Denbora galduaren bila
Denbora galduaren bila Aro galduaren bila | |
---|---|
Du côté de chez Swann liburukiaren eskuizkribua. | |
Datuak | |
Idazlea | Marcel Proust (1908-1922) |
Argitaratze-data | 1913-1927 |
Generoa | Eleberria |
Jatorrizko izenburua | À la recherche du temps perdu |
Hizkuntza | (Frantsesez) |
Argitaletxea | Éditions Grasset eta Éditions Gallimard |
Herrialdea | Frantzia |
OCLC | 6159648 |
Itzultzailea | Joxe Austin Arrieta, Jean-Baptiste Orpustan |
Denbora galduaren bila —Joxe Austin Arrietaren itzulpenean— edo Aro galduaren bila — Jean-Baptiste Orpustanen itzulpenean— (jatorrizkoan, frantsesez: À la recherche du temps perdu) Marcel Proustek 1908 eta 1922 artean idatzi zuen obra erraldoia da, Aro Garaikideko lan klasikotzat hartua, Frantziako literaturaren gailurtzat. Obrak egilearen memoriak biltzen ditu, eta hainbat gertaeraren arteko loturak. Le Monde egunkariak XX. mendeko 100 liburu garrantzitsuenen zerrendan bigarren tokian kokatu zuen.
Egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Obra, bakarra izanda, zazpi atal ditu. Horietatik egilea hil ondoren hiru argitaratu ziren:[1]
- Du côté de chez Swann, Grasset argitaletxeak 1913an argitaratuta. Edizioa egileak berak ordaindu zuen. Bigarren edizioa aldatu egin zen eta Gallimard argitaletxeak plazaratu zuen. Euskarazko itzulpenak izenburu desberdinak izan dituzte: Zuanen etxe aldean, Jean-Baptiste Orpustanen bertsioan, eta Swann-enetik Joxe Austin Arrietaren bertsioan.
- À l'ombre des jeunes filles en fleurs, 1919, Gallimard, urte bereko Goncourt saria.
- Le Côté de Guermantes, bi liburuki, Gallimard, 1921–1922. Euskaraz Orpustanek Guermantes-ko aldea bezala itzuli du.
- Sodome et Gomorrhe I et II, Gallimard, 1922–1923.
- La prisonnière, 1925. Idazlea hil ondoren argitaratuta.
- Albertine disparue, baita ere Le fugitif bezala ezagututa, 1925. Idazlea hil ondoren argitaratuta. Euskaraz Orpustanek Iheslea bezala itzuli du.
- Le temps retrouvé, 1927). Idazlea hil ondoren argitaratuta.
Argumentu orokorra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Denbora galduaren bila ez da eleberri ziklo bat, garai hartan egin ohi ziren horietakoak bezala, eleberri bat eta bakarra baizik. Eleberri zirkularra da, nolabait esateko: eleberri bat idatzi nahi duen eta gaitasun ezagatik edo nagikeriagatik egitekoa gerotik gerora luzatzen duen gizon baten haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa eta lehen helduaroaren narrazioa. Eleberriko azken liburuaren bukaeran, oharkabeko memoriaren agerpenez, gizon hura konturatzen da ordua dela idazten hasteko liburua, irakurtzen bukatzen ari garen eleberri horixe, noski. Badago obra honetan beste berezitasun aipagarri bat: sekula ez dugu jakingo protagonistaren izena, ez adina, ez itxura fisikoa. Lehenengo pertsonan hitz egiten du eta bere kontzientziaren zirrikituetatik iragazten du eleberriak ematen duen informazioa.
Handia da «ni» izengabe hori Marcel Proustekin lotzeko tentazioa, eta kritikariek ere zail izaten dute eleberri hau biografia mozorrotutzat ez hartzeko. Izan ere, Prousten eleberriaren eta bizitza errealaren arteko harremanak konplexu samarrak dira.
Eleberriko gertakizunak denbora bitarte luze bat hartzen du, eta garbi asko ikus daiteke nola aldatzen diren, hitz egiteko moduaz gainera, pertsonaien itxura fisikoa eta pentsatzeko modua ere. Hala beraz, egia da denbora dela eleberriaren protagonista nagusietako bat.
Denbora galduaren bila, bestalde, ikasketa eleberri bikain bat da, protagonistaren lilurak eta deslilurak kontatzen dituena, bi ziklo handitan egituratuta: munduzaletasunaren zikloa, batetik, eta maitasunarena, bestetik. Munduzaletasuna, edo esnobismoa, XIX. mendeko eleberrigintzan gehien erabili zen gaietako bat da. Denbora galduaren bilan, esnob asko agertzen da, bai burgesen artean bai nobleen artean, gizarte eskalan gora egiteko irrikaz erreak. Narratzaileak erdeinuz hartzen ditu esnoben pairamenak, baina berak ere beste esnobismo bat pairatzen du: markesak eta dukesak ezagutu nahi ditu kosta ahala kosta.
Proustek berak bere lana fikziozko obratzat har zedin nahi zuen.[2]
Pertsonaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nagusiak[3]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Narratzailea
- Haren ama eta amona
- Albertine Simonet: neska horren atzean Alfred Agostinelli ezkutatzen da. Alfredek 1913 Marcel Prousti lana eskatu zion. Proustek idazkaria eta laguntzailearen lana eman zion.
Beste pertsonaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Swan, Odette de Crécy eta Gilberte.
- Robert de Saint-Loup (narratzailearen laguna).
- Bloch (narratzailearen adiskidea).
- M. de Charlus Baroia eta Morel, haren amorantea.
- Guermantesen Dukeak.
- Mme Verdurin, berriketakide nagusia.
- M. Brichot, jakintsua.
- M. Norpois, diplomazialaria.
Obraren eragileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Proustek gai unibertsalak azaldu nahi zituen horretarako XX. mendeko Frantzaiko goi burgesiaren eta aristokraziaren ikerketa eginez. Izan ere, haren obrak bere garaiko erreferentziez gainezka dago, bai filosofian baita ere estetikan:
- Bergsonen filosofia
- Arthur Schopenhauerren filosofia
- Inpresionismoa
- Claude Debussyren musika
- Dreyfus afera.
- Gabriel Tarderen soziologia
- Richard Wagnerren musika.
Zinemarako moldaketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Un amour de Swann, 1984. Zuzendaria Volker Schlöndorff. Aktore nagusiak: Jeremy Irons eta Ornella Muti)
- Le temps retrouvé 1999. Zuzendaria: Raoul Ruiz. Aktore nagusiak: Catherine Deneuve, Emmanuelle Béart eta John Malkovich)
- La Captive, 2000. Zuzendaria: Chantal Akerman), La Prisonnière eleberriaren moldaketa librea.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Denbora galduaren bila |