Badreko gudua
Badreko gudua (arabieraz: غزوة بدر), 624ko martxoaren 13a (2 AHko Ramadanaren 17a) gaur egungo Arabia Saudiko Hejazeko eskualdean gertatutako gudu garrantzitsu baten izena da. Islamaren aurreneko urteetan Mahomak Mekako Kuraix[oharrak 1] aurkarien aurrean izandako momentu oso garrantzitsua izan zen. Gudua Islamdar historiaren arabera Allahren interbentzioari esker irabazitako gudua izan zen, eta iturri sekularren arabera Mahomaren genialitatearen pauso gisa. Hau da Koranean espreski agertzen den gudu eskasetako bat. Gaur egungo ezagutza gehiena islamdarren testigantzen aldetik datoz, bai hadithak zein Mahomaren biografietatik, gertatu eta oso denbora gutxira idatzi zirenak.[1]
Badreko gudua | |||
---|---|---|---|
Musulman-Kuraix gerrak | |||
Data | 624ko martxoaren 13a | ||
Lekua | Badreko putzuak, Medinatik 110 kilometrora hego-mendebaldean | ||
Koordenatuak | 23°44′00″N 38°46′00″E / 23.733333333333°N 38.766666666667°E | ||
Emaitza | Musulmanen garaipena | ||
Lurralde-aldaketak | Gaur egungo Saudi Arabia | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Guduaren aurretik musulmanek eta mekarrek 623 eta 624aren artean istilu txikiak izan zituzten. Badr, hala ere, bi indarren artean egindako lehen tamaina handiko topaketa izan zen. Posizio defentsibo batean jarrita, Mahomak ondo disziplinatutako tropek Mekakoen lerroak hautsi zituzten, Kuraixen hainbat lider garrantzitsu hilez, batez ere musulmanen aurkarien nagusia zen Abu Jahl[2]. Lehen musulman haientzat hau izan zen lehenengo zeinua euren aurkariak garaitu ahal zituztela ikusteko[3] . Garai hartan Meka oso hiri aberatsa zen, baita boteretsua ere. Mekarren armada hiru aldiz handiagoa zen. Garaipen honekin Arabiako beste leinu askok ikusi zuten Mahomak indar berria erakusten zuela, eta Medinako komunitateen arteko aldeak konpontzeko gai zela.[4]
Aurrekariak
aldatuMahoma 570an jaio zen Mekan Kuraix leinuaren barruan. 622an mekarrek musulmanen aurka zuten jazarpenetik ihes egiteko Mahoma eta bere jarraitzaileek Medinarako bidea hartu zuten. Migraizo honi Hejira izena ematen zaio.
Hejiraren ostean Meka eta Medinaren arteko tentsioak areagotuz joan ziren eta 623an musulmanek hainbat eraso egin zituzten Kuraixen karabanen aurka, Mekaren aurkako presio ekonomikoa jarri asmoz, Mekako nagusiek boterea antolatzen ari baitziren beste tribu eta talde batzuekin Medinaren aurka egiteko. Medina ez zegoen kokatuta Mekako truke bidearen baitan, eta horregatik musulmanek aukera ona zuten bidea bera erasotzeko. Musulman asko Kuraix ziren ere, baina uste zuten eskubidea zutela eraso horiek egiteko mekarrek euren ondasunak, etxeak eta leinuetako eskubideak kendu baitzizkieten, Arabiako ospitalitate arauen aurkako eraso laria. Mekarrek, noski, kontrako ikuspegia zuten. Euren karabanak beti izan ziren babestuak, leinu askok ikusten zutelako eurek zirela "Jaungoikoaren Etxearen" zaindariak, eta musulmanak bide-lapur gisa ikusten zituzten, eta euren bizimodu eta ospearen aurkako gisa.
623aren bukaeran eta 624aren hasieran musulmanen indar militarra hasi baino ez zen egin. 623ko irailean Mahomak berak 200 pertsonako indarra gidatu zuen karabana handi baten aurka. Hortik gutxira mekarrek euren erasoa abiatu zuten Medinaren aurka, baina lortu zuten bakarra azienda txikia lapurtzea izan zen. 624ko urtarrilean musulmanek Mekara zihoan karabana bat erasotu zuten Naklahtik gertu, Mekatik 40 kilometro eskasera. Eraso horretan karabanaren zaindari bat hil zuten eta, formalki, hori izan zen lehenengo odolezko erasoa musulmanen aldetik. Mekarrek eraso hau oso gaizki hartu zuten, Rajab hilabetean gertatu zelako, mekarren erlijioan eta sinismen paganoen ikuspuntutik gerrarik egin ezin zen hilabetea.
Gudua
aldatuBadrera martxa
aldatuMahomaren indarren baitan Abu Bakr, Umar, Ali, Hamza, Mus`ab ibn `Umair, Az-Zubair bin Al-'Awwam, Ammar ibn Yasir, eta Abu Dharr al-Ghifari zeuden. Musulmanek 70 gamelu eta 2 zaldi zituzten, beraz gameluko hiruzpalau gizon zituzten: askok, beraz, oinez egin behar izan zuten bidea.[5] Hala ere hasierako iturri musulmanek diote ez zela borrokaldirik egoteko asmorik,[6] eta horregatik etorkizunean kalifa izango zen Uthman atzealdean geratu zen bere emazte Ruqayyah zaintzen, Mahomaren alaba.[7] Salman Pertsiakoa ez zen guduan egon, ez zelako oraindik gizon askea.[8]
Kuraixen aldetik noble askok bat egin zuten Mekako armadarekin, adibidez Amr ibn Hishām, Walid ibn Utba, Shaiba, eta Umayah ibn Khalaf. Euren arrazoiak ezberdinak ziren: batzuek karabananren interes finantzieroak babestu nahi zituzten; beste batzuek Ibn al-Hadrami, Nakhlahn hildako zaindaria mendekatu nahi zuten; azkenik, gutxi batzuk batu ziren uste zutelako musulmanen aurkako gudua irabaztea erraza izango zela.[9] Amr ibn Hishāmek gutxienez noble bat, Umayah ibn Khalaf, lotsarazi zuen espedizioan parte-hartzeagatik.[10]
Momentu horretan Mahoma eta bere kideek Badren zeuden putzuak hartzeko bidea zuten, uste zutelako bertan hartuko zuela atseden karabanak edo, gutxienez, bertan batuko zela karabana Mekako armadarekin. Badreko putzuak Siriarekin batzen zen karabana-bidean zegoen, eta hori zen lekurik egokiena topatzeko. Hala ere hainbat esploratzaile musulman ikusi zituzten handik karabanako esploratzaileek[oharrak 2] eta Abu Sufyan mekarrak erabaki azkar bat hartu zuen eta Yanburako bidea hartu.[11]
Musulmanen plana
aldatuMusulmanengana iritsi zenean Mekako armadaren ihesaldiaren berria Mahomak berehala gerra-kontseilua deitu zuen, oraindik denbora zegoelako atzera egiteko eta berarekin batera zeuden gudari asko konbertso berriak zirelako (Ansar deiturikoak, "laguntzaileak", hasierako Kuraixar musulmanengandik bereizteko), eta hauek Medina babesteko hitza emana baino ez zutelako. Medinako Konstituzioaren terminoen arabera eskubidea zuten armada utzi eta borroka egiteari uko egiteko. Hala ere, tradizioaren arabera, borrokatzeko aukera hartu zuten, Sa'd ibn Ubadahk adierazi zuenez: "Zuk [Mahoma] eskatzen badiguzu gure zaldiak itsasoan itotzea, egingo dugu"[12] Hala ere musulmanek oraindik uste zuten ez zela gudurik egin beharko eta Badrerako bidean jarraitu zuten.
Martxoaren 11an bi armadek Badretik egun bateko bidea zuten oraindik. Musulmanen gerlari batzuek (iturri batzuen arabera Ali barne) aurrean zeuden eta Mekako bi ur-eramale atxilotu zituzten Badreko putzuetan. Hauek uste zuten karabananen parte zirela, baina musulmanek ikaraz entzun zuten kuraixtarren armdako kideak zirela.[12] Tradizio batzuetan ere esaten da hauek esan zietenean nortzuk ziren armadarekin batera zihoazen Kuraix nobleak Mahomak esan zuela "Mekak bidali dizkigu bere gibeleko jaki txikirik onenak".[13] Hurrengo egunean Mahonak Badreko martxan agindu zuen, Mekakoak baino lehenago iritsi ahal izateko.
Badreko putzuak aldapa batean kokaturik zeuden, Yalyal izeneko bailara bateko ekialdeko aldean. Mendebaldeko aldean 'Aqanqal izeneko menditxo bat zegoen. Musulmanak ekialdetik iritsi zirenean Mahomak erabaki zuen bere armada aurkitutako lehen putzuan bertan formatzea. Hubab ibn al-Mundhirrek, ordea, galdetu zion ea Jaungoikoaren mandatua zen hor geratzea edo Mahomaren iritzia ote zen. Mahomak azkena zela esan zionean proposatu zion Kuraixen armadatik gertuen zegoen putzua okupatzea, besteak blokeatu ahal zirelako modu horretan. Mahomak onartu eta bide hori hartu zuten.
Mekarren plana
aldatuKontrara, oso gutxi dakigu kuraixtarren armadaren progresoaz Mekatik atera eta Badrera iritsi zen tartean. Hala ere gauza batzuek badute garrantzia: arabiar armada askok euren emazteak eta umeak eramaten zituzten kanpainetan motibatzeko eta zaintza izateko, baina Mekako armadak ez zuen egin. Kuraixtarren oso esfortzu txikia egin zuten, ia inongoa, Hijaz osoan zituzten beste leinu aliatuekin kontakatzeko. [14] Bi gertakari horiek adierazten dute mekarrek oso denbora txikia izan zutela armada prestatzeko, eta euren helburua karabana babestea baino ez zela. Gainera musulmanak baino hiru aldiz gehiago zirenez, uste zuten garaipena erraza izango zela.
Kuraixtarrak Juhfahra iritsi zirenean, Badreko hegoaldean, Abu Sufyanen mezua jaso zuten esanez karabana salbu zegoela bere atzetik eta, beraz, Mekara itzultzeko aukera zutela.[15] Puntu honetan, Karem Armstrongen arabera, Mekako armadaren barruan boterearen inguruko borroka bat hasi zen. Abu Jahlek jarraitu nahi zuen, baina beste klan batzuk, batez ere Banu Zuhrah eta Banu Aditarrak, etxera itzuli ziren. Armstrongen arabera hau mugimendu bat izan zen Abu Jahlek lor zezakeen boterearen beldur zirelako. Banu Hashim leinuak alde egin nahi zuen, baina Abu Jahlek mehatxu egin zien bertan geratzeko.[16] Galera hauek izanda ere Abu Jahlek argi zuen borrokatu nahi zuela, "ez gara itzuliko Badrera iristen garen arte" esanez. Tarte honetan Abu Sufyan eta karabanako beste hainbat gizon armadara gehitu ziren.[17]
Guduaren eguna
aldatuMartxoaren 13ko gauerdian kuraixtarrek kanpamentua desegin eta Badreko bailarareko bidea hartu zuten. Euria egin zuen aurreko egunean eta zaila izan zuten 'Aqanqaleko mendixkan gora egiten zaldi eta gameluekin. 'Aqanqaletik jaisterakoan mekarrek beste kanpamentu bat instalatu zuten bailaran. Atsedena hartzen zuten bitartean esploratzailea bidali zuten, Umayr ibn Wahb, musulmanen lerroak ezagutzeko. Umayrrek esan zuen Mahomaren armada txikia zela, eta ez zegoela beste indar musulmanik inguruan guduan bat egin ahal izateko.[18] Hala ere, bere iritziz kuraixtarrek galera handiak izango zituzten erasotuz gero (hadith batean esaten da berak ikusi zituela "gameluak heriotzarekin kargatuta").[19] Mezu honek kuraixtarrak desmoralizatu zituen, arabiarren arteko guduak, normalki, hildako gutxirekin bukatu ohi zirelako, eta gatazka berria sortu zuen kuraixtarren lidertzaren inguruan. Hala ere, Amr ibn Hishāmek beste guztiak guduan jarraitzeko Kuraixen ohorearen sentimenduari deia egin zion.[20]
Guduaren hasieran bi armadetako txapeldunak aurreratu ziren. Musulmanen aldetik hiru Ansarrek egin zuten aurre, baina mekarrek oihuka hartu zituzten, ez zutelako inongo borrokarik hasi nahi eurekin, bakarrik kuraixtar musulmanekin. Beraz Hamza aurrera joan eta Ubayda eta Alirekin batu zen. Musulmanek mekako txapeldunak hiru-hiruren-aurka eredu batekin garaitu zuten. Hamzak bere aurkaria hil zuen, Utba ibn Rabi'ah; Alik bere aurkaria hil zuen Walid ibn Utba; Ubaydak zauriak jaso zituen Shaybah ibn Rabi'ahren aldetik, baina hiltzea lortu zuen. Beraz hau hiru-hiruren-aurka garaipen tradizionala izan zen musulmanentzat.
Momentu horretan bi armadek gezi jaurtiketari ekin zioten. Musulman gutxi batzuk eta kuraixtarren kopuru ezezagun bat hil ziren. Benetako erasoa hasi aurretik Mahomak esan zien musulmanei bakarrik luzera heltzen ziren armekin erasotzeko, eta mele armak bakarrik gerturatzen ari zirela erabiltzeko.[21] Ondoren kargatzeko agindua eman zuen, arrokak jaurtiz mekarren aurka, ziurenik arabiar ohitura bat, "Aurpegia kendu aurpegi horiei!" oihukatzen zuten bitartean[22][23] Musulmanek "Yā manṣūr amit!"[oharrak 3] oihukatuz kuraixtarren lerroak hautsi zituzten. Mekarrak, indar gutxiagorekin eta borrokarako gogo gutxiagorekin, berehala lerroak hautsi eta korrika hasi ziren. Guduak bere horretan ordu gutxi batzuk iraun zituen eta bukatu zen arratsalderako.[22] Koranak musulmanen erasoaren indarra apalaldi askotan aipatzen du, eta deskribatzen du nola milaka aingeru jaitsi ziren Zerutik Badrera Kuraixak izutzeko.[23] Musulmanek hau literalki hartzen dute, eta hadith askotan Mahomak eztabaidatzen du nola Jibreel Aingeruak paper garrantzitsua izan zuen gudu honetan.
Ondorioak
aldatuBareko gudua oso garrantzitsua izan zen Arabiar penintsulako hurrengo mendea markatuko zuten bi pertsonaien goraldian. Lehenengoa Mahoma izan zen, egun bakar batean Mekako legez-kanpoko pertsona izatetik lider garrantzitsua izatera pasa zena. Marshall Hodgsonek dio Badrek erakutsi ziela beste arabiarrei Musulmanek Kuraixek zituzten prestigio eta ekintza politikoen ondorengoan izan zitezkeela. Banu Qaynuqak handik gutxira bota zituen, bere posizio politikoa ezbaian jartzen zuen Medinako juduen tribu bat. Hauek emakume musulman bat erasotu zuten eta bake akordioak apurtzea leporatu zien. Garai berdinean Abd-Allah ibn Ubayyk, Mahomaren aurkaria Medinan, bere posizioa guztiz ahulduta ikusi zuen. Hortik aurrera ezin izan zuen arazo txikiak baino sortu Mahomaren aurrean.[24]
Badreko guduaren beste onuradunik handiena Abu Sufyan izan zen. Amr ibn Hashimen eta beste hainbat kuraixtar nobleen heriotzarekin[oharrak 4] Abu Sufyanek aukera izan zuen, ia-ia derrigortuta ere, Kuraixen lidergoa hartzeko. Ondorioz Mahomak Mekarako bidea hartu zuenean se urte beranduago Abu Sufyan izan zen errendizioa negoziatzen lagundu zuena. Abu Sufyan, beraz, Musulmanen Inperioaren goi-mailako ofiziala bilakatu zen, eta bere semea Muawiyak beranduago Omeiatar kaliferriaren sortzailea izan zen.
Egun haietan Badreko guduan parte hartu izana hain zen garrantzitsua ezen Ibn Ishaqek izenez-izeneko zerrenda bat egin zuela bertan izan ziren musulmanen armadako izen guztiekin Mahomaren biografian sartzeko. Hadith askotan Badren borrokatu zuten beteranoek identifikazio formala dute, eta askok pentsioa jaso zuten euren azken urteetan.[25] Badreko azken beteranoen heriotza Lehen Islamiar gerra zibilaren baitan gertatu zen.[26]
Paul K. Davisek laburbiltzen du: "Mahomaren garaipenak Islamaren lider gisa kokatu zuen; berarekin batu ziren tribu gehiago batzen, Islamaren hedapena hasi zen."[27]
Kultura garaikidean
aldatu"Badr" oso hitz erablia da musulmanen armaden eta talde paramilitarren artean. "Badr operazioa" Egiptok 1973ko Yom Kippurreko gerran erabili zuen izena izan zen, baita 1999an Pakistanek Kargil gerran erabili zuena. Iranen operazio ofentsiboak Iraken aurka 1980ko hamarkadan ere Badr izenarekin ezagutu ziren.[28] 2011ko Libiako gerra zibilaren baitan talde paramilitarrek Ramadan hilabeteko 20. egunean egin zioten eraso Tripoliri, Badreko batailaren urteurrenean.[29]
Badreko gudua 1976ko The Message filman agertu zen, 2004ko Muhammad: The Last Prophet animaziozko filmean eta 2012ko Farouk Omar telesailan.
Oharrak
aldatu- ↑ Kuraix izenarekin Meka kontrolpean zuen leinua izendatzen da. Testu honetan Kuraix, kuraixtar eta mekatar erabiltzen dira sinonimo gisa, eta hala egiten da Hejiratik (622) Mekako konkista eman zen arte (630).
- ↑ Ibn Ishaqen arabera Abu Sufyan bera izan zen bideari aurre hartu eta inguruak ezagutzera joaterakoan musulmanen esploratzaileak aurkitu zituena, euren gameluek utzitako datil hondakinak jarraituta
- ↑ "O Jaungoikoak garaile egingo dituen horiek, aurrera!"
- ↑ Abu Lahab zaharra barne, ez zegoena Badren baina armadaren itzulera eta egun batzuetara hil zena
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Ingelesez) Herbert Berg. The development of exegesis in early Islam: the authenticity of Muslim. .
- ↑ The Sealed Nectar. , 274 or..
- ↑ Noor Muhammad, Farkhanda. "Islamiat".Fifth Revised Edition,2008,p.61
- ↑ Dr. Iftikhar ul Haq eta Maulvi Jahangir. (2008). O' Level Islamiyat. Bookland Publishers, 74 or..
- ↑ Lings, pp. 138–139
- ↑ Sahih al-Bukhari: Volume 5, Book 59, Number 287. Usc.edu.
- ↑ Sahih al-Bukhari: Volume 4, Book 53, Number 359. Usc.edu.
- ↑ Witness-pioneer.org. Witness-pioneer.org.
- ↑ Martin Lings, p. 139–140.
- ↑ Sahih al-Bukhari: Volume 5, Book 59, Number 286. Usc.edu.
- ↑ Martin Lings, p. 140
- ↑ a b Sahih Muslim: Book 19, Number 4394. Usc.edu.
- ↑ Martin Lings, p. 142
- ↑ Lings, p. 154.
- ↑ Lings, p. 142.
- ↑ Armstrong, p. 174
- ↑ Lings, pp. 142–143.
- ↑ Lings, pp. 143–144.
- ↑ Armstrong, pp. 174–175.
- ↑ Lings, pp. 144–146.
- ↑ Sunan Abu Dawud: Book 14, Number 2658. Usc.edu.
- ↑ a b Armstrong, p. 176.
- ↑ a b Lings, p. 148.
- ↑ Hodgson, pp. 176–178.
- ↑ Sahih al-Bukhari: Volume 5, Book 59, Number 357. Usc.edu.
- ↑ Sahih Al-Bukhari: Volume 5, Book 59, Number 358.
- ↑ (Ingelesez) Paul K. Davis. (1999). 100 Decisive Battles from Ancient Times to the Present: The World's Major Battles and How They Shaped History. Oxford: Oxford University Press, 95–96 or..
- ↑ Wright, Robin. (1989). In the name of God: The Khomeini decade. New York: Simon and Schuster, 133 or. ISBN 9780671672355..
- ↑ Laub, Karin (2011ko abuztuaren 21a). "Libyan Rebels Say They Are Closing In on Tripoli". Associated Press (via The Atlanta Journal-Constitution)
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Battle of Badr, 17th Ramadan 624 A.D
- (Ingelesez) Badr, IslamAnswers.Net
- (Ingelesez) The first battle of Islam at Badr: Islamic Occasions Network
- (Ingelesez) Tafsir (Sura 8: verse 11 to 18) – Battle of Badr: Irshaad Hussainen analisia