[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Muino

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arroiabeko eliza muino batean

Muinoa garaiera txikiko mendia da, oro har, oinarritik tontorrera 200 metro baino gehiagoko garaiera ez duena.

Muinoak, hainbat gertaera geomorfologikogatik eratu daitezke: faila geologikoak sortzen direlako, mendiak bezalako lurraren gorabehera handiagoek eragindako higaduragatik (lekuko muinoak), glaziar batek metatu eta mugituriko sedimentuengatik (drumlin edo morrenak, adibidez) etab... Muino batzuen forma biribildua lurraren hedakuntza mugimenduen, eta muinoa estaltzen duten erregolitoen ondorio dira, narraste deritzon prozesu batean.

Muinoak izan zitzaketen lurralde batzuk, ez dituzte, glaziazio garaian, glaziarrek estali zituztelako. Honen adibide bezala, AEBetako Indiana estatuaren iparraldeko ordokiak eta estatu honen hegoaldeko muino ugarien arteko kontrastea da.

Izen zehatzak daude, muino mota zehatzak deskribatzeko, bere itxura eta eraketa moduaren arabera. Izen asko, lurralde zehatz batean sortu dira, lurralde horretako muino mota zehatza deskribatzeko. Beste izen batzuk honako hauek dira:

  • Mendixka: Garaiera urriko muinoa
  • Drumlin: Glaziarren eraginez eratutakoa
  • Butte: Lekuko muinoa, albo malkartsu eta tontor lauarekin, klimaren eraginez eratua
  • Tor: Muino baten gainean eraturiko eraketa harritsua, Ingalaterrako hego-mendebaldean oso ohikoa.
  • Puy: Lekuko muinoa, kono formaduna eta sumendiek eratutakoa, oso ohikoa Frantzian.
  • Pingo: Izotzeko mendixka lurrez estalia, Artikoan eta Antartikan aurki daitekeena.

Sinbolismo historiko eta kulturala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza egonleku asko, hasiera batean, muinoen gainean eraiki ziren, hurbileko ibaien ur goraldiak eta uholdeak saihesteko, baita defendatzeko ere, inguruko lurren ikuspegi ezin hobea eskaintzen baitute. Adibidez, Erroma zazpi muinoren gainean eraikia izan zen, inbaditzaileengandik babesteko.

Iparraldeko Europan, monumentu asko muinoen gainean kokaturik daude. Hauetariko batzuk, egitura defentsiboak dira (Brontze Aroko kastroak bezala), baina, beste batzuek, itxuraz, zentzu erlijioso bat dute. Uste da, Britainia Handian, muinoen gainean eraikiriko eliza asko jentilen toki sakratuen gainean eraiki zirela. Washingtoneko Katedral Nazionalak ohitura horri jarraitu zion eta hiriko muinorik garaienaren tontorrean eraikirik dago.

Gainera, hainbat kulturak euren hildakoak toki zehatz batean lurperatzen zituzten, eta, ondoren, toki hori lurrez estali eta tumulu izeneko egitura bat sortzen zuten, muinoaren antzekoa.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]