Edafon
Ekologian, edafona lurzoruan dagoen bizidunen multzoari deritzo. Biota hori mikroorganismoz eta animalia txikiez osatuta dago.
Bakterioak, algak eta onddoak dira edafonaren osagai nagusiak (%80). Hauetaz gain, akaroak, zizareak eta artropodo txiki batzuk daude, eta baita neurri txikiko ugaztunak ere (satorrak eta hainbat karraskari, adibidez).
Lurzoruaren gainetik bizi diren landareak eta animaliak ez dira edafonaren osagaiak.
Bakterioak eta onddoak, bereziki, garrantzi handiko bizidunak dira lurzoruetan, bertan pilatzen den materia organiko guztia (hostoak, animalien gorpuak, etab.) deskonposatzen dutelako. Bakterio eta onddorik ezean, materia organikoa etengabe pilatuko litzateke lurzoruetan (materia organikoa deskonposatzerakoan bizidun horiek garrantzi handiko humusa sortzen dute).
Edafonaren bizidun gehienak heterotrofoak dira, oso gutxi dira fotosintesia egiten dutenak. Bizidun horiek lurzoruaren goiko mailetan pilatzen dira (A horizontean). Lurzoruaren bakterioek eta onddoek materia organikoa deskonposatzen dutenean landareek erabil ditzaketen konposatu inorganikoak (nitratoak, sulfatoak...) sortzen dituzte.
Lurzoruaren biotak ere garrantzi handia du ziklo biogeokimikoetan, hainbat prozesu biokimiko (nitrogenoaren finkapena, nitrifikazioa eta desnitrifikazioa, materia organikoaren mineralizazioa...) burutzen dituelako. Aipatzeko modukoa da landareen sustraietan onddo ugari bizi direla, mikorrizak osatuz.
Lurzoruaren bizidun nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Algak: lurzoruaren uretan pilatzen dira: Diatomeak, Zianobakterioak, Chlorophyceae...
- Protozooak: Ziliatuak, Amoebozoa...
- Animaliak: Nematodoak, Rotifera, Akaroak, Collembola, Oligoketoak, Carabidae, inurriak, Dipteroen larbak, Isopodoak, Ugaztun txikiak...