

Bilboko tranbia San Mameseko geltokitik hurbil.

Tranbia betidanik izan da Bilboko parte. XIX. mendean lehenbiziko aldiz tranbia ezarri zen Bilbon, munduko beste hiri askotan bezala. Lehen linea 1876ean inauguratu zuten, hasieran zaldien indarraz mugitzen zena. Urte batzuk beranduago, 1896ean alegia, elektrizitatea zerabilten tranbiak ezarri zituzten, Espainiar estatuan lehenbiziko tranbia elektrikoak martxan jarriz, Bilbo - Santurtzi linean

Hamarkadak pasatu ahala ordea, bere erabilera gutxituz joan zen, 1940ko hamarkadatik aurrera trolebusak tranbia ordezkatu zuen, eta azken tranbia 1964ean kendu zuten. 2002. urtean berreskuratu egin zen zerbitzua.

Proposamena

EuskoTran marka, Eusko Trenbideak enpresaren barne, Bilboko tranbia kudeatzeko jaio zen. Tranbia berria mugikortasuna eta hiri-barneko trenbide sarea hobetzeko sortu zuen Eusko Jaurlaritzaren Garraio Sailak. 15 urte iraun zituzten ikerketen ondoren, Bilboko metroak eta Bilboko Renfe Aldiriak zein Feveren trenbide sareek bere gain hartzen ez zituten guneei zerbitzu emateko tranbia sarea proposatu zen.

1999ko maiatzaren 27an lanak hasi ziren martxan.

Inaugurazioa eta osteko luzapenak

Tranbiaren eraikitze lanak Autonomia kalean 2010eko azaroan.

2002ko abenduaren 18an Juan José Ibarretxe Lehendakariak tranbiaren A Linearen (gaur egun TR linea) lehenengo tartea inauguratu zuen, Atxuriko geltokia eta Uribitartekoa batzen zituena hain zuzen, 6 geltokiz osatua.

2003ko apirilaren 30ean Guggenheimko geltokia martxan jarri zen.

Urte bereko uztailaren 24an beste 4 geltoki ireki ziren, Guggenheimko geltokia eta San Mames geltokiaren artean.

2004ko uztailaren 22an garaian Basurto izeneko geltokia inauguratu zen, gaur egun Ospitalea izena daukana.[4]

2008ko urtarrilaren 25ean Autonomiatik La Casilla eta Errekalde plazarako luzapena leihaketara irekiko zela jakinarazi zen, 7,4 milioi euroko aurrekontuaz eta 18 hilabeteko lan epearekin.[5] Jaurlaritzaren aldaketarekin, ordea, proiektua bertan behera geratu zen.

2010eko uztailaren 7an La Casillako plazarako luzapenaren lehen harria jarri zuten, Errekalderaino helduko ez zen tartea hain zuzen. Tarte berria, bi geltokiduna, 2012ko apirilaren 25ean jarri zen martxan, Basurtuko geltokia eta La Casilla geltokiarekin. Tarte hau irekitzearekin batera, aurretik Basurto izena zeukan geltokia berrizendatu zen, Ospitalea izenarekin. Gainera, luzapen honekin bat EuskoTran, EuskoTren eta EuskoKargo marken aldaketa etorri zen, Eusko Trenbideak enpresaren marka berriak aurkeztu zirela, eta ezartzen hasi zirela. Hala, ordutik EuskoTran marka zaharra Euskotren Tranbia izen berriaz ezagutzen da.

Etorkizunerako egitasmoak

Atxuri - Bolueta

2019ko amaiera aldera tranbia Atxuriko geltokitik Boluetakora luzatzeko lanak hasiko dira, Euskotrenen trenbidea aprobetxatuz. Horretarako Euskotrenen E4 lineako trenak Metroaren 3. lineatik pasaraziko dira, eta libre geldituko den 2,5 kilometro inguruko ibilbidea tranbiak erabiltzeko moldatuko da. Bi geltokien artean geltoki berri bat eraikiko da, Abusu Ikastolaren parean. 2019ko lehenengo hiruhilekoan eraikuntza proiektua lizitatu, udazkenean esleitu da eta lanak urte amaierarako hastea aurreikusten da.[6] Argitzeke dago tranbia Boluetara heldu ondoren Kukullaga-Etxebarri geltokira helduko denentz.

Tranbia eraztuna

Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak tranbia eraztuna ixteko luzapenean ari dira lanean. Tarteak La Casilla eta Abandoko geltokiak lotuko ditu Autonomia kaletik, Zabalburu eta Hurtado de Amezaga zeharkatuz. Tarte berria 2.100 metro luze izango da eta lau geltoki berri izango ditu:[7]

Zorrotzaurre

Zorrotzaurren gauzatzen ari den berritzearekin batera, tranbia irlara luzatzea adostu zen. Hasiera batean tranbia Euskalduna zubitik pasako zela iragarri zen, eta Botika Zaharretik irlara zubi berri bat gurutzatuz. Hala ere, 2013ko abenduan Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion Zorrotzaurrera gurutzatu aurretik tranbia Olabeagatik pasa zedin, auzoan geltoki berria proposatuz. 2014ko martxoan Jaurlaritzak Udalaren eskaera aztertzen ari zuela azaldu zuen. Hautatzen den irtenbidea zein-nahi ere den, Zorrotzaurre zeharkatu ondoren Zorrotzara helduko da tranbia, beste zubi berri batetik.[8] Trenbidea Zorrotzaurre erdibituko duen etorbide zabaletik igaroko da.[9]

Errekalde

Bilboko Udalak tranbia Errekaldera luzatzea proposatu zuen, Autonomia kaleko luzapenarekin batera. Proiektua Eusko Jaurlaritzarekin adostu zen arren, auzokideen ezadostaunaren eta 2009ko hauteskundeen ondoren Jaurlaritza berriak proiektua ezeztatu zuen.[10] Azkenean, tranbia Autonomia kalera besterik ez zen luzatu, gaur egun La Casilla pabilioiaren parean geltoki-burua ezarriz.

Ibilbide turistikoa

Tranbia, Guggenheim geltokira heltzen.

Tranbiaren ibilbideak interes turistiko handia du, izan ere gehien bat Bilboko itsasadarraren ertzean ibiltzen baita, Abandoibarreko pasealekuaren ondoan. Atxuritik hasita hiriko zenbait leku interesgarri ikusi daitezke:

Funtzionamendua eta zerbitzuak

Guneak

Bizkaiko Garraio Partzuergoak ezarritako zonakatze-sistemaren arabera, Bilboko tranbia linea osoa Bilbo udalerri barruan dagoenez geltoki guztiak gune berean daude, 1. gunea, alegia.

Kontakturik gabeko txartela

Sakontzeko, irakurri: «Barik txartela»

Barik txartela Bizkaiko Garraio Partzuergoak jaulkitako kontakturik gabeko txartel bakarra da, eta txartelari esker abonu-titulu bereziak erabil daitezke, hobaridun prezioekin bidaiatu ahal izateko. Txartelak 3€ko kostua dauka, eta hiru motatakoa izan daiteke:

  • barik anonimoa (zuria): Creditrans titulua erabili ahal izateko. Txartel anonimoak pertsonalizatzeko aukera ematen du, hala Barik Kide txartela bihurtzen da.
  • barik pertsonalizatua kide (zuria): Creditrans, Hirukotrans, Bidai 50, Bidai 70, Bidai Oro, Gazte 70 edota Gazte Oro tituluak erabili ahal izateko.
  • barik pertsonalizatua giza (gorria): Gizatrans titulua eta aurreko titulu guztiak erabili ahal izateko.

Barik txartel pertsonalizatuak Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Bezeroen Arretarako Bulego integraletan eska daitezke, hurrengo tokietan kokatuta:

Gainera, Gipuzkoako Mugi eta Arabako BAT txartelak ere erabil daitezke Bilboko tranbian.

Bidaia-txartelak eta tarifak

2018ko urtarrilaren 1.tik aurrerako bidaia-txartelak:[11]

  • Joanekoa: Pertsonal eta transferiezina. Bidaia bakarra egiteko, erosi eta 50 minutura iraungitzen da.
  • Gizatrans: Barik Giza euskarrian kargatzen den titulua da. Pertsonal eta transferiezina. 65 urtetik gorakoentzako, %65eko edo gehiagoko minusbaliotasuna dutenentzako edo erabateko ezintasun iraunkorra edo baliaezintasun larria eta soldata bera edo OAEAP baino 2,5 aldiz txikia duten pertsonentzako.

2018tik Joaneko bidaia-txartelak tarifa bakarra du arrunta zein familia ugarietarako, eta Egunekoa desagertu da.

2018ko urtarrilaren 1.tik aurrerako tarifak:

Arrunta Familia Ugari Orokorra (F20) Familia Ugari Berezia (F50)
Joanekoa 1,50€
Barik euskarrian Creditrans Mugi / BAT 0,73€ 0,58€ 0,36€
Gizatrans 0,38€ 0,30€ 0,19€

Bidaiariak[12]

Bidaiariak
Urtea Bidaiariak

2002 47.248
2003 1.143.937
2004 2.191.696
2005 2.839.085
2006 2.934.852
2007 2.906.352
2008 2.846.713
2009 2.799.402
2010 2.849.608
2011 2.998.843
2012 3.083.682
2013 3.119.949
2014 2.979.538
2015 2.887.548
2016 3.006.576
2017 2.906.916
2018 2.992.842
Bilboko tranbiaren bidaiari kopuruaren bilakaera 2002-2018 (milioi bidaiari)

2002. urteko abenduan Bilboko tranbia martxan jarri zen. Urtea bukatu zenerako, egun gutxitan ia 50.000 bidaiari batu zituen linea berri honek.

Handik urte betera bidaiak bikoiztu ziren. Tranbiaren erabilpena urtero haziz joan zen 2006ra arte.

Bereziki aipagarria da 2004ko igoera, tranbia ireki zenetik eta urte horretara arte zabaldu ziren geltoki berriei, eta tranbiak hartutako onarpenari esker.

2009ra arte bidaiarien handitzea egonkortu eta pixka bat jeitsi zen, eta ezin izan zitzaion heldu 2.800.000 bidaia kopuruari.

2010etik aurrera berriro ere bidaiarien igoera gertatu da, eta 2011n ia 3 milioi bidaiari zenbatu ziren.

2012an 3 milioi bidaiarien kopurua gainditu zen lehenbiziko aldiz, eta 2013an gorako joerari eutsi zitzaion.

Aldiz, 2014 eta 2015ean bidaiarien beherakada nabaria gertatu zen, alegia, 2004tik daturik txarrenak lortuz.

2016an berriro ere 3 milioi bidaiariak gainditu ziren, gorakada garrantzitsu baten ondoren.

2017an 100.000 bidaiari galdu zituen tranbiak, eta hurrengo urtean ia 100.000 bidaiariak berreskuratu zituen, baina 3 milioi bidaiariak jasotzear gelditu zen.

Tranbiaren ezaugarriak

Tranbia unitate bakoitzak 192 lagun eraman ditzake, horietatik 50 eserita. Tranbia bakoitzak 25 metroko luzera dauka eta sarrera-irteerako 4 ate alde bakoitzean. Sarbidea nasaren maila berean dago, mugikortasun urriko pertsonei erraztasunak emanez. Tranbien ezaugarrien artean aipagarriak dira aire girotua, berogailua, informazio panelak eta megafonia.

Erreferentziak

  1. Bizkaiko Garraio Partzuergoa. «Bizkaiko garraio publikoaren txostena» (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).
  2. Deia. «Palomino regresa a Euskotren como director general» (Noiz kontsultatua: 2013-01-29).
  3. Euskal Trenbide Sarea. «Tranbiak» (Noiz kontsultatua: 2013-01-28).
  4. Euskal Trenbide Sarea. «Tranbiak» (Noiz kontsultatua: 2014-08-27).
  5. Bilboko Udala. «Ampliación de la línea del tranvía de Bilbao» (Noiz kontsultatua: 2009-07-24).
  6. (Gaztelaniaz) «Las obras del tranvía de Atxuri a Bolueta comenzarán en un año. Deia, Noticias de Bizkaia» Deia (Noiz kontsultatua: 2018-11-21).
  7. (Gaztelaniaz) Deia. «Cuatro paradas cerrarán el anillo del tranvía» (Noiz kontsultatua: 2014-03-05).
  8. (Gaztelaniaz) Deia. «Lakua estudia unir Olabeaga y Zorrotzaurre a través del tranvía» (Noiz kontsultatua: 2014-03-05).
  9. «Movilidad y accesibilidad de la zona de Zorrotzaurre - Zorrotzaurre» www.zorrotzaurre.com (Noiz kontsultatua: 2018-11-21).
  10. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2009-06-13). «Azkuna tacha de "error histórico" que se deseche el tranvía a Rekalde» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2018-11-21).
  11. «Tarifak 2018» (Noiz kontsultatua: 2018-02-07).
  12. Bizkaiko Garraio Partzuergoa. «Garraio publikoari buruzko txostenak» (Noiz kontsultatua: 2019-03-03).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Bilbo