[go: up one dir, main page]

Kortatu

80ko hamarkadako euskal rock taldea

Kortatu ska-punk musika taldea izan zen. 1984ko udan Irunen osatu zen. Hasiera batean Euskal Rock Radikal labelpean kokatu zuten arren, Kortatuk sailkapen guztien aurka egin zuen. The Clash talde britainiarra haren oinarrietako bat izan zen. Lehenengo diskoetan euskeraz eta gazteleraz abesten zuten, eta estudioko azkena euskara hutsean dago.

Kortatu
Datuak
JatorriaIrun, Euskal Herria
Musika motaSka, Reggae, Punk, Rock
Instrumentuakbaxua, gitarra, bateria
Urteak1984 - 1989
Produkzioa
Diskoetxea(k)Oihuka
Soñua
Esan ozenki
Nola!
Taldekideak
Fermin Muguruza
Iñigo Muguruza
Treku Armendariz
Kaki Arkarazo
Informazio gehigarria
kortatu.net
Youtube: UCp7lzL1PuqTCx_QstPXpP5g Badok: kortatu Spotify: 2bSQxEqvD23Y4W6ztHaann iTunes: 188259781 Last fm: Kortatu Musicbrainz: 74241690-77b4-4ce7-8237-9f71a14f50b7 Discogs: 660574 Allmusic: mn0000094295 Musikasten: kortatu Deezer: 4329 Edit the value on Wikidata

Pixkanaka ska mugimendutik hip-hop aldera mugitu ziren. Letrei dagokienez, party-skatik combat-rock aldera garatu ziren. Hala ere, gai nagusiek aldatzeke segitu zuten: tortura, errepresioa eta justizia soziala. Zentsura ere jasan behar izan zuten, batez ere disko bateko azalean Juan Carlos I erregea robot baten itxuraz atera nahi zutenean.

Public Enemyk Parisen emandako kontzertu baten ostean, 1988an, taldea desegiteko erabakia hartu zuten. Muguruza anaiek Negu Gorriak sortu zuten orduan.

Taldekideak

aldatu

Taldea

aldatu

Sorrera

aldatu
 
Kortaturen kontzertua, Egiako gaztetxean.

1983. urtean sortu zen Kortatu hirukoa, Irunen: Fermin Muguruza (gitarra eta ahots nagusia), Iñigo Muguruza (baxua eta koruak) eta Mattin Sorzabalbere (bateria) izan ziren lehen taldekideak. Iñigo Desband izeneko talde batean aritu zen lehenago eta, Mattin, berriz, Anti-Regimen taldeko baxu jotzailea izan zen, eta urte batzuk geroago Baldin Badan jo zuen bateria. Handik denbora gutxira, Mattinek taldea utzi eta Javier Armendariz Treku sartu zen. Cremental taldean ariturikoa zen Treku, bateria jotzen. Ez zen beste taldekide aldaketarik izan.

Kortaturen ibilbidea ziztu bizikoa izan zen hasieratik. Lehen zuzenekoetan erakutsi zuen taldeak zer egin zezakeen eta lehen maketak berretsi egin zuen. Irungo bandak prestatutako musika koktela eztanda egiteko prest zegoen eta, maketa horretan, etorkizunean zer esan handia emango zuen talde baten lehen kolpekadak sumatzen ziren. Sei kantuz osaturiko maketa bat zen, Baldin Badaren entsegu lokalean grabatua, talde hartako abeslari Pablo Susperregi Katurekin. Hiru bertsio zeuden maketan: "Hay algo aquí que va mal" (The Specials), "Mierda de ciudad" (The Business) eta "Jimmy Jazz" (The Clash). Haiekin batera, "El último ska de Manolo Rastamán", "Sospechosos" eta "Nicaragua sandinista" kantek osatu zuten lehen grabazioa.

Kortatu zuzenekoetan nabaritzen hasi zen eta Marino Goñik, Soñua diskoetxeko arduradunak, Kontuz Hi!, Jotakie eta Cicatriz taldeekin batera disko bat grabatzeko gonbita egin zien. Maketako hiru kantu erabili zituzten disko horretarako eta, Cicatrizekin batera, disko horretako talderik entzutetsuena izan zen. Lehen diskoa grabatzeko prest zen Kortatu eta laster iritsi zitzaion aukera.

Lehen diskoa

aldatu

Taldearen izen bera eraman zuen lehen diskoak (Soñua, 1985) eta berrikuntzak ekarri zituen Kortaturen musikan. Aurreko ibilbidean sakontzen bazuen ere, baziren jadanik erreferentzia berriak Kortaturen unibertsoan. Giro festazaleak eta aldarrikatzaileak tartekatu ziren disko horretan eta arrakasta itzela izan zuen. Musikari zegokionez, ska erritmoek begibistako presentzia zuten, baina rock oldarkorragoa ere sortzen hasia zen hirukotea ordurako. Hitzetan, berriz, festak eta umoreak garrantzi handia bazuten ere, salaketa kantu gogorrak ere azaltzen ziren, hala nola "Hernani 15/06/84". Denborak aurrera egin ahala, politikoki jarrera argia zuten kantuak nagusitu ziren haien errepertorioan. Disko horretan dago Kortatuk euskaraz idatziriko lehen kantua ere: "Zu atrapatu arte". Kortaturen ibilbideko kantu esanguratsu asko biltzen ditu lehen LP horrek: aurrekoez gain, "Don Vito y la revuelta del frenopático", "Tatuado" eta "Sarri Sarri" kantu ezaguna. Diskoa Iruñeko Ttutt tabernan aurkeztu zen, 1985eko azaroaren 18an.[1]

Aipamen berezia merezi du Sarri, Sarrik. Jatorrizko bertsioa Frederick Toots Hibbert musikari jamaikarrak sortu zuen, "Chatty, chatty" izenpean. Toots & The Maytalsek ezagun egin bazuen ere, Kortatuk bere egin zuen abestia eta taldearen ereserki bihurtu. Kantu horretan, Joseba Sarrionandia "Sarri" eta Iñaki Pikabea "Piti" presoek Martuteneko espetxetik ihes egin zuten egunaren berri ematen da. Ihesa 1985eko uztailaren 7an gertatu zen, Imanol Larzabal abeslariaren kontzertua amaitutakoan. Hilabete batzuk lehenago, Kortatu aritu zen espetxe horretan, kontzertua egiten Barricada taldearekin. Tipula Beltza kolektiboak "Sarri Sarri"-ren bideoklipa grabatu zuen eta lehen saria eskuratu zuen Gasteizko Bideo Musika Jaialdi sortu berrian.

A la calle EPa

aldatu

Diskoak sona itzela izan zuen eta Kortaturen emanaldi kopuruak gora egin zuen haren hein berean. Euskal Herriko mugak gainditu eta Europara atera zen taldea. Suitza, Herbehereak, Polonia eta Alemania zeharkatu zituen 1986an eta Bartzelonan ere jo zuen, Nicaragua Rock festibalean. Ordurako kantu berriak prestatzen hasia zen eta, aurrerapen moduan, "A la calle" EPa karrikaratu zuen Soñuak, hiru kanturekin: "Hay algo aquí que va mal", "A la calle" eta lehen diskoko "Desmond Tutu" kantuaren dub moldaketa, "Desmond Dub". Gurean aitzindaria izan zen Kortatu horrelako giroak saiatzen.

El Estado de las cosas

aldatu

El estado de las cosas diskoak (Soñua, 1986) lan helduagoa ekarri zuen, onduagoa. Garai hartako gizarteak baldintzaturiko erreferentzia ugari sumatzen ziren bigarren disko horretan. Diskoaren azala ikusi besterik ez zegoen. Hitzak gogortu egin ziren eta mezu sakonak helarazi zituzten. Lankidetza ugari izan zituzten LP hartan, Mikel Albisu ("Aizkolari" eta "9 zulo") eta Josu Landa ("Jaungoikoa eta lege zarra") tartean. "Esto no es el oeste, pero aquí tambien hay tiros (A Billy the Kid)" kantuaren hitzak, esaterako, Ramon J. Sender idazlearen "El bandido adolescente" liburutik atera zituzten. "Hotel Monbar" kantuan, GALeko mertzenarioek euskal errefuxiatuen kontra Baionan egindako atentatuari buruzkoan eta "La línea del frente" kantuaren hitzetan agertzen zen Kortaturen alderdirik borrokalariena.

Musika aldetik ere, ska alai eta festazalerik ez zen kasik eta rock borrokalari edo combat rockera jo zuen taldeak. Xabier Montoia (M-ak taldeko kantaria) izan zuten lagun ahotsetan eta Jabier Muguruza anaiaren akordeoia ere entzun zen lan horretan. Diseinu lanak Manolo Gil nafarraren sinadura zuen: harak Kortaturekin harreman estua izan zuen, urteek aurrera egin ahala. Kortaturen gitarrek ez zuten balarik jaurtikitzen, baino aski ongi zekiten non jarria zuten begi-puntuaren xedea.

Kortaturen izena estu lotua izan zen herri mugimenduaren borrokari. Ugariak izan ziren taldeak hainbat aldarrikapenen inguruan egindako kontzertuak. NATOren kontra, errefuxiatuen sostenguan, Leitzarango autobidearen kontra, irrati libreen alde (Hala Bedi irratiak diskoa atera zuen Kortaturen zuzeneko kontzertu batekin) eta soldadutzaren kontra, besteak beste. Martxa eta Borroka kanpainaren festibaletan ohikoa izan zen hirukoaren izena eta Rock Radical Vasco mugimenduaren ikurtzat jo zituzten. Taldeak argitaratu zituen zenbait single elkartasun ekimenetarako izan ziren: El Salvadorko Radio Farabundo Marti edo Palestinaren alde. Bide horretan, Amnistiaren Aldeko Batzordeekin elkarlanean, Gernika 37-87 singlea kaleratu zuen 1987an.

Kolpez kolpe

aldatu

Kortaturen sorreratik, euskara hutsean disko bat egiteko nahia eta konpromisoa agertu zuten taldekideek. Horretarako, Fermin eta Iñigo anaiek denboraldi luzeak eman zituzten Gazteluko barnetegian (Gipuzkoa) euskara ikasten eta hurrengo diskorako hitzak sortzen. Kolpez kolpe (Oihuka, 1988) diskoan hitza bete zuten Muguruzatarrek. Disko horretan, ordu arte jorratu gabeko doinuak agertzen dira lehenbizikoz haien melodietan. Urteen joan-etorrian, taldekideen musika ezagutza zabaldu egin zen eta erritmo berriak agertu ziren estudioko azken diskoan. "AEKko beteranoak" kantuak gordetzen dituen doinu raperoetatik "Platinozko sudurrak"-en triki-folkera, "Makurtu gabe"ko gitarra zorrotz eta "Zutik" kantuaren metal kutsura. M-ak taldearen "Ehun ginen" kantuaren moldaketan, luxuzko gonbidatua izan zuten ahotsetan lagun: Mikel Laboa. 1988ko martxoan grabatu zen diskoa, Amasako IZ estudioan, Kaki Arkarazo soinu teknikariarekin. Handik denbora gutxira, Kaki taldeko laugarren kide bilakatu zen eta Kortatu desegin eta gero, talde berria sortu zuen Muguruza anaiekin: Negu Gorriak.

Kolpez kolperen aurkezpen kontzertuetan taldearen soinua indartzeko hasi zen Kaki Arkarazo Kortaturekin gitarra jotzen (artean M-ak taldeko kidea zen). Kakirekin gitarrak pisu handiagoa hartu zuen Kortatun, eta, bide batez, Fermin askeago ibili zen mikrofonoan. Era berean, geroago Muguruzatarren musikan garrantzi bizia hartu zuten sanpler eta aurrez grabatutako doinuen erabileran sakontzen hasi ziren. Laukoteak hilabete inguruko bira egin zuen Europan zehar, betiko agur esan aurretik.

Zuzeneko diskoa

aldatu

Agurreko kontzertua Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jo zuten, 1988ko urriaren 1ean. Kontzertua antolatzeak lan handia ekarri zuen, zuzeneko diskoa grabatu behar baitzen. Delirium Tremens taldeak ireki zuen eta, ondoren, Kortatuk bere hiru diskoen errepasoa egin zuen, beste hainbat musikariz lagunduta: pilotariz jantziriko haize atala —Josetxo Silguero (saxofoia), Jose Mari Dorronsoro eta Jose Javier Gomez de Segura (tronpeta) eta Juan Antonio Diez (tronboia)—, Jabier Muguruza (akordeoia) eta Anjel Valdes (perkusioa). Ahotsetan, Xabier Montoia eta Mikel Insausti (Covers, Lusty Men, Big Crunch) aritu ziren gonbidatu gisa.

Guztira, 26 kantu jaso zituen Azken guda dantza zuzeneko disko bikoitzak (Nola, 1988). "Kolpez kolpe" kantuan, jendearen oihuak estali zituen zentsurak, baina urte batzuk geroago, Esan Ozenki diskoetxeak diskoa berrargitaratu zuen, zentsuratzeko txistu hotsak kenduta. AEBetako Maximum Rock&Roll aldizkariak inoiz grabaturiko zuzeneko disko onenen artean aukeratu zuen.

Kortatuk izan zuen sona ukaezina da. Musika aldetik, garapen izugarria izan zuen taldeak, musika tresnen teknika menderatzen ikasi ahala eremu berrietara eramanez melodiak eta erritmoak baina, batez ere, abestien hitzengatik nabari zen. Lehen urteetako umorea eta alaitasuna (Jaiak bai, borroka ere bai leloari estu loturik) eta salaketa kantuak izan zituzten ardatz eta garai bateko soinu banda bilakatu ziren.

Eragina

aldatu

Aipatzekoa da Muguruza anaien komikizaletasuna. Kortaturen kantu zerrendan nabariak dira komikien munduari egindako keinuak, batez ere taldearen hastapenetan. Komiki batzuetako pasarteak hitzak egiteko erabili zituzten eta, beste kantu batzuetan, marrazkilari eta pertsonaien aipamena egin zuten: "La cultura" (Robert Crumb), "Mr Snoid entre sus amigos los humanos" (Makokiren komiki batean oinarriturik), "Nivel 30" (Stefano Tamburini marrazkilariaren aipamena dago)... Halaber, maketaren azalean eta diskoetako zenbait iruditan ere ageri da zaletasun hori; irudi horietako asko Iñigo Muguruzak egindako marrazkiak ziren.

Euskal Herrian ez ezik, atzerrian ere oihartzuna lortu zuen Kortatuk. Europan egindako biretan irabazitako ospeari esker, Kortaturen diskoak gure mugetatik kanpo zabaldu ziren. Ingalaterrako Red Rhino diskoetxeak Kortatu A frontline compilation (1988) kaleratu zuen, lehen bi diskoetako kantuen bilduma. Frantzian, Bondage banatzaileak taldearen diskoak berrargitaratu —maiz bestelako diseinu batekin— eta zabaldu zituen bere katalogoan. Halaber, Europako bidaietan hainbat talde ezagutu eta adiskide egin zituen hirukoteak: Banda Bassotti Italian, Ludwig Von 88 eta Bérurier Noir Frantzian... Amerikako hainbat lurraldetan ere kultuko taldea da Kortatu: Argentina, Mexiko, Txile... baita Nikaragua ere: han, "Nicaragua sandinista" kantua gazte iraultzaileen ereserki bilakatu zen. Diskoen banaketa ofizialik ezean, herrialdeotan haien musika eskuz esku kopiaturiko kaseteetan zabaldu zen.

Ugari dira, halaber, haien kanten bertsioak egin dituzten taldeak: Boikot (Espainia), Banda Bassotti (Italia), Betagarri, Nucleo Terco (Espainia), Fallas del Sistema (Mexiko), Salida Nula (Espainia), Espías Secretos (Argentina), Kolcana Soviet (Kolonbia), Albert Fish (Portugal).... Are gehiago, Kortaturen kantuak bakarrik jotzeko sortu zen Zutik taldea. Cochebomba Records zigilu estatubatuarrak Tributo a Kortatu disko bilduma kaleratu zuen, Peru, Mexiko, Kolonbia, Puerto Rico, Txile, Brasil eta Argentinako musika talde batzuekin.

Diskografia

aldatu

Iraupen motzekoak

aldatu
  • A la calle (1986, Soñua)
  • Gernika 37-87 (1988, Gestoras Pro Amnistia)
  • After boltxebike / Maritxu nora zoaz (1988, Oihuka)
  • After boltxebike / Oker nago (1988, Bondage)
  • Nicaragua sandinista / Ehun ginen (1988, Nola!)
  • Kolpez kolpe / El estado de las cosas (1989, Nola!)

Bildumak

aldatu
  • Soñuaren bilduma (Kortatu, Cicatriz, Jotakie eta Kontuz Hi!) (1985, Soñua)
  • Euskadi internazionalista (1987, Txalaparta)
  • A Frontline Compilation (1988, Red Rhino-Organik)
  • Oihuka 88 (1988, Oihuka)

Erreferentziak

aldatu
  1. Izu, Izaro. (2020-11-17). «Kortatu, ‘Sarri Sarri’ eta Ttutt historiarako elkartu zituen arratsaldea, duela 35 urte» naiz: (Noiz kontsultatua: 2020-11-18).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu