[go: up one dir, main page]

Komunismoa[1] sistema politiko, ekonomiko eta sozial bat da; hor, ondasunen eta, bereziki, ekoizpen-bideen jabetza (lurra, fabrikak...) komuna eta langileena da. Berdintasunean oinarritutako gizarte klaserik, dirurik [2][3] eta estaturik gabeko gizarte bat du helburutzat.[4]

Kontzeptuaren garapena

aldatu

Eremu teorikoan, adibide ugari daude historian zehar: Platon; Tomas Moro eta haren Utopia; Erdi Aroko eta Aro Modernoko erreformatzaile sorta on bat, bereziki Erreforma Protestanteko adar batzuk, hala nola anabaptismoa; XVII. mende erdiko ingeles erradikalak; edo François-Noël Babeuf eta Berdinen manifestua (1795).

Gizartea antolatzeko ideologia gisa, praktikan, komunismoaren printzipioak esperientzia erlijioso ugaritan ageri dira (adibidez, kristautasun primitiboa, katarismoa, anabaptismoa, Münsterreko matxinada…) edo Erdi Aroko eta Aro Modernoko Europan gertatutako nekazarien matxinadatan. Hartaz, mundu osoan eta historian zehar izan diren jabetzarik gabeko gizarte berdintzaileak definitzeko erabil dezakegu komunismo terminoa, hitzaren erabilera hertsitik eta hura dialektikoki sortu duten europar klase sozialetatik harago.

Kapitalismoaren eta liberalismo ekonomikoaren aurkako ideologia eta mugimendu politikotzat ere azaldu da komunismoa, bereziki langileen esplotazioaren aurka, eta hainbat herrialdetan diharduten alderdi komunistek sustatzen dute.

Gaur egun —eta ideologia sozial, politiko eta ekonomiko gisa—, batez ere Karl Marxen i Friedrich Engelsen ideietan oinarritzen da, Alderdi Komunistaren Manifestuan azaldu bezala, nahiz eta gerora beste ekarpen garrantzitsu batzuk izan dituen ideologia horrek, batez ere Leninen eskutik. Terminoak hartu duen zentzuaren ondorioz, gaur egun komunista hitza marxismoarekin identifikatzen da, mugimendu komunista batzuk Marxen tesietatik bereizten diren arren, hala nola komunismo libertarioa.

Modu nominalean batzuetan, neurri handiagoan edo txikiagoan besteetan, komunismoa herrialde batzuetako sistema izan zen XX. mendean. Eragin handieneko herrialde komunista Sobietar Batasuna izan zen, 1922-1991 urte bitartean. Bigarren Mundu Gerra eta gero Europako hainbat herrialdek komunismoari ekin zioten, besteak beste Alemaniako Errepublika Demokratikoak, Poloniak, Hungariak, Txekoslovakiak, Jugoslaviak, Albaniak, Bulgariak eta Errumaniak. Herrialde horien komunismo garaia Sobiet Batasunarekin batera desagertu ziren. Egun ere badira euren burua komunistatzat jotzen duten erregimen politikoak, hala nola Txinako Herri Errepublikakoa, Ipar Koreakoa, Vietnamgoa, Laoskoa eta Kubakoa.

Praktika gisa, eta albo batera utzita sozialismo erreala, esperientzia iraultzaile puntual batzuk (adibidez, 1936an Aragoin edo Katalunian izandakoak), edo Kubako kastrismoa, komunismoaren barruan har daitezke 1960ko eta 1970eko bizitza kolektiboko esperientzia alternatibo eta kontrakulturalak ―hala nola mugimendu hippyarekin lotutako komunak. Alde horretatik, gizarte antolaketa komunistaren elementuak ikus daitezke komunitate zapatistetan edo 1990eko hamarkadako okupa mugimenduan.

Terminoa

aldatu
 
San Kildako baserritarrak .

Komunista eta komunismo hitzak 1840 inguruan agertzen dira Frantzian, sozialista eta sozialismo hitzak agertu eta hamar bat urtera.[5] Horrela, komunista adjektiboa 1840ko uztailaren 1ean Pariseko kanpoaldean egindako oturuntza izendatzeko erabili zen, non mila mahaikide baino gehiagok parte hartu zuten, gehienbat, langileak, eta, bertan, «benetako berdintasuna» lortzeko, soilik politikoak izango ez ziren erreformak aplikatzeko beharra defendatu zen.[6][5]

Frantzian, orduan, bi joera komunista zeuden: kabetismoa, eragin handiagokoa, eta neobabismoa. Lehenengoa, ikariar izeneko Étienne Cabeten jarraitzaileek osatu zuten; hark, 1839-1840 urteetan, Ikariarako bidaia argitaratu zuen, Thomas Morok eta Tommaso Campanellak hasitako tradizio utopikoari heltzen zion lana, nahiz eta eleberri historiko baten itxurapean argitaratua izan.[6] Bigarrena, zuzenean, François Babeuf-en eta 1795eko bere «Berdinen manifestuarekin» lotuta zegoen, zeina Filippo Buonarrotik bizirik mantendu zuen. Neobabista haiek, 1840an, publiko egin zuten berdintasunezko langileen fede-aitormena, non azaltzen baitzuten, besteak beste:

« «Hiritarrak, geure buruari finkatzen diogun helburua jabetza komunitatearen bidez lortutako benetako berdintasuna da. Herri diktadura indartsu eta sakrifikatzailea ezinbestekoa iruditzen zaigu gure ohiturak modelatzeko, oztopoak suntsitzeko eta printzipio hori aplikatzera eraman behar gaituzten bideak zabaltzeko».[6] »

Frantziatik, Parisen lekututako Heinrich Heine poeta alemaniarrak zioenaren arabera, komunistak ziren «arreta merezi zuen alderdi bakarra»;[6] komunismo eta komunista terminoak Alemaniako estatuetan eta Suitzan zehar hedatu ziren Lorenz von Stein-en Der Sozialismus und Communismus des heutigen Frankreichs (Sozialismoa eta Komunismoa Frantzia Garaikidean) izenburupean 1842an Leipzigen argitaratutako liburuari esker —Wilhelm Weitlingek, August Beckerrek eta beste batzuek laster erabili zuten—, baita Britainia Handian ere, beste bide batzuetatik abiatuta[5]. Beckerrek, 1844an, Was wollen die Kommunisten? (Zer nahi dute komunistek?) argitaratu zuen, eta bertan esan zuen:

« «Egia da iraganean sekta komunistak egon zirela, baina komunismoa oraindik ez da inoiz Europako alderdi ofizial gisa agertu. Inoiz, nekazarien gerra latza izan ezik, ez zuen aldarrikatu gizarte politiko osoa berrantolatu nahi zuenik. Platonek bere Errepublika idatzi zuen, eta Tomas Morok bere Utopia komunista; orain arte, komunismoa ez da inoiz, zientifikoki, aintzat hartua izan, ez herriak, ez herriarentzat. Gaur egun, kontzeptu berriak, ideia berriak, behar berriak barneratu dira, orain arte guztiz arrotzak zirenak pertsonengan. Ideia berriak eta behar handi bat: gizartea erreformatzea».[5] »

Komunismo hitzak, apurka-apurka, jatorrizko sozialismoa ordezkatu zuen, edo, behintzat, horrekin nahasi zen.[5] Hala ere, komunista eta sozialista ez ziren, hertsiki, hitz baliokideak, komunistak sozialistengandik bereizten baitziren argiago baieztatzen ziren ideiengatik, hala nola klase borrokaren errealitatetik eratortzen zen iraultzaren beharra, hau da, Estatuaren konkista gizarte berria lortzeko.[6] Ezberdintasun horiek izan ziren Karl Marx eta Friedrich Engels komunista hitza, eta ez sozialista, hartzera bultzatu zutenak 1847an sortu zuten Ligari, jendaurrean jarritako beraren manifestuari erreferentzia egiteko. Engelsek, 1890ean azaldu zuenez, 1840ko hamarkadan «iraultza politiko gutxiegitasun soilez sinetsita gizartearen errotiko eraldaketa eskatzen zuten langileen zatiak, gero komunistatzat jo zuen bere burua», bien bitartean, beren buruari sozialista deitzen ziotenen gehiengoa langile-mugimendutik kanpo zegoen, eta klase hezien laguntza bilatzen zuten: «eta jada garai hartan gogor onartzen genuenez "langile klasearen emantzipazioak langile klasearen beraren lana izan behar zuela", ezin genuen zalantzarik izan bi izendapenetatik zein aukeratu behar genuen».[5] Iraultza Boltxebikera arte ez zen sozialismo hitza proletarioen diktaduraren trantsizio etapa izendatzeko erabili.[7]

1848. urtetik aurrera, sozialismo eta komunismo hitzak finkatu, eta gainjarri ziren, garai batzuetan identifikatuz eta beste batzuetan ezberdinduz, eta garapen historikoaren etapa desberdinak ezaugarritzeko ere erabili ziren.[5]


« «Zer da komunista bat! irrikak dituena

irabazi desberdinentzako banaketa berdina.
Alfer edo zaildua, edo biak, prest dago
bere zentimoa emateko eta zure txelina poltsikoratzeko».

»
Ebenezer Elliott, Artoaren legea[8]

Historia

aldatu
 
Karl Marxi (ezkerrean) eta Friedrich Engelsi (eskuinean) eskainitako monumentu bat, Shanghain (Txina).

Ideiaren sorrera

aldatu
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. 
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Iraultza eta gizarte komunista ulertzeko gakoak

Ideia komunistak antzinakoak badira ere, komunismoaren aldaera nagusiaren abiapuntua Karl Marxek eta Friedrich Engelsek 1848an argitaratu eta ideologia komunistaren aitzindaritzat jotzen den Agiri Komunista izenburuko manifestuan dago. Hain zuzen, komunismoa, adiera zabalduenean, marxismoan txertatzen da: horren arabera, gizarte aldaketa sistema ekonomikoak eragiten du funtsean, hain zuzen sistema ekonomikoa kontrolatzen dutenen eta kontrolatzen ez dutenen arteko klase-borrokan; horrela, kapitalismoan ekoizpen-bideen jabe den burgesia eta burgesiak esplotatzen duen proletarioen edo langileen klasea daude aurkari; proletarioek beren egoeraren kontzientzia eskuratu, beren burua Alderdi Komunistan antolatu, iraultza egin eta boterea eskuratzerakoan, proletarioen diktadura jarriko lukete indarrean; kapitalismoak gizakien artean sortutako gatazkak gaindituta, proletarioen diktadura eta bere tresna guztiak desegin eta gizarte komunista sortuko litzateke.

Gauzatzea

aldatu

Komunismoaren printzipioak gauzatzeko ahaleginetan aurrera atera zen lehen iraultza Errusiakoa izan zen, 1917an. Iraultza horren liderra Vladimir Ilich Ulianov Lenin izan zen, eta hark zioen Errusiaren iraultzaren emaitza «kapitalismoaren kate-mailarik ahulena» Errusia zelako gertatu zela. Berez, garai hartan Errusiak atzerapen teknologiko eta industriala nabarmena zuen, bere ekonomiaren oinarri nagusia nekazaritza sasifeudala izanik.

Errusiako Iraultzak industriaren jabetza pribatua ezabatu, nekazaritza kooperatibak sortu eta ekoizpen baliabideen biderkatzearen alde egin zuen nabarmen. Leninen helburu nagusietarikoa Errusian argindarra zabaltzea izan zen; berak zioenez, sozialismoa sobietak gehi argindarra zen.

Stalinen garaian industrializazioaren erritmoa azkartu egin zen, eta are gehiago Bigarren Mundu Gerra hurbildu zenean, industria astuna eta elikagaien ekoizpenari lehentasuna eman baitzitzaion. Ekonomian bost urteko planak ezarri ziren, eta Stalinek Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren barruan sortutako disidentziari aurre egin behar izan zion.

Lehen Internazionala

aldatu

Lehen Internazionala (edo LNE, Langileen Nazioarteko Erakundea) izan zen langile klaseari lotutako sindikatuak eta alderdi politikoak erakunde bakarrean lehenik elkartzeko saioa. Londresen sortu zen, langileen arteko bilera batean, 1864an. Lehen kongresua 1866an egin zuen, Genevan. 1872an Londresetik New Yorkera eraman zuten egoitza. Bere garaian, Internazionalak 1,2 milioi kide izatera iritsi zen mundu osoan, nahiz eta bere kazeta ofizialak 8 milioiko tirada izan.

Langileen Nazioarteko Erakundeak anarkismoaren eta marxismoaren arteko gatazka ideologikoak nabarmendu zituen.

LNE ez da nahastu behar Langileen Nazioarteko Elkartearekin, urte asko geroago, 1922tik 1923ra, anarkistek eta anarkosindikalistek sortua Berlinen.[9]

Bigarren Internazionala

aldatu

Lehen Internazionala birsortzeko zenbait porroten ondoren, 1889an Bigarren Internazionala sortu zen, zenbait alderdi sozialista eta laborista bildu zituena. 1916an desegin zen, Lehen Mundu Gerra hasi ondoren. Bigarren Internazionalak egungo sozialdemokraziaren oinarriak finkatu zituen.[10]

Hirugarren Internazionala

aldatu
 
Igitaia eta mailua, Hirugarren Internazionaletik aurrera alderdi marxista-leninistek hartutako ikurra, Sobietar Batasunaren banderan agertzen zen bezala.

Bigarren Internazionala desegin zelarik, Lehen Mundu Gerraren aurkako talde sozialista iraultzaileek Zimmerwaldeko Konferentzia deitu zuten 1915eko irailean, eta Kienthalgo Konferentzia, 1916ko apirilean. Bilkura haiek Nazioarteko Hirugarren Internazionalaren aurrekari zuzena izan ziren, Komintern errusierazko laburtzapenaz ezagutua (errusieraz Коминтерн, Коммунистический Интернационал edo Naziorateko Komunista). Lehen kongresuan eratu zuten, 1919an, Petrograden, Alderdi Boltxebikearen ekimenez; urte batzuk geroago, alderdi hori bilakatuko zen Sobietar Batasuneko Alderdi Komunista. Hirugarren Internazionalak behin betiko haustura ekarri zuen talde sozialdemokratekiko, eta Sobietar Alderdi Komunistak ezarritako jarraibideei jarraitu zien.

Nazioarteko honetan ere agertu zen estalinisten eta trotskisten arteko gatazka. Trotskistek nazioarteko lehen lau biltzarren zilegitasuna besterik ez zuten onartu, Hitler Alemanian boterera iritsi baino lehen egindakoak, hain zuzen. Une hartan, trotskistak behin betiko banandu ziren Internazionaletik, eta Laugarren Internazionala eratzen hasi ziren.

1943ko maiatzaren 15ean, Teherango Batzarra egin ondoren, Internazional Komunistaren batzorde exekutiboak, «alderdi komunisten heldutasuna kontuan hartuta», eta herrialde kapitalista aliatuen errezeloak saihesteko, Internazionala desegitea erabaki zuen.[11]

Alderdi komunistak Errusiako Iraultzaz geroztik

aldatu
 
Izar gorria, alderdi komunistak edo, oro har, komunismoa irudikatzeko erabiltzen den ikurra, Sobietar Batasuneko banderan agertzen zen bezala.

Postulatu marxistak jarraitzen zituen lehen iraultza izan zen Errusiakoa, 1917an. Mugimenduaren buruzagi Vladimir Leninek kontraesan kapitalisten ebazpen hura azaldu zuen, esanez kapitalismoak «lotura ahulenean» huts egin zuela, Marxek eta Engelsek uste izan zutenaren aurka. Hain zuzen, Errusia garapen industrial eskaseko herrialdea zen, nekazaritza sistema ia feudal batean oinarritua.

Errusiako Iraultzaz geroztik, komunista izendapena Sobietar Batasunarekin bat egin zuten alderdi marxistek soilik jaso zuten. Errusiako iraultzak jabetza pribatua kendu zuen industrian, nekazaritza kooperatibak sortu zituen, nekazarien artean parte hartzea sustatuz (geroago, erregimen estalinistan, nahitaezko kolektibizazio bihurtuta), eta produkzio bideak ugaritzera jo zuen, lau urteko gerra zibil baten erdian. Leninen lehen helburuetako bat izan zen Errusia elektrifikatzea (Leninek behin esan zuen komunismoa «sobietarrak gehi elektrizitatea» zela).[12]

Stalinen gobernuan, industrializazioa pausoz pauso azkartu zen, nazioarteko egoera tentsio handia kontuan hartuta. Bigarren Mundu Gerrak areagotu egin zuen industria astuna eta elikagaien industria sortzeko prozesua, eta, aldi berean, handitu egin zituen estatuaren kontrolak. Aldi horretan, sozialismorako trantsizio etapa bat izan zen, bosturteko zenbait planaren bidez, baina, aldi berean, Alderdiaren Komunistaren eta Batzorde Zentralaren burokraziaren esku botere politikoa gero eta gehiago kontzentratu zen; Stalinen eta bere kideen arabera, hori beharrezkoa zen gerra baldintzengatik. Maila politikoan, Alderdi Komunistaren barruko oposizioko sektore disidenteen jazarpen politikoa areagotu egin zen, geroago, Hirugarren Internazionalera zabaldu zena. Ildo politiko autoritario horren adierazle nagusia Purga Handia izan zen.[13]

Kominform

aldatu

1947. urtean Kominform (Informazio Komunistaren Bulegoa) izeneko erakundea sortu zen, Kominternen ordez. Bulgaria, Txekoslovakia, Frantzia, Hungaria, Italia, Polonia, Sobietar Batasuna eta Jugoslaviako alderdi komunistak biltzen zituen. 1956an desegin zen.

Laugarren Internazionala

aldatu
 
Laugarren Internazionalaren logoa.

Trotski Sobietar Batasunetik kanporatu zutenean Stalinekiko lehia zela eta, 1929ko urtarrilaren 20an, Ezkerreko Oposizioko jarraitzaileek, Frantzian elkarturik, pentsatu zuten Hirugarren Internazionala estalinismoaren mende geratu zela, eta ez zela gai izango langile klasea boterera eramateko. Ondorioz, Laugarren Internazionala.[14]

Laugarren Internazionalak jazarpen latz bat jasan zuen, bere historian zehar, zenbait gobernu kapitalistaren, sobietar polizia sekretuaren eta Hirugarren Internazionaleko zenbait alderdiren aldetik. Sobietar Batasunaren jarraitzaileek eta, geroago, maoistek Laugarren Internazionala eta trotskismoa, oro har, marxismoaren, boltxebismoaren eta komunismoaren aurkako hartzen dituzte.

1940tik aurrera, Laugarren Internazionalak zenbait zatiketa jasan zituen. Ordutik, zenbait antolamenduk Laugarren Internazionalaren ordezkari edo oinordeko izateko esklusibotasuna aldarrikatu izan dute, nahiz eta, beste batzuek, haren ondare edo programa politikoa aintzat hartuta, zatiketaren aurkako berreraikitzearen alde egiten duten.[15]

Alderdi komunistak XX. mendean

aldatu

Munduko leku bakoitzean hedadura gehiago edo gutxiago izan arren, alderdi komunistak gutxitan iritsi ziren boterera. Salbuespenak Ekialdeko Europako herrialdeak izan ziren, SESBen ezarritako erregimen politikoaren kontrolpean egon zirenak, Stalin boterera iritsi ondoren, 40 urtez baino gehiagoz. Bigarren Mundu Gerraren amaieran, nazien armadaren porrota eragin zuelarik Armada Gorriak, Europako ekialdea mendean hartu zuen. Hala ere, bai Jugoslaviak, bai ondoren Albaniak eta Errumaniak beren autonomiari eutsi zioten, sarritan Moskurekiko desadostasunak argiro azalduta. Ekialdeko Europako herrialdeetatik kanpo, komunistak boterera iritsi ziren Txinako Herri Errepublikan, Ipar Korean, Vietnamen eta Kuban —matxinada armatuen edo gerrillarien bidez, bakoitza bere Alderdi Komunistak zuzendu edo eraginda, nekazarien eta herri sektoreen laguntzarekin.[16]

Txilen, 1970eko hamarkadaren hasieran, Unidad Popular (Herri Batasuna) alderdien koalizioa gobernura iritsi zen, Salvador Allende buru zela, 1970eko iraileko hauteskundeak irabazi ondoren. Gobernu koalizioa ezkerreko alderdi eta mugimenduak biltzen zituen aliantza bat zen, parlamentuan gehiengorik ez zuena. Alderdi Komunistak parte hartzen zuen. beste batzuekin batera, hala nola Alderdi Sozialista, Ezker Kristaua, Alderdi Erradikala eta Ekintza Popularreko Mugimendu Unitarioa (MAPU, Demokrazia Kristau Demokraziatik banandua). Koalizioaren kontsigna nagusia izan zen «sozialismorako bide baketsua», Allenderen inguruko aliantza politikoaren oinarri programatikoa, baina garai hartako mugimendu iraultzaile guztiek babesten ez zuena. Bide horrek berekin zekarren sozialismoa eraikitzea estatu parlamentario burgesaren berezko erakundeen bidez, fronte popularren estrategiari jarraituz, «progresistatzat» edo «herrikoitzat» jotzen ziren indar politikoen arteko hauteskunde koalizioan oinarrituta gobernuak ezartzeko. Esperientzia hori zapuztu egin zuen zentroko eta eskuineko indarren oposizio gogorrak, Estatu Batuen laguntzarekin, azkenean estatu kolpea eragin baitzuen 1973an. Matxinada militarraren ondorioz, Salvador Allende presidente sozialistaren heriotza ez ezik, Movimiento de Izquierda Revolucionaria alderdiak edo MAPUren zati marxistak gidatutako langile erresistentziako guneak (hala nola industria kordoiak) guztiz deuseztaturik gelditu ziren. Parlamentua deseginda eta erregimen militar zorrotz eta odoltsu bat ezarrita, hurrengo urteetan errepresio sistematiko jarraitu bat ezarri zuen, ez bakarrik Alderdi Komunistaren aurka, baizik Allenderen gobernuetan parte hartutako erakunde politiko eta sindikatu guztien aurka.[17]

Nazioarteko mugimendu komunistak krisi ugari jasan zituen XX. mendean zehar. Lehena, Leon Trotski Sobietar Batasunaren zuzendaritzatik urruntzearekin lotua, Stalinekiko desadostasun sakonek eraginda. Mexikon erbesteratu zen Trotski; han Ramon Mercader agente estalinistak erail zuen. Armada Gorriko gidari ohiak iraultza etengabea aldezten zuen.

Bigarren krisi handia Sobietar Batasunaren eta Txinaren arteko liskarrak eragin zuen, nazioarteko politikari dagokionez. Faxismoa Europan gailendu zen garaietatik, Sobietar Batasunak inperialismoarekiko bizikidetza baketsu bat eta batasun politika bat bultzatu zituen burgesiaren indar demokratikoekin, mundu kapitalistan jarduten zuten alderdi komunistei zegokienez. Txinako Alderdi Komunistak inperialismoarekin zuzenean borrokatzeko politika zuen, nahiz eta haren aurka zeuden burgesia nazionalekin akordioak lortzen ahalegintzen zen. Politika desberdin horrek beste eten sakon bat eragin zuen alderdi komunista askotan. 1970eko hamarkadan, txinatarren aldeko komunismoak aliantza bitxiak eragin zituen, gobernu bakoitzak Pekinekin zuen harremanaren arabera.[18]

Alderdi komunistak Bigarren Mundu Gerraren ondoren

aldatu

Bigarren Mundu Gerra amaitzean, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna mundu mailako potentzia handi bat zen. Stalinen heriotzarekin, 1953an, bere metodoen nortasunaren gurtza deiturikoaren kritika bat egin zuen erregimenak. Khrustxov buru zelarik, desizoztearen etapa hasi zen. Horrek ez zuen eragotzi, baina, geroago Khrustxov bera metodo autoritarioez salatua izatea.[19]

Txinako Herri Errepublikak aurrera egin zuen,1949an Txinako Alderdi Komunistaren zuzendaritza militarrari esker sortua, Mao Zedong buru zela eta armada oparo batek sostengatua. Kontraesan gero eta handiagoen artean, forma ekonomiko mistoak ―hau da, kapitalismotik hartutako antolamendu batzuekin― onartzen hasi zen, 1970eko hamarkadatik aurrera, Deng Xiaoping buru zela, baina alderdi bakarraren sistema politikoa aldatu gabe eta Estatuaren kontrol politiko eta polizial zorrotza lasaitu gabe.[20]

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Europako bi alderdi komunista, frantsesa eta italiarra, asko hazi egin ziren, bakoitza bere herrialdean indar politiko giltzarri bihurtzeraino. Mugimendu sindikalean eragin zabala zeukaten, ordezkaritza parlamentarioa zuten eta barne politikan aliantza politika konplexu batez jokatzen zuten. Sobietar Batasunarekiko kritiko izan ziren alderdi askotan. Jarrera independente horrek eurokomunismoaren muin bihurtu zituen bi alderdiak; joera horren ikuspuntua izan zen hauteskunde parlamentario pluripartidisten bidez herrialde kapitalista batean boterea lor zitekeela. Eurokomunismoak behin baino gehiagotan egin zion aurre Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistari, eta horregatik, besteak beste, iritsi zen hedapen zabala izatera, bereziki Italian. Frantziako Alderdi Komunistak ez zuen aldatu, hala ere, aurreko garaietan garatutako kudeaketa metodo guztiz zentralista. Ez zen hain zurruna izan Italiako Alderdi Komunista. Honek, gainera, Kristau Demokraziarekiko konpromiso historikoaren politika diseinatu zuen, balizko aliantza taktikoak baino askoz harago zihoana. Espainiako Alderdi Komunista ez zen hain boteretsua, eta eurokomunismoarekin bat egin zuen arren, diktadura frankistatik erregimen konstituzional berrirako trantsizioan aldarrikapen historiko askori uko egin zion, monarkia onartuz eta Moncloako Itunen alde eginez.[21]

Alderdi komunistak SESB erori ondoren

aldatu

1991n, Perestroika izeneko erreforma pribatizatzaileak egiten saiatu ondoren, barne krisia bizkortu eta Gerra Hotzak nahiz mendebaldeko potentziek presionatuta, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna bere kontraesanen aurrean amildu zen. Sistema politikoa eta instituzionala bertan behera gelditu zen eta batasuna osatzen zuten errepublikak independentzia hartu zuten. Berlingo harresia suntsitzea, Alemaniako Errepublika Demokratikoan, izan zen SESBen eragin eremuko bloke osoaren gainbeheraren ikur.[22]

Sobietar Batasuna erori ondoren, alderdi komunistek eraldaketa eta zatiketak jasan zituzten mundu osoan. Frakzio batzuek politika erreformista hartu zuten, beste batzuek globalizazio kapitalistaren aurkako taktika garatu zuten, kapitalismo kontsumista deritzonak baztertutako masekin loturak estutu nahian eta, kasu batzuetan, komunismo libertarioari begira. Aurreko hamarkadetan marxismoaren jarraitzaile askok mugimendu sozialdemokratak bultzatu zituzten Europan eta Latinoamerikan.

Kuban, 1959ko iraultza orduan Alderdi Komunistakoak ez ziren gazte iraultzaileek gauzatu bazuten ere, Alderdi Komunista hegemonikoa bihurtu zen, hein handi batean, Estatu Batuek ezarri zuten blokeo ekonomikoaren ondorioz, herrialdeko ekonomia gero eta SESBen mendekoago bihurtu baitzen. SESB erori zenean, Kuba komunismoaren gotorleku bakarti gisa gelditu zen Amerikan, nahiz eta atzerriko kapital pribatuen parte hartzea onartu, turismoari begira.[23]

Txinako Herri Errepublikan ere eraldaketa sakonak garatu ziren nazioarteratzearen eta aldarrikatutako printzipio politikoetatik asko aldentzen den eredu ekonomiko baten inguruan, estatu kapitalismoaren eta merkatu sozialismoaren erdibide moduko batean.

Vietnamen eta, neurri apalagoan, Laosen, Txinaren norabide bereko erreforma bidean sartu ziren; Ipar Koreak, aldiz, erreforma liberalizatzaileen aurkako eta patriotismoaren nahiz ekonomia sozialistaren aldeko jarrera itxiari eutsi zion, nahiz eta azkenaldian atzerriko kapitala sartzea ahalbidetzeko mekanismoak hartzen ari den.[24]

Errusian, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunista izandakotik abiatuta Errusiar Federazioko Alderdi Komunista sortu zuten 1993an. Alderdi horrek komunismoaren alderdi ohikoak konbinatzen ditu abertzaletasun sendo batekin bere planteamenduetan. Ideologikoki, nazional boltxebismoa deitu izan da, hau da, antikapitalismoaren borroka soziala nazionalismoarekin konbinatzea. Dena dela, 1920ko hamarkadaz geroztik, joera hori, neurri batean, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistan bizirik egon zen.[25][26] Errusiar Federazioko Alderdi Komunista berriak botoen % 40 baino gehiago lortu zuen 1996ko lehendakaritzako hauteskundeen bigarren itzulian, % 24 1999ko legegintzaldikoetan eta % 19 2011ko eta 2021eko legegintzaldikoetan.

Komunismoa soziologian

aldatu

Komunismoak, kontzeptu soziologiko gisa ulertuta, ekoizpen- eta/edo kontsumo-ondasunak erabat komunean edukitzean oinarritutako ordena sozioekonomikoari egiten dio erreferentzia.

Émile Durkheim soziologoaren definizioan, komunismoa gizarte-ordena (berez komuna) gisa deskribatzen da, non kontsumoa kolektiboki antolatzen den, ekoizpenean papera libreki eta indibidualki aukeratzen den bitartean (nahiz eta lanaren produktua komunitatearen zerbitzura egon). Komunismoa horrela definitzen da sozialismoaren aurkaritzan, bertan kolektiboki ezartzen baitira ekoizpena eta lanaren forma; kontsumoa, berriz, pribatuan gozatzen da, eta gizarteari, askatasunez, egindako lan-ekarpenaren mende dago:

« Egia da sistema batek eta besteak eremu kolektiboan sartzen dituztela, ikuskera indibidualisten arabera, eremu pribatuari egokitu beharko litzaizkiokeen jarduera-modalitateak, eta, zalantzarik gabe, horrek eragin du gehien nahastea. Baina puntu honetan ere, aurkakotasun zorrotza dago. Sozialismoaren arabera, funtzio ekonomikoak berak, hau da, zerbitzuak ekoizteko funtzioak (merkataritza eta industria) sozialki antolatuta egon behar dira, baina kontsumoak pribatua izaten jarraitu behar du. Ez dago, ikusi dugun bezala, doktrina sozialistarik gizabanakoari legez eskuratu duena nahi bezala eduki eta erabiltzeko eskubidea ukatzen dionik. Komunismoan, aldiz, kontsumoa arrunta da, eta ekoizpena, pribatua. Utopian, bakoitzak bere aldetik egiten du lan, nahi duen bezala, eta beharturik dago alfer ez egotera. Bere lorategia lantzen du; bere ogibideaz arduratzen da, gizarterik indibidualistenean egin lezakeen bezala. Ez dago arau komunik langileek, elkarren artean, dituzten harremanak zehazteko, ez eta jarduera desberdin horiek helburu kolektiboetara nola heldu behar duten zehazteko ere. Bakoitzak gauza bera egiten duenez, edo ia, ez da lankidetzarik arautu behar, baina norberak ekoitzi duena ez da berea. Ezin du nahi bezala erabili. Komunitateari eman behar dio, eta berak kolektiboki erabiltzen denean bakarrik erabiltzen du. Gizarte-antolamenduko bi mota horien artean, beraz, polipo kolonia jakin batzuen eta goiko animaliena bereizten dituen antolaketa distantzia bera dago. Lehenengoan, elkartutako banako bakoitzak bere kasa ehizatzen du, modu pribatuan, baina harrapatzen duena urdail komunera doa, eta gizabanakoak ezin du aberastasun komunaren bere zatia izan, hau da, bere janari-zatia, gizarte osoak aldi berean jaten ez badu. Aitzitik, ornodunen artean, organo bakoitza, bere funtzionamenduan, beste organoekin harmonizatzeko arauetara egokitzera behartuta dago; nerbio-sistemak bermatzen du akordio hori. Baina organo bakoitza eta organo bakoitzean ehun bakoitza eta ehun bakoitzean zelula bakoitza, bereiz elikatzen da, askatasunez, besteen mende egon gabe. Organismoaren atal bakoitzak ere bere elikadura berezia du gainera. Hain maiz parekatu diren bi gizarte-kontzepzioen arteko distantzia ez da txikiagoa.[27] »

Badirudi Max Weber ekonomialari eta soziologoa bat datorrela definizio horrekin etxeko komunismoa deiturikoari dagokionez, baina ez komunismoari orokorrean dagokionez. Weberren ustez, sozialismo terminoa, helburu praktikoetarako, komunismo modu arrazional bat deskribatzeko modua bezala erabil daiteke, non gizabanakoen ekoizpena eta kontsumoa ere modu kolektiboan antolatzen diren; balizko komunismo aurremodernoetan, berriz, ekoizpena eta kontsumoa, banaka, libreak dira, baina horien helburua eta jatorria, hurrenez hurren, funts kolektibo komun bat dira beti:

« Etxeko komunismoaren printzipioak, norbanakoaren esleipenik gabe, baizik eta norbanakoak bere indarren arabera laguntzen eta bere beharren arabera gozatzen duena (ondasunek lortzen duten heinean), gaur egun ere, gure familiaren etxeko komunitatearen ezaugarririk funtsezkoena izaten jarraitzen du, noski, ia beti etxeko kontsumora mugatutako hondakin gisa.[28] »
« [...] Komunismoa ondasunen erabileran "kalkulurik" ez dagoela ulertzen badugu, eta ez ekoizpenaren antolaketa arrazionala edozein antolamenduri begira ("sozialismoa").[28] »

Weberrek komunismoaren izaera produkzioa antolatzen duen plangintza orokor gisa deskribatzen du merkatuko gizarte batekin kontrastatuz:

« "Administrazio-ordena" kontzeptuaren barruan, administrazio-koadroaren zein kideen "elkartearen aurrean" jokabiderako balio izan nahi duten arau guztiak sartzen dira, edo, esan ohi den bezala, administrazio-koadroaren eta haren kideen ekintza planifikatu eta positiboki preskribatu baten bidez elkartearen antolamenduak ziurtatu nahi dituzten helburu guztietarako balio nahi dutenak. Erabateko izaera komunista duen antolaketa ekonomiko batean, gizarte-ekintza oro mota horretakoa izango litzateke gutxi gorabehera; zuzenbide-estatu batean, bere forma garbi eta absolutuan, epaileen, polizien, epaimahaien, soldaduen eta legegintza- eta hauteskunde-jardueren ekintzak baino ez lirateke izango mota horretakoak. Oro har —baina ez beti bereziki—, administrazio-aginduen eta agindu arautzaileen muga, izan ere, bat dator (elkarte politiko baten barruan) zuzenbide publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketarekin.[28] »

Ferdinand Tönnies soziologoak deskribatzen du, komunismoan, ekoizpen bitarteko sozialen eta fabrikatutako ondasunen azken helburua kolektiboa denez (eta, aldi berean guztien artean partekatua) kideek bizi eremu komun bakar batean zuzenean parte hartuz inplikatzen dituela.[29] Kontzeptu hori partekatua da, ñabardura etimologiko gisa, terminoaren kontzeptua ondorioztatzeko.[30]

Karl Marxek, bere lehen eskuizkribuetan, komunismoaren ideiak deskribatu zituen, bere garapenerako baldintzak sortzen dituen jabetza pribatuaren izaeraren arabera, proiektu sozial gisa hartzen dituen garapenaren izaera eta formak, baina definizio esentzialista eta komunismoaren eta sozialismoaren arteko bereizketarik egiten saiatu gabe, egileak aurreikusitako etorkizuneko antolaketa sozialak tradizionalismo komunitarioaren eta kontraktualismo sozietarioaren elementuak konbinatu eta gaindituko lituzkeelako.[31]

Bere aldetik, Friedrich Engelsek giza gizarteen garapen historikoaren hasieran komunismo primitiboko aldi bat egon zen ideia hartu zuen Lewis Henry Morgan antropologoarengandik, eta bere Familiaren jatorria, jabetza pribatua eta Estatua liburuan sistematizatu zuen, non bere izaera soziologia enpirikotik hurbilago dagoen ikuspegi batetik deskribatzen den.

Marxismoak bat egiten du ondorengo soziologia klasikoarekin: komunismoa bereizi egiten dela lanaren banaketan ez espezializatzeagatik[32] eta ondasunen zirkulaziorako dirurik ez egoteagatik.[33][34][35][36].

Soziologiaren ikuspegitik komunistatzat defini daitezkeen gizarte-ordenamenduen adibide historiko zehatzen artean, honako hauek aipa daitezke: komunismo kristau aurremodernoa (Eliza katoliko primitiboaren familia-komunismoa), eta modernoa (Tomas Morok sistematizatua eta Mánchesterreko Shaker-ek esperimentatua,[37] Gerrard Winstanley-ren zulatzaileak eta Wilhelm Weitling-en Justuen Ligako langile-mugimenduak bultzatua),[38] pertsiar mazdakismoaren forma protokomunistak,[39] komunismo feudala, azken aldiko Marxen[40] arreta erakarri zuena (Errusiako Mir tradizionalak, Santa Kilda-ko eskoziar uhartetarrak),[41] komunismo erlijioso milenaristaren aldaera sekularizatuak (Gabriel Bonnot de Mably, Morelly) eta mugimendu ez-iraultzaileak, hala nola hippy komunena eta kibbutz israeldarrena, besteak beste.[42] Bizimodu komunista horiek gehienak ez dira egon ezartzen dituen doktrina politiko baten mende.

Komunismo marxista

aldatu

Marxismoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Marxismo»

Leninismoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Leninismo»

Marxismo-Leninismoa, estalinismoa, trotskismoa eta maoismoa

aldatu

Marxismo-Leninismoa eta estalinismoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Estalinismo»

trotskismoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Trotskismo»

Maoismoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Maoismo»

Marxismo libertarioa

aldatu

Eurokomunismoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Eurokomunismo»

Ezkerreko komunismoa

aldatu

Komunismo ez-marxista

aldatu

Anarko-komunismoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Komunismo libertario»

Komunismo kristaua

aldatu

Kritika

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Antikomunismo»
 
Ikur antikomunista.

Antikomunismo terminoa erabiltzen da, adiera zabalenean, komunismoarekiko aurkakotasun edo etsaitasun jarrera teorikoen eta praktikoen multzoa izendatzeko. Hala, antikomunismoa izan daiteke posizionatze ideologiko hutsa, diskurtso politiko egituratu bat, ekintza politiko bat edo propaganda egitea. Alta, antikomunismo hitzaren zentzua aldakorra da, izan ere, "komunismoa" berak ere herrialdeetan oso mamitze desberdinak izan baitu. Antikomunismoaren nolakotasuna azaltzen duten faktoreak lotuta daude borrokatu nahi den komunismo motaren ezaugarriekin.[43]

Kontzeptua XIX. mendean sortu zen eta XX. mendean bilakaera luzea izan zuen, batez ere, boltxebikeek Errusian 1917ko urrian boterea eskuratu eta SESB sortu ondoren: ordutik, funtsean, antikomunismoa erregimen komunisten eta inspirazio leninista eta estalinista zuten alderdien kontrako jarrera bezala definitu zen. 1930eko hamarkadan, antisemitismoarekin batera, Alemania naziak martxan jarritako politiketako bat izan zen. Bigarren Mundu Gerraren ostean, antikomunismoa Estatu Batuen barne eta kanpo politikako funtsezko elementu bihurtu zen, SESBerekin aurrez aurre kontrajarriko dena Gerra Hotzaren garaian.

Komunismoa Euskal Herrian

aldatu

Bibliografia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) «Communism | Definition, History, Varieties, & Facts | Britannica» www.britannica.com (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-02-12).
  2. (Ingelesez) «The Principles of Communism» www.marxists.org (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2019-06-06).
  3. (Ingelesez) «Nikolai Bukharin and Evgenii Preobrazhensky: The ABC of Communism - Chapter III : Communism and the Dictatorship of the Proletariat» www.marxists.org (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2019-06-06).
  4. (Ingelesez) George Kurian. (2011). The Encyclopedia of Political Science. web.archive.org  doi:10.4135/9781608712434. ISBN 978-1608712434. (Noiz kontsultatua: 2019-06-06).
  5. a b c d e f g (Italieraz) Gian Mario Bravo. (1971). Storia del socialismo, 1789-1848 : il pensiero socialista prima di Marx. Roma: Editori Riuniti ISBN 978-8864731254..
  6. a b c d e (Frantsesez) Jean Bruhat. (1979). Le socialisme français de 1815 à 1848 - Histoire générale du socialisme (1) Des origines à 1875. Presses Universitaires de France.
  7. (Ingelesez) Steele, David Ramsay. (2013-12-15). From Marx to Mises: Post Capitalist Society and the Challenge of Ecomic Calculation. Open Court ISBN 978-0-8126-9862-6. (Noiz kontsultatua: 2023-03-13).
  8. Askoren artean (1910-1911). «Communism». Hugh Chisholm ed. Encyclopædia Britannica. A Dictionary of Arts, Sciences, Literature, and General information (ingelesez) (11. argialpena). Encyclopædia Britannica, Inc.; gaur egun jabari publikoan.
  9. (Frantsesez) Maurice Dommanget. (1962). «La Première Internationale» Revue d'histoire économique et sociale 40 (4): 549–556. ISSN 0035-239X. (Noiz kontsultatua: 2023-03-10).
  10. (Ingelesez) D. G. Kirby. (1986). War, peace, and revolution : international socialism at the crossroads, 1914-1918. ISBN 978-0312855871..
  11. (Frantsesez) «Internationale Communiste — Wikirouge» web.archive.org 2023-03-06 (Noiz kontsultatua: 2023-03-10).
  12. (Ingelesez) «Communism is Soviet Power + Electrification of the Whole Country – Seventeen Moments in Soviet History» web.archive.org 1921 (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
  13. (Ingelesez) «Robert Conquest: Revealing the horror of Stalin - BBC News» web.archive.org 2015-08-06 (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
  14. (Gaztelaniaz) Gabriela Liszt. (2020-01-20). «La expulsión de Trotsky de la URSS» La Izquierda Diario (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
  15. (Frantsesez) «Quatrième internationale — Wikirouge» web.archive.org 2022-06-30 (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
  16. (Ingelesez) Craig Johnston. (1980). «The 'Leading War Party': Communists and World War Two» JSTOR (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-03-12).
  17. (Gaztelaniaz) Gonzalo Martner. (1984). «América Latina dentro del orden económico mundial» Estudios Internacionales 17 (68)  doi:10.5354/0719-3769.1984.15839. ISSN 0719-3769. (Noiz kontsultatua: 2023-03-12).
  18. (Frantsesez) Yu-Shan Wu. (2001). «Les voies du communisme | Cairn.info» Raisons politiques (web.archive.org) ISSN 978-2724629064. (Noiz kontsultatua: 2023-03-12).
  19. (Ingelesez) Donald A. Filtzer. (1993). The Khrushchev era: de-Stalinization and the limits of reform in the USSR, 1953-64. WorldCat.org ISBN 978-0333585269. (Noiz kontsultatua: 2023-03-12).
  20. (Frantsesez) Valéria Zanier. (2016). «Redéfinir la relation de l’Europe et de la Chine après 1945 : les organisations économiques britanniques à la recherche d’échanges commerciaux « politiquement corrects » (1952-1963) [1 | Cairn.info»] Relations internationales (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-03-12).
  21. (Gaztelaniaz) Andrea Donofrio. (2013). «El final del eurocomunismo y el PCE» Studia Historica. Historia Contemporánea 31: 167–191. ISSN 2444-7080. (Noiz kontsultatua: 2023-03-12).
  22. (Ingelesez) «Berlin Wall: 20 years on | World | The Guardian» web.archive.org 2009 (Noiz kontsultatua: 2023-03-12).
  23. (Gaztelaniaz) Miguel García Reyes, María Guadalupe López de Llergo. (1997). «Cuba después de la era soviética» www.worldcat.org ISBN 978-6076285497. (Noiz kontsultatua: 2023-03-12).
  24. (Ingelesez) «Foreign Investment | North Korea in the World» web.archive.org 2023-01-16 (Noiz kontsultatua: 2023-03-12).
  25. (Gaztelaniaz) Carlos Taibo. (2006). Rusia en la era de Putin. Libros de la Catarata ISBN 978-8483192788..
  26. (Gaztelaniaz) Luis-Tomás. Zapater Espí. (2005). «El nacionalismo ruso: la respuesta euroasiática a la globalización | WorldCat.org» www.worldcat.org (Universidad Politécnica de Valencia) ISBN 978-8497057301. (Noiz kontsultatua: 2023-03-12).
  27. «Le socialisme - Émile Durkheim - Quadrige - Format Physique et Numérique | PUF» web.archive.org 2022-11-28 (Noiz kontsultatua: 2023-03-13).
  28. a b c (Ingelesez) Max Weber. «Wirtschaft und Gesellschaft Entstehungsgeschichte und Dokumente | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-03-13).
  29. Ferdinand Tönnies (1887) Gemeinschaft Und Gesellschaft. Kessinger Publishing. ISBN 978-1168583338.
  30. (Ingelesez) Alan Woods. (2021). The History of Philosophy: A Marxist Perspective. Wellred ISBN 978-1913026240..
  31. Paul S. Adler, Community and Innovation: From Tönnies to Marx, Organization Studies, 2015, SAGE Publications, DOI: 10.1177/0170840614561566, vol. 36(4) [445-471], 465-466 or.
  32. Karl Marx, "La división social del trabajo y sus consecuencias: la propiedad privada, el Estado, la «enajenación» de la actividad social", La ideología alemana, Universitat de València, 1994, cap. III, 46. or.
  33. Karl Marx, "Dinero", Manuscritos económico-filosóficos de 1844, Colihue, 2006, 3.er manuscrito, § 4, 179-184 or.
  34. (Gaztelaniaz) «Trotsky (1936): La Revolución Traicionada» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-12).
  35. (Ingelesez) «Marxian Humanism and the Crisis in Socialist Ethics by Eugene Kamenka» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-12).
  36. (Ingelesez) «Freedom, Inequality, Primitivism, and the Division of Labor by Murray N. Rothbard» archive.lewrockwell.com (Noiz kontsultatua: 2023-02-12).
  37. (Ingelesez) «Description of Recently Founded Communist Colonies Still in Existence - Engels» marxengels.public-archive.net (Noiz kontsultatua: 2023-02-12).
  38. (Ingelesez) «Communism | Definition, History, Varieties, & Facts | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2023-02-12).
  39. (Ingelesez) A Comprehensive Commentary on the Quran: Comprising Sale's Translation & Preliminary Discourse, with Additional Notes & Emendations...by the Rev. E.M. Wherry.... K. Paul, Trench, Trübner, & Company 1896 (Noiz kontsultatua: 2023-02-12).
  40. Juan Dal Maso, La historia es una abuela. Marx, la revolución rusa y la actualidad del marxismo
  41. (Ingelesez) «St Kilda» www.abandonedcommunities.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-02-12).
  42. Early Communism
  43. Jean-Jacques Becker (2001) «Aspects de l'anti-communisme» txostenaren hitzaurrea, Communisme 62-63 zk., «L'Âge d'homme». Éditions Vendémiaire.
  44. (Frantsesez) «Pays Basque | NPA» web.archive.org 2022-04-10 (Noiz kontsultatua: 2023-03-14).
  45. (Frantsesez) NPA. (2022-05-31). «Soutien aux candidatEs de rupture de la NUPES, candidatures autonomes: le positionnement du NPA pour les législatives» archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-14).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu