[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Txori zezen arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txori zezen arrunt
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaPelecaniformes
FamiliaArdeidae
GeneroaBotaurus
Espeziea Botaurus stellaris
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa42 g
arra: 2,906 kg
emea: 2,017 kg
Zabalera1,27 m
Kumaldiaren tamaina4,6
Txori zezena lezka artean.
Txori zezena lezkadian ezkutaturik.

Txori zezen arrunta (Botaurus stellaris) ardeidae familiako hegaztia da, udan Europan eta Asian bizi dena eta neguan Afrikara migratzen duena[1]. Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan sartu zuten.[2]

70-80 cm arteko luzera eta 125-135 cm arteko hego-zabalera ditu[3] eta 0'87 eta 1'94 kilogramo artean pisatzen du[4]. Gorputz trinkoa du eta koartzetan ohiko ez den lepo sendoa. Kolore arre-horixka du baina orban ilun asko nolabaiteko marrak irudikatzen dituztenak, bizi den lezkadietan ongi kamuflatzeko. Mokoa zuzena eta zorrotza da, kolore argikoa, eta buruan pileo betza eta begitik bibotearen antzeko marra beltz bi ateratzen zaizkio. Hauen azpian marra zurixkak ditu alde banatan. Begi horiak ditu. Zangoak luzeak dira, kolore argikoak[3].

Europan 54.000 bikote daudela estimatzen da, gehienek Errusian kumatzen dute. Ur gezatako edo gazikaratako hezegunetan aurkitzen da, aintzira, padura eta ibaietan, beti ere ur ertzetako lezkadietan ezkutatuta[3]. Euskal Herrian migrazio garaian ikusten dugu kostaldean (Urdaibaien[5], Zarautzen[6], Txingudin[6]...) edo barnealdean (Salburuan[7], Las Cañasen[8], Pitillasen[9]...).

Hegazti bakartia da eta lezkadietan ezkutatuta, poliki poliki mugitzen da edota geldi egoten da harrapakina albotik pasa artean. Arriskua ikusten duenean tente jartzen da, zerura begira, geldi geldi, lezka artean kamuflatzeko.

Ugaztun txikiak, anfibioak eta intsektuak jaten ditu, baina aspaldian bere dietan ibai-karramarro gorriak duen garrantzia ikusi da, horrek erakarri omen du Ebroko haranera[3].

Otsailetik aurrera arrak lurraldekoiak bihurtzen hasten dira. Ahalik eta lurralde handiena lortzen saiatzen dira, izan ere hegazti poligamoa baita eta lurraldearen hedaduraren araberako eme kopurua izango baitu.

Emeek habiak eraikitzen dituzte lezka, ihi eta antzeko landareak erabiliz. 30-40 cm arteko diametroa eta 10-15 cm-ko altuera izaten dute habiek. Oliba koloreko 3-7 arrautza jartzen ditu eta 25-26 egunetan zehar txitatzen ditu. Bitartean habiari materiala gehitzen dio eta asko handitzen da. Emea arduratzen da txitak jaiotzerakoan zaindu eta elikatzeaz, janaria oka eginez. 50-55 egun pasa direnean gazteak erabat garatuta daude eta habia uzten dute[3].

Ar monogamoek beren emearekin lanak konpartitzen dituzte[3].

Carl von Linneok deskribatu zuen 1758 urtean Systema naturae liburuan eta Ardea stellaris izena eman zion. Latinez "koartza izartsua" esan nahi du, lumaiako orban ilunen fora eta posizioak unibertsoa gogorarazten baitu. 1819. urtean James Francis Stephens naturalista ingelesak Botaurus generoa sortu zuen eta bertan sartu zituen txori zezen espezieak[10]. Erromatarrek butaurus esaten zioten bos (idia) eta taurus (zezena) hitzen elkarketa da eta Plinio Zaharrak izenaren jatorria azaldu zuen, hegaztiaren zezenaren marruaren antzeko zarata egiten duela esanez[11]. Erdi aroan ingelesez botor esaten zitzaion hegaztiari eta hortik atera zuen Stephensek generoarentzako izena.

Bi azpiespezie ezagutzen dira[12]:

  • Botaurus stellaris capensis (Schlegel, 1863), Hegoafrikan bizi dena. Capensis izena Lurmutur Hiriak ematen dio (ingelesez Cape Town)[13].
  • Botaurus stellaris stellaris (Linnaeus, 1758), ipar hemisferioan bizi dena.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Allan, D.G.. (1997). Bittern Botaurus stellaris. in: The atlas of southern African birds. 1: Non-passerines Harrison et al., 79 or..
  2. Eusko Jaurlaritza. (2013-7-5). Agindua, 2013ko ekainaren 18koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena. Honen bidez, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda aldatzen da. .
  3. a b c d e f «Avetoro común» SEO/BirdLife.
  4. Brazil, Mark. (2009). Birds of East Asia: China, Taiwan, Korea, Japan, and Russia.. Princeton Field Guides. Princeton University Press ISBN 978-0-691-13926-5..
  5. «Txori zezen arrunta Gautegiz Arteagako padurako hegazti negutar bitxia - Urdaibai Bird Center» www.birdcenter.org (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).
  6. a b Zulaika, Asier Aldalur. (2013(e)ko abenduaren 9(a), astelehena). «Iñurritza biotopoa: Txori zezen arrunta Iñurritzatik geroz eta gertuago» Iñurritza biotopoa (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).
  7. Txori zezenaren soinua entzun da egun hauetan salburuan « Atariaren bloga. (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).
  8. Imaginanet.com © 2020. (2020-01-01). «Txori zezen arrunta,» www.lagunadeviana.es (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).
  9. «Avetoro común (Botaurus stellaris)» www.turismo.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).
  10. «Botaurus (Botaurus sp.) - Avibase» avibase.bsc-eoc.org (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).
  11. (Ingelesez) «Home : Oxford English Dictionary» www.oed.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).[Betiko hautsitako esteka]
  12. «Cornell Lab of Ornithology: Clements Checklist» web.archive.org 2010-07-21 (Noiz kontsultatua: 2020-01-01).
  13. Jobling, James A. (2010). The Helm Dictionary of Scientific Bird Names. London: Christopher Helm., 14 or. ISBN 978-1-4081-2501-4..