Yin eta yang
Yin eta yang (txinera tradizionalez: 陰陽; pinyinez: yīnyáng, hitzez hitz: "ilun-argi", "negatibo-positibo"; japonieraz: 陰陽, in-yô) sortaldeko pentsaeran, bizitzaren alderdi eta gertakizun ororen egile diren bi indar edo hastapenak, elkarren osagarri direnak. Yina lurraren irudi da, emea, iluna, pasiboa eta xurgatzailea; zenbaki bikoitietan dago, bailaretan eta ur-lasterretan, eta tigreak, laranja koloreak eta lerro hautsi batek irudikatzen dute. Yanga berriz zerua da, arra, argia, aktiboa eta sarkorra; zenbaki bakoitietan dago, mendietan, eta dragoia, urdin kolorea, eta lerro jarrai bat dira haren irudi. Bi elementuek elkarri eragiten diote (bata handitu ahala bestea txikitzen da), eta unibertsoaren eta bertan den ororen deskripzio dira.
Zirkulu baten bi erdi gisa, iluna eta argia, margotzen dira. Yin-yangaren jatorria iluna da, baina nolanahi ere oso antzinakoa; K. a. III. mendean kosmologiako eskola baten oinarri izan zen, eta mendeetan zehar eragin handia izan du txinatar pentsaeraren alderdi guztietan: astrologian, medikuntzan, artean, gobernuan. Japoniara ere aspaldi heldu zen, in-yô izenaz. Han ere, oso garrantzi handia izan zuen, gizartearen maila guztietan gainera: horren adierazgarri da egun eta norabide zorionekoak eta zoritxarrekoak badirelako sinestea, zabaldua oso, eta ezkontzak antolatzerako zodiakoaren zeinuak kontuan izatea.
Ikus, baita
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau filosofiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |