Odesa
Odesa[1] (ukraineraz: Оде́са, ɔˈdɛsɑ) ahoskatua; errusieraz: Оде́сса, Odessa, ɐˈdʲesə ahoskatua) Ukrainako hegoaldeko hiria, Odesako oblasteko hiriburua eta Itsaso Beltzeko portu garrantzitsuenetako bat da. Odesako golkoan dago, Dniesterren bokaletik 31 km iparraldera eta Kievetik 443 km hegoaldera[2]. 2011ko urtarrilaren 1ean 1.009.145 biztanle zituen[3] (kilometro koadroko 6.191 biztanle), hots, herrialdeko hirugarren hiririk handiena. Hiria lau auzo-administratibotan banatuta dago: Kievsky, Primosky, Suvorovsky eta Malinowsky. Haietako bakoitzak bere administrazioa du, baina eskumen mugatuekin.
Izenaren jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izenaren jatorriak baliteke zerikusia izatea antzinako Greziako Odessos zeritzon koloniarekin (III.mendea). Anekdotarako tartea eskaintzen du izenaren jatorriak: greziar koloniarenaz gain, bestelako hipotesiarik ere bada, Katalina II.a Errusiakoak agindua eman omen zuen sortu berriak ziren hiriei izendapen femeninoa ezartzeko, orduko hegoaldeko hiri guztien izenak maskulinoak zirelako ustean: horra eme kutsuko Odesa hori.
Hirugarren etimologia bat frantsesaren eraginaren ildotik dator, hura baitzen errusiar gorteko hizkuntza: assez d’eau (ur nahikoa, /ase'do/ ahoskatua). Atzetik aurrera ahoskatzean, ‘odesa’-ren antzeko soinua sortu omen zen.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako aztarna askok Eki Mediterraneoarekin izan zuten harreman hori baieztatzen dute. Erdi Aroan lurrok erlazio estua izan zuten inguruko zein urrutiko aberri eta estatu-modu askorekin: batez ere Kieveko Rusarekin, Lituaniako Dukerri Handiarekin, Galitziarekin, mongolek euren agindupean izan zuten lurrekin, tartariarrek Krimean eratutako estatuarekin edota inperio turko-otomandarrarekin. XIV. mendean tartariarrek euren baitan hartu zuten Odesa. XV. mendean Khadjivey zeritzon ingurune honi eta 1529an turko-otomandarren agindupean zegoen, Jedisan izentzat zuen herrialde baten barruan. 1787-1792 bitartean errusiar eta turkiarren arteko gerra jazo zen, eta horren ondorioz, 1792ko Jassyko Itunaren harian, Errusia Berriaren zati bihurtu zen lurralde hura. 1795ean Odesa izena ezarri zioten gaurko hiriari.
XIX. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1819-1858 bitartean Odesa portu frankoa izan zen, eta horrek zekartzan abantaila ekonomikoak agerian geratu ziren. Jatorri askotako biztanleak bertara biltzea eragin zuen: errusiarrak, ukrainarrak, juduak, greziarrak, bulgariarrak, albaniarrak, armeniarrak, italiarrak, frantsesak, alemanak… Hortik hiriko kale-izendegian jatorri horiek sarri islatzea: Frantsuszkiy eta Italianskiy bulebarrak, Grecheskaya (greziar), Evreyskaya (judu), Arnautskaya (albaniar) kaleak. 1823-1824an Aleksandr Puxkin idazlea bertan bizi izan zen eta, haren berbetan, Odesan "Europa usaindu, dastatu ahal duzu. Frantsesa nonahi entzuten da eta eskueran duzu Europako prentsa". XIX. mendean Errusiako laugarren hiri inportanteena zen, Mosku, San Petersburgo eta Varsoviaren ondotik. Hiriko arkitekturak Errusiakoa bainoago, Mediterraneoko Frantziako eta Italiako estiloak ditu aintzatago.
Odesako hazkundea Krimeako Gerrak gerarazi zuen (1853-1858); frantziarren eta ingelesen armadek bonbaz josi zuten. Gerra amaitutakoan, hazteari ekin zion atzera ere, eta 1866an trenak Kiev eta Kharkivekin lotu zituen. Garai hartan hirian juduek zuten garrantzia tamainakoa zen, biztanleriaren % 37 ziren. Haatik, eten barik jazarri zituzten eta euretako askok et askok Palestinara egin zuten ihes, batez ere 1882az geroztik.
XX. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1905ean Odesako langileen matxinada izan zen. Sergei Eisensteinek istorio hori ardatz hartu zuen bere 1925eko lana filmatzeko: Potemkin korazatua (Bronenosets Potyomkin). Egun Potemkin izenaz ezagunak diren eskailera horietan bertan filmatu zituzten gerora zinemaren historian garrantzi erabatekoa izan zuten irudiak.
1917ko iraultza hasi eta handik hiru urtera Odesa hainbaten kontrolpean izan zen, harik eta Armada Gorriak 1920an hiriaren agintea bereganatu arte. 1921-1922 bitartean goseteak gogor jo zuen hiria. Bigarren Mundu Gerran Errumania eta Alemania hiriaren jabe egin ziren aldian-aldian, eta kalte eta galera handiak jasan zituen. 60.000 pertsona baino gehiago (batik bat juduak) hil edo erbesteratu zituzten. 1944an sobietar armadak askatu zuen.
Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak iraun zuen bitartean Odesako kaia merkantzien sartu-irten ekintzetarako leku estrategikoa izan zen. 2000ko urtarrilaren batean, eta 25 urteko balioarekin, portua gune ekonomiko salbuetsia izendatu zuten.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Datu klimatikoak (Odesa, 1981–2010) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 15.1 | 18.6 | 24.1 | 29.4 | 33.3 | 35.6 | 39.3 | 38.0 | 32.4 | 30.5 | 26.0 | 16.3 | 39.3 |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 2.2 | 2.7 | 6.6 | 13.0 | 19.5 | 24.0 | 27.0 | 26.5 | 21.0 | 15.0 | 8.4 | 3.7 | 14.1 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | -0.5 | -0.2 | 3.5 | 9.4 | 15.6 | 20.0 | 22.6 | 22.3 | 17.2 | 11.6 | 5.7 | 1.1 | 10.7 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | -2.8 | -2.6 | 1.0 | 6.6 | 12.1 | 16.3 | 18.5 | 18.2 | 13.5 | 8.6 | 3.2 | -1.2 | 7.6 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | -26.2 | -28.0 | -16.0 | -5.9 | 0.3 | 5.2 | 7.5 | 7.9 | -0.8 | -13.3 | -14.6 | -19.6 | -28.0 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 34 | 37 | 32 | 27 | 36 | 49 | 45 | 38 | 43 | 34 | 41 | 35 | 451 |
Prezipitazio egunak (≥ ) | 9 | 7 | 10 | 11 | 12 | 13 | 10 | 8 | 9 | 10 | 13 | 10 | 122 |
Eguzki orduak | 77.5 | 81.9 | 124.0 | 186.0 | 263.5 | 291.0 | 313.1 | 300.7 | 240.0 | 170.5 | 78.0 | 55.8 | 2182 |
Iturria (1): pogoda.ru,[4] | |||||||||||||
Iturria (2): Hong Kong Observatory (eguzki orduak).[5] |
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Portuak berariazko garrantzia du Odesako ekonomian. Bertatik itsasora bidean doaz aleak, linazia, artilea, egurra, abelburuak eta azukrea batik bat; eta bertara iristen dira kotoia, tabakoa, oihalak, tea, kafea... Industriak ere badu lekua: petrolio findegiak, ontzigintza eta autogintza.
Leku interesgarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Odesako Opera eta Ballet Antzokia
- Potemkin eskailera
- Bristol Hotela
- Londonskaya Hotel
- Odessa Passage
- Odesako tren geltokia
- Odesako udaletxea
- Hretska plaza / Greziar plaza
- Odesako Antzoki Filarmonikoa
- Deribasivska kalea
- Vorontsov jauregia
- Vorontsov itsasargia
- Odesako Arkeologia Museoa
- Odesako Arte Museoa
- Arkadia hondartza
- Odesako hiri parkea
- Shevtxenko parkea
Herritar ezagunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Leonid Pasternak (1862-1945) margolaria
- Andrei Vyxinski (1883-1954) diplomazialari, legegizon eta politikaria
- Sonia Delaunay Terk (1885-1979) margolaria
- Anna Akhmatova (1889-1966) poeta
- Grigori Xain (1892-1956) astronomoa
- Isaak Babel (1894-1940) idazlea
- Valentin Kataev (1897-1986) idazlea
- Rodion Malinovski (1898-1967) militarra
- Ida Kamińska (1899-1980) antzezle eta zuzendaria
- Zinaida Aksentieva (1900-1969) astronomo eta geofisikaria
- George Gamow (1904-1968) fisikaria
- Nathan Milstein (1904-1992) biolin-jotzailea
- Roman Karmen (1906-1978) zinemagilea
- David Oistrakh (1908-1974) biolin-jotzailea
- Shura Txerkasski (1911-1995) piano-jotzailea
- Juliusz Bardach (1914-2010) historialaria
- Lya Ímber de Coronil (1914-1981) pediatra
- Margarita Aliger (1915-1992) poeta
- Alain Bosquet (1919-1998) idazlea
- Georgi Dobrovolski (1928-1971) kosmonauta
- Igor Oistrakh (1931-2021) biolin-jotzailea
- Vladimir Arnold (1937-2010) matematikaria
- Igor Belanov (1960) futbolaria
- Dmitry Piterman (1963) enpresaburua
- Juri Nikiforov (1970) futbolaria
- Tatiana Gutsu (1976) gimnasta
- Marina Ovsiannikova (1978) telebista-ekoizlea
- Natasha Jarovenko (1979) modelo eta aktorea
- Anzhelika Terliuga (1992) karateka
- Elina Svitolina (1994) tenislaria
- Irina Zaretska (1996) karateka
Irudiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Odesako Opera
-
Museo Arkeologikoa
-
Kairako sarrera
-
Odesa gauez
Herri eta hiri senidetuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Odesa ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. 157. araua: Europako hiriak. .
- ↑ Odessa city, Ukraine (Odesa) Ukrainetrek.com
- ↑ Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan:
ez da testurik eman
ukbiz
izeneko erreferentziarako - ↑ pogoda.ru. Погода и Климат – Климат Одессы. (Noiz kontsultatua: 2 October 2012).
- ↑ Climatological Information for Odessa, Ukraine, Hong Kong Observatory. Retrieved May 19, 2012.
- ↑ (Ingelesez) Yerevan Municipality Official Website. (Noiz kontsultatua: 2018-08-24).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingelesez eta errusieraz: