[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Aberri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau sorterriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Aberri (argipena)».

Aberria da herri edo nazio komunitate baten atxikimendu emozionala eskuratzen duen lurralde bat eta lurralde horretan gorpuzten den ideia kolektiboa, kultura, hizkuntza edo/eta politika ezaugarri batzuetan oinarritua. Lurralde edo herrialde horretan jaio edo hura hautatzean, toki hori eta haren ezaugarriak aberri bihurtzen dira pertsona batentzat. XX-XXI. mendeko erabileran, aberriaren oinarrian nazio bat dago, askotan estatu subirano baten baliokidetzat hartua.

Aberria hitza neologismo bat da, Sabino Aranak asmatua, aldameneko estatuetan erabiltzen ziren izen baliokideen irudira sortua (patria, patrie), eta Euskal Herriaren testuinguruan Euskadi da haren proiekzio politikoa, "euskotarren aberria", Aranak adierazi zuen bezala. Aberriaren baliokide despolitizatua sorterria da, pertsona bat jaio edo bizi izandako herri bat, eskualde bat edo herrialde osoa izan daitekeena. Norberaren aberri identifikazioan, historiak, kulturak, tradizioak dute zerikusia, baina baita haren hezkuntzak eta bizipenak ere.

Aberria sentimendu abertzaleari edo nazionalismoari hertsiki lotuta dagoen kontzeptua da eta, beraz, XIX. mendean izan zuen bere goraldia. Komunitatearen pertzepzioaren zentzua goratzen du, eta ideia komun horren maitasuna. Horrenbestez, nazio edo estatu bateko buruzagiek eta politikariek aberria hartzen dute ahotan baldin eta komunitatearen ekinbide bateratuaren beharra, arrisku irudipen bat eta salbuespen-neurrien eta ahalegin berezien premia transmititu nahi badute, tartean nazioaren segurtasuna, gerra giroa edo barne etsaien mehatxua aipatuz.

Euskarazko hitzaren jatorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jose Antonio Aguirre lehendakaria

Aberri hitza XIX.mendean Sabino Aranak sortutako neologismoa da. Bi erro ditu: "aba" eta "herri", lehen lexemak ustez aita esanahikoa, nahiz eta hemen asaba (arbaso) adieraz erabili zen.[1] Hitz berri hau oso azkar zabaldu zen eta gerra zibilaren aurrean aberri hitza pertsona-izenez erabiltzen zen.

1939.urtean, baina, beste euskal izen guztiak bezala, debekatu egin zuten. Gainera, beste izenekin gertatzen ez zen bezala, gaztelaniara itzultzean, aberri hitzak arazo asko ekartzen zituen. Horregatik, horrela deitzen ziren emakumeei, agintari frankistek, izena aldarazi zieten.[2]

  • 1931eko apirilaren 14ean Espainian bigarren errepublika aldarrikatu zen eta euskal abertzaletasunak pentsamendu askeagoa sortu nahi zuen, kataluniarrek eta galiziarrek iadanik nazio mailako eguna zuten bezala. 1889an “Diada” eguna ospatzen hasi zen eta 1919an “Dia de patria galega” ospatu zen lehenengoz.  
  • 1932ko martxoaren 27an, Eusko Alderdi Jeltzaleak lehen aberri eguna antolatu zuen Bilbon berpizkunde igandean. Lopez de Aro kale nagusian 60000 lagun bildu ziren manifestatzeko eta Sabino Aranaren jaiotetxeraino joan ziren. 1931an EAJren egoitza berritua izan zen eta Sabin etxea izena jarri zioten.
1933ko Aberri Egunean jendetza
  • 1933an, Donostian ospakizuna egin zuten eta Jose Antonio Agirre lehendakariak eta Telesforo Mozonek hitz egin zuten. Gasteizen 1934ean ospatu zuten eta 1935 ean Irunen, baina “Euzko Eguna” izenarekin deitu zioten ospakizuna egin ahal izateko. gobernuak eta Nafarroako eskuinak ez baitzuten ospatzen uzten.
  • 1936ko altxamendu militarraren ondoren, aberri eguna debekatua izan zen ipar euskal herrian baita kanpoan. Euskal diaspora bizi zen tokietan bakarrik ospatu izan zen publikoki (Alemanian, Parisen…).
  • 1964.urtean berriz ospatu zen aberri eguna hegoaldean, baina modu ezkutuan izan zen. Eusko Jaurlaritzak erbestetik Gernikan deitu zuen aberri eguna, martxoaren 29an. 25 mila pertsona bildu ziren, poliziak ezin izan zuen jendetza hori oztopatu. Poliziaren jazarpenak ohikoak izan <iren hurrengo urteetako aberri egunetan (1965ean Bergaran, 1966ean Gasteizen jaurlaritzak deituta eta Irunen ETAk deituta, 1967an Irunean, 1968an Donostian.....).
  • Diktaduraren amaieran eta trantsizioaren hasieran, alderdi abertzaleak eta abertzale ez zirenak arren, alderdi guztiak aberri eguna ospatu zuten, Gernikan 1975an Gernikan, adibidez. Urte hartan poliziak atxiloketak egin zituen baita.
  • Franko hil eta ondoren arte ez zen aberri egunaren ospakizuna normaldu. 1978ko martxoaren 27an aberri egun historikoa ospatu zen. Euskal Herriko 18 indar politikoek deialdia egin zuten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 400 mila pertsona bildu ziren.  "Nafarroarentzat, Arabarentzat, Gipuzkoarentzat eta Bizkaiarentzat autonomia estatutua" eskatu zuten guztiek aho batez, "euskal herriko bizitza politikoaren normalizaziorako ezinbesteko tresna gisa".
  • PSE-PSOEk 1979an aberri eguna ospatzeari uztea erabaki zuten. Bilbon aberri eguna ospatu ondoren, egun hori ospatzeari uztea erabaki zuten. Hortik aurrera, alderdi abertzaleak banatuta ospatzen hasi ziren aberri eguna.  
  • EAJk azken urte hauetan aberri eguna Bilbon ospatu du. Independentistak, berriz, Irunean ospatzen dute 2012tik. Deialdi horrekin, Sortuk, EAK, Aralarrek (desegin arte), alternatibak eta abertzaleen batasunak bat egin zuten.
  • 2016an Podemos Euskadik aberri eguna ospatzen hasi ziren. Lehen urtean Donostian ospatu zuten eta geroztik Bilbon.[3]

- Gratien Andema Zaldubik 1893an idatzi eta Urkok zein Oskorrik musikatutako Gauden gu euskualdun poemak, gerora Lauaxetak, Lizardik, Orixek zein Mixel Labegeriek erabiliko zuten Euzkadiren aurrekari den Eskual Herria zer den argiro definitu zuen: [4]

«

Zazpi Eskualherriek bat egin dezagun
Guziak bethi, bethi, gauden gu Eskualdun.
Agur eta ohore Eskualherriari:
Lapurdi, Basa-Nabar, Zibero gainari;
Bizkai, Nabar, Gipuzko, eta Alabari.
Zazpiak bat besarka lot beitetz elgarri.
Haritz eder bat bada gure mendietan,
Zazpi adarrez dena zabaltzen airetan,
Frantzian, Espainian, bi alderdietan:
Hemen hiru ‘ta han lau, bat da zazpietan.
Ekhalde-Iberrian noiz othe sortua?
Lau mila urthe huntan hunat aldatua;
Hain handi eta azkar lehen izatua,
Orai gure haritza zein den murriztua!
Funditua uholdez, zirimolez, ortziz;
Aizkorari arrotzek adargoiak hautsiz;
Harrek ere ixilka barnetik iretsiz;…
Haritz maitea, min duk aphaltzea gaitziz.
Gure haritz hau, azken mende hautaraino,
Zaharturik ere zen eder bezein sano.
Bere lur hoin garbian oso zagoeno,
Gainetik zoakona behar zen arrano.
Hi haiz, Eskualherria, haritz hori bera,
Arrotza nausiturik moztua sobera.
Oi! gure arbasoak, ez, othoi, ez beira
Zein goratik garen gu jautsiak behera.

»


Zazpi probintzia, euskarak banaezin bihurtzen dituena. Hizkuntza, lurra, herria: Aberria.

  • Joseba Sarrionaindia, hitzen ondoeza[5] bere hiztegian hauxe dio: “Aberri hitza berria da euskaraz, zulo bat tapatzeko erabiltzen da. Badirudi lehenagoko euskaldunek bazutela “herria” eta ez zutela aberri beharrik. Herria galdu arte ez zuten, euskaldunok, aberria asmatu behar izan. Guzi hori dela-eta badira euskaldunek lotsa apur batekin esaten ditugun hitzak, aberria, euzkadi…”. Lehen poema liburuan; “aberria hautatuta egiten da, eta emakumea edo, bakardadeak edo besterik ezak ezarten derauku”[4]
  • Xabier Lizardi: “Egizute nerekin, aberri bidea. Bildu dezagun nun nahi asaban lorea. Ta gaurdanik goritu Gure sukaldea. Ni nor naizen?Asmatu ! Euskal Pizkundea!"[4].
  • Ruper Ordorikak eta Joseba Sarrionaindiak 2006an argitaratu zuten Memoriaren mapan[6] diskoan,aberriari erreferentzia zuena egiten diotenak.[7]
«

Zeure gorputza da orain nire hiria,

zeu zara orain nahi dudan aberria.

[munduko hainbat hiri aipatu ostean]

Hiltzeko ere berdintsu zait herria:

(…)

Baina orain zeu zara nire hiriburua,

aberri, hilobi, neure sorlekua.

»


  • Antton Valverdek Lauaxeta zein Lizardiren poemekin osatutako disko bana argitaratu zituen 1978an eta 1986an, hurrenez hurren. Gasteizen fusilatu aurreko egunetan, ziegan idatzi zuen Lauaxetak Agur, Euzkadi eta bertan, Mendigoxaliarena poeman esandakoak berresten ditu, heriotzaren bezperan. Dena eman behar zaio maite den askatasunari, dena herriari.[4]
«

Aberria ala hil, Patria libre vencer o morir, Todo por la patria.

Agur, Euzkadi, Jaunak naroa

Aberri eder argira.

Neure negarrak jarion neuzan

zeure mendiai begira.

Seme bat zeukan, baña etsayak

kendu eutsoen biotza;

soin ederrera ixuri yakon

mayetz bateko goiz otza.

Gurutz Deunari mosu egiñaz

aldegin eutson mundutik,

Kistoren gentza abo ganean

loratu yakon gastetik.

Jaunaren maitez, aberri maitez,

ez eban euki bildurrik,

eta zeuretzat zorion utsa

opaldu eutson gogotik.

»


  • Mixel Labegeriek, euskal kantagintza modernoaren aitapontekotzat jotzen dugunak, oso garbi aldarrikatu zuen aberria zer den “Gazteri berria[8]“ 1970eko hamarkadan ipar zein hego euskal herriko gazteriaren ereserki bilakatu zen kantan:[4]
«

Aita, zer egin duzu gure lur maitea?

Kanpokoari saldu, oi dohakabea!

Arrotzez betea da Euzkadi guzia,

Eskualduna etxean ez dago nausia.

Gu gira Euzkadiko gazteri berria,

Euzkadi bakarra da gure aberria.

Gu gira Euzkadiko gazteri berria,

Euzkadi bakarra da gure aberria.

»



  • Xabier Lete, urrats desbideratuak[9] 1981 "ez gaitu maitasunak batzen, ikara larriak baizik. Horregaitik natzaio agian leial aberri dohakabe honi. “Urrats desbideratuak (1981) izan zen Leteren hirugarren liburua, eta handik hartua da Aberria, orain poema. Lexikoan joera berri bat ekarri zuen: hitz atzizkidun ugari sortzen eta sartzen ditu, bere adierazpidearen ñabardurak hobeto zaintzeko eta esateko modu biribilago, ozenago baten bila ere bai agian. Bestalde, olerki hau Letek Euskal Herriarekiko sentitzen duen harreman gatazkatsu eta agonikoaren adibide ere bada; harreman kontraesankor hori hobeto ulertzeko interesgarria da jakitea, nola, poema honen kontrapuntu bezala, geroko liburu batean (Zentzu antzaldatuen poemategia, 1992), bukaera hauxe eman zion beste olerki bati: «Nor izango zaio oraindik leial aberri dohakabe honi?”[10]

  • Gabriel Aresti. Euskal asto-lasterrak 1972 "abertzaletasun gaizki gidatuak, batzutan, endelegurik prestuenak ere itzutzen ditu"[4]. Gabriel Aresti, joxe azuermendiri eginiko gutuna, 1961 "ni gausa guztien gainetik euskaldu abertzalea naiz. Nire aberria, sortean kabitu zaitan aberri tristurazko hau, nik autatu ez dudan aberri gutti hau kontentatuko da, zeren hain kristaua eta elisako ama santuaren alaba fidel eta leial izanik, haren semerik gaiztoena komertitu den, bai eta, gainera, azkenean komertitu. Gaxoa! Horretan atzegina ematen diot. Lastima da aberrietan sinisten ez dudana".[4]

Hitz-elkartuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abertzale hitzak aberria maite duena, aberriaren alde, saiatzen edo borrokatzen duena esan nahi du.

  • abertzale = patriota (Gaztelaniaz), patriote (Frantsesez), patriot (Ingelesez), Patriot (Alemanez).
  • nazionalista = nacionalista (Gaztelaniaz), nationaliste (Frantsesez), nationalist (Ingelesez), Nationalist (Alemanez).

Berdin gertatzen da abertzaletasun eta nazionalismo kontzeptuekin:

  • abertzaletasun = patriotismo (Gaztelaniaz), patriotisme (Frantsesez), patriotism (Ingelesez), Patriotismus (Alemanez).
  • nazionalismo = nacionalismo (Gaztelaniaz), nationalisme (Frantsesez), nationalism (Ingelesez), Nationalismus (Alemanez)[11]
  • Aberri ama. Madre patria: aberri amaren negarri "los sollozos se la madre patria".
  • Aberri-guna. Dia de la patria vasca
  • Aberri-min. Nostalgia de patria, ansia de patria. Aberri minaz kantari, cantando sus canciones doloridas con ansisas de patria.[12]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Aberria - Pertsona-izenak - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-05).
  2. «Aberria - Pertsona-izenak - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  3. «Aberri Egunaren jatorria eta ospakizuna, gaur arte» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  4. a b c d e f g «Aberria desagertu zaigu» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  5. (Gaztelaniaz) www.funtsak.com, Funtsak-Diseño y Programación Web-. «Hitzen ondoeza - Joseba Sarrionandia Uribelarrea» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-01).
  6. «Memoriaren mapan - Ruper Ordorika» www.ruperordorika.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-01).
  7. «Badok» Badok (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  8. «Gu Gira Euskadiko - Kantu Kutxa» baigura.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  9. (Gaztelaniaz) «9788472316065: Urrats Desbideratuak (Poesia Eus) - IberLibro - Xabier Lete: 8472316068» www.iberlibro.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-01).
  10. Lete, Xabier, 1944-. (1981). Urrats desbideratuak. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala ISBN 84-7231-606-8. PMC 432455424. (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  11. Abertzaletasun. 2019-11-26 (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  12. «OEH - Bilaketa - OEH» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]