[go: up one dir, main page]

Fausto Coppi

txirrindulari italiarra

Fausto Coppi (Castellania, Alessandria, Piemonte, 1919ko irailaren 15Tortona, Alessandria, 1960ko urtarrilaren 2) Italiako pista eta errepideko txirrindulari ospetsua izan zen. Il Campionissimo edo Lertxuna ezizenez ere ezagutzen zen.

Fausto Coppi

(1952)
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAngelo-Fausto Coppi
JaiotzaCastellania1919ko irailaren 15a
Herrialdea Italiako Erresuma  (1919ko irailaren 15a -  1946ko ekainaren 18a)
 Italia  (1946ko ekainaren 18a -  1960ko urtarrilaren 2a)
HeriotzaTortona1960ko urtarrilaren 2a (40 urte)
Hobiratze lekuaCastellania
Heriotza moduaberezko heriotza: malaria
Familia
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Jarduerak
Jardueraktxirrindularia
Altuera177 zentimetro

faustocoppi.it
IMDB: nm0178821 Find a Grave: 22306 Edit the value on Wikidata

Historiako txirrindulari ezagunenetako bat da[1][2][3], bere garaipen azpimarragarrien artean, honako hauek daude: 5 Giro (1940, 1947, 1949, 1952 eta 1953), 2 Tour (1949 eta 1952), 5 Lombardiako Giro, 3 Milan-San Remo, Paris-Roubaix 1, Fleche Wallone 1, eta Munduko Errepide Txapelketa 1. Horretaz gain, 1942 eta 1966 artean Orduko Errekorra izan zuen. Era berean, txirrindularitzaren prestaketa aldatu izana ere onartzen zaio, dietetikaren, bizikletaren bilakaera teknikoaren, entrenamendu metodoen eta kirol medikuntzaren gaineko interesagatik. 1960an hil zen, malariak jota, Frantziar Volta Garaiara egindako bidaia batean kutsatuta.

Ospetsua izan zen Gino Bartalirekin izandako lehia, zeinak Italia zatitu baitzuen gerraosteko berehalako garaian (bien arteko balizko jarrera politiko ezberdinengatik ere).

Coppi 1952an.

Biografia

aldatu

Familia apal batean jaioa, 8 urterekin bere lehen bizikleta lortu zuen, Novi Ligureko janari-denda bateko banatzaile bezala lan egiteko erabiliko zuena. 1937an Biagio Cavannak lasterketa ez profesionaletan parte hartzera animatu zuen. Bere ezaugarri fisiko apartak zirela eta, laster nabarmendu zen Coppi gaztea

1939an profesional bihurtu eta jada 6 karrera irabazi zituen. Osperako jauzia urtebete beranduago iritsi zen, Gino Bartaliren taldekide eta laguntzaile bezala hasi arren, bere bost Giroetatik lehena lortu zuen, 20 urte, 8 hilabete eta 25 egunekin Giroa irabazi zuen txirrindularirik gazteena izan zelarik, oraindik ere indarrean dagoen errekorra.

1940 eta 1941ean Italiako Jazarpen txapelduna izan zen. 1942an Orduko Errekorra ezarri zuen Milango Vigorelli belodromoan, marka berria 45,871 kilometrotan utziz. 14 urtez iraungo zuen errekorra izango zen, 1956an Jacques Anquetilek gainditu zuen arte.

Bigarren Mundu Gerrak bere goranzko ibilbidea eten zuen. Ravenna Dibisioarekin Afrikara bidalia izan zen, eta hor ingelesek preso hartu zuten, 1945ean askatua izan zelarik. Urte horretan, Lazio Kirol Elkarteko txirrindulari taldearekin lasterketa gutxi batzuetan parte hartu zuen.

1946an, Bianchi talderekin 10 urteko harreman luze baten hasiera izan zen. Coppiren etorrerak berehala eman zituen fruituak, Milan-San Remo irabazi baitzuen 14 minutuko aldearekin. Denboraldi horretan bertan, Giroko hiru etapa, Nazioen Sari Nagusia, Luganoko Sari Nagusia eta Lombardiako Giroa irabazi zituen. 1947an, zazpi urte geroago, Italiako Giroan gailendu zen.

1949an Coppiren behin betiko nazioarteko mirespena jaso zuen. Lehendabizi Milan-San Remo, gero Lombardiako Giroa eta hirugarrenez Italiako Giroa irabazi baitzituen. Jarraian bere lehen Frantziako Tourra bikain irabazi zuen, proba honen erdian liderrarekin zeukan 30 minutuko aldea errekuperatuz. Horrela, urte berean Giroa eta Tourra irabaztea lortu zuen lehen txirrindularia bihurtu zen.

1950eko denboraldiaren hasiera ikusgarria izan zen, Paris-Roubaix eta Fleche Wallone irabaziz. Baina Giroan izandako eroriko baten ondorioz, hiru saihets-hezur hautsi eta denboraldiari amaiera eman behar izan zion.

1951n bere anaia zen Serse (hau ere txirrindulari profesionala, Fausto bezala) Piemonteko Giroan izandako erorketa baten ondorioz hil zen. Gertaera lazgarri honek kalte egin zion, oso denboraldi diskretua egin zuelarik.

1952a, berriro ere, urte aparta izan zen Coppirentzat. Giroko hiru etapa eta sailkapen nagusia eskuratu zuelarik, baita bost etapa eta Tourreko sailkapen nagusia ere.

1953an, bosgarrenez Italiako Giroa lortu zuen, baita Mundujo errepideko txapelketa Luganon. Hala ere, bere kirol ibilbidea kaltetua izan zen, kirolarekin berarekin zerikusirik ez zuten arrazoiengatik: Giroan zehar, Coppi izan zen garaiko kronika arrosaren erdigunea, ezkontzaz kanpoko harreman bat izateagatik, Aita Santuak berak ere kondenatuko zuena. 1954an bere azken goi-mailako probetako bat irabazi zuen, Lombardiako Giroa.

1959an, txirrindulari frantziar batzuekin batera (Raphaël Géminiani, Jacques Anquetil, Louison Bobet, Roger Hassenforder eta Henry Anglade besteak beste), Burkina Fason antolaturiko lasterketa batean parte hartu zuen, eta, ondoren, ehizaldi batean, non malariaz kutsatu zen. Tamalez, gaixotasunaren diagnostikoa oso berandu egin zen eta gaizki artatua izan zen (sendagileek uste baitzuten, Coppiren gaixotasuna biriketako arazo bat zela); horren ondorioz, 40 urte besterik ez zituela hil zen.

Bizitza pribatua

aldatu

1945eko azaroaren 22an, Bruna Ciampolini-rekin ezkondu zen Sestri Ponenten[4], eta, ezkontza hartatik, bere alaba Marina jaio zen 1947ko azaroaren 11n.

Coppik, 1948an, Tre Valli Varesine-n, Giulia Occhini ezagutu zuen; Giuliak (Enrico Locatelli doktorearen emaztea eta garai hartan Varano Borghiren mediku orokorra eta Coppiren zale amorratua) autografo bat eskatu zionean. Ondorengo urteetan, txirrindulariak eta emakumeak (zaleek Dama Zuria bezala bataiatua) harremana hasi zuten, hasiera batean gutun bidez soilik eta gero pertsonala ere. Coppi eta bere emaztea Bruna Ciampolini elkarren arteko adostasunez banandu ziren, baina, bitartean, Enrico Locatellik bere emaztea adulterioagatik salatu zuen.

1954ko Italiako Giroa amaitu eta astebetera, biek beren familia utzi, eta elkarrekin bizitzera joan ziren Villa Carla-ra, Novi Liguren[5]. 1954ko uztailaren 25etik 26ra arteko gauean, karabineroek, Locatellirekin batera, bat-batean sartu ziren Villa Carlan, baina ezin izan zuten delituan harrapatu[5]. Irailaren 9an itzuli, eta Giulia Occhini atxilotu zuten adulterioagatik. Hasieran, Alessandriako espetxera eraman zuten; lau egunen buruan, emakumea urruntze aginduarekin aske utzi, eta, behartuta, Anconako egoitza batera joan behar izan zuen izeba baten etxera, poliziaren egoitzan sinatzeko betebeharrarekin[5][6], eta, Coppiri, bere pasaportea kendu zioten[5].

Ondorengo epaiketa 1955eko martxoan egin zen, Coppiri bi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten ezkontza-etxea uzteagatik, eta Giulia Occhiniri, haurdun zegoena, hiru hilabeteko kartzela-zigorra[5][6]. Hala ere, zigorraren etenaldiaren onura atera zuten biek.

Hainbat zailtasunen ondoren, Coppi eta Giulia Occhini Mexikon ezkondu ziren (ezkontza inoiz ez zen Italian aitortu), eta Occhinik seme bat erditu zuen (Angelo Fausto Faustino izenez ezagutzen dena) Buenos Airesen 1955eko maiatzaren 13an[5]. Angelo Fausto Coppi gazteak Italiako eta Argentinako pasaporte bikoitza lortu zuen, Argentinan jaio zen Coppi abizena jaso ahal izateko, Locatellik ez baitzuen bere aitatasuna ukatu nahi izan[7].

Palmaresa

aldatu

1940

1941

1942

1946

1947

1948

1949

1950

1951

1952

1953

1954

1955

1956

1957

Emaitzak lasterketa nagusietan

aldatu

Itzuli handiak

aldatu
Itzuli Handia 1940 1941-42 1943-45 1946 1947 1948 1949 1950 1951 1952 1953 1954 1955 1956 1957 1958 1959
Pink jersey  Italiako Giroa 1. X X 2. 1. UT 1. UT 4. 1. 1. 4. 2. 32.
Yellow jersey  Frantziako Tourra X X X X 1. 10. 1.
Red jersey  Espainiako Vuelta X X X X X X UT

Beste Itzuliak

aldatu
Itzulia 1939 1940 1941 1942 1943-45 1946 1947 1948 1949 1950 1951 1952 1953 1954 1955 1956 1957 1958 1959
Paris-Niza X X X X X X X X UT
Romandiako Tourra X X X X X X 4.
Suitzako Itzulia X X 5. 5.

Klasikoak eta Txapelketak

aldatu
Lasterketa 1939 1940 1941 1942 1943 1944 1945 1946 1947 1948 1949 1950 1951 1952 1953 1954 1955 1956 1957 1958 1959
Omloop Het Nieuwsblad X X X X X X 2.
Milan-San Remo 10. 10. 21. X X 1. 1. 1. 9. 37. 3. 4. 62.
Paris-Roubaix X X X 39. 1. 2. 2. 44.
Flèche Wallonne X 3. 1.
Paris-Brusela X X X X X X 60.
Züricheko txapelketa 2. 18.
Milan-Turin X X 4.
Lombardiako Giroa 16. 5. 7. X X 1. 1. 1. 1. 3. 3. 35. 1. 11. 2.
  Munduko txapelketa X X X X X X X UT UT UT 3. 1. 6. UT 15. 18.
  Italiako txapelketa 1. X 1. 2. 1. 2. 1.
Legenda
Ez zuen parte hartu
DSK Deskalifikatua
UT Utzi

Erreferentziak

aldatu
  1. «Coppi e quella fuga leggendaria  nella Cuneo-Pinerolo di 60 anni fa - Il Sole 24 ORE» st.ilsole24ore.com (Noiz kontsultatua: 2023-02-02).
  2. (Ingelesez) «PezCycling News» PezCycling News (Noiz kontsultatua: 2023-02-02).
  3. (Italieraz) «COPPI, Fausto in "Dizionario Biografico"» www.treccani.it (Noiz kontsultatua: 2023-02-02).
  4. (Italieraz) «CICLISMO in "Enciclopedia dello Sport"» www.treccani.it (Noiz kontsultatua: 2023-02-03).
  5. a b c d e f (Italieraz) «CICLISMO in "Enciclopedia dello Sport"» www.treccani.it (Noiz kontsultatua: 2023-02-03).
  6. a b (Italieraz) «La Dama bianca e Coppi un bacio e fu subito scandalo - l'Unità.it» web.archive.org 2014-10-18 (Noiz kontsultatua: 2023-02-03).
  7. Speciale Fausto Coppi - Rai Tre 2 gennaio 2010 ore 16:00

Kanpo estekak

aldatu



Aurrekoa
Gino Bartali
Frantziako Tourraren irabazlea
1949
Ondorengoa
Ferdinand Kübler


Aurrekoa
Hugo Koblet
Frantziako Tourraren irabazlea
1952
Ondorengoa
Louison Bobet


Aurrekoa
Giovanni Valetti
Italiako Giroaren irabazlea
1940
Ondorengoa
Gino Bartali


Aurrekoa
Gino Bartali
Italiako Giroaren irabazlea
1947
Ondorengoa
Fiorenzo Magni


Aurrekoa
Fiorenzo Magni
Italiako Giroaren irabazlea
1949
Ondorengoa
Hugo Koblet


Aurrekoa
Fiorenzo Magni
Italiako Giroaren irabazlea
1952 eta 1953
Ondorengoa
Carlo Clerici