[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Judo

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Tachi waza judo teknika (2011).

Judoa (japonieraz 柔道 jūdō, hitzez hitz hartua «bide samurra» edo «malgutasunaren bidea») japoniar borroka arte bat da, 1882an Jigorō Kanōk sortua, pedagogia fisiko, mental eta moral gisa. Borroka bide tradizionalarekin alderatuta, judoa shin budō bat da, hau da, «borroka arte modernoa», beraren adar bat bilakatu baita borroka kirol eta kirol olinpiko, 1964ko Tokioko Olinpiar Jokoen karietara.

21 urte zituela, borroka arteetako maisuen hiru densho (menkyo edo irakaskuntza baimenen baliokideak) eskuraturik, Jigorō Kanōk bere metodo propioa hartu zuen, «jūdō kodōkan» izendatuta.[1] 1920an, bere artearen filosofia bi goibururen bidez definitu zuen: «Seiryoku zenyo», energiaren erabilera egokia, eta «Jita kyoei», elkarrekiko laguntza eta oparotasuna.

Kanōk borroka arteen eskola zaharretako edozein teknika arriskutsu baztertu zuen, judoa hezkuntza sistema bat bihurtzeko, jarduera fisiko eta moralerako, bere herrialdeko gazteentzat. Aldarazi egin zuen esku biluzizko borroka gerlari eta basati hura (gaur egun jiu-jitsu izenaz ezagutzen dena) etikaren eta autokontrolaren bilaketa nagusi dituen arte bat bihurtzeraino, norberaren nortasuna eta gogo aldarte konstruktibo eta ez-bortitza garatzeko.

Norgehiagokan, judokaren helburu nagusia da aurkaria botatzea, edo lurrera eramatea eta geldiaraztea (kontrol teknikak), edo giltzadurekin eta itotzeekin uztera behartzea. Judoaren arauak eboluzionatu egin dira borroka artearen eta perkusio tekniken sorreratik, eta arma tradizionalak ez daude baimenduta, non eta ez den forma teorikoan (kata); ez dira onartzen ez lehian, ezta praktika librean (randori) ere .

Judoa egiten den lekuari dojo deitzen zaio (道場, dōjō, hitzez hitz «bidea ikasteko lekua»). Judoka[2] izena jasotzen duten kirolariek kotoi indartuko jantzi bat daramate, judogi izenekoa, nahiz jende askok kimono esaten dion, oker, kimono[3] hitzak beste arropa mota bat adierazten baitu japonieraz). Judogia zuria da gehienetan, baina nazioarteko lehiaketetan borrokalarien arteko bereizketa errazteko, bi judoketako batek judogi urdin bat eraman dezake. Judoa oinutsik egiten da, eta judogiaren azpian biluzik gizonezkoetan, edo barrengo kamiseta zuri batekin, emakumezkoetan.

Judokek entrenamenduak eta lehiaketak egiten dituzte lauki formako gainazal lau batean, tatami izenekoa. Tatamia elkarren ondoan jarritako alfonbra multzo batek osatzen du. Hauek dentsitate handiko apar hedatuz eginda daude, horrela erorketak leuntzeko. Hasieran, arroz txirikordatuaren lauza lodi eta trinko bat erabiltzen zen.

Kanō Jigorō eta Kyuzo Mifune judokak.

Judoaren jatorria Japonian dago, XVII. mendean. Garai hartan, klase militarrak eragina handia zuen eta, ondorioz, herrialdean armarik gabeko borroka jarduera bezala sustatu zen.

Judoa sortu zen momentua berezia izan zen; Japonia garai hartako sistema feudaletik irteten ari zen, mendebaldeko herrialdeak baino ehunka urte geroago. 1853an sinatu zituen lehen laguntasun hitzarmenak Europako herrialde batzuekin eta, pixkanaka-pixkanaka, nazioarteko komertziora hedatzen hasi zen. 1867an botere politiko guztia enperadorearen esku geratu eta feudalismoa desagertu zen; aldaketa politiko horiek guztiek Japoniako modernizazioa ekarri zuten.

Garai modernoan ezagutzen den judoa, Jigorō Kanōk (嘉納 治五郎 Kanō Jigorō) sortu zuen 1882an, kirol praktika garatu eta bultzatzeko xedez, jiu-jitsu izeneko babes sisteman oinarrituta. Kanō konplexio txikiko mutikoa zen gaztetan, eta, fisikoki indartsu sentitzeko, jiu-jitsu ikasten hasi zen. Teknika barneratuta, borroka arte berri bat sortu zuen, non alderdi fisikoa ez baitzen funtsezko elementua.[4]

Judoaren ospea pixkanaka-pixkanaka areagotzen joan zen, izan ere, 1964an, Tokion, gizonezkoen kategoria kirol olinpiko bilakatu zen. Ondoren, Bartzelonako 1992ko Olinpiar Jokoetan emakumezkoen kategoria ere egitarau olinpikoaren parte izatera pasatu zen.

Jiu-jitsutik judorako bilakaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Judoaren helburua da pertsona bere osotasunean lantzea eta, horretarako, bi printzipio nagusi biltzen ditu:

  • Seiryoku zenyo: energiaren erabilpen eraginkorra.
  • Jita kyohei: elkartasuna eta elkar laguntza.

Hortaz, gizartearentzako pertsona hobeak (osasuntsuak, indartsuak, eraginkorrak…) heztea du xede.

Milioika pertsonak praktikatzen dute mundu osoan zehar. Jiu-jitsuak ez bezala, judoak borroka alde batera uzten du eta pertsonaren integritatean oinarritzen da, hau da, judoa heziketa-tresna moduan erabiltzen da.[5]

Garai modernoak eta nazioarteko garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Judoa izan da nazioarteko onarpena lortu duen lehen japoniar borroka artea.

1948an, Europako Judo Federazioa (European Judo Union, EJU) eratu zen, Europako judo elkarte eta federazio guztien ordezkari gisa. 1951n, Bigarren Mundu Gerraren ondoren antolatu ziren lehen aldiz Europako Judo Txapelketak Parisen.[6]

1951n bertan sortu zen Nazioarteko Judo Federazioa (International Judo Federation, IJF), kirol honen munduko foro gisa.[7] 1956an, Munduko Judo Txapelketak egin ziren Tokion. Judoa 1964ko Tokioko Olinpiar Jokoetan sartu zen, lehenengoz, programa olinpikoan. Japonian hain hedatua zegoenez, herrialde antolatzaileak bultzatzen zuen ekitaldi olinpikoaren barruan sartzea, kirol olinpikoen zerrendan kirol berri bat gehitzeko aukera zeukanez gero. Lau proba antolatu ziren, pisu desberdinetako lau kategoriatan, guztiak gizonezkoentzat, garai hartan emakumezkoen judoa gutxi garatuta baitzegoen oraindik.[8] Lehiaketan, Japoniako judokek urrezko lau dominetatik hiru irabazten zituzten. Japoniaz kanpoko bakarra Anton Geesink herbeheretar judokak irabazi zuen, kategoria librean nagusituta. Garaipen hura garrantzizkoa izan zen, gezurtatu egin baitzituen judoa japoniarren «ehiza barruti pribatu» gisa irudikatzen zuten kritikak. Judoa behin betiko onartu zen 1972an, Municheko Olinpiar Jokoetan.[9]

1976an, emakumezkoen Europako lehen txapelketak egin ziren, eta 1980an, emakumezkoen munduko lehen txapelketak. Olinpiar Jokoei dagokienez, emakumezkoen judoa erakustaldiko kirol gisa ageri zen1988an Seuleko Olinpiar Jokoetan, baina 1992an Bartzelonako Olinpiar Jokoetara iritsi behar izan zen ofizialki programan onartua izateko.[9]

Paralinpiar Jokoetan, judoa 1988an onartua izan zen programa ofizialean.[10]

Mundu zabalean, 2019an, gehien praktikatzen ziren borroka arteetan judoa hirugarrena zen, karatearen eta taekwondoaren ondoren. Kalkuluen arabera, 40 milioi lagunek egiten zuten judoa urte hartan.[5] Judoa gehien hedatua dagoen herrialdeei dagokienez, Frantzian judoa lehen borroka artea zen 2022an, karatearen eta aikidoaren aurrean. Lizentziadun kopuruari dagokionez, Frantziako bosgarren kirola zen 2018an (futbolaren, tenisaren, saskibaloiaren eta ekitazioaren atzetik); 590.000 bat lizentzia zituen, horietatik % 29,2 emakumezkoenak, eta 5.400 klub baino gehiago.[11]

Judoaren kode morala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Judoa sortu zuenean,Jigorō Kanōk gorputza eta espiritua hezteko bitarteko bat erauzi nahi izan zuen jiu-jitsutik, «nazio oso baten heziketara egokitua». Horregatik, sorreratik bertatik, judoaren irakaskuntzak bat egin izan du judokari balio moral sendoak ematearekin. Judoaren balio batzuk zuzenean ateratzen dira bushidotik.

Europan, Frantzian zehaztu zen lehenen, 1985ean, Judoaren Kode Morala, Bernard Midanek,[12] gerriko beltzen eskola nazionalaren ohore eta moral kodean oinarrituta,[13] Nitoberen testuaren arauz.[14]

  • Zuzentasuna, besteekiko errespetua da.
  • Adorea, bidezkoa dena egitea da.
  • Zintzotasuna, bere pentsamendua mozorrotu gabe adieraztea da.
  • Ohorea, emandako hitzarekiko leiala izatea da.
  • Apaltasuna, bere buruaz harrotasunik gabe hitz egitea da.
  • Begirunea, begirunerik gabe ezin baita konfiantzarik sortu.
  • Bere buruaren kontrola, haserrea igotzen denean isiltzen jakitea da.
  • Adiskidetasuna, giza sentimenduen artean garbiena eta sendoena da.

Borrokaldi batean aurkariari ematen zaion begirunea eta konfiantza funtsezkoak dira. Hain zuzen, judoka batek aurkaria erorarazten duenean, hartualdiaren kontrola mantendu behar du, eta hartualdi gehienek aurkaria atxiki behar dute «behar bezala» eror dadin. Bestela, aurkaria larri zauritu daiteke. Besoetako giltzek erraz dislokatu ditzakete aurkariaren artikulazioak. Itotzeak ere oso arriskutsuak izan daitezke, gaizki egiten badira edo gaizki kontrolatzen badira. Alabaina, judoka batek borrokan beste judokarekiko begirunea eta konfiantza erabatekoak dira. Judoan, garrantzitsuagoak dira balio moralak teknika bera baino.

Judoaren praktikan egiten diren etengabeko agurrak dira kirol honetan gailentzen den begirunearen adierazle ikusgarriena.

Erritua edo etiketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Japoniarrek ez diote elkarri eskua estutzen kaixo esateko, kontakturik ez izateagatik batez ere higiene kezka batez. Beraz, urrutiko agurra, soina aurrerantz makurtuz, arrunta da Japoniako eguneroko bizitzan, eta, beste horrenbeste, izaera zeremonial bat hartzen du Japoniako borroka arteetan.

Judo borroka bat «rei» agurrarekin hasi eta amaitzen da. Agurrak duintasuna eta barne bakea adierazten ditu, borrokaren aurretik eta ondoren. Arauen begirunea, zuzentasuna eta zintzotasuna ere iragartzen ditu. Judokak astiro eta garrantziz agurtu behar du, agurtzen duenarekiko begirunea agerrarazteko eran. Agurra ahaztu edo edo gaizki egitea oker ulertutako eta azalkeriazko judo baten zeinua da.[15]

Askotariko agurrak dojoan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erritual bat dago judoaren praktikan, «etiketa» moduko bat, jokabide zeremonial bat, besteak beste ekintza hauek eskatzen dituena:[16]

  • Tatamiaren agurra: tatamiaren ertzean sartzean, judoka zutik egiten du agurra, judoa praktikatuko duen lan azalerarekiko errespetua erakusteko; berdin tatamitik ateratzen denean.
  • Taldearen agurra: lerroan belauniko edo zutik jarrita, irakasleak zuzendutako judoka guztiek batera egiten dute, gehienetan Jigorō Kanōren erretratuaren aurrean:
    • saioaren hasieran, haren oroimena ohoratzeko eta Kanō maisuari bere irakaskuntza transmititzeagatik eskerrak emateko; eta irakasleari eskerrak emateko, irakaskuntzan emango duen denboragatik.
    • saioaren amaieran, irakasleari eskerrak emateko, emandako irakaskuntzagatik.
  • Bakarkako agurra: judokak bikote lanaren aurretik eta ondoren agurtzen du:
    • aurretik, bazkidearekiko (edo lehian ari den aurkariarekiko) begirunea erakusteko, eta
    • ondoren, egindako lana egiteko aukera emateagatik.

Judo saio batean, judokak bikotea agurtzen du, belauniko edo zutik, lan motaren arabera; lurrean egiten bada (ne-waza), agurra belauniko egin behar da.

Judoan agur egiteko bi modu bereizten dira:

  • ritsurei: zutik. Soina 30° aurrera makurtuta egiten da, orpoak elkartuta, aurrera begira, eskuak izterren kanpoko aldean. Hiru segundo egin behar dira, zuzen jarri aurretik;
  • zarei: belauniko. Zutik egonda, judoka belauniko jartzen da, lehenengo ezkerreko belauna eta gero eskuinekoa jarrita. Alde bat utzi behar da ezkerreko eta eskuineko belaunen artean. Judoka orpoen gainean esertzen da, agurra egiten du soina aurrera makurtuta eta zutik jartzen da, lehenik eskuin zangoaz.

Oinarrizko hiru kategoria daude tekniken barruan. Alde batetik, nage-waza (proiekzio-teknika), bestetik, katame-waza (kontrol-teknika) eta azkena, atemi-waza (kolpe-teknika). Judoan teknika ezagunenak lehenengo biak dira.[17]

Nage waza (lurreko proiekzio teknikak)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ashi waza (zango teknikak)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Osoto gari (kanpo sega nagusia): atzetik oina sartu hanka tartean.
  • Ouchi gari (barne sega nagusia): aurretik hanka tartean sartu.
  • Kosoto gake (kanpoko gako txikia): hanka krokatzea.
  • Deashi harai: oinarekin bere oina kendu lurretik, desorekatu.
  • Hiza guruma (belaun blokeoa): belauna blokeatu desorekatuz.

Koshi waza (aldaka teknikak)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Ogoshi: gerritik helduta alborantz bota.
  • Koshi guruma: lepotik helduta albora bota.
  • Tsuri goshi: gerrikoa heldu eta altxa aldakatik.

Te waza (esku-sorbalda teknikak)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Ippon seoi nage: sorbalda gaineko proiekzioa beso batez.
  • Morote seoi nage: sorbalda gaineko proiekzioa bi besoz.

Sutemi waza (sakrifizio teknikak)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Tomoe nage: bota lurrera eta, bere azpian jarrita, proiekzioz bota.
  • Tami otoshi: alde batera bota.

Katame waza (lurreko kontrol teknikak)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Osae waza (menderatze teknikak)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Hon kesa gatame (lepoa heldu): gorputza orekatua lurrean, pisua arerioaren gainean eta lepoa ondo eutsita.
  • Kata gatame (sorbaldako-kontrola): besoen giltzak arerioaren sorbalda lerroa kontrolatzen du besoa azpitik hartuz. Belaunarekin aldaka lerroa kontrolatu eta beste hanka zabaldu.
  • Kami shio gatame (atzetik kontrolatua, lau puntuen-kontrola): eskuak sorbalda azpitik eta gorputz enborraren pisua gainean, eta hankak arerioaren posizioaren arabera aldatu.
  • Yoko shio gatame (albotik kontrolatua, lau puntuen-kontrola): aurkariari esku batez sorbalda eutsi, eskua buruaren azpitik eta sorbalda azpitik pasaz, aldaka ere hanka azpitik pasatuz.
  • Tate shio gatame (zaldi eran lau puntuen-kontrola): sorbaldak lepoa eta besoa inguratuz aurkaria estutu, eta gorputza eta belauna beheratu oreka ona lortzeko.

Shime waza (itotze teknikak) (besoen teknika ona, besoak ondo estututa)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Hadaka jime (esku biluziarekin).
  • Okuri eri jime (bi sorbalden itotzea, kimonotik helduz) (shime wazaren berdina).
  • Kata ha-jime (sorbaldakoa)

Kansetsu waza (luxazioak)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Ude garami (beso tolestua)
  • Juji gatame (gurutzean kontrola besoa, besoa luzatu)

Atemi waza (kolpe teknikak)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atal honetan, judoka batek bestea kolpe baten bidez desorekatzen du eta horrela lurrera bota.

Judoa tatami izeneko tapiz bigun batean burutzen da. Tatamia japonierazko termino bat da eta bere sorreran «tolestua eta pilatua» esan nahi zuen. Japoniako etxeetako elementu bereizgarria da eta, antzina, etxeko gela garrantzitsuen zorua estaltzeko erabiltzen zen. Tradizionalki, lastozkoak ziren, baina gaur egun poliestirenozkoak izan ohi dira. Gehienetan, tatamiak egurrezko zoru baten gainean jartzen dira.

Lehiaketako tatamiak 4 edo 5 zentimetroko lodiera izan ohi du; lodiera horrek erorketak arintzen laguntzen du. Lehiaketako tatamien koloreak askotarikoak dira, baina joko olinpikoetan eta munduko txapelketetan, ohikoenak horia eta urdina dira.

Lehiaketetarako homologatutako judo tatamiak 8 x 8 metro ditu, 2 3 metroko segurtasun-eremuaz gain. Olinpiar jokoetan eta judoko mundialetan, borroka eta segurtasun eremuak Judoko Nazioarteko Federazioak ezarritako neurriak izan behar ditu. Borroka eremuak 8 x 8 metro izan behar du eta, segurtasun eremuak, aldiz, 14 x 14 metro, borroka eremua inguratuz.[18]

Haur bat judogi urdin bat eta obi edo gerriko zuri bat jantzita.

Judoan erabiltzen den janzkera berezia da: judogi deitzen den arropa da, praka eta jaka batez osatua dagoena. Horrez gain, obi izeneko gerrikoa erabiltzen da.

Judogia XX. mendea baino lehenago Japonian erabiltzen zen janzkeratik eratorri da. Judogiaren kolorea urdina edo zuria izan daiteke, hala ere, zuria da gehien erabiltzen dena. Kolore urdineko judogiak berau baimenduta dagoen lehiaketetan bakarrik erabil daiteke, eta inoiz katak egiteko. Orokorrean, judogiak kotoizkoak dira.

Obia edo gerrikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, judogiaz gain, judokek gerriko bat erabiltzen dute, obi izenekoa. Obiak, jantzia lotzeaz gain, judokaren maila adierazten du. Hau da, judoaren gradu-sistema (kyu eta dan-ak) gerrikoaren kolorearen araberakoa da. Mailaketa progresibo hau Mikonosuke Kawaishi maisuak asmatu zuen Frantzian.

Zinta edo gerrikoaren koloreak pertsonaren ikasketa eta hazte prozesua sinbolizatzen du. Kolorea iluntzen doa, diziplinaren praktika-urteekin batera. Japonian bakarrik kolore zuria, marroia eta beltza erabiltzen dira. Baina mendebaldean, zazpi kolore erabiltzen dira, bakoitzak ikasketa-prozesuaren fase bat adieraziz.

Graduak edo gerrikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alderdi orokorrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Judoko graduak praktikatzaile bati esleitzen zaizkio, haren maila teknikoa, borrokarako eraginkortasuna, antzinatasuna eta inplikazio maila adieraztearren; gainera, haren ezaugarri moralak ebaluatzeko aukera ematen dute, hau da, judoaren kode morala zorrotzari dagokion heinean. Gutxieneko arauak bete gabe, judoka batek ezin dezake gradurik lortu.

Koloretako gerrikoak Erresuma Batuan asmatu ziren, 1920ko hamarkadaren erdialdean; gero, Mikinosuke Kawaishi adituak eraman zituen Frantziara, eta handik Europara eta mundu guztira. Gerrikoen hurrenkera, behetik goira, hau da: zuria, horia, laranja, berdea, urdina eta marroia . Goi mailako gerrikoak dira: beltza, 1. danetik 5.era; zuri-gorria, 6. danetik 8.era; eta gorria, 9. danetik eta 10.era.

Frantzian, 1990eko hamarkadan, bi koloretako gerrikoak jarri ziren, hastapeneko mailetan (zuri-horia, hori-laranja, laranja-berdea), gazteenak era mailakatuagoan ebaluatzeko eta, nolabait ere, saritzeko. Bi koloreko gerrikoak izan daitezke, gehienetan, luzera guztian bi koloretan banatuta, edo, batzuetan, goragoko kolorearen xingola bertikalak josita, 5 cm-ko tartetan.

Oinarrizko graduen eskala (edo kolorezko gerrikoak)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolorezko gerrikoak (zuritik marroira) kyu izenekoak dira: bederatzigarren kyu zuritik, 1. kyu marroira doazenak..

Gerriko beltzaren azpiko graduak judo diplomatuko irakasle batek bakarrik eman ditzake, gehienetan klub baten barruan egindako ikasketa saioen ondorioz, kontuan hartuta irizpide teknikoak, lehiaketetako emaitzak edo partaidetzak, ikaslearen portaera (judoaren kode moralari lotutakoa), ikaskideekiko jokabidea eta abar.

15 urtetik beherakoentzako oinarrizko graduen irudia (kyu)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jarraian, kyuen eskalan egin daitekeen ibilbidea erakusten da, adinaren arabera, lau urterekin hasitako praktikatzaile batentzat eta aurrera egiteko biderik onena eginda.[19]

Oinarrizko graduak, 15 urtetik beherakoentzat (kyu)
Gradua (kyu) 10. kyu 9. kyu 8. kyu 7. kyu 6. kyu 5. kyu 4. kyu 3. kyu 2. kyu 1. kyu
Izena japonieraz 九級
Ku-kyū
九級
Ku-kyū
八級
Hachi-kyū
七級
Nana-Kyu edo Shichi-kyū
六級
Roku-kyū
五級
Go-kyū
四級Yon-kyū edo

Shi-kyū

三級
San-kyū
二級
Ni-kyū
一級
Ichi-kyū
Kolorea Zuria Zuria Zuri-horia Horia Hori-laranja Laranja Laranja berdea Berdea Urdina Marroia
Irudia
Ibilbiderik onena 3 urte 5 urte 6 urte 7 urte 8 urte 9 urte 10 urte 11 urte 12 urte 14 urte

Goi mailako graduen eskala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kyuen gainetik, goiko graduak honela izendatzen dira: 1. mailatik 5. danera, gerrikoa beltza da; 6., 7. eta 8. graduan gerriko zuri-gorria erabiltzen da, bi koloreen banda bertikalak txandakatuta (6. danean, zuritik gorrira 20 cm; 7. danean, 15 cm; 8. danean, 10 cm); 9. eta 10. mailetan gerriko gorria.[19]

Iturri batzuen arabera, ba omen dago gerriko berezi bat, gerriko gorriaren gainetik: Judoaren fundatzaile Jigorō Kanōk bakarrik lortu omen zuen, hilondoko ohore gisa, gerriko zuri zabala, 11. eta 12. danak irudikatzen dituena. Alabaina, Nazioarteko Judo Federazioaren arabera, kondaira bat besterik ez da.[20]

Goi mailako graduak
Gradua 1. dan 2. dan 3. dan 4. dan 5. dan 6. dan 7. dan 8. dan 9. dan 10. dan
Izena japonieraz 初段

Sho-dan

二段

Ni-dan

三段

San-dan

四段

Yon-dan

五段

Go-dan

六段

Roku-dan

七段

Shichi-dan edo Nana-dan

八段

Hachi-dan

九段

Kyū-dan

十段

Jū-dan

Gaitasuna Baieztapen teknikoa Jakintza teknikoa Jakintza tekniko gailena Erreferentea Dekanoa
Gerriko kolorea Beltza Beltza Beltza Beltza Beltza Zuri-gorria Zuri-gorria Zuri-gorria Gorria Gorria
Irudia

Lehiaketa arauak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Judoaren arauak Nazioarteko Judo Federazioak ezartzen ditu. Arauak bilakaera bat izan ohi dute, hau da, aldatzen doaz, kirol gehienetan bezala, eta herrialde guztietan aplikatzen dira, judo federazio bakoitzaren ardurapean. Lehian, borrokalariak adinaren eta pisuaren arabera bereizten dira.

Epaileak jantzi bereizgarri bat eramaten dute, eta eginkizun hauek dituzte:

  • abantailak edo garaipena ematea borrokalariei, arrakasta partziala edo erabatekoa duten tekniken ondorioz;
  • borrokaren trinkotasunari eustea eta borrokalarien segurtasuna bermatzea, borroka geldiaraziz eta ostera hasaraziz, beharrezkoa denean;
  • borrokalariei eta mahaiari (eta, ahal bada, ikusleei) borrokaren garapenaren berri ematea;
  • arauak betearaztea eta, behar izanez gero, zehapen egokiak ezartzea.

Borroka eremua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Borroka eremua lauki bat izan behar da, lehiatzaileen kategoriaren eta lehiaketa motaren arabera, 4-10 m metro bitarteko aldeak dituena. Karratu horren inguruan, segurtasun tarte bat egon behar da, 50 cm-koa. Gainera, bi borroka eremuren artean, 1-4 m bitartekoa tartea utzi behar da, eta 1-3 m bitarteko aldea, tatamiz estalita ez dauden eremuetatik..[18]

Borrokaldiaren garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Borroka hasi baino lehenago, bi borrokalariek lehen aldiz agurtzen dute tatamia, bertara sartzerakoan, eta, gero, itzuli egiten dira (epaileen atzetik igarota), borroka eremuaren erdian aurrez aurre jartzeko.

Orduan, arbitroaren seinalearen zain egongo dira, besoak aurrera hurbilduz. Orduan, borroka eremua agurtzen dute (agur hori ez da derrigorrezkoa 2004az geroztik lehiaketetan, baina erakustaldietan egin ohi da), eta, gero, borroka hasteko distantziara daudenean, hau da, hiru bat metrora, elkar agurtzen dute, urrats bat egiten dute aurrera, ezkerreko oinaz, eta hajime hasiera seinalearen zain gelditzen dira.

Judo borroka baten helburua da ippon bilatzea, hau da, teknika eraginkor baten ondorioz berehalako garaipena lortzea. Judoan, zutikako borrokan, lau irizpideren arabera adierazten da hori: sorbalda zabalez erortzea, indarrez, abiaduraz eta kontrola galdu gabe. Borrokalari batek bi waza-ari markatzen dituenean (ippon aitortzeko behar den irizpideetako bat falta denean), esaten da waza-ari awasete ippon irabazi duela (waza-ari konbinatua ippon da).

Ippon eman daiteke, baita ere, aurkariak utzi egiten badu borroka, itotze edo okerdura eraginkor baten ondorioz edo 20 segundoz edukitako immobilizazio baten ondorioz. Waza-ari bat ere lor daiteke 10-20 segundoko immobilizazio batekin.

Epailearen keinuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Koka: 3 puntu. Desagertu egin zen judo modernotik 2008-2009 denboraldiaz geroztik, kategoria guztietan, bai Europan, bai nazioarteko araudian. Adierazten zuen atzealdera erortzea, sorbaldak lurra ukitu gabe, baina abiadura, indar eta kontrol nahikoarekin. Kasu orokorrean, ipurmasailetan erorita, koka bat irabazten zuen aurkariak.
  • Yuko: 5 puntu. Desagertu egin zen judo modernotik 2017-2018 denboralditik, kategoria guztietan, bai Europan, bai nazioarteko araudian. Adierazten zuen alde batera erortzea, gehienbat sabelaren aldera, hau da, balio apalekoa. Ematen zen halako erorketa bat eragindakoan, denbora batez lurzoruan immobilizazioa eginda edo aurkariari hutsegite batengatik.
  • Waza-ari: 7 puntu. Besoa zabalik sorbaldaren horizontalean, hatzak luzatuta. Adierazten du «badagoela teknika», erorketa bat eragiteagatik, lurrean denbora luzez immobilizatzeagatik edo aurkariari hutsegiteagatik.
  • Ippon: 10 puntu. Beso altxatuta buruaren gainetik, hatz luzatuta Adierazten du «puntu bat», erorketa «perfektu bat» eragiteagatik, aurkaria immobilizatzeagatik borrokaldia amaitu arte, edo aurkariak amore emateagatik (itotze edo beso-giltza baten ondorioz): Borrokaren amaiera da.
Ouchi gari mugimendua.

Lehiaketa arauak erregulatzeaz arduratzen den mundu-mailako erakundea Judoko Nazioarteko Federazioa da. Halaber, federazio honek hainbat lehiaketa antolatzen ditu, horien artean Munduko Judo Txapelketa. Judoa gizonezkoen kirol olinpiko gisa ezarri zuten lehen aldiz 1964ko Tokioko Jokoetan, non Anton Geesink holandarrak urrezko domina olinpikoa irabazi zuen, Japoniako Akio Kaminaga garaituz. Emakumezkoen judoa 1988an aurkeztu zen Olinpiadetan, erakustaldi gisa lehenik eta, 1992an, lehiaketa gisa.

Judoa kirol paralinpiko gisa 1988ko Udako Joko Paraolinpikoetan sartu zuten, Seulen.

Judo lehiakorrean bi puntu mota bereiz daitezke:

  • Ippon: puntu osoa da eta borrokaldia irabazten du. Arerioa lurrera bota eta bere bizkarrak lurra ukitzen duenean, ippon bat lortzen da. Ippon bidez ere puntuatzen dira ondorengo egoerak: aurkaria 20 segundo baino gehiagoz immobilizatzea, tatamia bi aldiz edo gehiagotan kolpatuz amore ematea edo, itotze edo luxazio batean, borroka amaitu behar dela ikusten bada. Mendebaldean, askotan, ippon bat 10 punturen baliokidea da.
  • Waza-ari: puntu erdia. 2 waza-ari lortzean, ippon bat lortuta bezala irabazten da borroka.

Balioa duten ekintzetarako puntuazio sistema bat dagoen bezala, judokak egiten dituen akats edo arau-hausteetarako beste bat ere badago:

  • Hansoku-make: ekintza honek, berez, judoken deskalifikazioa suposatzen du, 10 punturekin zigortzen baita. Aurkariari ippon bat ematea bezala da.
  • Shido: zigorra dakar, egindako hutsegitea arina denean. Shidoak metatu egin daitezke.

Pisuaren araberako sailkapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun 7 maila daude, parte hartzaileen pisuaren arabera:

Gizonezkoak Emakumezkoak
< 60 kg < 48 kg
60-66 kg 49-52 kg
67-73 kg 53-57 kg
74-81 kg 58-63 kg
82-90 kg 64-70 kg
91-100 kg 71-78 kg
> 100 kg > 78 kg

Nazioarteko lehiaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Judoko lehiaketak garrantziaren arabera sailkatzen ditu Nazioarteko Judo Federazioak. Txapelketa bakoitzean parte hartzaileek lortzen dituzten emaitzen arabera, kategoria bakoitzaren munduko sailkapena ezartzen dira.[21]

Munduko sailkapen orokorrak erabiltzen dira txapelketetan serie buruak izango diren judokak izendatzeko.

Nazioarteko txapelketetan ematen diren puntuak
Kontinenteko torneoak Kontinenteko txapelketak Grand Prix Grand Slam Master Munduko txapelketa Olinpiar Jokoak
Irabazlea 100 700 700 1000 1800 2000 2200
Bigarrena 70 490 490 700 1260 1400 1540
Hirugarrena 50 350 350 500 900 1000 1100
Bosgarrena 36 252 252 360 648 720 792
Zazpigarrena 26 182 182 260 468 520 572

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Frantsesez) «Histoire du Judo et de maitre Kano» web.archive.org 2022-08-09 (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
  2. «Euskaltzaindiaren Hiztegia > judoka» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
  3. «Euskalterm > kimono» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
  4. (Gaztelaniaz) Federación Madrileña de Judo. (2023-05-28). «Historia» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-07-22).
  5. a b (Ingelesez) «Judo Celebrates the Planet / IJF.org» web.archive.org 2023-01-25 (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
  6. (Ingelesez) «European Judo Union» web.archive.org 2023-07-10 (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
  7. (Ingelesez) «IJF.org - International Judo Federation» www.ijf.org (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
  8. (Ingelesez) «Women's Judo: the Pioneers / IJF.org» web.archive.org 2023-07-10 (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
  9. a b (Ingelesez) «History Timeline / IJF.org» web.archive.org 2023-07-10 (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
  10. (Ingelesez) «History - IBSA Judo» web.archive.org 2023-04-28 (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
  11. (Frantsesez) Institut national de la jeunesse et de l'éducation populaire - INJEP. (2023-03-31). «Données des chiffres clés du sport 2020» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
  12. (Frantsesez) Ffjda. (2009). Shin, éthique et tradition: Ethique et tradition dans l'enseignement du judo. Budo ISBN 978-2846172400..
  13. (Frantsesez) Jazarin, Jean-Lucien. (2011). «Le Judo, école de vie» web.archive.org (Budo) ISBN 978-2846172912. (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
  14. (Frantsesez) Nitobe, Inazō. (2019). (Itzultzailea: Emmanuel Charlot) Bushidō : l'âme du Japon. Budo ISBN 978-2846174305. (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
  15. (Frantsesez) Bui-Xuân, Gilles; Ruffié, Sébastien. (1999-06-01). «Le salut en judo : un médium ritualisé de communication» Corps et culture (Numéro 4)  doi:10.4000/corpsetculture.564. ISSN 1268-5631. (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
  16. (Frantsesez) «Judo - Les saluts» web.archive.org 2023-02-05 (Noiz kontsultatua: 2023-07-22).
  17. (Frantsesez) «Apprendre le judo. Techniques et prises de judo debout et au sol.» web.archive.org 2022-12-26 (Noiz kontsultatua: 2023-07-22).
  18. a b (Frantsesez) «Combien mesure un tatami de judo ?» L'Équipe (Noiz kontsultatua: 2023-07-21).
  19. a b (Gaztelaniaz) «Grados KYU» web.archive.org (Bushi Jiu-Jitsu) 2014-03-26 (Noiz kontsultatua: 2023-07-20).
  20. (Ingelesez) International Judo Federation. (2023-03-26). «The Belt: Myth and Reality of an Essential Symbol» ijf.org (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-07-20).
  21. (Ingelesez) International Judo Federation. «Ranking Events» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-07-22).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]