Lekarozko ikastetxea
Lekarozko ikastetxea, izen osoa Kontseilu Onaren Gure Amaren ikastetxea, Baztango Lekaroz herrian kokatutako ikastetxea izan zen, 1888an fraide kaputxinoek sortua. Ikasle ohi batzuek Euskal Herriko gizartean izan zuten garrantzi handia zela-eta, ikastetxearen ospea handitu zen. Halaber, euskara eta bertako kultura irakasteko zentroa izan zen XX. mendeko lehenbiziko herenean.
Lekarozko ikastetxea | |
---|---|
Lekarozko ikastetxeko eraikin berriak eta errugbi zelaia. | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Baztan |
Koordenatuak | 43°08′20″N 1°32′06″W / 43.139°N 1.535°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1888 |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Francisco Urkola Lazkanotegi |
2009an Nafarroako Gobernuak ikastetxe zaharra eraisteko erabakia hartu zuen. Ikastetxe berrian, aldiz, Baztango Bigarren Hezkuntzako Institutua[1] eta Nafarroako Gobernuaren aterpetxea[2] daude gaur egun.
Historia
aldatuIkastetxearen sortzailea Joaquim Maria de Llavaneres izan zen, Espainiako kaputxinoen probintziala. Lehenbiziko harria 1888ko apirilaren 22an jarri zen, eta aurreneko ikasleak 1890eko abenduan iritsi ziren. Mende amaieran eraikitako ur-indarretxeari esker, 1900ean X izpien gailua eta zinematografoa ezarri ziren.[3]
Ikasle batzuei eskolak euskaraz eman zizkieten Espainiako Gerra Zibilera arte. Izan ere, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntzarekin harremanetan ibili ziren fraideak garai hartan. Gerrateak jarduera hori moztu eta ordura arte egindako lana eten zuen. Urte haietan, ospitale gisa erabili zuten ikastetxea.[3]
1962ko amaieran suak eraikinaren zati handi bat suntsitu zuen, eta arriskuan ipini zuen fraideen liburutegia, ondare hori salbatzea lortu bazuten ere. Bost urte geroago inauguratu zen ikastetxe berria, lau eraikinez osaturik zegoena. 1980an kiroldegia eraiki zen, eta 1985ean "Lekarozko Txokoa", ikasle ohien egoitza soziala.[3][4]
Sorreratik 1980ko hamarkadaren amaierara arte, kaputxinoen eskuetan egon zen ikastetxea. 1990ean, Nafarroako Gobernuak erosi zuen ikastetxe berria, eta 2006an gainerako eraikinak. Azkenik, 2009an, ikastetxe zaharra eraitsi zuten, eliza izan ezik. Orubean Lekarozko Enpresa Campusa eraiki zuten.[5]
Ikasleak
aldatu1888-1990 bitartean, 10.000 haur eta gaztek baino gehiagok ikasi zuten Lekarozen. Haien artean ditugu Jesus Maria Leizaola, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Nicanor Zabaleta, Aita Donostia, Patxi Ondarra, Damaso Intza, Andrés Espinosa, Antonio Arrue, Pedro Miguel Etxenike, Miguel Ángel Carreño "Micky" abeslaria, Xabier Euzkitze bertsolaria eta Frantzisko Xabier Bustillo kardinala.[6] Horietako batzuk gerora irakasle bihurtu ziren.
Errugbia
aldatuBRT Menditarrak errugbi taldeak ikastetxe horretako zelaian jokatu ohi ditu etxeko partidak.
Zinema
aldatu2006an Pablo Malo donostiar zuzendariak La sombra de nadie filmatu zuen Lekarozko ikastetxe zaharrean.[7]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Lekaroz BHI. lekaroz.educacion.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-3-26).
- ↑ Lekarozko "Valle de Baztan" Gazte-aterpetxea. juventudnavarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-3-26).
- ↑ a b c García Nieto, Fernando, Zudaire Huarte, Eulogio. Lekaroz: Colegio del Buen Consejo de Lecároz. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2024, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-3-26).
- ↑ Lekarozko ikasle ohiek Txokoaren 25. urteurrena ospatu zuten. Ttipi-ttapa, 2010eko irailak 30, erran.eus (Noiz kontsultatua: 2024-3-26).
- ↑ Lekarozen enpresa, hezkuntza eta kultura parkea eraikitzeko izapideak abiatu dira. navarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-3-26).
- ↑ Bustillo, antiguo alumno, nombrado cardenal. aalecaroz.com (Noiz kontsultatua: 2024-3-26).
- ↑ Hablamos con ex-alumnos del internado de Lekaroz. blogseitb.com (Noiz kontsultatua: 2024-3-26).
Kanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |
- Lekaroz, valledebaztan.com