Luigi Pelloux
Luigi Gerolamo Pelloux (La Roche-sur-Foron, 1839ko martxoaren 1a - Bordighera, 1924ko urriaren 26a) italiar militar eta politikaria izan zen. Italiako lehen ministroa izan zen 1898tik 1900era.
Artilleriako teniente mailarekin parte hartu zuen Italiako Independentziako Hirugarren Gerran eta 1870ean Erromako harresia eraitsi zuen artilleriako brigadaren komandoan. Horrela, italiarrak Erroman sartu ziren eta Italiaren bateratzea amaitu zen.
1881etik 1895era Ezkerreko alderdiko diputatua izan zen. Estatu Nagusiko burua, senatari eta Gerra ministroa ere izan zen.
1898ko ekainean lehen ministro izendatu zuten eta gobernu militar eta kontserbadorea zuzendu zuen. Saiakera iraultzaileak zapaldu zituen eta bere neurriek sozialisten oposizioa jaso zuten. Bere neurrien aurkakotasun gero eta handiagoak 1900eko ekainean dimisioa ematera behartu zuen, maiatzeko hauteskundeen ondoren.