Txelba arrunt
Txelba arrunt | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Actinopteri |
Ordena | Spariformes |
Familia | Sparidae |
Generoa | Pagrus |
Espeziea | Pagrus pagrus Linnaeus, 1758 |
Txelba arrunta (Pagrus pagrus) Sparidae familiako ur gaziko arraina da, Ozeano Atlantikoa osoan bizi dena[1].
Euskal izendegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txelba arrunta izendatzeko izen asko daude Euskal Herrian:[2]
Izena | Erabilera-eremua (udalerria) |
---|---|
amerikano | |
besamotza | |
breka | Bilbo |
lamotia | |
mazote | Santurtzi |
momarra | |
mutur motxa | |
txelba | |
urta | Donostia |
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gorputz obalatua du, batazbeste 35 cm neurtzen dituena[3]. Jaso den txelba handienak 91 cm neurtu zituen eta 7.720 gramo pisatu. 26 urte hartu ditzake[4].
Kolore arrosa du eta distira zilarkarak. Sabelaldea argiagoa da. Bizkarraldeko hegatsak 12 arantza eta 9-12 erradio bigun ditu. Hegatsak arrosak edo horixkak dira.[5]
Buruaren gainaldea ilunagoa da eta gazteek ezkata urdinxkak dituzte tartekaturik[5]. Begi handiak ditu[6] eta bien artean bulto txiki bat[7]. Baraila bietan ditu hortzak, letagin itxurakoak, lau goiko barailan eta sei azpikoan. Hauen atzetik hortzen lerro bat eta haginen bi lerro berri[7].
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ozeano Atlantikoaren alde bietan aurkitzen da; mendebaldean Eskozia Berritik (Kanada) hasi eta Mexikoko golkotik zehar Brasil eta Argentinaraino, ekialdean Britainiar uharteetatik Mauritania alderaino, Azoreak, Madeira eta Kanariak barne. Mediterraneoan ere bizi da[3].
Arrokazko, harri txintxarrezko edo hareazko hondoetan. gazteek nahiago dituzte Posidonia zelaiak, bai eta aintzirak ere. Kostaldeko arraina da baina negu aldean ur sakonagoetara migratzen du, 250 metroko sakonerara iritsiz[6].
Biologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrain bakartia da, gehienez lau aletako taldetan ikusi izan da. Arrain lasaia da. Espezie demertsala da eta karramarroak, moluskuak eta arrain txikiak jaten ditu[6], hortzekin oskolak hautsiz[7].
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eme jaiotzen da eta 3 urte dituenean sexu heldutasuna lortzen du[4], 24 cm inguru dituenean[6]. Ondoren, zahartu ahala ar bihurtzen da. 5 urteko adina duenean sexu bien kopurua %50 ingurukoa izaten da[8]. Udaberrian izaten da errunaldia[4], Kantauri itsasoan apirila eta maiatza artean[2].
Arrautzak eta larbak pelagikoak dira eta zooplanktona osatzen dute[6], arraina garatzen denean kostaldera hurbiltzen da.
Arrantza eta gastronomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haragi preziatua duen arraina izanik arrantzatu egiten da, bai eta kirol arrantzan ere. Merkatuetan saltzen den gehiena gaur egun akuikultura lantegietan hazitakoa da ordea, arazorik gabe eta erraz hazten baita piszifaktoriatan[6].
Arraun zurien taldean sartuta dago. Haragi fina du eta erraz desegiten da. Labean erreta prestatzen da, barazkiz apainduta. Batzuetan bestelako arrainekin batera zerbitzatzen da, lupiarekin eta urraburuarekin esate baterako[6].
Ziguatera pozoiketa kasuren bat jaso izan da, merkurioa akumulatzeko joera baitute. Merkurioak plazenta zeharkatu dezakeenez eta fetoa kutsatu, ez da gomendagarria haurdunaldian kontsumitzea[6].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Huntsman, G. (1996) Pagrus pagrus. IUCNren Zerrenda Gorria
- ↑ a b «txelba» arrainak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-11).
- ↑ a b (Ingelesez) «Pagrus pagrus • Fish sheet» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-11).
- ↑ a b c «Pagrus pagrus, Red porgy : fisheries, aquaculture, gamefish, aquarium» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-11).
- ↑ a b «Pagrus pagrus» www.fishbase.se (Noiz kontsultatua: 2024-01-11).
- ↑ a b c d e f g h (Gaztelaniaz) «Pagrus pagrus o Pargo | Características, fotos y video» pecesmediterraneo.com 2019-03-29 (Noiz kontsultatua: 2024-01-11).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Pagrus pagrus (Linnaeus, 1758)» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2024-01-11).
- ↑ «Especies - Besugo» www.inidep.edu.ar (Noiz kontsultatua: 2024-01-11).