[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Zenbakiak (Biblia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zenbakiak (Biblia)
Jatorria
Izenburuaבְּמִדְבַּר eta Numeri
Atalak36
Ezaugarriak
Genero artistikoaHistorical books (en) Itzuli eta liburu santua
TelesailaTora
Deskribapena
Honen parte daTora
Tanakh
Itun Zaharra
Catholic Old Testament (en) Itzuli
Hexateuch (en) Itzuli
Pentateuko
kronologia
Lebitarrena Zenbakiak (Biblia) Deuteronomioa

Zenbakien liburua, hebreraz בְּמִדְבַּר (Bəmīḏbar), Hebrear Bibliako liburu bat da, Toraren laugarren liburua, hain zuzen. Tradizioaren arabera, Moisesek idatzi zuen, gutxi gorabehera K.a. 1300 urte inguruan.

Zenbakien liburua izena grekora itzuli zuenak jarri zion, bertan Israel Zaharraren inguruko kontaketa zehatzak agertzen baitira: tribuetako eta taldeetako buruzagiak, konkistatu beharreko herriak, sakrifizioan eskaini beharreko abere kopurua...

Israeldarrek Egiptoren menpeko morrontzatik atera eta Palestinako lurraldeetara bidean igarotako lekuen zerrenda agertzen da, baita gizarte antolaketako hainbat datu eta zehaztasun ere. Liburuaren helburua Jainkoak zehaztutako herri antolaketaren berri ematea da; hamabi leinuetan antolatutako herria Jainkoak beretzat aukeratu du eta Abrahamen ondorengo izendatzen dira. Israelen lurrean bizi diren guztiek Legea bete behar dute eta herri bakarra osatzen dute Jainkoaren aurrean.

Liburuaren eraketa eta ingurugiro historikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Zenbakiak» grekozko antzinako itzulpenaren titulua da, liburuan hain ugariak diren izen-bilketa eta zenbakiengatik ezarria. Hala ere, hobeto datorkio edukiari hebreerazkoak, liburuaren lehen esaldiko hitzik garrantzitsuena hartuz, ematen dion izenburua: «Basamortuan». Lebitarrena –lege hutsez osaturiko liburua– hutsartea izan da narrazioari dagokionean. Zenbakiak liburuan martxan jartzen da berriro herria: Sinaitik abiatu eta Moabeko lautadara, Lur Santuko ateetara, iritsiko da, berrogei urteko itzulinguru luzea egin ondoren.

Basamortuan zeharreko ibilbideari buruzko tradizio historikoak zehaztasun eta ziurtasunez balioztatzea oso zaila da.

Apaiz-eskolako azken egileak, erbestealdi aldera, eman zion liburuari bere behin betiko moldea; horren arabera, herri osoa da, ongi lerraturiko gudaroste gisa, leinuka sailkatua, prozesioan bezala basamortuan aurrera egiten duena. Testuak aurkezten dizkigun pasadizoak eta kontakizunak oro har zenbait lege ezartzeko marko eta bide dira. Beraz, Zenbakiak liburua osatzen duten gai gehienak eta beraren azken egitura erbestealdiko apaiz-eskolari zor zaizkio.

Ezaugarri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburuaren eskema nagusiak azaltzen duenez, geografi datuek egituratzen dute liburua.

  • Lehen zatian (1,1–10,10), herriak Sinai mendi inguruan jarraitzen du. Kanpalekuan herriaren izen-bilketa eta leinuen antolaketa egiten dira martxarako prestatzeko. Kanpamendutan banatutako leinuen erdian Jaunaren presentzia adierazten duen elkarketa-etxola dago, eta inguruan beraren zerbitzura dauden lebitarren senitarteak.
  • Bigarren zatian (10,11–21,35), Sinai eta Moabeko lautada arteko ibilbidea kontatzen zaigu. Itsaso Gorritik Sinai bitarteko bidearen segida da (ik. Ir 15–18). Orduan bezala, herriaren kexa eta marmarrak dira nagusi atal honetan, baita Moisesen bitartekotza ere Jainkoarengandik herri burugogorrarentzat barkamena lortzeko.
  • Azken zatia (22,1–36,13) Moabeko lautadan, Kanaanen aurrez aurre, gertatzen da. Aipagarriak dira Balaamen lau poemak (22–24), Pentateukoaren iturri zaharrenetakoak direnak. Jentil-profeta inspiratuak Jaunaren bedeinkazioa berritzen dio Israel herriari. Azkenik, izen-bilketa berria egiten da eta aginduak eta argibideak ematen lurraldearen banaketarako.

Hau da, agian, Zenbakiak liburuaren gai adierazgarriena: herriaren basamortuko bidea; bide latza, herriak nekez jasaten duena: beldurra, nekea eta etsipena nagusitzen zaizkio. Ez du konfiantzarik Jainkoaren asmoan eta aurpegi ematen dio haren bitarteko den Moisesi. Zigorra ezarri arren, Jainkoak leial eutsiko dio bere agintzariari. Liburuaren hari nagusietako bat Biblian maiz errepikatzen den eskema hau.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]