[go: up one dir, main page]

Thomas Isidore Noël Sankara (Yako, orduan Volta Garaia, 1949ko abenduaren 21a-Uagadugu, Burkina Faso, 1987ko urriaren 15a) Burkina Fasoko liderra izan zen. Haren gobernupean, 1960an, Volta Garaia izen koloniala utzi eta "Burkina Faso" izena hartu zuen.

Thomas Sankara

(2013)
5. Burkina Fasoko presidentea

1983ko abuztuaren 4a - 1987ko urriaren 15a
Saye Zerbo - Blaise Compaoré
5. Burkina Fasoko Lehen Ministroa

1983ko urtarrilaren 10a - 1983ko maiatzaren 17a
Saye Zerbo - Youssouf Ouédraogo
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakThomas Isidore Noël Sankara
JaiotzaYako (en) Itzuli1949ko abenduaren 21a
Herrialdea Volta Garaia  (1960 -  1984)
 Burkina Faso  (1984 -  1987ko urriaren 15a)
HeriotzaUagadugu1987ko urriaren 15a (37 urte)
Hobiratze lekuaUagadugu
Heriotza modua: bala zauria
Familia
Ezkontidea(k)Mariam Sankara (en) Itzuli  1987)
Hezkuntza
HeziketaPrytanée militaire de Kadiogo (en) Itzuli
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, ofizierra, estatu-politikaria eta soldadua
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
Musika instrumentuagitarra
Zerbitzu militarra
Adar militarraArmy of Burkina Faso (en) Itzuli
Graduakapitain
Parte hartutako gatazkakAgacher Strip War (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa

thomassankara.net
IMDB: nm5174887 Musicbrainz: ab1ac852-0941-4940-b570-ce7d6fccd4f4 Discogs: 4987745 Find a Grave: 151390878 Edit the value on Wikidata

Volta Garaia zeritzonak independentzia formala eskuratu bai, baina oraindik metropoliaren eraginpean segitzen zuen. Afrikako deskolonizazioaren buruzagi erreferentzialenetakoa izanik, xarma pertsonal handia demokrazia parte-hartzailearen ukitua zuen politikarekin konbinatu zuen. Ustelkeriaren kontrako borroka, hezkuntza eta nekazaritzaren garapena eta emakumeen egoeraren hobekuntza bultzatu zituen haren ekimen iraultzaileak. Horregatik, zenbaitek "Afrikako Che Guevara" ezizena jarri zioten[1][2][3]. Sankara Frantzia aginte kolonial ohiak eta herrialdeko zenbait sektore tradizionalen oposizioak bere kontra bultzatutako estatu-kolpean hil zen, 1987ko urriaren 15ean.

Biografia

aldatu

Frantziak menpean hartutako Volta Garaian jaio zen 1949an. Marguerite (2000n hila) eta Sambo Joseph poliziaren (1919-2006) semea zen[4]. Familia katoliko batean hazia, "Thom'Sank" Silmi-Mossi izeneko gizataldekoa zen; talde hori gizon mossi eta andrazko fulanien seme-alabek osatzen dute eta mossi herriaren kasta-sisteman mailarik baxuena da. Lehen hezkuntza Gaouan eta Bigarrena Bobo-Dioulasson —herrialdeko bigarren hiririk handiena— egin zituen.

Bigarren Mundu Gerran aita frantses armadan borrokatu zen eta naziek atxilotu egin zuten. Familiak Thomas apaiz katoliko bihurtzeko nahia zuen; beraz, ideia marxisten defendatzailea izanik ere, kristautasunaren eragin zuzena izan zuen eta Korana ere ezagutzen zuen: gauza inportantea azken hori, Burkina Fason gehiengo musulmana baitago.

Militarra

aldatu

1966an Bigarren hezkuntzan oinarrizko prestakuntza militarra jaso eta gero, 19 urterekin karrera militarra hasi zuen. Urtebete geroago, Madagaskarrera bidali zuten Antsirabe hirian ofizial izateko ikasketak egin zitzan. Han, 1971 eta 1972ko herri-matxinadak ikusi zituen. Azken urte horretan, Volta Garaira itzuli eta 1974an Maliren kontrako gerran parte hartu zuen. Bi estatu horiek Frantziarekiko independentzia formala 1960an eskuratu zuten.

Uagadugu hiriburuan ezagun egin zen. Jendartean ospea izaten lagundu zion, alde batetik gitarra jotzaile ona izateak (Tout-à-Coup Jazz taldean jotzen zuen) eta bestetik motozikletak gustuko izateak.

1976an -ko militarren trebatzeko zentroaren komandante bilakatu zen. Urte berean, Marokon Blaise Compaoré ezagutu zuen. Saye Zerbo koronelaren presidentetzan ofizial gazte talde batek "Ofizial komunisten taldea" (Regroupement des officiers communistes, ROC) erakunde sekretua eratu zuen. Sankara eta Compaorérekin batera, kiderik ezagunenak Henri Zongo eta Jean-Baptiste Boukary Lingani ziren. Taldearen arabera independentzia formalak ez zien herritarrei garapen eta aldaketarik ekarri, eta funtsean herria egoera neokolonialean zegoen.

Presidente

aldatu

Blaise Compaorék antolatutako estatu-kolpeari esker, Sankara 1983ko abuztuaren 4an, 33 urterekin beraz, presidente bihurtu zen. Sankarak iraultzaile eta antiinperialista definitzen zuen bere burua, eta Kubako eta Ghanako gobernuek bezala, "iraultza demokratiko eta popularra" bultzatu zuen, Jerry Rawlingsen eraginpean. Poliziaren lana ustelkeriaren, baso-soiltzearen eta gosearen kontra bideratu zuen eta hezkuntza eta osasungintza publikoak sustatu zituen. Herrietako buruzagi tradizionalen pribilegioak ezeztatu zituen.

1984an iraultzatik urtebetera, estatuari izen berria ipini zioten: "Burkina Faso" ("gizaki zintzoen lurraldea" mossiera eta diuleraz); bandera eta ereserkia ere aldatu zituzten. Sankarak bere gobernuan andrazko batzuk sartu zituen eta emakumeen estatusa hobetzen aitzindaria izan zen; ablazioa eta poligamia ilegal bihurtu zituen eta kontinenteko lehen gobernuburua izan zen HIESa Afrikarentzako mehatxu larria zela salatzen. Gobernuaren Mercedes ibilgailuak saldu eta ministroentzako auto ofizialak izateko Renault 5ak (herrialdeko auto merkeenak) hartu zituzten. Sankararen zaintza pertsonala motozikletadun emakumeek osatzen zuten. Uagaduguko armadaren armategia estatuko lehen supermerkatu bilakatu zen.

Horrek guztiak oso popular bihurtu zuen herritarren artean eta nazioartearen arreta erakarri zuen. Munduan Lerrokatu Gabeko Mugimenduaren buruetakoa izan zen; bere hitzaldietan batez ere Frantziaren kolonialismo eta neokolonialismoa salatzen zuen eta baita Boli Kosta eta Maliko gobernuak ere, frantses gobernuarekin interes-loturak zituztelako. NBEn bertan herrien jateko, edateko eta hezkuntza jasotzeko duten eskubideaz hitz egin zuen.

1985eko errolda egiten ari zenean, Frantziak lagundutako Maliren aldekoen ekimenak suertatu ziren eta tentsio horiengatik ehun bat lagun hil ziren bost eguneko gerra hasi zen; hildako gehienak Maliko hegazkin batek Ouahigouyako azokaren kontra jaurtitako bonbak eragin zituen. Gerrari "Gabonetako gudua" izena eman zitzaion, gertatu zen egunengatik.

Hilketa

aldatu

1987ko urriaren 15ean Blaise Compaoré buru zuten 12 ofizialek osatutako taldeak egin zuten estatu-kolpean Sankara hil zuten, nahiz eta mediku militar batek "heriotza naturala" izan zela idatzi zuen. Kolpearen arrazoitzat inguruko herrialde batzuekiko harreman txarrak zituela aipatu bazen ere, kanpo zorra ez ordaintzeko zuen asmoak eragindako erreakzio kontzertatua (interesak zituzten kanpokoen eta burkinafasoarrena) izan zelako hipotesiak indar handia du.

2006an NBEren Giza eskubideetako komiteak kolpearen ostean osatutako gobernuak inolako ikerketa abiatu ez izana kondenatu zuen. Beste aldetik, orduko Frantziako gobernuak (Jacques Chirac eta François Mitterranden arteko "kohabitazioak") eta frantses gobernuaren interesekin bat egiten zuten gobernu afrikar batzuek hilketa horretan zerikusi zuzena izan zutelako susmoa dago, hau da, Françafrique kontzeptuaren barruko ekimena izan zela uste da. Inpunitatearen kontrako borrokan ikerketarik egon ez zelako, kondena hori nazioartean aitzindaria bada ere, ez zen nahikoa izan pertsona zehatzen ardurak epaiketetara eramateko[5].

2006ko Bamakoko Afrikako foro sozialean eta 2007ko Nairobiko mundukoan Sankara "afrikar gazteriarentzat eredu" izendatu zuten. 2007an, hilketaren 20. urteurrenean Mariam Serme Sankara haren alargunak lehen aldiz Thomasen ustezko hilobia bisitatu ahal izan zuen.

Baionan gogoan

aldatu
 
Sankara Ostatua Baiona Ttipian.

Baiona Ttipiko Agosti Xaho kaian "Sankara Ostatua" izeneko taberna-biltokia dago; urte batzuetako iraupena izan duen kolektiboaren proiektu ekologiko eta sozialaren barruan dago eta Euskal Herri mailan zein munduarekiko elkartasun lanerako egitasmoak bultzatzeko pentsatua da. Hori dela eta burkinafasoarraren izena aukeratu zuten eta Sankararen ideia nagusiekin (emakumeen eskubideak, kanpo zorra, arlo sozialak...) bat egiten dute. Azken denboretan tokiko Bizi! bezalako kolektiboak eta objektu erabiliak konpartitzeko kooperatiba baten modukoa suspertzen ari da[6][7].

Bibliografia

aldatu
  • (Frantsesez) Jaffré, Bruno: Biographie de Thomas Sankara : La Patrie ou la Mort... 1997. ISBN 2-7384-5836-X. 268 or.
  • (Frantsesez) Jaffré, Bruno: Les années Sankara de la révolution à la Rectification, 1997 (2. edizioa). ISBN 2-7384-5967-6 336 or.
  • (Frantsesez) Yambanga Sawadogo, Alfred: Le président Thomas Sankara, Chef de la Révolution Burkinabe: 1983-1987, 2001, L'Harmattan. ISBN 2-7475-0588-X.
  • (Frantsesez) Gakunzi, David: Thomas Sankara,"Oser inventer l'avenir" La parole de Sankara, 2005, Pathfinder eta L'Harmattan. ISBN 2-7384-0761-7.
  • (Frantsesez) Some, Valère: Thomas Sankara, l'espoir assassiné, 2005, L'Harmattan. ISBN 2-7384-0568-1.
  • (Gaztelaniaz) Batta, Carlo: El África de Thomas Sankara, 2010, Txalaparta, 200 or. ISBN 978-84-8136-608-2.

Dokumentala

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu