[go: up one dir, main page]

Migel Olasagarre

euskal idazlea

Migel Olasagarre Zubillaga (Intza, Nafarroa Garaia, 1886ko urriaren 19a - Iruñea, 1986ko irailaren 22a), aita Damaso Intza erlijio izenez, fraide kaputxinoa eta euskal idazlea izan zen.

Migel Olasagarre
Bizitza
JaiotzaIntza1886ko urriaren 19a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaIruñea1986ko irailaren 22a (99 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakidazlea
Izengoitia(k)Damaso Intza

Inguma: migel-olasagarre-zubillaga-1886-1986 Literaturaren Zubitegia: 441

Bizitza

aldatu

Intzan sortu arren, bi urte besterik ez zuenean familia Madotzera aldatu zen. Oderizko eskolan egin zituen lehen ikasketak. Haurra zelarik, Iruñeko Elizbarrutiko Seminariora eraman zuten familiakoek[1]. 16 urterekin Zangozako kaputxinen komentuan sarturik, Tutera eta Iruñean Filosofia eta Teologia ikasi, eta 1910eko abenduaren 17an apaiztu zen. Haurtzaroan arras euskalduna zen arren, Tuteran egin zituen lau urteetan euskara galdu zuen, eta ondoren berriz ikasi behar izan zuen[1].

1913an, talde frantziskotar sekularrekin lanean aritu zen garaian, Irugarrengo Prantziskotarra izeneko aldizkaria sortu eta haren zuzendaria izan zen. 1919an, berriz, Zeruko Argia aldizkaria sortu zuen Buenaventura Oieregikoarekin batera, eta bera izan zen lehenengo zuzendaria. 1920an, euskaltzain oso izendatu zuten.

1936an, frankisten errepresioaren beldurrez, Txilera joan zen; Santiago eta Constitucion hirietan egin zituen 32 urte apaizgaien irakasle eta nagusi, harik eta 1968an Euskal Herrira itzuli zen arte. Handik ere, jarraitu zuen Euskaltzaindiaren aldizkarian kolaboratzen. Itzuli zenean, urte asko eman zituen Nafarroa Garaiko euskalkiak aztertzen, eta aho-hizkera jasotzen eta sailkatzen. Horren fruitua izan zen Naparroa-ko euskal esaera zarrak, euskal lokuzioen bilduma. 1986ko irailaren 22a hil zen, ehun urte betetzeko egun gutxi falta zituela, Iruñeko Arrotxapeako komentuan.

Irugarrengo Prantziskotarra, Zeruko Argia Euskal Esnalea, Euskera, RIEV, Príncipe de Viana, Karmel eta Agur aldizkarietan argitaratu ziren Olasagarreren idazlanak. Bestalde, erlijio gaia zuten hiru liburu idatzi zituen:

  • Jabier'tar Frantzisko Santuaren bederatziurrena, 1922
  • Kristau Ikasbidearen I'go ta II-garren zatien azalpena, 1924
  • Naparrorako Kristau Ikasbidea, 1927

Obra nagusia 1974an eman zuen argitara: Naparroa-ko euskal-esaera zarrak, Nafarroako herrietan barrena, misioetan hizlari zihoalarik, herriarengandik jasotzen zituen esamolde berezien bilduma.

Lan horren omenetan, Koldo Izagirreren Euskal Lokuzioak lanari sareko forma digitala eman zitzaioenean 21. mendean (Euskal lokuzioak sarean), egitasmoari Intza Proiektua eman zion izena Susa argitaletxeak (gerora, Armiarma egitasmoan integratu zen baliabide hori)[2].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Pagola, Rosa Miren Migel Olasagarre, Bidegileak bilduma, euskara.euskadi.net
  2. «Euskal lokuzioak sarean - Intza Proiektuari buruz» intza.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-04-26).

Kanpo loturak

aldatu