[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Nóos afera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Iñaki Urdangarin, ustelkeriazko Nóos aferaren protagonista nagusia.

Nóos afera edo Urdangarin afera, auzitegietan Babel operazioa ere deitua, Iñaki Urdangarin enpresaburuari, Espainiako Cristina Borboikoaren senarra eta, beraz, Espaniako Errege Etxearen kidea ere badena, berak zuzendutako enpresa-sare baten bitartez diru publikoaz jabetu eta ezkutatzea leporatzen zaion ustelkeriazko afera da.

Lehenagotik afera horri buruzko arrastoak zabaldu baziren ere, 2010eko ekainean abiarazi zen epaitegietan, ustelkeriazko Palma-Arena aferaren baitan. Urdangarinen enpresen miaketa judiziala izan zelarik, ordea, 2011ko azaroan hain zuzen, plazaratu ziren hedabideetan informazio zehatzak Urdangarinek enpresa horietako buru zelarik justifikaziorik gabeko aurrekontu neurrigabea zuten kontratu publikoei buruz, Noos Institutuaren eta sareko beste enpresen bitartez. Aferak publikoaren arreta bizia erakarri zuen Espainiako Errege Etxearen ospe ona kolokan harrapatzen zuelako. 2011ko abenduan Espainiako Errege Etxearen parte hartze zuzena gertatu zen aferan, Iñaki Urdangarinen agerpen publiko ofizialak bertan behera utzi zirenean. Juan Carlos I.a Espainiako Erregeak gutxienez 2006 urtetik ezagutzen zituen Urdagarinen negozio susmagarriak, ordea, orduan eskatu baitzion modu pribatuan hari bere jarduerak bertan behera uzteko. 2011ko abenduaren 29an sumarioa zabaldu eta Urdangarin auziperatu egin zuen afera kudeatzen zuen epaileak.

José Castro epaileak 10 pertsonei egotzi zien hainbat delitu:

  • Iñaki Urdangarin: Palmako duke ezkontidea. Diego Torresen kidea.
  • Diego Torres: enpresaria. Urdangarinen kidea.
  • José Luis Ballester: Balear Uharteetako Gobernuko kiroletako zuzendari nagusi ohia.
  • Carlos García Revenga: Espainiako infanten idazkaria.
  • Jaume Matas: Balear Uharteetako presidente ohia.
  • Miguel Zorío: enpresaria.
  • Cristina Borboikoa: Palmako dukesa. Erregearen alaba.
  • Ama María Tejeiro: Diego Torresen emaztea.

Iñaki Urdangarin

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Iñaki Urdangarin»

Inaki Urdangarin Liebaert (Zumarraga, 1968 - ) Vital Kutxako lehendakaria izan zen euskal herritar bankari baten eta belgikar aristokrata baten semea da. Balentin Berriotxoa bere amonaren osaba izan zen, aitaren aldetik [1]. Oso txikia zelarik, bere familiarekin Bartzelonara aldatu eta hango jesuiten eskola batean hezi zen. UBI marianistekin ikasi zuen Gasteizen. Eskubaloi-kirolari moduan nabarmendu da gaztetan. Bartzelona Futbol Klubarekin Espainiako hamar ASOBAL Liga, 7 Errege-Kopa eta Europako sei Kopa irabazi zituen. Atlanta (1996) eta Sidneyko (2000) Olinpiar Jokoetan brontzezko domina bana irabazi zituen Espainiako selekzioarekin [2]. Hain zuzen, Atlantako Olinpiar Jokoetan ezagutu zuen Espainiako Cristina Borboikoarekin ezkondu zen 1997 urtean. Harekin ezkontzearekin batera Palmako duke izendatu zuen Espainiako erregeak eta Balear Uharteetan, hain zuzen, burutuko zituen bere negozio ilunetako batzuk, bertako botere politikoekin harremanetan. Enpresaritza ikasketen lizentziatura bukatu gabe zituen eta eskubaloi jokalari moduan lan egiten zuen artean. 2001 urtean ESADE negozio-eskolan masterra eskuratu zuen. Lehenagotik ezagutzen bazuen ere, han finkatu zituen gerora berarekin batera Noos institutuan lan egin eta dirua legez kanpo bereganatzeko enpresa-taldea osatu zuen Diego Torres irakaslearekin izan zituen harreman estuak. 2001-2002 urteetan Octagon ikus-entzunezkoen enpresan egin zuen lana lagun baten eskutik. 2002 urtean Espainiako Komite Olinpikoaren lehendakariorde izendatu zuten eta lehendakaritzarako hautagaitza prestatzeko lanak egin zituen, baina porrot egiten zuen horretan, kirol federazioetan ez baitzuten bere jokabidea begi onez ikusi[3].

Nóos enpresaren azpikeriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1999 urtean Diego Torresek Nóos izeneko irabazi asmorik gabeko enpresa sortu zuen, 2003 urtera arte jarduerarik izan ez zuena. 2003 urtean Nóos izeneko aholkularitza-enpresa estrategikoa sortzen du Iñaki Urdangarinekin batera. Enpresa taldeak babesletza eta mezenasgoa gaietan kudeaketa estrategikoari buruz goi mailako consulting zerbitzuak eskaintzen zizkien, bereziki enpresa handiei, think tank moduan. Iñaki Urdangarin institutuaren presidente izan zen 2004-2006 urte bitartean, Diego Torres presidenteorde eta Cristina Espainiako Infanta, Urdangarinen emaztea, bokala izan ziren, hurrenik hurren. Enpresa taldean tandema osatzen zuten: Torresek bere ezaguerak aplikatzen zituen, Urdangarinek bere izena eta harremanak (kirolari ospetsua zenekoak eta Espainiako Errege Etxeko Kidea izateagatik) ekartzen zituen bitartean[4]. Horiekin batera, aferan nahastuta inputaturik izan ziren Ana Maria Tejeiro (Diego Torresen emaztea), Miguel Tejeiro eta Marcos Tejeiro, aurrekoaren anaiak, guztiak Noos enpresan jarduten zutenak.

Noos institutuak ez zuen jarduerarik izan 2004 urtera arte, Iñaki Urdangarin presidente sartu zenean. Orduantxe hasi ziren ustelkeria-mataza osatzen. Funtsean, Noos institututik kongresuen antolaketa-zerbitzuak eta txostenak eskaintzen zitzaizkien erakunde publikoei, bereziki kirolari eta gizarte-erantzukizunari buruzko gaietan, baina gehiegizko aurrekontuak eskatuz, alegiazko zerbitzuak aitzakiatzat hartuz eta lortutako mozkinak euren eskuetara desbideratuz zerga-paradisuen bitartez. Ikerketan egindako zenbatespenen arabera, Urdangarinek %170eko mozkinak eskuratzen zituen eskainitako zerbitzuen kostuaren gainetik (aurrekontuetan zerbitzuen kostua ia hirukoiztu, alegia) [5].

Kontratu horiek Urdangarinen enpresei esleitzeko erakunde publikoetan Generalitat Valenciana, Valentziako Udalak eta Balear Uharteetako Gobernua izan ziren, biak Partido Popular alderdiaren eskuetan. Horrela, beste enpresen inongo lehiaketarik gabe Noos institutuak 900.000na euroko kontratua jaso zuen 2004, 2005 eta 2006 urteetan Valencia Summit biltzarra antolatzeagatik, kirolari eta turismoari buruzkoa. Halaber, 382.000 euro jaso zituen inoiz ospatu ez ziren Europar Jokoak ospatzeko antolakuntzagatik. Balear Uharteetan, 2005 eta 2006 urteetan kirol kongresu bana antolatzeagatik 1.2 eta 1.1 milioi auro jaso zituen Nóos institutuak; kasu honetan, Jaume Matas, Balear Uharteetako orduko presidentea, izan zen kontratu horiek agindu zituena, bere zuzeneko turismo eta presidentzia kontseilarien bitartez, horretarako ahalmen juridiko ad hoc paratuz[6]. Illes Balears izena hartu zuen txirrindularitza taldearen fitxa eskuratzeko bitartekari moduan ere aritu zen, 300.000 euro jasoz taldea sustatzeko alegiazko bulego bat zabaltzeagatik, inoiz funtzionatu ez zuena[7]. Horrela, gehiegizko aurrekontuak kobratzeaz gainera, botere politikoekin zituzten harremanak baliatzen zituzten kontratuak lehiarik gabe eskuratzeko. Hori dela, auziperatuak izan ziren Generalitat Valencianako goi kargu bi eta Balear Uharteetako Jaume Matas, Palma-Arena afera baitan ere auziperatua eta kartzela hiru milioi euroko fidantza ordaindu ondoren saihestu zuena.

Kontratu nagusi horietaz gainera, hainbat udal eta enpresetan ere kolpea jo zuten Urdangarin eta bere laguntzaileek. Aceralia, Telefónica, SGAE, Valencia Club de Fútbol, Villarreal Club de Fútbol eta Kataluniako Generalitatetik ere dirutza handiak jaso zituzten. Batzuetan, kontratuak Urdangarin Espainiako Errege Etxeko kidea zelako soilik sinatzen ziren, konpromisoz, negozio lohiak zirela jakin arren[8] Esate baterako, Villarreal Club de Fútbol futbol taldeari 690.000 euro kobratu zitzaizkion 10 orriko txosten batengatik, Internetetik hartutako testua barne-hartzen zuena[9][10]. Enpresa handiei 100.000 euroko tarifa minimoa kobratzea zuten erregelatzat[11]. Era horretan, 16 milioitik gora euro fakturatu zituela zenbatetsi da, 103 enpresa eta erakunde ezberdinekin; diruaren %40a erakunde publikoetatik jaso zuen[12].

Gehiegizko mozkin horiek Ogasunari ezkutatzeko, Urdangarinek eta Torresek jarduera jakinik gabeko enpresa-elkarte bat osatu zuten Nóos enpresaren inguruan, helbide berdinarekin: Nóos Consultoría Estratégica, Aizoon S.L., Virtual Strategies S.L., Shiriaimasu eta Intuit Strategy Innovat[13]. Adibidez, Urdangarin eta Cristina infantaren jabetzakoa den Aizoon izeneko enpresaren bitartez, burutu gabeko zerbitzuen truke faktura faltsuak egiten zituzten, Nóos enpresaren mozkinak murriztu eta zerga gutxiago ordaintzeko[14]; era horretan, Aizoon enpresak bere fakturazioaren %90a jasotzen zuen Nóos institututik[15]. Lekuko batzuek Urdangarinen lehengusutik alegiazko lan kontratuak sinatu zituztela baieztatu zuten, diru-kopuru txikien trukean, enpresa horietako gastuak justifikatzeko[16]. Cristina Borboikoa Nóos enpresaren zuzendaritzako kidea ere bazen, baina finantza arlotik aparte kokatzen zen eta horregatik epaileen ikerketatik at geratu zen, inplikazio zuzenik gabe[5]. Aldi berean, Espainiako Errege Etxean Elena eta Cristina Borboikoaren idazkaria izan zen Carlos García Revengak ere Noos institutuaren diruzain eta zerga-aholkulari moduan jardun zuela zabaldu zen[17]. Urdangarinen anai batek ere dirua jaso zuen enpresa-saretik[18].

2006ko otsailean Balear Uharteetako PSOE alderdiak balear gobernutik Nóos institutuari egindako legez kanpoko ordainketak salatu zituen[19]. Horren ondorioz, Espainiako Erregeak José Manuel Romero, Fontaoko kodea, ordezkari gisa bidali zuen berehala Urdangarinengana, bere negozio ilunak aztertu eta ustelkeria hauteman ondoren, bertan behera uzteko eskatuz [20]. Geroago, Espainiako Errege Etxetik bertatik Urdangarin eta Cristina Borboikoaren diruak kudeatzeko zuzenbide-aholkulari talde bati laguntza eskatu zitzaion; horrela, ad hoc fundazio baten sorrera gomendatu zitzaion Urdangarini eta horrela Areté erakundea sortu zuten, baina azkenean proiektua bertan behera geratu zen, Espainiako Errege Etxearen onespena jaso ez eta Alberto Aza Espainiako Erregearen idazkariak Urdangarin fundazio horren presidentzia uztera behartu zuelako[13][21][22]. Bidenabar, Urdangarini besteren konturako lanpostu batean jarduteko eskatu omen zitzaion, hobe Espainiatik kanpo[23]. Horrela, Urdangarinek Nóos institutuaren buruzagitza utzi egin zuen 2006ko udaberrian, baina teorian soilik. Berehala eta Espainiako Erregearen harremanei esker, Telefónica enpresaren filial baten kontseilaria izendatu zuten Bartzelonan, nepotismozko jokabide nabarmen batez[24].

Hala ere eta Espainiako Erregearen eskakizunei muzin eginez, bere negozio ustelekin jarraitu zuten. Urdangarin eta bere laguntzaileek Nóos institutuaren kutxa husteko ahaleginak egin zituen hurrengo urteetan, dirua zerga-paradisuetara aldatuz. Horretarako Salvador Trinxet zerga-aditua kontratatu zuten eta De Goes Center for Stakeholder Management izeneko aholkularitza-enpresa sortu zuten Londresen eta baita Espainian ere, ia sortuta zegoen premiazko elkarte bat erosiz eta horri izena eta jarduera aldatuz. Beste fundazio bat sortu zuten 2007 urtean (FDCIS, Fundación Cultura, Deporte e Integración Social), haur gaingabetuei laguntza emateko oraingo honetan, erakunde publiko eta enpresa handien emariak jasotzen zituena[25][26]. Fundazioa egin zuten De Goes enpresaren jabe eta horri eskatzen zitzaizkien alegiazko aholkularitza-zerbitzuen bitartez, fundazioaren dirua bere jatorriko helburuetatik desbideratuz, aholkularitza-enpresak 5 milioi euro eskuratu zituen, azkenean Urdangarin eta Torresen eskuetara joan zirenak. Panama, Belize eta Luxenburgora dirua eramatea ere lortu zuten. Bitartean, fundazioak erakunde publikoetatik dirua ere jaso zuen, Nóos institutuaren antzera: 420.000 euro bi urtetan[27]. Sareko beste enpresekin ere negozioak egiten jarraitu zuen: ondasun higiezinak kudeatzea jardueratzat zuen Aizoon enpresak 30.000 euro kobratu zituen Munduko Jai Herrikoiak izeneko ekitaldi baten bidegarritasuna aztertzeko[28].

Nóos institutaren presidentzia 2006 urtean utzi arren, hurrengo urteetan enpresa kontrolatzen jarraitu zuen, Diego Torresekin batera, Espainiako Errege Etxearen gomendioei muzin eginez, eta irabazi handiak poltsikoratuz. 2008 urteko bigarren seihilekoan, ordea, Diego Torresekin eztabaidatu eta euren arteko harremanari amaiera eman zioten. Haustura horren arrazoi gisa Urdangarinek Torresi berari dirua lapurtzen ziola pentsatzea eta Torresek Urdangarini institutuan lanik egiten ez zuela aurpegiratzea aipatu ziren[29]. Hilabete batzuk geroago, Urdangarinek Washington Hirira aldatu zen bere familiarekin, Telefónica enpresak eskainitako kargu berri bat betetzeko, Espainiako Erregeak afera zabaldu ondoren egindako eskaerari jarraiki. Kargu horretan milioi bat eurotik gora jasotzen ditu urtero eta etxebizitza, bere lau seme alaben eskola eta Espainiarako bidaiak ordaintzen zaizkio[30][31]. Urdangarinek eta bere emazteak Bartzelonako Pedralbes aberatsen auzoan 6 milio eurotik gorako prezioa zuen etxea erosi zuten 2004 urtean, goitik behera eraberritu zutena eta Aizoon enpresaren egoitza ere bilakatu zutenak. Etxea eraberritzeko gastu batzuk ere enpresa-taldean bereganatutako dirua desbideratuz estali zituzten[15]. Palma Mallorcakoan 5 etxebizitza eta Terrasan beste baten jabe ere badira, beste inbertsio batzuekin batera. Diego Torres ere 2 milioi euroko etxe baten jabea da eta 5 milioi euroko ondarea du guztira, bere emaztearena alde batera utzita[3][32].

Bilakaera judiziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urdangarin aferaren ikerketa judiziala 2010eko uztailaren 22an zabaldu zen, Palma Mallorcako hirugarren Instrukzio Epaitegiko titularra zen José Castro epaileak Palma Arena aferaren haritik, 25 zenbakidun pieza bereizia zabaldu zuen sumarioan. Prozedura judizialean publiko egin zen hurrengo urratsa Diego Torres, Urdangarinekin batera, Noosen arduraduna izan zena, deklaratzera deitzea izan zen, auziperatu moduan. Deklarazioa 2011 ekainean izan zen. 2011ko uztailean ere deklaratu egin zuen epailearen aurrean eta Noos institutuaren kontratuen legezkotasuna aldeztu zuen epailearen aurrean[33]. Polizia judizilaren ikerketek aurrera jarraitzen dute eta Babel izenburupean biltzen dira, Urdangarin eta Torresek osaturiko sareko enpresen izenen aniztasunari erreferentzia eginez[34]. 2011ko azaroaren 7an, Balear Uharteetan ustelkeriaren aurkako fiskala den Pedro Horrachek zuzendutako polizia operazio batean Noos institutuaren egoitza miatu zuten aferaren inguruko agirien bila. Ordurako hedabide zenbaitek aferari buruzko informazioa emana bazuten ere, une horretatik aurrera hasi zen afera oihartzun mediatiko zabala izaten. Miaketan IU (Iñaki Urdangarin) letren izenburupean nazioarteko diru mugimenduak zehazten zituzten paperak aurkitu ziren. Bi egun geroago, Diego Torres inputatua paper horiei buruz eta Urdangarin inplikazioaren inguruan galdekatua izan zenean, hau izan zen bere erantzuna: "Hau oso serioa da orain erantzuteko"[35]. 2011ko abenduaren 15ean, aferan zuen ardura penala arintzeko ituna eginda, José Luis Ballesterrek aitorpena egin zuen auzitegian fiskalaren eta epailearen aurrean, Jaume Matas eta Iñaki Urdangarini aferaren erantzukizun nagusia egotziz [36][37]. Abenduaren 29an sumarioaren sekretua altxatu zen auto baten bitartez aferako aldeek ikerketaren berri izan eta euren defentsa presta zezaten; sumarioaren 2.700 orriak berehala zabaldu ziren hedabideetara[38][39]. Auto berean, Iñaki Urdangarin auziperatu zen eta 2012ko otsailaren 26an deitu zitzaion deklarazioa egiteko. Era berean, beste zortzi auziperaturi deklarazioa egiteko deitu zitzaien (Torres, bere emaztea eta hiru koinatu eta José Luis Ballester, Gonzalo Bernal eta Jośe Luis Alía Balear Uharteetako goi-kargu ohiak. Bitartean, Jaume Matas auziperatuak hiru aldiz eskatu zuen auzia Espainiako Auzitegi Nazionalera aldatzea, baina hiru aldietan uko egin zitzaio eskaera horri[40]. 2012ko urtarrilaren 10ean, epaileak beste hamaika pertsona auziperatu zituen eta 47 lekukori deitu zien deklaratzera. Otsailaren 11an, Diego Torres deklaratzera deitua izan zen Palma Mallorcako epaitegietara, bere emaztearekin nahiz beste auziperatu zenbaitekin batera; azkenean, ez deklaratzeko eskubidea baliatu eta zizkien epailearen galderei erantzunik eman[41]. Otsailean, José Castro epailaren aurkako dilijentziak abiarazi zituen Espainiako Botere Judizialak, aferaren instrukzioan sekretupean zegoen sumarioan izandako filtrazioak ikertzeko, dilijentzia horien arabera José Castro epailea bera izan zen filtrazio horien arduraduna [42]; egun batzuk geroago, ordea, dilijentzia horiek artxibatu egin ziren[43]. Otsailaren 25 eta 26an, Iñaki Urdangarinek Jośe Castro epailearen aurrean deklaratu zuen 20tik gora ordutan zehar, aferan izan litezkeen irregulartasunak erantzukizun osoa Diego Torres bazkideari leporatuz, Cristina Borboikoaren bere emaztearen errugabetuz eta hainbat galdera erantzun gabe utziz[44][45].

Martxoaren 5ean epaileak Cristina Borboikoa auziperatzearen aurkako erabakia hartu zuen, horrek infanta laidoztatzea soilik ekarriko lukeela argudiatuz. Aldi berean, Diego Torres eta Urdangarinen arteko buruz burukoa ez izatea deliberatu zuen[46].

Noos auziaren inguruko Jose Castroren ikerketak lau urte iraun zituen[47]:

  • Azaroak 7. Bartzelonan Noos institutua eta Valentzian Generalitatearen egoitzak miatu zituzten korrupzioaren aurkako fiskalaren aginduz.
  • Abenduak 12. Urdangarin Espainiako errege etxearen ekitaldi ofizialetatik baztertu zuten.
  • Abenduak 29. Epaileak Urdangarin inputatu egin zuen, zerga ordainketen saihestea, iruzur fiskala, agiriak faltsutzea eta ondasun publikoak bidegabeki erabiltzea leporatuta.
  • Urtarrilak 10. Jaume Matas Balearretako presidente ohia auzian inputatu zuen epaileak.
  • Otsailak 25-26. Inputatu gisa deklaratu zuen Urdangarinek, lehen aldiz. Noosen kudeaketan ez zuela esku hartu eta bere emaztea zen Cristina Borboikoak zer ikusirik ez zuela esan zuen.
  • Martxoak 22. Cristina Borboikoa ez inputatzea erabaki zuen epaileak, erruduntasun zantzurik ez zuelako ikusten.
  • Apirilak 17. Torresek bidalitako posta elektronikoak ikerketan txertatu zituen epaileak. Ustez, Espainiako errege Joan Karlos I.a Borboikoa eta haren alaba Cristina auzian nahasten zituzten posta horiek.
  • Irailak 19. Urdangarinen eta haren bazkide ohiaren ustelkeria jarduerak auto batean zehaztu zituen epaileak.
  • Urtarrilak 30. Epaileak 8,1 milioi euroko bermea ezarri zien Urdangarini eta Torresi.
  • Otsailak 16. Errege etxeak eta Cristina Borboikoak Noos institutuaren jardunaren berri bazutela deklaratu zuen Torresek.
  • Otsailak 23. Errege etxeak ez zuela bere jarduna baimendu deklaratu zuen Urdangarinek.
  • Apirilak 2. Torresen posta elektronikoak baliogabetzeko Urdangarinek jarritako helegitea atzera bota zuen epaileak.
  • Apirilak 3. Cristina Borboikoa inputatu zuen epaileak, ustezko delituetan kooperazio eta gaizkidetasun zantzuak ikusita.

2014ko azaroaren 7an, Cristina Borboikoak inputatua jarraitzen zuen. Epaileak ez zuen dirua zuritzeaz inputatu, baina iruzur egiteagatik. Botin doktrina aplikatuko zuen edo ez erabaki behar zuen epaileak[48].

Espainiako Errege Etxea eta afera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iñaki Urdangarin, Cristina Borboikoaren senarra eta Palmako dukea izanda, Espainiako Errege Etxearen kidea da. Hori dela eta, aferak Espainiako monarkiaren jokabide eta rolari buruzko iritzi eta eztabaida ugari piztu zituen. Azken boladan egindako inkestek monarkiaren aldeko jarreraren gainbehera erakutsi zuten eta Urdangarin aferak joera hori areagotu eta monarkiaren aurkako jarrera zabalduko ote zuen kezka sortu zen espainiar estamentuetan.

Lehenago Urdangarinek bere negozioak bertan behera uzteko eskusartze zuzena izan bazen ere[21], Espainiako Errege Etxearen lehenengo erreakzio ofiziala aferaren inguruan Noos institutuaren egoitzan izandako miaketaren biharamunean izan zen, azaroaren 7an hain zuzen: Espainiako Errege Etxeak epaileen lanari buruz "erabateko errespetua" azaldu zuen[49]. Azaroaren 11an Urdangarinek Washingtonetik itzuli eta Espainiako Erregearekin eta Asturiasko Feliperekin elkarrizketatu zen aferaren inguruan, erabateko sekretupean eta segurtasun neurri handiekin[50][51]. Abenduaren 12an Espainiako Errege Etxearen ordezkaria den Rafael Spottronok Iñaki Urdangarinek Errege Etxearen inongo ekitalditan parte hartuko ez zuela iragarri zuen, berarekin adostuta hartutako erabaki bati jarraiki; horrekin batera, Urdangarinen jokabidea ez zitzaiola eredugarria iruditzen adierazi zuen, nahiz eta errugabetasun-presuntzioa ere aldarrikatu zuen berarentzat[52]. Horrekin batera Espainiako Errege Etxearen kontuak urtea bukatu baino lehen argitaratuko zirela baieztatu zuen. Egun batzuk lehenago, Cristina eta Elena Borboikoaren agerpen publikoen murrizketa nabarmena Urdangarin auziarekin loturik zeudela eta infantak Errege Familiatik erauziak izango zirela zabaldu zen; Espainiako Errege Etxeak informazio hori ukatu egin zuen gerora adierazpen publiko baten bitartez[51]eta azkenean Felipe eta Letizia printze-printzesa eta bere seme alabei protagonismo handiagoa eman nahi izatearekin erlazionatu zen infanten agenda publikoaren murrizketa.

Abenduan zehar, jakin-min berezia sortu zuen Juan Carlos I.a Espainiako Erregeak eguberrietako hitzaldian afera aipatuko ote zuen. Azkenean, aferak zeharkako aipamena izan zuen bere hitzaldian, ustelkeriari buruzko kezka orokorrean azalduz:


« (...) bereziki kezkatzen nau gure erakundeetako zenbaiti buruz iritzi publikoaren sektore zenbaitetan zabaltzen ari omen den mesfidantza. Zorroztasun, seriotasun eta eredugarritasuna behar dugu alderdi guztietan. Denok, bereziki ardura publikoa duten pertsonok, jokabide egoki eta eredugarria atxiki behar dugu.

Legearekin nahiz etikarekin bat ez datozen jokabide irregularrak gertatzen direnean, ulertzekoa da gizartean erreakzioa sortzea. Zorionez, Zuzenbide Estatu batean bizi gara eta ekintza gaitzesgarri oro legez epaitu eta zigortua izan behar da. Justizia denontzat berdina da.

Hala ere, ez ditugu gizabanakoen jokabideak orokortu behar, bestela zerbitzari publikoen gehiengo handiarekin eta euren lana artez eta moldez sektore pribatuko enpresari eta langileekin injustizia handia egingo bailitzateke. (...)[53]

»


(Gaztelaniaz) "Iñaki, Como sabes, SAR me ha encargado unas compras que no puedo justificar porgastos (sic) de Aizoon. Si te parece le doy los tickets a Marco, para que él me devuelva el dinero de la caja. Nos das el ok? Gracias". Urdangarin: "Ok. Se lo gasta en algún regalo para mí no?????

Itzulpena: Iñaki, Bere Errege Gorentasunak erosketa batzuk agindu dizkit, Aizoonen gastu moduan justifikatu ezin ditudanak. Nahi baduzu, Marcori emango dizkiot tiketak, berak kutxatik dirua itzul diezadan. Onespena emango al diguzu? Mila esker. Urdangarinen erantzuna: Ok. Niretzako opari bat izango da, ezta?????

Adierazpen horiek guztiak auziperatzeari buruzko nihil obstat moduan interpretatu ziren, Espaniako Erre Etxea eta Urdangarinen negozioak bereizi eta bere auziperatzeari ateak zabaltzeko[54]. Adierazpen ofizial horiekin kontrastatuz, ordea, Sofia Erregina bidaia egin zuen Washingtonera Cristina alabarekin, Iñaki Urdangarinekin eta bere bilobekin egun batzuk pasatzera. Egonaldi honi buruz ¡Hola! aldizkariak argazki erreportaje zabala egin zuen, erregina Cristina bere alabarekin eta Iñaki Urdangarinekin irribarretsu agertuz. Erreportajea, aldez aurretik prestatu eta adostua, Cristina Infantaren eta Urdangarinen aldeko keinu publiko moduan interpretatu zen hedabide gehienetan[55][56]. Eguberrietan, ordea, Cristina Infanta, Iñaki Urdangarin eta bere seme alabak ez ziren joan La Zarzuelako Gabon-gaueko ohiko afaria, Cristina eta Iñaki Urdangarin ezkondu zirenetik lehenengo aldiz[57].

Bere senarrarekin batera ustelkeria-sareko Aizoon enpresako jabea izanda, Cristina Borboikoaren inplikazioari buruzko berriak zabaldu ziren hedabideetan. José Castro epailearen, ustelkeriaren aurkako fiskaltzaren nahiz Estatuaren Fiskaltza Orokorraren aldetik, ordea, ez zen ikertu bere inplikazioa[58], enpresan hartzen ziren erabakietan parte hartzen ez zuelako. Lekuko eta inplikatu zenbaitek Noos eta inguruko enpresetan ardura eta parte hartze zuzenik ez zuela baieztatu zuten epailearen aurrean[59]. Dena den, Iñaki Urdangarinen azpikerietatik etekina atera zuela argi eta garbi agertzen da jasotako agirietan[60].

Abenduaren 28an eta, iritzi gehienen arabera, Urdangarin aferak eraginda, Espainiako Errege Etxeak bere kontuak publikatu zituen, egun batzuk lehenago aurreratu zen bezala. Hasiera batean, gardentasunaren aldeko erabaki moduan interpretatu bazen ere, argitaratutakoan kontuen opakotasuna nabarmendu zen hedabide zenbaitetan, kontuen xehetasunak ez argitaratzeaz gainera, Espainiako Errege Etxearen gastu asko Estatuko Administrazioaren beste atal batzuetan biltzen zirelako[61][62][63]. Gainera, urteko kontu hauek ez zuten barne-hartzen Espainiako Erregearen ondarearen azalpena.

Urdangarinen erreakzioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iñaki Urdangarinek 2011ko azaroaren 11an plazaratu zuen lehenengo adierazpena aferaren inguruan, prozedura judizialaren xehetasunak jakindakoan aferaren inguruko iritzia emango zuela eta ''bere ohorea eta errugabetasuna" defendatuko zituela adierazi zuen[64]. Beranduago, abenduaren 10ean, "bere familiaren eta Espainiako Errege Etxearen ospeari eginiko kalte larria" deitoratzen zuela baieztatu zuen, eta aferaren inguruko adierazpenetarako eta bere defentsarako Mario Pascual Vives abokatua izendatu zuen[65]. Abokatu honen ahotik, Urdangarin "kezkatu eta nahigabeturik eta zertxobait sumindurik" zegoela jakin zen egun batzuk beranduago[66]. Urdangarinen joan-etorrien atzetik ibili ziren kazetariak hurrengo asteetan; horrela, Urdangarinen bizkartzainek kazetariak mehatxatu zituzten euren lana burutzen ari zirelarik[67]. Otsailaren 25ean deklaratu behar zuela eta, bere defentsa prestatzeko Urdangarin urtarrilaren 18an itzuli zen Espainiara, hedabideekiko harremanak saihestuz[68]. Washingtonera itzulita, kazetariengandik ihesi ibili zen baina deklaratzeko Espainiara berriz bueltatu zenean ongi neurtutuako deklarazioa egin zuen epaitegietan bilduta zeuden kazetarien aurrean, bere errugabetasuna eta ohorea defendatuz.

2012ko abuztuan Telefónica enpresan zuen karguan eszedentzia eskatu zuen eta Washington hiritik Espainiara aldatu zen bere familiarekin.[69]. 2013ko apirilean Qatarko eskubaloi selekzioan laguntzaile tekniko moduan hasi behar zuela zabaldu zen hedabideetan.

Gizarte erreakzioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Errege Etxea erasaten zuelako, aferak eragin mediatiko zabala sorrarazi zuen, ezkerreko nahiz eskuineko hedabideen aldetik, gehienetan gaitzespen-ikuspuntu batetik eta errugabetasun-presuntzioari muzin eginez[70][71][72], askotan zurrumurruak zabaltzen zituzten hedabide konfidentzialek elikaturik eta hedabide nagusiek beraiek harroturik. Horrela, Urdangarin aferak Espainiako monarkiari buruzko tratamendu informatiboan haustura-puntua ekarri zuela baieztatu zen; ordura arte monarkia gaiak, batzuetan konprometituak, diskrezioz, modu idealizatuan eta era atseginean zabaldu baziren ere, Urdangarin aferak monarkia ukiezintasun informatiboa bertan behera utzi zuen[73][74]. Telebistako kate gehienetan, eguneroko solasaldiak, erreportajeak eta dokumentalak plazaratzen ziren gaiaren inguruan, askotan Espainiako monarkiak ekartzen zituen gastu publikoaren zilegitasuna kolokan jarriz. Radiotelevisión Española telebista publikoa izan zen bakarra erreportaje batean Iñaki Urdangarinen irudia garbitzen saiatu zen bitartean[75]. Interneten aferak eztabaida eta zurrumurru ugari ekarri zituen[76]. Informazioaz haraindi, aferak morborako gogoa ere piztu zuen eta prentsa arrosa eta horiak titularrak bete zituzten gaiarekin. Horrela, zaila izan zen azkenean bereiztea prentsa horiaren arinkeria eta, aferatik abiatuta, espainiar monarkiaren etorkizunari buruzko eztabaida arrazionala[77].

Jakin-min hori dela eta, Urdangarinen iraganean ikertu eta bere bizitza pribatuko kontuak eta antzinako adierazpen publikoak zabaldu ziren; horrela, soldaduska erabateko gorreria aitzakitzat hartuz saihestu zuelako frogak [78] eta, balear telebistan egindako elkarrizketa batean, lau seme alaba edukita hilaren amaierara heltzeko zailtasunak zituela adieraziz txantxetan lanpostu eske ibili zela erakusten zuen bideo bat zabaldu ziren[79]. Azkenean, hedabideen jakin-mina Urdangarin eta Cristina Borboikoari Washington Hirian jarraipenak egitera ere heldu zen, non biek jarrera iheskorra agertzeaz gainera, hedabideen jazarpena ere salatzen zuten[80][81]. Hedabide satirikoek ere zukua atera zioten aferari[82][83][84].

Horren guztiaren ondorioz, Urdangarinen aurkako jarrera zabaldu zen espainiar gizartean, kalean eta erakunde eta instituzio politikoetan islada nabarmenik izan ez bazuen ere. Erakusgarri moduan, eta Espainiako Errege Etxearen ospea zikintzeko beldurrez, Madrilgo Argizagi Museoan Urdangarinen irudia Espainiako Errege Etxeko beste kideengandik aldendu zen[85]. Orobat, M-15 mugimendu haritik sortutako Yo no pago (Nik ez dut ordaintzen) herri ekimenak, garraio publikoaren prezio altuen aurka protesta egiten zuena, Este billete lo paga Urdangarín (Tiket hau Urdangarinek ordaintzen du) leloa erabili zuten tiketik gabe garraio publikoa erabili zuten protestetan[86]. Hala ere, hedadura soilaz, baina, orobat, Espainiako Erregeak afera zabaldu baino urte batzuk lehenago suhiaren negozio lohien berri bazuelako eta Cristina Borboikoak negozio horietan etekina atera zuelako, Espainiako Errege Etxearen ospea kolokan jarri zen[87][88]. M-15 mugimenduaren baitan sortu eta garraio publikoaren garestitzea salatzen zuen Yo no pago (euskaraz, Nik ez dut ordaintzen) ekimenaren baitan, Urdangarinen aferak protesta leloak asmatzeko balio izan zuen: Este billete lo paga Urdangarin izan zen lelo nagusia manifestariek tiketik gabe garraio publikoa erabili zuten protesta batean[89]. Horrela, egindako inkestek Espainiako monarkiaren ospearen gainbehera adierazi zuten, bereziki gazteen artean, eta Juan Carlos I.a eta Filipe Borboikoa Asturiasko Printzea soilik lortzen zuten atxikimendu pertsonal nabaria[90]. Alderdi politiko nagusiek, euren aldetik, epaitegiek zabaldutako prozedurarekin erabateko errespetua adierazi zuten[91]. Ildo horretatik, legealdi berria zabaltzeko hitzaldiaren ondoren, Espainiako Erregeak txalo zaparrada jaso zuen Espainiako Kongresuan, IU, PNV, Geroa Bai, ERC eta Amaiur kongresukideen aldetik ezik[92].

Otsailaren 25 eta 26an Iñaki Urdangarinek epailearen aurrean egin behar zuen deklarazioa hedabideen arreta berezia erakarri zuen. Palma Mallorcako epaitegiaren inguruan, ehunka lagun bildu ziren Urdangarin eta Espainiako monarkiaren aurka protesta eginez, ezkerreko eta kataluniar talde abertzaleek deiturik, poliziaren presentzia nabarmen baten kontrolpean[93][94].

Aferaren protagonistak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Iñaki Urdangarin: Diego Torresen bazkidea Noos inguruko enpresa sarean. Nóos institutuaren bitartez eta Espainiako Errege Etxeko kide izateaz baliatuz, politikoekin gehiegizko aurrekontuak adostu eta diru publikoaz jabetzea leporatu zitzaion. Auziperatua.
  • Diego Torres: ESADEko irakasle ohia, Urdangarinen bazkidea Nóos institutuan. Urdangarin bezalaxe, enpresa-sarera sartzen zen dirutza publikoaz jabetzea leporatu zitzaion. Auziperatua.
  • Ana María Tejeiro: Diego Torresen emaztea, Nóos institutuan arlo juridiko-fiskalaren arduraduna zen. Auziperatua.
  • Miguel Tejeiro: Diego Torresen koinatua, IESEko irakaslea eta zerga aholkularitza-bulego bateko burua, Nóos institutuan kontabilitate eta idazkari lanak burutzen zituen. Auziperatua.
  • Marcos Tejeiro: Diego Torresen koinatua, Nóos institutuan finantza eta kontabilitate arloan egiten zuen lana. Auziperatua.
  • Salvador Trinxet: legegizona eta merkataritza zuzenbidean zein nazioarteko fiskalitatean aditua. Urdangarin eta Torresi 2006 urtetik aurrera, afera plazaratutakoan, dirua Espainiatik zerga-paradisuetara eramateko enpresa-diseinua egiten lagundu omen zien. Auziperatua.
  • José Luis Ballester, Pepote: kirolari ohia, Felipe printzearen eta Urdangarinen laguna izandakoa. Balear Gobernuko Kirol Zuzendaria zelarik, Urdangarini Balear Gobernuarekin harremanetan sartzeneta proposatutako kontratuak bideratzen omen zizkiona. Justiziarekin adostuta, ustelkeria kasuari buruzko informazio garrantzitsua, Urdangarin zuzenean inplikatuz. Auziperatua.
  • Jaume Matas: 2007 urtera arte Balear Uharteetako Gobernuko presidentea, Palma Arena auziaren baitan ere auziperatua. Urdangarin eta Torresen enpresen kontratuak zuzenean onartzen omen zituen, inongo lehiaketarik gabe. Auziperatua.
  • Juan Carlos Alía: Ibatur Balear Turismo Institutuaren delakoaren zuzendaria 2003-2004 urteetan, Nóos enpresa-sarearekin egindako kontratuetako batzuk bideratu zituen, tartean Illes Balears txirrindularitza taldearen erosketa, 18 milioi euroren truke. Auziperatua.
  • Gonzalo Bernal: Balear Uharteetako Illesport kirol fundazioaren zuzendaria zelarik, Nóos institutuarekin hitzarmen zenbait bideratu zituen. Auziperatua.
  • Joan Flaquer: Balear Uharteetako turismo kontseilaria zenean, Nóos institutuari emandako esleipenak bideratu zituen. Auziperatua.
  • Mario Sorribas: ESADEko irakalea, Urdangarin eta Cristina Infantarena den Aizoon enpresaren izen-mailegatzailea. Auziperatua.
  • Miquel Angel Bonet: Ibatur Balear Turismo Institutuaren idazkari ohia. Auziperatua dago idazkari karguan zegoelarik, faktura faltsuak egin eta dirua bereganatzeagatik, familiarren alde. Horregatik, atxilotua izan zen 2009 urtean, nahiz eta gero fidantza ordainduta aske atera zen[95]. Urdanagarin aferan ere, auziperatua.
  • Juan Pablo Molinero: Urdangarinen laguna, bera bezala ESADEn ikasitakoa. Enpresa handi bateko aholkularia zelarik, Nóos institutuan aritzeko Urdangarinen proposamena onartu zuen. Noosek irabazitako lehiaketa publiko zenbaiti legezkotasun itxura eman zien Urdangarin eta Torresen aginduz, Aizoon eta sareko beste enpresen bitartez alegiazko eskaintzak aurkeztuz Noosenarekin batera[96]. Auziperatua.
  • Jorge Vela eta José Manuel Aguilar: Arte eta Zientzien Hiriaren zuzendari nagusi ohiak. Bidegabeko erabiltze, prebarikazio eta Administrazio Publikoari iruzurra leporatu zitzaizkien, Noosi kontratuak gehiegizko aurrekontuekin eta lehiaketarik gabe esleitzeagatik. Auziperatuak[97].
  • Elisa Maldonado: Arte eta Zientzien Hiriaren kudeaketa-zuzendaria. Noosekin sinaturiko kontratuei legezkotasun-itxura ematea leporatu zitzaion[98]. Auziperatua.
  • Miguel Zorío: Lobby Comunicación enpresaren jabea, Valencia Summit batzarra antolatu zuen Nóos institutuarekin batera, prentsarekiko harremanak kudeatuz. Errege Etxetik Urdagarini 2006 urtean Nóoseko negozioak bertan behera uzteko esan bazitzaion ere, hurrengo urteetan ere Urdangarin, Torresekin batera, enpresako nagusia zela aitortu zuen[99]. Auziperatua.
  • Antonio Ballabriga: Urdangarinekin batera ESADEn ikasitakoa eta bere laguna, Nóos institutuan lan egin zuen 2007 urtera arte, BBVA bankuaren Ardura Korporatiboko Zuzendaria izatera igaro zenean. Nóos institutuan kontratu ustelak eskaintzea leporatu zitzaion[100]. Auziperatua.
  • Carlos García Revenga: Espainiako Errege Etxeko Cristina eta Elena Infanten idazkari pertsonala 1990eko hamarkadako hasieratik, Nóos institutuko diruzaina izan zen aferako negozio lohiak egin ziren garaian[101].
  • Alberto Aza: Espainiako Errege Etxeko idazkari nagusia, Urdangarini Nóos institutuko jarduerak bertan behera uzteko agindua eman ziona 2006 urtean[102].
  • Jose Manuel Romero, Fontaoko kondea, Erregearen aholkulari juridikoa[103], Erregearen aginduz Urdangarinen negozioak aztertu eta ustelkeria hauteman zuen. Urdangarinek bere negozioekin jarraitzeko ad hoc sortutako Areté fundazioko presidentzia hartu eta desegin zuen[22].
  • Mario Pascual Vibes, Iñaki Urdangarinen abokatua epaiketan.
  • Esteban González Pons: PP alderdiko politikaria, Valentziako Generalitatean conseller karguan zegoelarik, Nóos insitutuarekin 5 milioi euroko hitzarmena sinatu zuen. Auzian lekuko gisa deitua[104].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) LOS BAUTIZOS DE DON JUAN, DON PABLO, DON MIGUEL Y DOÑA IRENE URDANGARÍN DE BORBÓN, www.hola.com, 2005-12-20.
  2. (Gaztelaniaz) El chico perfecto, www.elpais.com, 1997-05-01.
  3. a b (Gaztelaniaz) Excelencia, le investigan, www.elpais.com, 2011-11-12.
  4. (Gaztelaniaz) Mi jefe Iñaki, www.revistavanityfair.es, 2012-12-26an kontsultatua.
  5. a b (Gaztelaniaz) Manresa, Andreu. (2011-12-07). «Urdangarin será imputado antes de dos meses y su esposa no será implicada» El País..
  6. (Gaztelaniaz) Contratos suscritos por orden de Jaume Matas, El País egunkaria, 2011-12-12.
  7. (Gaztelaniaz) Urdangarin cobró 300.000 euros del Gobierno balear por una oficina ficticia, El País egunkaria, 2011-12-12.
  8. (Gaztelaniaz) El ex presidente del Valencia 'se sintió obligado' a dar dinero a Urdangarin, www.elmundo.es, 2012-01-03.
  9. (Gaztelaniaz) La 'pieza' de Urdangarin, www.elmundo.es, 2011-12-29.
  10. (Gaztelaniaz) El Instituto Nóos cobró por un informe copiado de internet, www.elperiodico.com, 2011-11-24.
  11. (Gaztelaniaz) Torres utilizó a Urdangarín para que el Instituto Nóos despegara, www.elpais.com, 2011-12-19.
  12. (Gaztelaniaz) Hacienda cifra en más de 16 millones los cobros de la trama de Urdangarin, www.publico.es, 2011-12-05.
  13. a b (Gaztelaniaz) La Casa del Rey intentó en 2007 "poner orden" los negocios de Urdangarin, El País egunkaria, 2011-12-17.
  14. (Gaztelaniaz) La sociedad de Urdangarin y la Infanta Cristina fabricó facturas falsas, www.elmundo.es, 2011-12-15.
  15. a b (Gaztelaniaz) Urdangarín reformó el palacete de Pedralbes con dinero público desviado, www.libertaddigital, 2011-12-27.
  16. (Gaztelaniaz) “El sobrino de Iñaki me pagaba al mes 670 euros en cafeterías y sin recibo”, www.elpais.com, 2012-02-16.
  17. (Gaztelaniaz) Revenga gestionaba los asuntos fiscales de Urdangarin desde La Zarzuela, elEconomista.es, 2012-01-03.
  18. (Gaztelaniaz) Un hermano de Urdangarin cobró de una empresa clave en la trama, www.publico.es, 2011-12-05.
  19. (Gaztelaniaz) El PSOE denuncia supuestos pagos irregulares del Gobierno balear al instituto que preside Urdangarin, 2006-02-17.
  20. (Gaztelaniaz) El yerno ideal que salió rana, www.diariovasco.com, 2011-12-30.
  21. a b (Gaztelaniaz) La Casa del Rey instó a Urdangarin por escrito a que dejara sus negocios, www.elpais.com, 2012-01-07.
  22. a b (Gaztelaniaz) La Casa del Rey instó a Urdangarin por escrito a que dejara sus negocios, www.elpais.com, 2012-01-07.
  23. (Gaztelaniaz) La Casa del Rey pidió a Urdangarin que buscara trabajo fuera de España, www.elpais.com, 2011-12-18.
  24. (Gaztelaniaz) La Casa del Rey aconsejó a Urdangarin que cambiara de actividad fuera de España, www.publico.es, 2011-12-17.
  25. (Gaztelaniaz) Urdangarin usó una fundación para niños discapacitados al evadir dinero a Belice, www.elmundo.es, 2011-12-14.
  26. (Gaztelaniaz) Urdangarin engañó al Rey con la fundación de discapacitados, www.elmundo.es, 2011-12-18.
  27. (Gaztelaniaz) Urdangarin creó una red de evasión fiscal cuando el Rey le ordenó romper con Nóos, www.diariovasco.com, 2012-01-02.
  28. (Gaztelaniaz) ¿Y por qué no un 'Proyecto Mundial de Fiestas Populares'?, El Diario Vasco, 2012-01-03, 30. orrialdea.
  29. (Gaztelaniaz) "Torres me dijo que Iñaki no trabajaba y sólo quería beneficios", www.publico.es, 2012-01-03.
  30. (Gaztelaniaz) Alierta buscó trabajo a Urdangarin en el extranjero por petición del Rey, elEconomista.es, 2011-12-19.
  31. Etxebizitza Chevy Chase aberatsen auzoan dago eta seme alabak Sidwell Friends School eskola pribatura doaz, non ikasle bakoitzeko urtean 30.000 dolarretik gora ordaindu behar den. Ikus: Sidwell Friends School: Tuition and fees, 2012-01-04.
  32. (Gaztelaniaz) El millonario patrimonio de Urdangarín: una lujosa mansión, seis pisos y una finca en 10 años, www.elconfidencial.com, 2011-11-28.
  33. (Gaztelaniaz) Desvinculan a Iñaki Urdangarín de un presunto desvío de 2,3 millones, ww.elmundo.es, 2011-07-11.
  34. (Gaztelaniaz) Un cuadro de Brueghel para ilustrar el sumario, www.elpais.com, 2012-01-02.
  35. (Gaztelaniaz) Babel, un sumario lleno de pufos, www.elcorreo.com, 2012-01-04.
  36. (Gaztelaniaz) 'Pepote' pone contra las cuerdas al duque, www.publico.es, 2011-12-30.
  37. (Gaztelaniaz) Pepote Ballester, amigo de Urdangarin, dio al juez las claves contra el duque, www.elpais.com, 2012-01-02.
  38. (Gaztelaniaz) Diligencias previas Número 2677/08, Pieza Separada 25, Juzgado de Instrucción 3, Palma de Mallorca.
  39. (Gaztelaniaz) El juez levanta el secreto e imputa a Iñaki Urdangarin, www.elpais.com, 2011-12-29.
  40. (Gaztelaniaz) Matas vuelve a pedir a la Audiencia Nacional que reclame la causa de Urdangarin, www.elmundo.es, 2012-01-02.
  41. (Gaztelaniaz) Diego Torres se niega a declarar ante el juez, www.elmundo.es, 2012-02-11.
  42. (Gaztelaniaz) El Poder Judicial investiga al juez que interrogará a Urdangarin en 16 días, www.elpais.com, 2012-02-09.
  43. (Gaztelaniaz) El Poder Judicial archiva la investigación al juez que interrogará a Urdangarin, www.elpais.com, 2012-02-12.
  44. (Gaztelaniaz) Urdangarin intenta cargar toda la responsabilidad en su socio Diego Torres, www.elpais.com, 2012-02-25.
  45. (Gaztelaniaz) Urdangarin se desentiende de la contratación de empleados 'fantasma', www.elmundo.es, 2012-02-26.
  46. (Gaztelaniaz) El juez rechaza imputar a la Infanta y un careo entre Urdangarin y Torres, www.elpais.com, 2012-03-05.
  47. http://www.berria.info/albisteak/93335/noos_auziaren_kronologia.htm[Betiko hautsitako esteka] Berria, 2014-06-25
  48. «Cristina Borboikoaren inputazioari eutsi dio epaileak, bi delitu egotzita», Berria, 2014-11-07
  49. (Gaztelaniaz) Zarzuela marcó distancias con Urdangarin desde los registros policiales de noviembre, www.lavanguardia.com, 2011-12-29.
  50. (Gaztelaniaz) El yerno del Rey abandona Washington para visitar a su padre y a su abogado, www.elpais.com, 2012-01-05.
  51. a b (Gaztelaniaz) Aguas turbulentas en La Zarzuela, www.elpais.com, 2011.12.10.
  52. (Gaztelaniaz) La Casa del Rey anuncia que Iñaki Urdangarín no participará, de momento, en ninguna actividad oficial de la Familia Real, www.hola.com, 2011-12-12.
  53. (Gaztelaniaz) Texto íntegro del discurso de Navidad del rey, www.rtve.es, 2011-12-24.
  54. (Gaztelaniaz) El Rey da el ‘nihil obstat’ navideño para que juzguen a Urdangarín, www.cuartopoder.es, 2011-12-25.
  55. (Gaztelaniaz) En ¡HOLA!: La Reina, días en familia con los duques de Palma en Washington, www.hola.com, 2011-12-07.
  56. (Gaztelaniaz) La reina, Urdangarín y las fotos de la polémica, www.vanitatis.com, 2011-12-10.
  57. (Gaztelaniaz) Los duques de Palma se ausentan de la Nochebuena en La Zarzuela, www.elpais.com, 2011-12-24.
  58. (Gaztelaniaz) La fiscalía rechaza investigar a la infanta Cristina en el 'caso Urdangarin', www.elpais.com, 2012-01-25.
  59. (Gaztelaniaz) Ballester exculpa a la Infanta Cristina del caso Nóos, www.intereconomia.com, 2012-02-18.
  60. (Gaztelaniaz) ¿Por qué el juez no imputa a la infanta?, www.elpais.com, 2012-01-12.
  61. (Gaztelaniaz) Cuentas demasiado opacas, www.elpais.com, 2007-12-30.
  62. (Gaztelaniaz) La investigación de Urdangarin fuerza a la Casa del Rey a ser más transparente, www.elpais.com, 2011-12-11.
  63. (Gaztelaniaz) El Rey recibe 292.000 euros al año, www.elpais.com, 2011-12-28.
  64. (Gaztelaniaz) Urdangarín afirma que defenderá su “honorabilidad e inocencia”, www.elpais.com, 2011-11-11.
  65. (Gaztelaniaz) "Lamento el grave daño a la Casa del Rey", www.elpais.com, 2011-12-11.
  66. (Gaztelaniaz) Urdangarin está "indignado" por las noticias del 'caso Palma Arena', www.elpais.com, 2011-12-12.
  67. (Gaztelaniaz) El guardaespaldas de Urdangarín la toma con unos periodistas, www.youtube.com, 2012-01-05, 2012-05-17an kontsultatua.
  68. (Gaztelaniaz) Urdangarin regresa a Barcelona para preparar su defensa ante el juez Castro, www.elpais.com, 2012-01-19.
  69. (Gaztelaniaz) Urdangarin deja Telefónica y se instala en Barcelona con su familia, www.elmundo.es, 2012-08-28
  70. (Gaztelaniaz) La izquierda mediática huele sangre y pide cuentas al Rey por el 'caso Urdangarín', www.periodistadigital.com, 2011-12-26.
  71. ABC, La Razón eta La Vanguardia eskuineko egunkariak izan ziren gaia monarkiaren aldeko jarrera batez kudeatu zuten hedabide nagusi bakarrak; ikus: (Gaztelaniaz) Urdangarin, pretexto para reafirmar viejas lealtades, www.elmundo.es, 2011-11-12.
  72. Federico Jiménez Losantos kazetari polemikoa nabarmendu zen Urdangarinen aurkako kritika zorrotzak bota zituen, lotsagabe eta lapurra deituz berari; ikus: (Gaztelaniaz) Federico Jiménez Losantos: 'Con Urdangarín en Madrid necesitamos Securitas Direct', www.lavozlibre.com, 2011-11-14.
  73. (Gaztelaniaz) Serrano, Pascual. (2012-01-05). De los escándalos sexuales al ”Caso Urdangarín”. ..
  74. (Gaztelaniaz) López García, Guillermo. (2011-12-18). Urdangarín: ¿se acabó el silencio mediático con la Monarquía?. ..
  75. (Gaztelaniaz) Críticas a 'Informe Semanal' por transmitir una imagen "dulcificada" de Iñaki Urdangarín, www.periodistadigital.com, 2012-01-09.
  76. (Gaztelaniaz) Caso Urdangarín, www.cotilleando.com, 2012-01-16an kontsultatua.
  77. (Gaztelaniaz) El ‘caso Urdangarin’ y el futuro de la Monarquía, www.elpais.com, 2012-03-04.
  78. (Gaztelaniaz) Iñaki Urdangarín se libró de la mili en Ceuta por "sordera completa", www.libertaddigital.com, 2011-12-14.
  79. (Gaztelaniaz) Urdangarin, en 2005: 'Intento ser una persona íntegra en todos los aspectos', www.elmundo.es, 2011-12-08.
  80. (Gaztelaniaz) Urdangarin huye despavorido, www.elpais.com, 2012-02-15.
  81. (Gaztelaniaz) Infanta Cristina: "Estamos intentando llevar una vida normal y ustedes no nos dejan", www.telecinco.es, 2012-02-15.
  82. (Gaztelaniaz) El Jueves: Urdangarin, www.eljueves.es, 2012-01-17an kontsultatua.
  83. (Gaztelaniaz) 'El Jueves' caricaturiza al "preso vasco" Iñaki Urdangarin, www.noticiasdenavarra.com, 2011-11-30
  84. (Gaztelaniaz) ENTREBESTIA: IÑAKI URDANGARIN, SOBRE TODO, YERNO: “DIRUA BURUAN, IBILI MUNDUAN”, web.humorenlared.com, 2011-12-08.
  85. (Gaztelaniaz) Urdangarin, 'separado' ya del Rey, www.elpais.com, 2011-12-16.
  86. (Gaztelaniaz) Este billete lo paga Urdangarín, www.elpais.com, 2012-02-01.
  87. (Gaztelaniaz) El 'caso Urdangarin' menoscaba la imagen y el prestigio de la Corona, www.publico.es, 2011-12-04.
  88. El Jueves astekari satirikoak Cristina Borboikoaren aurkako portada plazaratu zuen. Ikus: (Gaztelaniaz) El Jueves: “la Infanta Cristina es tonta”, www.larepublica.es, 2012-01-23.
  89. (Gaztelaniaz) "Este billete lo paga Urdangarin", www.elpais.com, 2012-02-12.
  90. (Gaztelaniaz) Un apoyo masivo al rey y al Príncipe, El Mundo, 2012-01-02.
  91. (Gaztelaniaz) Los partidos políticos resaltan su respeto a la justicia y reclaman que se aclare todo , www.elmundo.es, 2011-12-29.
  92. (Gaztelaniaz) Las Cortes arropan al Rey en plena polémica por el 'caso Urdangarin', www.elpais.com, 2011-12-28.
  93. (Gaztelaniaz) Dos huevos impactan contra el coche del duque de Palma en su desplazamiento al Juzgado, www.rtve.es, 2012-02-25.
  94. (Gaztelaniaz) Independentistas 'recibirán' a Urdangarín a las puertas del juzgado, www.20 minutos, 2012-02-24.
  95. (Gaztelaniaz) Miguel Ángel Bonet confiesa más facturas falsas y sale libre con fianza[Betiko hautsitako esteka], www.diariodeibiza.es, 2009-02-14.
  96. (Gaztelaniaz) Un empleado del duque dice que sus jefes le hicieron amañar un concurso, www.publico.es, 2012-01-06.
  97. (Gaztelaniaz) El juez imputa a 2 ex directores de la Ciudad de las Ciencias por el 'caso Urdangarin', www.elmundo.es, 2011-12-02.
  98. (Gaztelaniaz) Una exdirectiva de la Ciudad de las Ciencias de Valencia admite que hubo amaños para contratar a Nóos, www.expansion.com, 2012-01-03.
  99. (Gaztelaniaz) Miguel Zorío, exvicepresidente del VCF, imputado, www.superdeporte.es, 2012-01-03.
  100. (Gaztelaniaz) El jefe de Reputación de BBVA acude al juez del 'caso Urdangarín' para "no involucrar" al banco, www.elconfidencial.com, 2011-11-18.
  101. (Gaztelaniaz) Así es Carlos García Revenga, la mano derecha de las infantas y 'socio' de Urdangarín, www.vanitatis.com, 2011-11-16.
  102. (Gaztelaniaz) La Casa del Rey ordenó por escrito a Urdangarin que dejara sus negocios, www.elpais.com, 2012-01-07.
  103. (Gaztelaniaz) Este es el abogado del Rey, www.tiempodehoy.com, 2009-01-23.
  104. (Gaztelaniaz) Esteban González Pons firmó el convenio de cinco millones con Iñaki Urdangarin, www.elmundo.es, 2011-12-16.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]