Papua Ginea Berria
- Artikulu hau Ozeaniako estatuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ginea (argipena)».
- Artikulu hau Ozeaniako estatuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Papua».
Papua Ginea Berria (ingelesez: Papua New Guinea; tok pisinez: Papua Niugini; hiri motuz: Papua Niu Gini), ofizialki Papua Ginea Berriko Estatu Burujabea[1], Ozeaniako herrialdea da, Ginea Berria uhartearen ekialdea hartzen duena[2], eta baita Melanesiako hainbat irla ere. 462.840 kilometro koadroko eremua du, eta 2015ean 7.476.000 biztanle zituen[3]. Hiriburua Port Moresby da.
Papua Ginea Berriko Estatu Burujabea | |||
---|---|---|---|
Independent State of Papua New Guinea Independen Stet bilong Papua Niugini | |||
Ereserkia: O Arise, All You Sons (en) | |||
Goiburua: "Batasuna aniztasunean" | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Port Moresby 9°28′44″S 147°8′58″E | ||
Azalera | 462.840 km² | ||
Punturik altuena | Wilhelm mendia | ||
Punturik sakonena | Ozeano Barea (0 m) | ||
Kontinentea | Uharteetako Ozeania | ||
Mugakideak | Indonesia, Australia, Mikronesia eta Salomon uharteak | ||
Administrazioa | |||
Papua Ginea Berriko monarka | Charles III.a Erresuma Batukoa | ||
Legebiltzarra | National Parliament of Papua New Guinea (en) | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 8.935.000 | ||
Dentsitatea | 19,3 bizt/km² | ||
Talde etnikoak | ikusi
| ||
Hizkuntza ofizialak | ikusi
| ||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Ezkontzeko adina | genero guztiak: 21 | ||
Emankortasun-tasa | 2,79 (2021) | ||
Bizi-itxaropena | 65,544 (2016) | ||
Giniren koefizientea | 41,9 (2009) | ||
Giza garapen indizea | 0,558 (2021) | ||
Ekonomia | |||
BPG nominala | 21.088.758.484,749 $ (2017) | ||
BPG per capita | 2.488 $ (2017) | ||
BPG erosketa botere paritarioa | 34.718.473.819 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPG per capita EAPn | 4.207,707 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPGaren hazkuntza erreala | 2,5 % (2016) | ||
Erreserbak | 1.761.946.839 $ (2017) | ||
Inflazioa | 7 % (2016) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 1975 | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +675 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | PG | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | PNG | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 240 V. 50 Hz.AS/NZS 3112 (en) | ||
Internet domeinua | .pg | ||
papuanewguinea.travel |
Papua Ginea Berria kulturalki munduko herrialderik askotarikoenetakoa da, 840 hizkuntza mintzatzen baitira, 7 milioi biztanle baino ez dituen arren[4]. Jende gehiena antolakuntza tradizionaleko taldeetan bizi da, eta % 13 besterik ez da hirietan bizi[5]. Bertako geografia eta kultura munduko esploratu gabeenetakoak dira: herrialdearen barnealdean animalia eta landare ezezagun ugari daudela uste da, eta baita kontaktatu gabeko gizakiak ere[6].
Hiru potentzia atzerritarrek kolonizatu zuten 1884tik aurrera: Alemaniar Inperioak, Erresuma Batuak eta Australiak. Australiar administraziopean 60 urtez egon ostean, 1975ean independentzia lortu zuen. Commonwealtheko kidea da, eta Karlos III.a erregea estatu burua da. Garapen bideko herrialdea da, Nazioarteko Diru Funtsaren arabera[7], baina oso aberatsa balibide berriztaezinetan: kobrea, urrea eta petrolioan.
Geografia
aldatuMugak
aldatuPapua Ginea Berria Indonesiaren ekialdean dago, ekuatore lerroaren hegoaldean. Herrialdeak Ginea Berriko ekialdeko zatia hartzen du (mendebaldea Irian Jaya da, Indonesia), eta beste uharte txiki asko: Britainia Berria, Irlanda Berria eta Manus, Bismarck uhartedian; Bougainville, Buka eta Nissan, Salomon uharteen iparraldean; Louisiade eta D'Entrecasteaux uhartediak; eta Trobriand eta Woodlark uharteak, Ginea Berriko hego-ekialdean.
Erliebea eta hidrografia
aldatuGinea Berria uhartearen ekialdeko erdiak hartzen du Papua Ginea Berriko lurraldearen % 85. Lurralde menditsua da. Herrialdea erdialdetik eta alderik alde, ipar-mendebaldetik hego-ekialdera, igarotzen duten mendilerroek osatzen dute lurraldearen bizkarrezurra. Mendilerro horietan 4.000 m-tik gorako mendiak daude. Bismarck mendilerroko Wilhelm mendia da garaiena: 4.509 m. Mendien alde banatara, iparraldean Sepik ibaiak eta hegoaldean Fly ibaiak ordoki zabalak eta padurak eratzen dituzte. Papuako beste ibai nagusiak Markham, Ramu eta Kikori dira. Gainerako uharte gehienak sumendi jatorrikoak dira, koralezko eraztun batez inguratuak.
Klima
aldatuPapuak klima beroa eta euritsua du, eta montzoi haizeen mende dago. Ipar-mendebaldeko montzoia abendutik martxora izaten da eta hego-mendebaldekoa maiatzetik urrira. Prezipitazioei dagokienez, alde handia dago Papuako alderdi batzuetatik besteetara: 7.500 mm euri mendietan eta 1.000 mm Port Moresbyn, baina toki gehienetan 1.500 mm baino gehiagoko euria izaten da urtean zehar. Beroa ere handia izaten da urte guztian kostaldean eta ordokietan (27 °C), eta tenperatura askoz samurragoa da mendialdean (16 °C).
Landaredia
aldatuOihanak Papua Ginea Berriko lurraldearen hiru laurden hartzen ditu. Itsasaldean mangladiak hazten dira, eta ordokietan belardiak eta zingirak tartekatzen dira. Lurren % 1 baizik ez da laborantzarako erabilgarria.
-
Tavurvur, Britainia Berria
-
Laeko hondartza
-
Wilhelm mendia
-
Sepik ibaia
Historia
aldatuAztarna arkeologikoen arabera, duela 45.000-50.000 urte iritsi ziren lehenbiziko gizakiak Ginea Berrira, uhartea Australiari loturik zegoen garaian, Sahul izeneko kontinentean[8]. Hego-ekialdeko Asiako jatorria zuten antzinako biztanle haiek izotz aro batean heldu zirela uste da, itsas maila baxua zenean, eta uharteen arteko distantziak, laburragoak.
K. a. 7000 aldean, nekazaritza garatu zen Ginea Berriko mendialdean, kanpoko eraginik gabe, eta bertako basa-landareak (azukre kanabera, banana) lantzen hasi ziren munduko leku bakarretakoa izan zen[9]. Orain dela 3.500 urte, austronesiar hiztunen migrazio handi bat iritsi zen uharteko kostaldeetara; austronesiarrek buztingintza, txerriak eta arrantza teknika berriak eraman zituzten. Amerikako batata geroago heldu zen, baina ez dago argi, ez nork, ez noiz eraman zuen[10]. Beti ere, batataren sarrerak guztiz aldatu zuen ordura arteko nekazaritza tradizionala, taroa ordezkatu baitzuen, eta horrek populazio hazkunde handia ekarri zuen.
Dagoeneko kanibalismo eta buru ehizarik ia ez den arren, herrialdeko eskualde askotan praktikatu izan dira, eta hileta-errituen parte ziren[11]. 1901ean, esate baterako, Harry Dauncey misiolariak 10.000 burezur aurkitu zituen Papuako golkoko Goaribar uhartean[12]. Horrelako jarduteek 1960ko eta 1970eko hamarkadetara arte iraun zuten, eta gaur egun ere aztarna batzuk daude zenbait giza taldetan.
Europan ezer gutxi jakiten zen uharte hor buruz XIX. mendera arte, nahiz eta espainiar eta portugaldar esploratzaileak, hala nola Jorge De Meneses eta Iñigo Ortiz de Retez, XVI. mendean bertara iritsi ziren. Hego-ekialdeko Asiako merkatariek ere bisitatu zuten Ginea Berria, bertako paradisuko hegaztien lumak eskuratzeko; harreman horiek orain dela 5000 urte hasi ziren. Papua Ginea Berria izendapena herrialdeak izan zuen administrazio historia konplexutik dator. «Papua» hitza pepuah-tik dator, melanesiarren ile kizkurra deskribatzen duena, eta «Ginea Berria» izena (Nueva Guinea) Iñigo Ortiz de Retez arabar esploratzaileak ezarri zion, mendebaldeko Afrikako Ginearekin zuen antzagatik.
XIX. mendean, Alemaniaren eskuetan erori zen uhartearen ipar-ekialdea. 1884tik aurrera, Alemaniar Ginea Berria deitu zitzaion kolonia horri. Urte berean, Erresuma Batuak beretu zuen uhartearen hego-ekialdea, Britainiar Ginea Berria izenaz. 1905an, britainiarrek Australiako Commonwealth-en esku utzi zuten kolonia, eta Papuako Lurraldea izena eman zitzaion[13]. Lehen Mundu Gerran, Australiak Alemaniar Ginea Berria okupatu zuen, eta gerra amaitutakoan, haren administraziopean geratu zen, Nazioen Ligaren aginduz. Beti ere, Ginea Berria eta Papuako Lurraldea administratiboki bereizirik zeuden, biak Australiaren mende egon arren.
Ginea Berriko kanpaina (1942ko urtarrilak 24-1945eko abenduak 31) Bigarren Mundu Gerrako garrantzitsuenetako bat izan zen. Bertan, 216.000 bat japoniar, australiar eta estatubatuar soldado hil ziren[14]. Gerra ostean, Australiaren mendeko bi lurraldeak, iparraldekoa eta hegoaldekoa, Papua eta Ginea Berriko Lurraldea zeritzonean elkartu ziren, geroago Papua Ginea Berria deitua.
Autogobernua lortzeko prozesua 1964an hasi zen eta 1975eko irailaren 16an burutu, independentziaren adierazpenarekin. Independentzia era baketsuan erdietsi zuen, Nazio Batuen Erakundeak gainbegiraturik. 1975eko urriaren 10ean, estatu berria Nazio Batuen Erakundeko kide bihurtu zen.
1975-1976an Bougainville uhartea estatu berritik banatzen ahalegindu zen. Uharte aberatsa da urre eta kobre hobietan, eta hango biztanleak Salomon uharteetatik hurbilago daude etniari dagokionez. Matxinada horren ondorioz, aldaketak egin ziren konstituzioan, Bougainvilleri eta beste hemezortzi uharteri ia estatu federalen estatusa emanez. 1988-1997 bitartean, 20.000 pertsona hil ziren Bougainvillen izandako beste errebolta batean[15]. Matxinadaren ostean, Joseph Kabui izan zen Bougainvilleko presidente, 2008an hil zen arte. Urte horretako hauteskundeetan James Tanis irten zen garaile.
2009ko maiatzean, milaka pertsonak parte hartu zuten txinatarren aurkako matxinada batean. Txinatar enpresa bat eraikitzen ari zen nikel fabrika batean abiarazi ziren liskarrak, txinatar eta gineaberriar langile batzuk borrokan hasi zirelarik. Erreboltaren benetako arrazoia, ordea, txinatarren aurkako erresumina izan zen, denda eta enpresa txiki askoren jabeak direlako[16].
Gobernua eta administrazioa
aldatuPolitika
aldatu1975az geroztik, Papua Ginea Berria estatu burujabea da. Commonwealth erakundeko kidea denez, Karlos III.a erregea estatu burua da. Erregearen ordezkaria gobernadore orokorra da, gaur egun Michael Ogio. 1975eko konstituzioaren arabera Nazio Batzordeak du aginpide eragilea. Batzordearen burua lehen ministroa da, Legebiltzarreko alderdi nagusiaren burua izaten dena. Egun, lehen ministroa Peter O'Neill da.
Legebiltzar Nazionala 111 eserlekuko kamera bakarraz osaturik dago: haietatik 22 probintzietako gobernadoreek betetzen dute. Hauteskundeak, asko jota, 5 urtean behin egiten dira, lehen ministroak gobernadore nagusiari hauteskunde deialdia egiten dionean. Alderdi politikoak pertsona ezagunen inguruan antolatzen dira –pertsona horren inguruko herritarren laguntzarekin–, desberdintasun ideologikoen arabera baino gehiago. Egoera politikoa ezin dela oso orekatua izan pentsa badaiteke ere, besteak baino askoz ahaltsuagoa den talderik ez egoteak kontsentsua bilatzera bultzatzen du gobernua.
Papua Ginea Berriak lotura estuak ditu Australiarekin eta, aldi berean, Ozeano Bareko hegoaldeko estatuen buruzagitza duela esan daiteke. 1979an bere gudarostea bidali zuen Espiritu Santu uhartera (Vanuatu), Jemyy Stevens-ek –Frantziako agintarien eta Estatu Batuetako interes ekonomikoen babesarekin– bultzatu zuen banakuntza saioa zapuztera. 1988ko maiatzean, Papua Ginea Berriak, Vanuatuk eta Salomon uharteek melanesiarren tradizio kulturalak babesteko ituna egin zuten. Gainera, Kanakyren independentzia bultzatu zuten. Papua Ginea Berriaren eta Indonesiaren arteko harremanak ez dira oso onak. Indonesiako Irian Jaya probintzian Papua Askea higikunde independentista aritzen da. 1984an, Indonesiako gobernuak bultzatu zituen operazio militarren erdian, probintzia hartako 12 mila biztanlek Papua Ginea Berrian hartu zuten babesa.
Banaketa administratiboa
aldatuPapua Ginea Berria lau lurraldetan zatiturik dago; ez dira banaketa administratiboak, baina garrantzia dute gobernuan, merkataritzan, kirolean eta beste hainbat arlotan. Administrazioari dagokionez, estatua 20 probintzia eta bi eskualde berezitan banaturik dago: Bougainvilleko Eskualde Autonomoa eta Hiriburu Nazionalaren Barrutia. Probintzia bakoitza barruti bat edo gehiagotan zatiturik dago, bakoitza bere gobernuarekin.
Demografia
aldatuBiztanleria
aldatuPapua Ginea Berriak 7.476.000 biztanle zituen 2015ean, 11,2 biztanle/kilometro koadroko dentsitatearekin[3]. Biztanleria oso sakabanaturik dago, eta % 13 besterik ez da hiriguneetan bizi. 0-24 urteko biztanleak gizartearen % 53,8 dira (2016). Bizi-itxaropena 67,2 urtekoa da, 65 urtekoa gizonezkoena eta 69,5 urtekoa emakumezkoena (2016)[5]. Lehen eta bigarren mailako ikasketak dohain dira. 1980. urtean biztanleen % 42 alfabetatuta zegoen eta 2015ean, % 64,2[5]. Irakasle eskolak eta bi unibertsitate daude. Osasun egoera txarra da: arazo nagusiak arnas-bideetako eritasunak, gastroenteritisa, malaria eta elikadura urritasunaren ondorioz sortuak dira. Neurri handi batean, misiolariak eta elizak arduratzen dira osasunaz eta heziketaz.
Banaketa etnikoa
aldatuPapua Ginea Berrian 700 etnia baino gehiago bizi dira, bi multzo nagusitan bereizita: papuarrak eta melanesiarrak. Gehienak papuarrak dira (% 84), eta barnealdean bizi dira; melanesiarrak (% 15) berriz, itsasaldean eta inguruko uharteetan bizi dira. Horiez gainera, polinesiarrak, australiarrak, txinatarrak eta europarrak ere daude.
Hizkuntzak
aldatuZazpi milioi biztanleko herrialde honetan 840 hizkuntza daude (beste 12 bederen galdu dira)[4]. Hainbeste hizkuntza izatearen arrazoia lurraldeak dituen mendi, bailara eta basoak izan litezke. Tribu askok ez dute denbora luzean besteen berririk izan, elkarrengandik kilometro batera zeuden arren, eta talde gehienen hizkuntzen artean ez dago antzekotasunik. Hizkuntza horiek oso hiztun kopuru ezberdinak dituzte: engak, esaterako, 130.000 hiztun ditu eta abagak, aldiz, bost soilik[17]. Hizkuntza ofiziala ingelesa da, baina biztanleen erdiak tok pisina darabil, melanesiar pidgin bat; 150.000 inguruk, berriz, hiri motua, motu hizkuntzaren pidgina.
Erlijioa
aldatuPapua Ginea Berriko konstituzioak erlijio askatasuna bermatzen du. 2000ko erroldaren arabera, biztanleen % 96,4 kristauak dira: protestanteak % 69,4 eta katolikoak % 27. Bahaistak 15.000 inguru dira eta musulmanak 1.000 eta 2.000 artean. Jende ugarik kristau fedea eta sinesmen tradizionalak bateratzen ditu[5][18].
Hiri nagusiak
aldatuEkonomia
aldatuGarapen bidean dagoen herri baten ezaugarriak ditu Papua Ginea Berriak. Nekazaritza gaien eta meen esportazioan oinarritzen da ekonomia. Bertako herriak lurraren % 98ren jabe dira; haien ekonomia kanpora zabaltzen ari da gero eta gehiago, eta baliabide naturalen ustiapena ingurumenaren hondamena eragiten ari da.
Nekazaritzak langileen % 80 baino gehiago eta Nazio Produktu Gordinaren (NPG) % 23,3 hartzen ditu. Papuako biztanleek, bizibidea ateratzeko, batata, bananak eta taroa lantzen dituzte. Esportatzeko lantzen diren gai nagusiak, berriz, kakaoa, kafea, kokondoa (kopra ateratzeko), olio-palmondoa, tea eta kautxua dira. Basoaren ustiapena aurreratu gabe dago; zura esportatzen da. Arrantzak nolabaiteko garrantzia du: oskoldunak, atuna eta barramundia dira harrapakin nagusiak; perlak ere hartzen dira. Abere hazkuntzan zerriak eta behiak dira garrantzitsuenak.
Mea baliabideak kontuan hartzekoak dira, Bougainville eta Ok Tediko meatokiak munduko kobre hobi handienak dira (Ok Tedin, kobreaz gainera urrea ere ateratzen da). Porgerako urre meatokia 1990ean zabaldu zen, eta munduko handiena izango da, Hego Afrikakoen ondoren; Lihir uhartean dagoen beste bat are handiagoa izan daitekeela uste da. Transnazionalek ustiatzen dituzte meatokiak. Petrolio erreserba handiak ere aurkitu dira, baina olioduktua egin behar da haiek ustiatzen hasi baino lehen.
Argindarra lortzeko inportatutako petrolioaz eta, gero eta gehiago, ur-indarraz baliatzen dira. Industria hiri nagusietan dago bildua, aurreratu gabea da eta barne kontsumorako gaiak lantzera bideratua dago: janari industria, garagardogintza, tabakogintza, zerrategiak, porlangintza, pinturak, industriarako gasak eta itsasontziak. Errepide sarea urria eta txarra da eta ez dago burdinbiderik. Lurraldearen egitura dela eta, aire eta itsaso bidezko garraioek garrantzi handia dute.
Petrolioa, urrea, kobre mea, zura, palma olioa, kafea, kakaoa, karramarroak eta ganbak Papua Ginea Berriaren esportazio produktu nagusiak dira eta, batez ere, Japonia (% 17,4 2015ean), Australia (% 15,9) eta Txinara (% 12,1) saltzen ditu. Makinak, garraio tresneria eta ibilgailuak, erregaiak eta gai landuak inportatzen ditu, eta hauek dira saltzaile garrantzitsuenak: Australia (% 25,9), Txina (% 20), Singapur (% 12,6), Malaysia (% 7,2), AEB (% 4,2), Indonesia (% 4,1) eta Hego Korea (% 4)[5].
Azpiegiturak
aldatuAireportuak
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016-10-7 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. ., euskaltzaindia.net
- ↑ Ginea Berria uhartearen mendebaldea Indonesiaren agindupean dago
- ↑ a b UN Statistics Division, World Statistics Pocketbook 2015, S.154, unstats.un.org
- ↑ a b Papua New Guinea. ethnologue.com (Noiz kontsultatua: 2016-10-10).
- ↑ a b c d e Papua New Guinea. in: The World Factbook. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2016-10-10).
- ↑ Gelineau, Kristen. Spiders and frogs identified among 50 new species. independent.co.uk (Noiz kontsultatua: 2016-10-10).
- ↑ World Economic Outlook Database. International Monetary Fund, imf.org (Noiz kontsultatua: 2016-10-10).
- ↑ O'Connell, J.F; Allen, J. Dating the colonization of Sahul (Pleistocene Australia–New Guinea): a review of recent research. in: Journal of Archaeological Science, Volume 31, Issue 6, June 2004, Pages 835–853. sciencedirect.com (Noiz kontsultatua: 2016-10-8).
- ↑ Beale, Bob. Papua New Guineans among world's first farmers. abc.net.au (Noiz kontsultatua: 2016-10-8).
- ↑ Sweet potato in Papua New Guinea: a multitude of varieties created by smallholders. cirad.fr (Noiz kontsultatua: 2016-10-8).
- ↑ Roach, John. Cannibalism Normal For Early Humans?. news.nationalgeographic.com (Noiz kontsultatua: 2016-10-8).
- ↑ Goldman, Laurence. The Anthropology of Cannibalism. in: Greenwood Publishing Group. p. 19. books.google.es (Noiz kontsultatua: 2016-10-8).
- ↑ British New Guinea: Brief History. britishempire.co.uk (Noiz kontsultatua: 2016-10-8).
- ↑ Fenton, Damien. How many died? (QnA). in: Australian War Memorial. ajrp.awm.gov.au (Noiz kontsultatua: 2016-10-8).
- ↑ New report doubles death toll on Bougainville to 20,000. radioaustralia.net.au (Noiz kontsultatua: 2016-10-8).
- ↑ Callick, Rowan. Looters shot dead amid chaos of Papua New Guinea's anti-Chinese riots. theaustralian.com.au (Noiz kontsultatua: 2016-10-9).
- ↑ Papua: ehunka hizkuntza herrialde berean. argia.eus, Creative-Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) (Noiz kontsultatua: 2016-10-7).
- ↑ Papua New Guinea. in: International Religious Freedom Report 2003. state.gov (Noiz kontsultatua: 2016-10-10).
- ↑ Papua New Guinea - Largest Cities, geonames.org
Kanpo estekak
aldatu