[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Bizente Sarria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bizente Sarria
Bizitza
JaiotzaEtxebarri1767ko urriaren 27a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaMission Nuestra Señora de la Soledad (en) Itzuli1835eko maiatzaren 24a (67 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmisiolaria
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordenaAnaia Txikien Ordena

Bizente Frantzisko Sarria Lezama (Etxebarri, Bizkaia 1767ko urriaren 27Kalifornia[1], 1835eko maiatzaren 24) euskal frantziskotar eta sermolaria izan zen. Medikuntzaren arloan ere ekarpenak egin zituen eta Kaliforniako historian leku nabaria du.

Etxebarrin (Bizkaia) jaio eta herri honetako Doneztebe elizan[2] bataiatua, ama Maria Antonia herri berekoa zuen eta aita Tomas Larrabetzukoa[3].

1792an Frantziskotarren ordeneko fraide egin zen. Bilboko San Frantziskoko komentuan sekularren Filosofia eta erlijiosoen Teologia irakasle aritu zen 1794 eta 1797 artean; hor Pedro Astarloarekin batera aritu zen.

1797 eta 1800 artean Arantzazun Filosofia irakatsi zuen[4].

1804an Ameriketara joan zen misiolari; lehen Mexikon egon zen 6 bat urtez, San Fernandoko misiolarien Kolegioan. Gero Kaliforniara joan zen, San Carlos eta Soledad misioetara; orduan bi lurraldeak Espainia Berria erregeorderrian zeuden. Kaliforniako historiako hamarkada gako horietan ekimen nabari batzuen protagonista izan zen:

  • Sarria izan zen John Gilroy eskoziarra, lurralde honetan iraunkorki finkatu zen lehen kanpotarra bataiatu zuena. Gilroy Isaac Todd itsasontzitik lehorreratu zen Montereyn 1814an eta bataioa, zeinekin Juan Antonio María izena hartu baitzuen, irailaren 29an izan zen.
  • San Rafael Arcángel[5] misioa sortu zuen eta Santa Ysabel Asistencia[6] antolatzen lagundu zuen 1819an.
  • 1812an misioen "komisario prefektu" izendatu zuten eta 1824an Kaliforniako misio guztietako burua bihurtu zen eta postu horretan 1825 arte egon zen; garrantzi handiko kargua zen. Denbora politikoki nahastuak ziren, bai Mexikoren independentzia aldeko borrokagatik bai kaliforniar populazioak misiolariak gero eta txarrago ikusten zituelako. Urte horietan bi euskaldunen arteko ika-mikak bizi izan zituen Kaliforniak: Sarria misioetako burua jarrera kontserbadorearen defendatzailea izan zen eta Pablo Vicente Sola arrasatear jatorriko gobernadorea liberalena[7].

Azken egoera honek bultzatu zuen bururik gabe geratu zen Nuestra Señora de la Soledad[8] Salinas haraneko misioaren lidertza hartzen, inork ez baitzuen ardura hori hartu nahi; Soledad euskaldun misiolarien erreferenteetakoa zen: Fermín Lasuen gasteiztarrak sortu zuen 1791n eta bertan lurperatu zuten 1814an José Joaquín Arrillaga gipuzkoarra, orduko Kaliforniako gobernadorea zena[9]. Bakarrik egonik ere bere lanarekin segitu zuen; 1835eko maiatzean hilik aurkitu zuten aldarearen ondoan, gorpua oso argal eta narriatua. Bertako bere azken jarraitzaileek hartu zuten eta San Antonio de Padua[10] misiora eraman zuen; hortxe lurperatu zuten.

Nuestra Señora de la Soledad misioa, non Sarria hil zen, 2005ean.

Sermoiak dira Sarriak gehien idatzi zituena; Euskal Herritik Ameriketara eramandakoak dira, gehienak 1796 eta 1802 artean idatzitakoak[11] eta orain dela urte gutxi azaleratutakoak. Jon Bilbao ikertzaile ezagunak ohartuta, Xabier Altzibar EHUko irakasleak eman zuen egile honen lehen berria eta 1993an Frantzisko Abrisketari omenaldia liburuan etxebarritarrari buruzko artikulua argitaratu zuen. Labayru Ikastegiak izkribuen kopia bat eskatu zion Kaliforniako Berkeleyko Bancroft Liburutegiari eta testuak aztertzen hasi ziren. Horren emaitza da 2009an argitaratutako liburua. Aipatu unibertsitatean daude izkribu guztiak, Sacramentoko California State Universityn dagoen bat izan ezik.

Sermoiak 39 dira; euskaraz 33 (bizkaieraz 32, gipuzkeraz 1) eta gaztelaniaz 6. Bakan batzuetan baino ez da adierazten predikazio-lekua: Etxebarri, Mungia, Otxandio, Fika. Sarriaren obra interesekoa da garai eta leku horretako euskara idatzia ezagutzeko. Nerbioi ibarreko euskararen testigantza garrantzitsua da eta bizkaieraren tradizio klasikoan koka daiteke, Mogel, Añibarro eta abarrekin batera.

Medikuntzaren alorrean ere idatzi zuen; 1830ean zesartar ebakia erditzeko metodoaz idazkia egin zuen[12]. Medikuntzan Kalifornian bizi izan den batek egindako lehen ekarpen dokumentatutzat jotzen da.

Etxebarrin gogoan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarriaren jaioterriko udalak bere sermoiak biltzen dituen liburuaren argitalpenean esku hartu zuen. Liburu hori herriaren 5. mendeurrenaren ospakizunaren barruan kokatu zen[13].

Beste aldetik, Etxebarrin ikastola bat eraikitzeko proposamena luzatu duen elkarteak "Bizente Sarria" izena aukeratu zuen.

  • Etxebarria, Nagore eta Apraiz, Ainara: Bizente Sarria (1767-1835) Sermoitegia, Labayru Ikastegia eta Etxebarriko Udala, Bilbo, 2009.
  • Altzibar, Xabier: "1800 aurretxoko euskarazko sermoiak Ameriketan, aita Bizente Sarria frantziskotarrarenak", in Homenaje a Francisco de Abrisketa. Frantzisko Abrisketari omenaldia, Gasteiz, Eusko Jaurlaritza-Euskal Herriko Bolibariana Elkartea, 1993, 361-391 or.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Egun Kalifornia AEBetan dago baina etxebarritarra joan zen garaian Espainiaren menpean zegoen, Nueva España erregeorderrian; hil zenean, ordea, independentzia eskuratua zuen Mexikoren barruan.
  2. Orduko eliza, izen berekoa izanik ere, ez zen oraingo bera eta beste kokapen batean zegoen.
  3. Bizente Sarria (1767-1835) Sermoitegia liburuko 11.or.
  4. Op.cit., 16.or.
  5. Bertakoek Anaguani deitzen zuten lekua; iturria: Ruscin, Terry (1999). Mission Memoirs. Sunbelt Publications, San Diego, Kalifornia, AEB; 195.or.
  6. Bertakoentzat Elcuanan.
  7. Bizente Sarria (1767-1835) Sermoitegia liburuko 16-17 or.
  8. Bertakoek Chuttusqelis deitzen zuten lekua.
  9. Misioaren historia Athanasius webgune kristauan; Sarriaren portaera "eredugarri" agertzen da, beste batzuenekin kontrajarria.
  10. Telhaya bertakoentzat.
  11. Salbuespenik bitxiena lekua eta datagatik 1828an San Antonio de Padua misioan idatzitakoa da.
  12. San Antonio de Padua misioko dokumentazioa[Betiko hautsitako esteka] Online Archive of California webgunean.
  13. Sarriaren liburuaren aurkezpena Etxebarriko 500. urteurrena ospatzeko ekimenen barruan.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]