[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Inpala

Wikipedia, Entziklopedia askea
Inpala
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaArtiodactyla
FamiliaBovidae
GeneroaAepyceros
Espeziea Aepyceros melampus
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia6,75 hilabete

Inpala (Aepyceros melampus) Aepyceros generoko animalia da. Artiodaktiloen barruko Aepycerotinae subfamilia eta Bovidae familian sailkatuta dago. Afrika hegoaldeko basoetan bizi da eta bi azpiespezie ditu, inpala arrunta eta aurpegi beltzduna. Arrisku txikiko espeziea izendaturik dago.

Adar kurbatu bereizgarriak ditu eta harraparietatik alde egiteko jauzi handiak ematen ditu. Kokapenaren eta urtesasoiaren arabera taldekoia edo lurraldekoia izaten da.

Ingeles zoologoek aipatu zuten lehen aldian, 1802an, pallah izena eman zioten. Tswaneraz phala izenak "antilope gorria" esan nahi du[1]. Impalla edo mpala izena 1875ean idatzi zen lehen aldiz[2]. Afrikaans hizkuntzan rooibok ("orein gorria") esaten diote[3].

Izen zientifikoa Aepyceros melampus da. Generoak "adar altuak" esan nahi du eta espeziearen izenak "oin beltzak"[4].

Hinrich Lichtenstein zoologo alemaniarrak deskribatu zuen aurreneko aldiz 1812an[5].

Aepyceros generoko espezie bakarra geratzen den arren, badaude generoaren zenbait fosil. Inpalak bi azpiespezie ditu:[6]

  • Aurpegi beltzdun inpala - Aepyceros melampus petersi
  • Inpala arrunta - Aepyceros melampus melampus

Bobidoen taldean honako kokapen taxonomikoa du Inpalak (1999):[7]

Ardia (Ovis aries)

Damaliscus pygargus

Sable antilopea (Hippotragus niger)

Oreotragus oreotragus

Cephalophus dorsalis

Inpala (Aepyceros melampus)

Neotragus moschatus

Nanger granti

Redunca fulvorufula

Inpala arrunta (ar gaztea).
Aurpegi beltzdun inpala.

Inpala arrunta

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inpala tamaina ertaineko antilope lirain bat da. 130 cm inguruko luzera[8] eta 75-92 cm arteko altuera hartzen dute arrek, emeak zerbait txikiagoak dira, 70-85 cm artean. Pisuari dagokionez arrek 53-70 kg eta emeek 40-53 kg.

Sexu dimorfismo nabarmena dute, izan ere arrek adar altua dituzte eta emeek ez dute adarrik. Adarrek 45-92 cm har dezakete[9], dibergenteak dira eta arku itxurakoak, horri esker arrek borroka egiten dutenean elkar lotu daitezke eta bata bestea lurrera botatzea izaten dute helburu. Itxura hori borroketan burua babesteko egokia da[10].

Burua luzea eta fina da. Begien inguruan eraztun zuriak ditu eta muturra eta kokotsa ere argiak dira. Belarri luzeak ditu, 17 cm artekoak, eta punta beltzak dituzte[11]. Gorputzeko ilajea gorrixka dute inpalek eta bi tono bereizten dira, bizkarraldean gorrixkagoa eta alboetan apalagoa. Sabelaldea zuria da. Ipurdialdean eta isatsean marra betz finak dituzte. Koloreari dagokionez inpala eta gerenuka oso antzekoak dira, baina bigarrenaren kasuan arrek adar laburragoak dituzte eta atzealdean ez dute marra beltzik[10].

Inpalak bilgor guruinak ditu bekokian eta enborrean zehar sakabanatuta[12]. Hanketan aldiz usain-guruinak ditu ile beltzez estalita. Emeak lau titiburu ditu sabelaldean[9].

Barailaren aurrean hortz antolamendu berezi bat du, "hortz-orraziaren" esaten zaiona. Ilajea atondu eta ektoparasitoak kentzeko baliatzen du[13].

Aurpegi beltzdun inpala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inpala arruntaren antzeko animalia da, baina ilunagoa eta handiagoa, melanismoarengatik[14]. Izenak dioen bezala aurpegian marra beltz lodi bat du bekokitik muturrera doana eta beste marra fin bana du alboetan[11]. Belarrietako punta beltzak ere zabalagoak dira eta isatsa inpala arruntarena baino %30 luzeagoa da[10]. Namibia eta Angola arteko mugan bizi da eta populazio txikia duenez espezie kaltebera kontsideratzen da

Egunez aktiboa den animalia da, egunaren ordu beroenetan jarduera asko jeisten du hala ere. Gauez atsedena hartzen du[9].

Egitura soziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Inpala arrak borrokan.

Hiru talde sozial bereizten dira inpaletan; ar lurraldekoiak, gazte taldeak eta eme taldeak[15].

  • Ar lurraldekoiek haien lurraldea mantentzen dute eta emeekin harem-ak eratzen saiatzen dira. Lurraldea gernuarekin eta gorotzekin mugatzen dute eta gazteak eta gainerako arrak kanpoan mantentzen saiatzen dira. Inpalak sedntarioak dira eta urteetan mantentzen dute haien lurraldea. Lurraldekoitasun izaera gogor hau araldiaren garaiaren inguruan baino ez dute izaten.
  • Gazteek multzo txikiak eratzen dituzte, 30 ale gehienez ere. Elkarrengandik 2'5-3 metroko distantzia mantentzen dute. Ar gazte eta zaharrak gertu badaude elkar ekiditen dute.
  • Emeen multzoak handiagoak izaten dira, 100 aletakoak ere izan daitezke, eta eremu zabalak okupatzen dituzte, 80-180 hektaera. Ez da lider argirik izaten taldean[16].

Bokalizazio bereizgarria badute inpalek. Orro ozen bat, ondoren 1-3 ufa ahoa itxita eta azkenik 2-10 kurrinka muturra eta isatsa altxatuta dituztela. Hasierako orro hori 2 kilometrotako distantziara entzun daiteke[9].

Zorri-zozo mokogorria inpalaren bekokian.

Inpalaren harrapari nagusiak gepardoak, leopardoak, lehoiak, likaonak, hienak eta krokodiloak dira. Haien aurka duten babesa abiadura eta batez ere jauzi ikusgarriak dira. Bi jauzi mota egiten dituzte inpalek; bata oso handia 3 metro altu eta 10 metro luze, eta bestea ostiko-jauzia, airean daudela atzeko hankekin ostikoa ematen dute eta lau hankekin pausatzen dira errebotez hurrengo jauzia hasiz. Zigi-zaga egiten dute jauzi harraparia nahasteko[17]. Inpala kumeen harrapariak anitzagoak dira, babuinoak, arranoak eta txakalak besteak beste.

Dena dela inpalen hilkortasun eragile nagusiak parasitoak dira, Rhipicephalus appendiculatus akaina bereziki. Zorri-zozo mokogorriek desparasitatzen laguntzen diete eta horrela sinbiosi harremana garatu dute espezie bien artean. Inpala da zorri-zozoek ekiten duten ungulatu txikiena[18]. Bitxikeria gisa, aipatu inoiz ikusi izan dela zorri-zozoa inpalaren errapetik esnea lapurtzen ere[19].

Inpalen hilkortasunaren beste arrazoi batzuk uda garaiko ur eskasia eta inpala zaharren kasuan hortzen galera izaten dira.

Inpala eme taldea belarra bazkatzen.

Murrizte bidez (zuhaitzetako kimuak janez) edo larratze bidez (belarra bazkatuz) elikatzen dira. Urtesasoiaren arabera bata ala bestea nagusitzen da[20]. Monokotiledoneoak, dikotiledoneoak, forbiak, fruituak eta ahal denean akaziaren lekak ere jaten dituzte. Haien dieta honela osatzen da; %45a monokotiledoneoak, %45a dikotiledoneoan eta %10a fruituak. Urtaroen arabera aldat egiten da ordea, esta baterako urtaro hezean belarrak dietaren %90a hartzen du eta lehorte garaian izugarri jeisten da ehuneko hori[21]. Kontsumitzen duen espezie belarkara nagusia Digitaria macroblephara da. Urtaro lehorreko elikagaien nutrizio balioa oso txikia izaten da[22]. Ur ertzeko landaretza dute gustuko eta ur eskasiaren sasoietan landare zukutsuak hobesten dituzte[9].

Inpala talde baten ertzean dauden aleek elikatzeaz gain harraparien zelatan egoteko funtzioa betetzen dute[23]. Harrapari bat somatzen dutenean isats txuria altxatzen dute, jauziak egiten hasten dira eta soinuak egiten dituzte, kilometrotara entzuten direnak.

Elikagai eskasia den garaietan ikusi izan da inpalak papioi tximuei jarraika haiek botatzen dituzten hosto eta fruitu zatien xerkan. Elefanteak ere jarraitzen dituzte, hauek zuhaitzak astintzen dituztenean erortzen diren hosto eta fruituen bila[24].

Inpala emea kumea edoskitzen.

Urtebeteko adina dutenean iristen dira sexu heldutasunera. Bikote arrakastatsuak lau urteko adinarekin hasten dira sortzen. Arrek haien lurraldea eratzen dute eta emeen harema izaten saiatzen dira. Emeak urte eta erdiko adinarekin hasten dira ugalkorrak izaten. 12-29 egun bakoitzeko obulatzen dute[25].

Araldia urtaro hezearen amaieran hasten da, maiatza aldera, eta hiru aste inguru irauten du. Ar helduei lepoa sendotu egiten zaie hormonen eraginez eta elkarren artean lehian hasten dira, hasieran orroekin lehiatuz eta ondoren adarrekin borroka eginez. Kortejatzea arra emea jarraitzearekin hasten da, 3-5 metrotako distantziara. Emeak arrari uzten dio alua miazka diezaion eta ondoren arrak emea muntatzen du. Kopula burutu ondoren arrak emearekiko interesa galtzen du, emeak aldiz beste ar batekin kopula dezake[15].

Haurdunaldiak 6-7 hilabete irauten ditu. Emea egunez erditzen da, taldetik atera eta aukeraturiko toki batean. Kume bakarra jaiotzen da eta aste batzuetan amaren ardurapean egon ondoren emeen taldeko haurtzaindegian barneratzen da. 4-6 hilabete ditzutenean arrak taldetik kanporatzen dituzte eta ar gazteen taldea osatzen hasten dira[9].

Banaketa geografikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Inpala taldea zuhaitzaren itzalean.

Inpalak basoak hobesten ditu, itzala gustoko baitu. Basoaren eta sabanaren arteko ekotonoan ere sarritan aurkitzen da. Colophospermum mopane zuhaitzarekin eta hainbat akazia espezierekin estuki loturik dago[26]. Urtaro hezean Acacia senegal nahiago du eta urtaro lehorrean Acacia drepanolobium. Era berean belar garaiak dauden zelaiak ekiditen ditu harraparien beldurrez[27]. Ez dira normalean mendialdean egoten baina KwaZulu-Natal eskualdean (Hegoafrika) ikusi izan da inpalarik 1.400 metrotako altueran[26].

Inpala arrunta Afrika hego-mendebaldean zabaltzen da, Kenya, Uganda eta Tanzania aldetik hasi eta Hegoafrikaraino. Antzina Burundi guztia ere hartzen zuen baina gaur egun herrialde horren mendebaldean desagertu egin da. Gaboneko parke babestuetan sartu izan da azken urteotan. Aurpegi beltzdun inpala Angola eta Namibia arteko mugan kokatzen da.

Mehatxuak eta kontserbazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inpala kontserbazio arrisku txikiko multzoan sartu du IUCN elkarteak. Bi milioi ale inguru daude eta gehienak parke nazional babestuetan bizi dira. Aurpegi beltzdun inpala aldiz aldaera kaltebera kontsideratzen da, 2008an 1.000 ale basati soilik baitzeuden, baina azken urteotan populazioak gora egin du.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «Home : Oxford English Dictionary» www.oed.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  2. (Ingelesez) «Home : Oxford English Dictionary» www.oed.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  3. (Ingelesez) «Definition of AEPYCEROS» www.merriam-webster.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  4. «Impala» www.ultimateungulate.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  5. Mammal species of the world : a taxonomic and geographic reference. (3rd ed. argitaraldia) Johns Hopkins University Press 2005 ISBN 0-8018-8221-4. PMC 57557352. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  6. Nersting, Louise Grau; Arctander, Peter. (2001). «Phylogeography and conservation of impala and greater kudu» Molecular Ecology 10 (3): 711–719.  doi:10.1046/j.1365-294x.2001.01205.x..
  7. Hassanin, Alexandre; Douzery, Emmanuel J. P.. (1999-05-07). «Evolutionary affinities of the enigmatic saola (Pseudoryx nghetinhensis) in the context of the molecular phylogeny of Bovidae» Proceedings of the Royal Society of London. Series B: Biological Sciences 266 (1422): 893–900.  doi:10.1098/rspb.1999.0720. PMID 10380679. PMC PMC1689916. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  8. Liebenberg, Louis. (1990). A field guide to the animal tracks of southern Africa. D. Philip ISBN 0-86486-132-X. PMC 24702472. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  9. a b c d e f Estes, Richard. (1991). The behavior guide to African mammals : including hoofed mammals, carnivores, primates. University of California Press ISBN 0-520-05831-3. PMC 19554262. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  10. a b c Kingdon, Jonathan. (2013). Mammals of Africa.. Bloomsbury Publishing ISBN 978-1-4081-8996-2. PMC 854973585. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  11. a b Stuart, Chris. (2001). Field guide to mammals of southern Africa. (3rd ed. argitaraldia) Struik ISBN 1-86872-537-5. PMC 46643659. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  12. Wildlife and plants.. (3rd ed. argitaraldia) Marshall Cavendish 2006 ISBN 978-0-7614-7693-1. PMC 62732829. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  13. The complete book of southern African mammals. Struik Publishers 1997 ISBN 0-947430-55-5. PMC 37480533. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  14. Institutional arrangements for conservation, development and tourism in Eastern and Southern Africa : a dynamic perspective. 2014 ISBN 978-94-017-9529-6. PMC 895661132. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  15. a b (Ingelesez) Schenkel, Rudolf. (1966-08). «ON SOCIOLOGY AND BEHAVIOUR IN IMPALA (AEPYCEROS (MELAMPUS LICHTENSTEIN)» African Journal of Ecology 4 (1): 99–114.  doi:10.1111/j.1365-2028.1966.tb00887.x. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  16. (Ingelesez) Murray, Martyn G.. (1981-08-01). «Structure of association in impala, Aepyceros melampus» Behavioral Ecology and Sociobiology 9 (1): 23–33.  doi:10.1007/BF00299849. ISSN 1432-0762. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  17. (Ingelesez) «Impala | National Geographic» Animals 2010-04-11 (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  18. (Ingelesez) Mikula, Peter; Hadrava, Jiří; Albrecht, Tomáš; Tryjanowski, Piotr. (2018-03-19). «Large-scale assessment of commensalistic–mutualistic associations between African birds and herbivorous mammals using internet photos» PeerJ 6: e4520.  doi:10.7717/peerj.4520. ISSN 2167-8359. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  19. (Ingelesez) «Are We The Only Species To Drink Milk From Another Species?» Science ABC 2018-12-03 (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  20. Skinner, J. D.. (2005). The mammals of the southern African subregion.. (Third edition /.. argitaraldia) ISBN 978-1-107-34099-2. PMC 862163330. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  21. www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  22. (Ingelesez) Dunham, Kevin M.. (1980-09). «The diet of Impala ( Aepyceros melampus ) in the Sengwa Wildlife Research Area, Rhodesia» Journal of Zoology 192 (1): 41–57.  doi:10.1111/j.1469-7998.1980.tb04218.x. ISSN 0952-8369. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  23. (Ingelesez) Blanchard, Pierrick; Sabatier, Rodolphe; Fritz, Hervé. (2008-10-01). «Within-group spatial position and vigilance: a role also for competition? The case of impalas (Aepyceros melampus) with a controlled food supply» Behavioral Ecology and Sociobiology 62 (12): 1863–1868.  doi:10.1007/s00265-008-0615-3. ISSN 1432-0762. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  24. (Ingelesez) Moe, Stein R.; Rutina, Lucas; Hytteborn, Håkan; du Toit, Johan T.. (2014-04-04). Skarpe, Christina ed. «Impala as Controllers of Elephant-Driven Change within a Savanna Ecosystem» Elephants and Savanna Woodland Ecosystems (John Wiley & Sons, Ltd): 154–171.  doi:10.1002/9781118858615.ch10. ISBN 978-1-118-85861-5. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  25. Nowak, Ronald M.. (1999). Walker's mammals of the world. (Sixth edition. argitaraldia) Johns Hopkins University Press ISBN 0-8018-5789-9. PMC 39045218. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  26. a b Skinner, J. D.. (2005). The mammals of the southern African subregion.. (Third edition /.. argitaraldia) ISBN 978-1-107-34099-2. PMC 862163330. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
  27. Serengeti, dynamics of an ecosystem. University of Chicago Press 1979 ISBN 0-226-76028-6. PMC 4804514. (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]