[go: up one dir, main page]

Fatima[1][2] edo Fatima az-Zahra (arabieraz: فاطمة‎ Fāṭimah ; Meka, c. 605Medina, 632ko abuztuaren 28a) Mahomaren eta haren emazte Khadijaren alaba izan zen. [3] Alirekin ezkondu zen eta Hassan eta Hussain beren semeak izan ziren Mahomaren leinuko gizonezko oinordeko bakarrak.[4]

Fatima az-Zahra

Bizitza
JaiotzaMeka, c. 605
HerrialdeaRasidar kalifaldia
Lehen hizkuntzaarabiera
HeriotzaMedina632ko abenduaren 14a (28 urte)
Hobiratze lekuaAl-Baqi' (en) Itzuli
Familia
AitaMuhammad
AmaKhadija
Ezkontidea(k)Ali ibn Abi Talib
Seme-alabak
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakarabiera
Jarduerak
Jarduerakpoeta
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaislama

Find a Grave: 101254870 Edit the value on Wikidata

Fatimaren izenak

aldatu

Musulmanek epiteto ugarirekin ezagutzen eta gurtzen dute Fatima. Horietako bat da bere deituratzat hartzen dena, Zahra (argitsua).[5] Beste izen batzuk dira Batul (garbia), Siddiqatul Kubra (benetan egiazkoa), Mubarakah (bedeinkatua, 'Adhra (birjina), Rad'iah (jaunarenganako gozoa), Mard'iah (jaunak gogoko duena), Saiidatun Nisa (emakumezkoen dama-anderea).[6]

 
Fatimaren izena, kaligrafia zainduko objektu erlijioso batean.

Biografia

aldatu

Mekan jaioa Mahoma jada hasia zelarik bere Bi'zah edo misio profetikoan. Bere ama, Khadija al-Kubra, Mahomaren emazteetako bat, lehen emakumezko musulmantzat hartua da, eta 50 urtekoa zen alabaz erditu zenean.

Suniten iritziak dio Fatimak hiru ahizpa zituela, Zaynab , Umm Kulthum eta Ruqayyah izenekoak, zeinak Mahoma baino lehenago hil ziren. Hala ere, xiien iturriek diote hiru ahizpa horiek adoptatu egin zituela Mahomak, haien ama Hala, Khadijaren ahizpa, hil ondoren, hartu zituela. Xiieten legitimotasun dinastikoaren auzian garrantzia du ahizpa adoptatuen kontuak, horrek bihurtuko lukeelako Fatima profetaren alaba biologiko bakar.

Fatima Mekan hazi zen, Mahomak eta bere jarraitzaile sinesgabeen tratu okerra jasaten zuten aroan. Behin batean, Mahoma laguntzera joan zen alaba gorotzak jaurti zizkiotenean hiriko etsai batek eraginda, Abu Jahl politeista bren eraginez. Fatimak haurra zela galdu zuen ama Khadija, eta esaten da Gabriel goiangerua Mahomarengana jaitsi zela Fatima kontsolatzeko mezu batekin.

Ezkontza Alirekin

aldatu

Fatima Mahomaren lehengusua batekin, Alirekin, ezkondu zen Medinan ezkondu hegiraren 1. edo 2. urtearenb inguruan (623-625), Badr-eko guduaren ostean, beharbada. Sunita zein xiien iturri batzuen arabera, Mahomaren lehen sinestun edo bidelagun direlako batzuek, Abu Bakr eta Omar barne, interesatuta egon ziren lehenago Fatimarekin ezkontzeko, baina Mahomak uko egin zien asmo horiei, patuak zer erabakiko zain zegoela esanez. Esaten da, halaber, Ali uzkur ageri zela Mahomari eskea egiteko Fatimarekin ezkontzeko, bere pobrezia zela eta. Baina Aliren proposamena iritsi zen azkenean eta Mahomak Fatimari helarazi zionean, alaba isilik geratu zelarik, isilbidezko akordio gisa ulertu zen. Istorio honetan oinarrituta, ezkontzarako emakumearen onespena beharrezkotzat jotzen da beti lege islamikoan. Mahomak ere iradoki zion Aliri bere ezkutua saldu zezala ezkongaien oparia ordaintzeko.

 
Ali eta Fatimaren ezkontza, Irango 19. mendeko margo xiita.

Mahomak ezkontza zeremonia zuzendu zuen, eta eztei festa soil bat prestatu zuten beste musulmanen opariekin. Xiiten iturriek diote Fatimak ezkontza-gauean bere ezkontza soinekoa oparitu egin zuela. Ezkonberriak Mahomaren etxearen ondoko etxe batera joan zen bizitzera Medinan. Ezkontza garaian Fatimaren adina ez dago ziur, bederatzi urte bakarrik (haurra alegia) eta hogeita bat bitartean kalkulatu izan da. Alik hogeita bi urte inguru omen zituen.

Lehen musulmanen gehienak bezala, senar-emazteak pobrezia larrian bizi ziren Islamaren lehen urteetan. Biek lan fisiko gogorra egin behar izan zuten aurrera egiteko. Mahomak bikoteari tasbih edo esakun hirukoitz bat eskaini zienpobreziaren zama arintzen laguntzeko: Allah-hu Akbar (lit. ' Jainkoa da handiena ' ), Al-hamdu-lillah ( lit. ' laudorio guztiak Jainkoari zor zaizkio ' ) eta Subhan-Allah ( lit. ' Jainkoa loriatsua da ' ). Hiru esaldien batura Islamaren lelo ezagunak dira harrezkero.

Bikotearen finantza-egoera hobetu egin zen Khaybarko guduan lur gehiago musulmanen esku erori ostean. Aitaren politika eta borroketan parte hartu zuten alabak eta suhiak. Esate baterako, Fatimak arbuiatu zituen Abu Sufyan aurkariaren eskaerak, beraren eta Mahomaren arteko bitartekaritza egiteko. Fatima ere Mahomarekin batera joan zen Mekako konkistara.

Mahomaren heriotza eta gatazka Abu Bakrekin

aldatu

Ezkontzak hamar bat urte iraun zuen Fatima hil zen arte.

Hil zen jada Islamak izaera ofiziala hartu zuen garaian, hau da, Hegiraren ondorengo urteetan (Hegiraren 11. urtean), Mahoma bera hil eta urtea egin baino lehenago. Hala ere, tarte labur horretan gertaera politiko eta erlijiosoen protagonista izan zen Fatima.

Mahoma 632. urtean hil ondoren, kalifatoaren hasiera izan zen, eta Abu Bakr bilakatu zen Kalifa. Bi intzidente gertatu ziren berehala Abu Bakr-ek gorpuzten zuen boterearen eta Fatimaren artean. Batetik, Fatimaren Medinako etxeari eraso egin zioten Omar eta Abu Bakr-en aldekoek, eta bestetik Fadak izeneko tokiaren jabetzaren auzia izan zen.

Medinako etxearen erasoan helburua izan zitekeen Fatimaren senar Ali atxilotzea. Xiita eta suniten iturriak guztiz kontrajarrita daude auzi honetan: xiitentzako asalto biolento bat izan zen, eta ondorioak izan ziren Fatima zauritu egin zutela, eta haurdunaldia etetea eragin ziola erasoak; zaurien ondorioz gainera osasuna okertu zitzaiolarik handik gutxira hil arte. Sunitek gehiago marrazten dute intzidentea bisita bat balitz bezala; Fatima ez zen zauritu eta gutxira hil bazen Mahomaren heriotzak eragin zion suminagatik izan zen. Abortuaren istorioa ere arbuiatzen dute, haurra berez jaio zela, baina gaixo eta bizitzeko aukerarik gabe.[7]

Fadakekoa da beste iskanbila. Fatimak jabetzan Fadak izeneko herri eta eremu bat zuen, baina Abu Bakr-en aldekoek bereganatu zuten eta Fatimaren aldekoak kanporatu zituzten handik. Neurri erasokor bat izan zen hura Mahomako klaneko (Banu Hashim) partaideen kontrakoa, klanak oraindik ez baitzion Abu Bakr leialtasunik agindu. Banu Hashimdarrek ere Abu Bakr Mahomaren hiletatik aparte izan zuten eta, hortaz, etsaigo bat zegoen giroan.

Fatimak argudiatu zuen Fadak bere jabetzakoa zela, baina Abu Bakr-ek bildutako epaileek ezetz ebatzi zuten. Abu Bakrek argudiatu zuen Mahomak bere familia jaraunsgabe utzi zuela [8], pofetek ez dutela jaraunspena edo herentzia uzten, eta atzean uzten dutena jabetza publikoa dela, kalifak administratu behar duena. Iturri sunitek Fatimaren usurpazio baten gisara marrazten dute gertaera, hala nola Ibn Hajar al-Haytamiren eta Ibn Sa'den obretan.

Baina Fatima ez zen erabakiekin konforme geratu, eta protesta egin zuen. Sermoi edo hitzaldi bat eman ziem Profetaren meskitan, Fadak sermoia izenaz ezaguna. Fatimak Jainkoa eta Bere profeta, Mahoma, goretsu zituen, [9] eta ondoren, Islamaren irakaskuntzen eta bakoitzak dituen helburuen ikuspegi orokorrarekin jarraitu zuen. [9] Bere hitzaldiaren lehen zati hori sarritan aipatzen da xiiten arteko irakaskuntza erlijioso disa. Fatima jainkozko ezagutza hutsezin baten gisa ikusten dute korronte xiita horiek. [10]

Fatimak Abu Bakr gaitzetso zuen Fadaken herentzia-eskubidea ukatzeagatik, Korana eta Sunna bortxatzen zituela uste baitzuen. Baieztapen hori babesteko, Koranaren 27:16 bertsikulua aipatu zuen, non Salomonek bere aita Davidengandik jasotzen baitu herentzia, beste profeta batzuen kasuez gain. Fatimak, halaber, musulman guztien herentziarekiko eskubideei buruzko 8:75 eta 33:6 bertsikuluak aipatu zituen. Bidegabekeria leporatu zion Abu Bakri, beraz, eta baita Omar haren aliatuari eta Mekako beraien taldeari.

Auziak garrantzia politikoa zuen: Abu Bakr-en kalifatoari ez zitzaion interesatzen Mahomaren familiaren estatus pribilegiatuak jarraitzea. Mahomaren ondorengoei herentzia-arau koraniko argiak aplikatuz gero, Fadak izango zen alabarena, bai, baina lur jakin baten jabetza baino gehiago zegoen jokoan, komunitate musulmaneko buru izatea ere oinordekotzatzat har zitekeen. Fadakeko lurrak Banu Hashim klanaren kontrolpean jartzeak beren autoritatea komunitatearen gainean inplikatu zezakeen, eta, beraz, Abu Bakr-ek baztertu egin zituen Fatimaren erreklamazioak.

Abu Bakr-ek Mahomaren Etxea bere izaera pribilegiatutik baztertu nahi zuen, bere botere politikoa ahuldu, eta, bereziki, Aliren hautagaitza kalifatora zapuztu nahi zuela. Ali eta Abu Bakr etsai porrokatuak ziren une hartan.

Fatimaren heriotza

aldatu

Abu Bakr-ekin gatazka izan ondoren, segituan larri gaixotu zen Fatima, eta azkar hil zen, Mahoma hil eta urte erdira-edo. Heriotzaren orduan Omar eta Abu Bakr-ekin egon zela, eta barkamena eskatu ziotela hauek diote iturri batzuek. Bestelako tesia beste batzuek, Fatimak onespena eman ziola Abu Bakri.

Fatimaren senarrak ezkutuan (baina Medina inguruan, han hil baitzen) ehortzi zuen gau batez, Fatimak hala eskatuta bere testamentuan eta motibo politikoak zeudela tartean.[6]

Mahomaren ondorengoen leinua

aldatu

Islamaren historian toki berezia du Fatimak, Mahomaren alaba izanik. Bere senarra Ali, Mahomaren suhia alegia, profeta hil ondorengo oinordeko politiko eta erlijoso nagusi izateko ondo kokatua zegoen, baina bere etsaiak nagusita ziren lehen urteetan.

Lehen kalifen lerroa

aldatu

Islamaren buruzagitza kalifa izeneko tituluan gauzatu zen Mahoma hil zenean, Fatima bera hil baino pixkat lehenago. Kalifa hitzak "Jainkoaren Mezulariaren ondorengoa" esan nahi du (arabieraz خليفة رسول الله jalifat Rasul Allah).

Abu Bakr izan zen horietan lehena. Abu Bakr alaba Aisha Mahomarekin ezkondu zen, eta hortaz profeta eta aitaginarrbarengandik oso gertu kokatu zen. Mahoma gaixotu zenean, Abu Bakri eman zion otoitza bere ordez zuzentzeko ardura, eta keinu hori, Mahoma hil zenean, Abu Bakr bere ondorengoa izatearen nahia bezala interpretatu zen, eta kalifa titulua eskuratu zuen. Fatimaren senar Alik, azkenean, burua makurtu behar izan zuen, eta Abu Bakren izendapena onartu.

Abu Bakr 634ko abuztuak 23an hil zen, Medinan. Hil baino lehentxeago, batzuk diotenez, pozoitua, eta beste batzuen arabera modu naturalean, Omar izendatu zuen ondorengo bezala, komunitateak onetsia, Ali eta honen aldekoen kontrako iritziarekin, baina gertakari larririk gabe.

Omar Sinestunen Printzea (أمير المؤمنين, amīr al-muminīn) titulua eraman zuen lehen kalifa izan zen. Hejiraren aroa ezarri zuen, islamdar egutegia honen araberakoa delarik, 622ko uztailaren 16an hasiz. 644ko azaroaren 3an hil zuen Firūz izeneko esklabo persiar batek, estatuko hiriburu zen Medinako meskitan. Uthmanek ordezkatu zuen, honek 70 urte zituela.

Nagusia zen arren, 14 urtez eutsi zion kalifa karguari Uthmanek, eta ez zuen adinak hil, baizik eta hilketa konplot batek. Bidegabekeriagatik eta ustelkeriagatik kexu ziren Medina inguruko matxinoak izan ziren hiltzaileak.ç

Uthman hil zuten taldeak ziren funtsean Medinako lehen musulmanen alderdi gisa definitu daitekeena, Ansar taldea, eta Muhajirun taldea, Mekako lehen musulmanea. Bi talde hauel bat eginik aukeratu Mahomaren suhi eta Fatimaren alargun Aliren kalifarako. Hautaketak oposizio gutxi izan bazuen ere, babesak murritz geratu zitzaizkion azkar, Quraix tribuan asko kontra zeuden, kalifa izateko buruzagiak ere bazirelarik hauen tartean, eta Uthman beraren Omeiatar tribua ere guztiz kontra zegoen: Medina utzi zuten hauetarik gehienak leialtasun-zina hautsi eta laster Aliren aurka matxinatu ziren.

Alik kaliferriko buruzagitza hori denbora batez ere izan zuen eskuetan, baina Siriako gobernari Mu'awiyah matxinatuarekin lehian, Ali galtzaile atera zen, eta 661ean hil zuten. Mahoma beraren hitzek balioa zuten, askorentzat, kalifa izateko Aliren eskubidearen alde, eta heriotza hura sinbolo historiko bilakatu zen, beraren jarraitzaileentzat.

Imamen lerroa

aldatu
 
Iruditeria xiieta; Mahoma profeta Hasan eta Hussein bere bilona eta imamekin, Fatimaren semeekin. Hortaz, musulmanen buruzagitzako ordezkotza genealogiko legitimoa ikusarazten da irudian.

Alik lortu zuen kalifa izatea, hauen lerroan laugarrena, baina gerora osatutako genealogia xiietan, lehen imam gisa kontsideratzen da, eta Ali eta Fatimaren semeek, Hasan eta Hussainek, eman zieten jarraipena hortaz Fatima eta Aliren oinordekotza batzuentzat legitimoari, iman tituluarekin ezagunak biak ala biak, bata bigarren imama, bestea hirugarrena.[11]

Bigarren semea, Hussain, da historian funtsezkoa, zein lehen musulmanen arteko gerra zibiliean Kerbalako guduan hil zuten arte Hussain (680) eta une hori da Islamaren eszisio handiaren une gakoa, sunitak eta xiitak zatitu zireneko unea. Xiitek, hain zuzen, Mahoma - Fatima - Hussain lerro dinastikoaren nagusitasuna defenditzen dutenak dira, eta Hussain Fatimaren semea dute iman nagusitzat, Allahren aurrean bitartekari bakarra, proofetaren mailakoa.[12] Bere familiako beste zenbait bezala, bera ere jainkotu egin zuten xiitek Birjina deituz.

Ondoren, lerro hori jarraitzen dute xiietentzat "imam ezkutuak" direnek, eta munduaren bukaerakoan agertuko da azken Imama. Imam ezkutuari buruzko doktrina eta interpretazio ezberdinak ezagutu ditu xihsmoak; baina, hori gorabehera, xiismoak bere nortasuna eta historia segurtatu du, batez ere Irak eta Iranen.[12] Korronte honetan, profetaren alabaren ikurra, Fatimaren eskua, prozesioetara atera ohi da.

Fatimaren gurtza

aldatu
 
Fatimiyya gurtza ospakizun ofiziala, Irango Qom hirian, 2014an. Eskumatik lehena da Mahmoud Ahmadinejad, Irango orduko presidentea, eta Ali Khamenei buruzagi erlijioso nagusia dago erdian.

Suniek gurtzen dute Fatima, baina ez diote xiitek aitortzen dioten ohorerik ematen.

Xiiten artean Fatimiyya izeneko ospakizun erlijiosoa imnportantea da. Hura martiri gisa gogoratzeko urteroko aldia sei egunekoa da, hiru egun Jamadi al-Awaleko hilabetean eta hiru egunJumada al-Thaniko hilabetean. [13][14] Baina tradizio batzuetna 20 eguneko oroitzapen zeremoniak ere izaten dira.

Egun hauetan, xiitek dolu elkarretaratzeak ospatzen dituzte, meskitetan eta etxeetan, doluz haren biografia, bertuteak eta bertuteak aipatzen dira hitzaldietan. Irango xiitek Jumada al-Thani hilabeteaen hirugarren egunean zentratzen dute oroitzapena, eta jai ofiziala eta dolu publikoa dute egun honetan Iran islamikoan.

Fatimaren ondorengoen aldekoek hartzen duten beste izen bat fatimi edo fatimita izena da.[15]

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. (2016-09-30). (PDF) 181. araua: Erdi Aroko pertsona-izenak. Iruñea, 12 or..
  2. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  3. (Gaztelaniaz) mercedesfernandez. Fátima az-Zahra | Modernas en Blog. (Noiz kontsultatua: 2024-05-02).
  4. (Gaztelaniaz) «Renovatio Medievalium» Renovatio Medievalium 2019-02-07 (Noiz kontsultatua: 2024-05-02).
  5. (Gaztelaniaz) «Señora Fátima al-Zahra (P) - wikishia» es.wikishia.net (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  6. a b (Gaztelaniaz) «Breve Biografía de la vida de Fátima Az-zahra» Al-Islam.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  7. Abbas, Hassan. (2021). The prophet's heir: the life of ʻAlī ibn Abī Tālib. Yale University Press ISBN 978-0-300-22945-5. PMC on1242040955. (Noiz kontsultatua: 2024-05-31).
  8. Madelung 1997, 50 orr. .
  9. a b Khetia 2013, 51 orr. .
  10. Osman 2014, 123 orr. .
  11. (Gaztelaniaz) «Introducción a la vida de Fátima (s.a)» FatimaTV (Noiz kontsultatua: 2024-05-24).
  12. a b Intxausti, Joseba. (2017-07). «Ortodoxia eta eskolak» Jakin 28-29.
  13. «در مورد ایام فاطمیه در ویکی تابناک بیشتر بخوانید» www.tabnak.ir.
  14. (Persieraz) «شروع و پایان ایام فاطمیه چه زمانی است؟» YJC 2020-01-12.
  15. (Gaztelaniaz) m.javad8000. (2023-12-17). «“El martirio de la honorable Fátima Az-Zahra (P)”» rahyafteha (Noiz kontsultatua: 2024-05-02).

Bibliografia

aldatu
  • Abbas, Hassan. (2021). The prophet's heir: the life of ʻAlī ibn Abī Tālib. Yale University Press ISBN 978-0-300-22945-5.
  • Khetia, Vinay (2013). Fatima as a Motif of Contention and Suffering in Islamic Sources (Thesis). Concordia University.
  • Madelung, Wilferd (1997). The Succession to Muhammad: A Study of the Early Caliphate. Cambridge University Press. ISBN 0-521-64696-0.
  • Osman, Rawand (2014). Female Personalities in the Qur'an and Sunna: Examining the Major Sources of Imami Shi'i Islam. Routledge. ISBN 9781317671503.

Kanpo estekak

aldatu