Burkina Faso
Burkina Faso[1] (frantsesez /buʁki'na fa'so/ ahoskatua) Mendebaldeko Afrikako estatu burujabea da. Sei herrialderekin egiten du muga: Malirekin iparraldean, Nigerrekin ekialdean, Beninekin hego-ekialdean, Togo eta Ghanarekin hegoaldean eta Boli Kostarekin hego-mendebaldean. 274.200 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2018an 20,2 milioi biztanle zituen.[2] Hiriburua Uagadugu da.
1970eko eta 1980ko hamarkadetan ezegonkortasun politiko handia egon zen bertan;1990ekoan alderdi anitzeko hauteskundeak antolatu ziren. Urtero ehunka mila landa langilek Ghana edo Boli Kostarako bidea hartzen dute lan bila.
Izena
aldatuLehenago Volta Garaia izena ematen zitzaion. 1984ko abuztuaren 4an hartu zuen oraingo izena, Thomas Sankara presidentearen erabakiaz. Burkina Faso izenak “jende zuzenaren lurra” esan nahi du mossiera eta diula hizkuntzetan: diula hizkuntzaz faso hitzak “aberri” esan nahi du, eta burkina hitzak, moore hizkuntzaz, “jende zuzena”). Bertakoei burkinabé deitzen zaie.
Geografia
aldatuMugak
aldatuMendebaldeko Afrikako estatu itsasgabea da, ipar latitudeko 9° eta 15° artean, eta 6°W eta 3°E longitudeen artean dagoena. Ipar-mendebaldean eta iparraldean Malirekin du muga, ekialdean Nigerrekin, hego-ekialdean Beninekin, hegoaldean Togo eta Ghanarekin, eta hego-mendebaldean Boli Kostarekin.
Eskualde naturalak
aldatuBatez besteko altuera 400 metrokoa da, eta punturik garaienetik baxuenera dagoen aldea ez da 600 metro baino handiagoa. Oso herrialde laua da, beraz. Bi paisaia mota daude:
- Herrialdearen zatirik handiena penezabaldi hedatu bat da, erliebe leun eta ondulatua eratzen duena, muino bakan batzuekin. Horiek kanbriarraurreko mendigune baten azken arrastoak dira.
- Hego-mendebaldea hareharrizko mendigune bat da. Han dago Tenakourou mendia (749 metro), Burkinako gailurrik gorena. Mendigunea inguratuz amildegi handiak daude (garaienak 150 metro ingurukoak dira).
Hidrografia
aldatuHerrialde idorra izan arren, nahiko ibai-sare handia du, hegoaldean batez ere. Hiru arro nagusi daude:
- Volta ibaiarena da arrorik handiena, 178.000 kilometro koadro, herrialdearen erdialdean, hegoaldean eta mendebaldean. Izan ere, Voltaren hiru adar nagusiak Burkina Fason jaiotzen dira: Mouhoun (lehen Volta Beltza), Nakanbé (lehen Volta Zuria) eta Nazinon (lehen Volta Gorria); hortik dator herrialdearen lehengo izena: Volta Garaia. Hiruetatik Mouhoun da urte osoan zehar ura eramaten duen bakarra.
- Niger ibaiaren arroak herrialdearen % 27a hartzen du (72.000 kilometro koadro), ipar-ekialdean eta ekialdean. Ibaiadar nagusiak Beli, Gorouol, Goudebo eta Dargol dira, baino urtaroen araberako errekak dira, eta urtean 4-6 hilabetez baino ez dute urik eramaten. Hala ere uholde arriskua izaten da.
- Komoé ibaia, herrialdearen hego-mendebaldean. Urte osoan eramaten du ura.
Aipagarriak dira Tingrela, Bam, Dem aintzirak eta Oursi , Beli, Yomboli eta Markoye urmael handiak. Karfiguélako ur-jauziak ere turismogune garrantzitsuak dira.
Klima
aldatuKlima tropikala da, bi urtarorekin: urtaro euritsua (maiatz edo ekainetik irailera) eta urtaro lehorra. Zenbat eta hegoalderago, urtaro euritsua luzeagoa da: urteko prezipitazioa 600 mm baino txikiagoa da iparraldean, eta 900 mm ingurukoa hegoaldean. Urtaro lehorrean harmattana da haize nagusia. Köppen klima sailkapenaren arabera, sabanako klima (Aw) da hegoaldean, estepako klima beroa (BSh) erdialde-iparraldean, eta basamortuko klima beroa (BWh) iparralde muturreko Sahel eskualdean.
Historia
aldatuKolonialismo aurreko historia
aldatuAfrikako mendebalde osoan bezala, Burkina Fason gizakia aspaldi finkatu zen. Ehiztari-biltzaileak herrialdeko ipar-mendebaldean kokatu ziren (K.a. 12000-5000). Nekazarien lehenbiziko kokaleku iraunkorrak K.a. 3600-2600 bitartean agertu ziren. Burdina, zeramika eta harri leunduaren erabilpena K.a. 1500 eta 1000 bitartean garatu zen.
Dogondarren aztarnak Burkina Fasoko iparralde osoan daude. Eskualdea K.a. XV. mendea inguruan utzi zuten, Bandiagarako amildegietan finkatzeko. Burkina Fasoko lurraldeak Songhai Inperioaren garaian garrantzi ekonomiko handia izan zuen.
Aro koloniala
aldatuKolonizazio garaian, Erresuma Batuaren eta Frantziaren arteko lehia handia izan zen Afrikako alde horretan. 1896an, Frantziako indar militarrak mendean hartu zuen Uagaduguko Mossi Erresuma, eta Frantziako protektoratu bilakatu zen. Mendebaldeko eta ekialdeko eskualdeak 1897an erori ziren hainbat kanpaina militarren ondoren. 1898rako, egungo Burkina Fasoko lurraldearen gehiena konkistaturik zegoen, nahiz eta zenbait eskualdetako kontrola oso finkoa ez izan. Erresuma Batuarekin adostutako itunean, 1898ko ekainaren 14an, lurralde banaketa hitzartu zen bi potentzia kolonialen artean, eta haien arteko mugak ezarri ziren. Tokian tokiko komunitate eta botere politikoen aurkako borrokan jarraitu zuten frantziarrek bost urtez. 1904an, Mendebaldeko Afrikako Inperio Kolonial frantsesa berrantolatu zen. Bakean zegoen Volta ibaiko arroa Senegal Garaia eta Niger (Haut-Sénégal et Niger) probintziaren barnean sartu zen, Bamako hiriburu zuela.
Lehen Mundu Gerran, 1915-1916an, egungo Burkina Fasoko mendebaldean eta Maliko ekialdean gobernu kolonialaren aurkako matxinada armatua sortu zen: Volta-Bani Gerra. Frantziarrek, azkenean, altxamendua zapaltzea lortu zuten, baina desegigo handiak pairatu zituzten eta historiako indar kolonialik handiena bildu behar izan zuten. Iparraldean ere oposizio armatua piztu zen, eta tuaregek eta Dori eskualdeko aliatuek gobernuarekin izandako su-etena hautsi zuten. Lehen Mundu Gerra bukatutakoan, matxinada gehiagoren beldurrez, egungo Burkina Fasoko lurraldea Senegal Garaia eta Niger probintziatik atera zuten, administrazioa hurbilagoa izan zedin. Orduan, errepideak eraikitzeko ekimena jarri zen abian, eta kotoiaren landaketa bultzatu zen esportazioari begira. Asmo horiek, ordea, porrot egin zuten, eta 1932an lurraldea Boli Kosta, Mali eta Nigerren artean banandu zen.
Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan sortu ziren kolonialismoaren kontrako istiluei erantzuna eman nahian, 1947ko irailaren 4ean Volta Garaia berriz ezarri zen, 1932an zituen mugekin. 1958ko abenduaren 11n, autodeterminazioa lortu zuen, eta errepublika bihurtu zen, Frantziar Erkidegoaren barnean (La Communauté Franco-Africaine). Independentzia osoa 1960an eskuratu zuen.
Burkina Faso independentea
aldatuHerrialdeko aurreneko estatu-kolpea 1966an gertatu zen. Gobernu zibila 1978an itzuli zen. 1980. urtetik aurrera hainbat estatu kolpe izan ziren (1980, 1982, 1983). 1984. urtean egungo izena eman zioten errepublikari, Thomas Sankara buruzagi zela. 1987 arte egon zen agintean Sankara, baina urte hartan kargutik kendu zuten, eta ordura arte haren laguntzaile izandako Blaise Compaoré kapitaina izendatu zuten lehendakari. Sankara agintaldiaren amaiera tragiko hark mito bihurtu zuen eta afrikar askorentzat heroi handia izan zen, Patrice Lumumba edo Nelson Mandela bezala; ustelkeriaren eta pobreziaren kontra borrokatu izana eta lehorteek eta baso soiltzeak kaltetutakoentzat laguntza antolatu izana dira Sankararen merezimendu nagusiak.
1987. urteaz gero Blaise Compaoré kapitaina Burkina Fasoko lehendakaria izan zen (Herri Fronteko buruzagi gisa hasieran, Demokraziaren eta Aurrerapenaren aldeko Biltzar-eko buruzagi gisa 1996tik aurrera), baina 1991ko konstituzioa onartu zenez gero, aldaketa nabarmenak izan ziren Burkina Fasoko gobernuan. Urte hartan marxismo-leninismoa alde batera utzi zuen alderdiak eta merkatu ekonomia finkatu zuen, oposizioko alderdiak onartu ziren, aginpideak bereizi ziren, etab. 1990etik aurrera, Burkinak Nigerreko eta Maliko gerratik ihes egindako iheslari tuaregen arazoari aurre egin behar izan zion. 1992an legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziren, eta 1995ean udal hauteskundeak; Herri Frontea-k irabazi zituen biak (dena dela, azpimarratzekoa da Burkina Fasoko hauteskundeetan abstentzio handia izan ohi dela, azken urteetan % 44raino murriztu den arren). 1995ean oposizioak hauteskundeei boikota egin zien, hauteskunde batzordea independentea ez zelakoan, eta gizartean tentsio egoera nagusitu zen, azken urteetako egoera ekonomiko larria zela-eta (1995eko lehen sei hilabeteetan % 30 garestitu zen bizitza). Demokraziaren eta Aurrerapenaren aldeko Biltzarra alderdia osatu ondoren, Compaorek jarraitu zuen lehendakaritzan 1996an, oposizioa zatituta zegoelako eta hitzarmen estrategikorik ezin antolatu zuelako.
1998an eta 2005ean, Compaore berretsi zuten lehendakari gisa; Tertius Zongo izendatu zuten gobernuburu 2007an. Egoera ekonomikoa txarra eta egoera soziala nahasia izan arren, burkinafasoarrek nazioartean beren herriaren irudia hobetu zuen lehendakaria saritu zuten. Baina 2014ko urrian matxinada bortitza piztu zen, eta Blaise Compaorék dimisioa eman behar izan zuen.[3]
Banaketa administratiboa
aldatuHerrialdea 13 eskualdetan banaturik dago; eskualde horiek 45 probintzia eta 351 departamendutan zatiturik daude (2014).
Eskualdea | Eremua[2] (km2) |
Biztanleria (2018)[2] |
Probintziak | Departamenduak | Hiriburua |
---|---|---|---|---|---|
Boucle du Mouhoun | 34.162 | 1.976.200 | 6 | 47 | Dédougou |
Cascades | 18.434 | 822.400 | 2 | 17 | Banfora |
Centre | 2.805 | 2.854.400 | 1 | 7 | Uagadugu |
Centre-Est | 14.656 | 1.608.000 | 3 | 30 | Tenkodogo |
Centre-Nord | 19.840 | 1.687.900 | 3 | 28 | Kaya |
Centre-Ouest | 21.726 | 1.643.400 | 4 | 39 | Koudougou |
Centre-Sud | 11.313 | 871.900 | 3 | 19 | Manga |
Est | 46.228 | 1.777.700 | 5 | 27 | Fada N'gourma |
Hauts-Bassins | 25.343 | 2.158.500 | 3 | 33 | Bobo Dioulasso |
Nord | 16.199 | 1.632.100 | 4 | 31 | Ouahigouya |
Plateau-Central | 8.545 | 949.700 | 3 | 23 | Ziniaré |
Sahel | 35.360 | 1.395.100 | 4 | 26 | Dori |
Sud-Ouest | 16.153 | 866.700 | 4 | 28 | Gaoua |
Demografia
aldatuBiztanleria
aldatu20.244.100 biztanle zituen 2018an.[2] Adinka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 43,5 dira, 15-24 urte bitartekoak % 20,3, 25-54 urte bitartekoak % 29,4, 55-64 urte bitartekoak % 3,6, eta 65 urtetik gorakoak % 3,2. Bizi itxaropena 62,7 urtekoa da; 60,9 urtekoa gizonezkoena eta 64,5 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak).[4]
Banaketa etnikoa
aldatuBiztanleen % 52 mossi etniakoak dira, % 8,4 fulaniak, % 7 gurmak, % 4,9 boboak, % 4,6 gurunsiak, % 4,5 senufoak, % 3,7 bissak, % 2,4 lobiak eta % 2,4 dagarak.[4]
Hizkuntzak
aldatuFrantsesa da hizkuntza ofiziala, baina 60 hizkuntza indigena inguru daude. mossiera (% 50,5), fula (% 8,4) gurmera (% 6,1) eta banbarera (% 4,9) dira mintzatuenak (2006ko datuak).[5]
Erlijioa
aldatuMusulmanak dira biztanleen % 61,5, kristauak % 29,8 (% 23,3 katolikoak, % 6,5 protestanteak) eta erlijio tradizionalen jarraitzaileak % 7,8.[4]
Hiri nagusiak
aldatuEkonomia
aldatuMunduko ekonomiarik atzeratuenetakoa da. Nekazaritza da ekonomia jarduera nagusia, baina klima eta lurraldearen ezaugarriak oztopo handiak dira (lurraldearen % 20 inguru lantzen da). Biztanle gehienek nekazaritzatik edo abeltzaintzatik ateratzen dute bizibidea (2017an barne produktu gordinaren % 31 hartzen zuten).[4] Azukre-kanabera, kotoia, arroza, artoa, artatxikia lantzen dira batez ere. Ardiak, ahuntzak eta abelgorria dira azienda nagusiak. Lehorte larriak gertatu ohi dira, eta horrek kalte handiak eragiten ditu ekonomian; urtero-urtero hainbat biztanlek emigratzen du Boli Kostara eta Ghanara lehortearen eraginez.
Industria nekazaritzako gaietan dago oinarritua (kontsumorako gaiak egiten dira batez ere), baina herrialdearen barne beharrak asetzeko lain bakarrik ematen du. Kanpo merkataritza apurrak emaitza negatiboa du Burkinarentzat. Horren arrazoi nagusietako bat itsasorako irteerarik eza eta komunikazio kaskarrak dira, inguruko herrialdeen mende baitago merkataritza harremanetan. Langabezia handia dago, eta lan baldintza kaskarretan ari da langile asko. Etorkizunari begira, lurpeko aberastasunak dira Burkina Fasoren itxaropen bakarra: manganeso eta bauxita erreserba handiak daude, eta urrea ere badago, baina gaur egun ez dira behar adina ustiatzen. Hori guztia dela eta, nazioarteko laguntzen mende dago ekonomia; Nazioarteko Diru Funtsaren laguntzarekin nekazaritzaren garapenerako eta garapen hidraulikorako programak antolatu dira.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014-11-01 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ 38. araua: Munduko estatuen izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. Euskaltzaindia, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2011-03-30).
- ↑ a b c d e Burkina Faso. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2020-2-5).
- ↑ Blaise Compaorek Burkina Fasoko presidente kargua utzi du. Berria egunkaria, 2014ko urriak 31, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-2-5).
- ↑ a b c d Burkina Faso. The World Factbook, cia.gov (Noiz kontsultatua: 2020-2-7).
- ↑ Ouedraogo, Mathieu; Ripama, Toubou. Recensement général de la population et de l'habitation (RGPH) de 2006. Theme 2: etat et structure de la population. insd.bf (Noiz kontsultatua: 2020-2-8).[Betiko hautsitako esteka]
Kanpo estekak
aldatu- (Frantsesez) Gobernuaren webgune ofiziala
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.