Protagoras
Protagoras Abderakoa, grezieraz Πρωταγόρας, (Abdera, c. K.a. 490 - ?, c. K.a. 410) Antzinako Greziako lehenengo sofista izan zen, eta zenbaiten ustez garrantzitsuena1. Erretorikan eta bertutean aditua, Platonek Protagoras elkarrizketan bertutearen lehen irakasle profesionala izateari egotzi dio. Bere ospea eta eragina oso nabaria izan zen Periklesen Atenasen.
Protagoras | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Abdera, K.a. 490 |
Heriotza | Jonikoa, K.a. 420 (69/70 urte) |
Heriotza modua | : itotzea |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | antzinako greziera |
Jarduerak | |
Jarduerak | filosofoa |
Mugimendua | Sofistak Filosofo presokratikoak |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | agnostizismoa |
Bizitza
aldatuIturri gehienen arabera2, Protagoras Abderan jaio zen. Oso litekeena da, bestaldetik, bere acmé edo loraldi-urtea3 (acmé) 84. Olinpiadan (K.a. 444 eta 441 urteak) gertatzea eta, ondorioz, bere jaiotzeguna K.a. 485 inguruan. Platonen Protagoras elkarrizketa eta Teeteto izeneko lana, non Platonek begi onez ikusi eta errespetatzen duela ikus daitekeen, Diogenes Laerzioren Filosofoen bizitzak bilduma (bilduma honetako sofista bakarra da, gainera) eta Sexto Enpirikok idatzitakoa dira iturri bakarrak, baina Platonen idazkiek kasu honetan fikzioa ere jasotzen dutela uste da eta Diogenes Laerzio eta Sexto Enpirikoren informazioak mende batzuk geroago jasoak izan ziren.
Demokritoaren dizipulu izan omen zen, Filolastrok Persiako magoekin harreman izan zuela baieztatzen duen arren. Erretorikaren sortzaile bat izan zen, baita irakaskuntza profesionalarena ere. Platonen arabera, Protagorasek diru-mordoa irabazi omen zuela.
Atenasen egon zen bi denboralditan. Sokratesen garaikidea izan zen eta Perikles izan zuen lagun eta babesle. Hiriko beste ahaltsu zenbaiten aholkulari ere izan zen, Kaliasena esaterako. Periklesek sortu berria zen Turi hiriko konstituzioa osatzeko eskatu zion K.a. 444. urtean. Lehendabizikoz, derrigorrezko eta irakaskuntza publikoa ezarri zuen. Periklesen heriotzaren ondoren hasi ziren arazoak Protagorasentzat. Laerziok dio arazoak Euripidesen etxean hasi zirela Jainkoez bere entsegua irakurri zuenean [[agnostizismo]a aldarrikatuz. Honez geroztik, fedegabetasunaz izan zen akusatua eta bere lanak erretzea agindu zuten, epaiketa egon zenetz argi ez den arren.
Heriotza zigorra ekiditeko edo erbeste agindua betetzeko, Protagoras Siziliarantz ontziratu zen. Bidetik itsasontzia hondatu eta Protagoras itota hil zen, 90 urte zituelarik.
Pentsaera
aldatuProtagoras erlatibismo etiko eta erlijiosoaren defendatzailea izan zen. Sofistak errefusatu zuten egia unibertsalaren existentzia eta eszeptizismo epistemologikoa aldarrikatu zuten, Sokratesen aurka. Protagorasek ideia hau zabaldu eta landu zuen. Bere pentsaera erlatibistaren erakusgarri gisa, Protagorasen ustezko esaldi entzutetsua, Homo mensura deituriko printzipioa hartzen da:
« | Gizakia gauza guztien neurria da, direnak diren neurrian eta ez direnak ez diren neurrian. | » |
—Platon, Teeteto, 152a |
Esaldia, Sexto Enpirikoaren arabera, Protagorasen galdutako Diskurtso suntsitzaileak obran agertzen zen eta trankripzioz transkipzio heldu zaigu guri. Besteak beste, Diogenes Laerziok, Platonek eta Aristotelesek esaldia egozten diote Protagorasi. Esaldia era anitzetara interpretatu bada ere, badirudi, errealitateari buruz zuen sentsazio-ikuspegiaz, pertsona (edo komunitate) bakoitzaren baieztapenak egiazkoak direla pentsatzen zuela, ezberdinak eta kontraesankorrak izan arren ("Zenbait buru, hainbat aburu"). Bakoitzak (edo komunitateak) bere iritziak ditu eta ez dago iritzi bat baino egiazkoagorik, denak baliokideak baitira. Ez dago, beraz, unibertsala den printzipio etiko, estetiko edo politikorik.
Homo mensura-ko printzipioa bere testuinguru historikoan jartzeko gogoratu behar da K.a.ko V. mendeko eztabaida physis edo naturari eta Nomos edo hitzarmenari buruz polis sisteman. Tradizionalki, legeek, balioek eta ohiturek mitoetan zeuzkaten jatorri eta oinarri. Baina, pixkanaka, intelektual ilustratuek, Sofistek batez ere, plazaratutako eztabaidan ideia berri bat defendatuko dute: akordioak (nomoi) baino ez direla, jainkozko izaerarik gabe. Hau da, legeak, balioak eta ohiturak konbentzioak dira gizarte (edo kultura) batekiko erlatibo eta aldakorrak. Erlatibismo etikoarekin bat eginez, Protagorasek eszeptizismo epistemologikoa aldarrikatzen du.
Eszeptizismo epistemologiko printzipioen arabera gizakia ez da gauza egia esateko, ez eta errealitatea ezagutzeko. Saiatu arren ezinezkoa du errealitatea ezagutzea. Horren adibideak aurreko filosofoak ditugu, asko saiatu arren ez ziren gauza izan physis izenekoaren arjea bilatzeko, iritzi arrunt ezberdinak eman baitzituzten.
Protagorasen agnostizismoa ere baieztatu da. Platonek jasotako bere ustezko hitzetan:
« | Jainkoei buruz, badiren edo ez ez dut jakinbiderik, ez eta nolakoak diren, anitz baitira hori jakiteko eragozpenak, gaiaren iluntasuna eta bizitzaren laburtasuna esaterako. | » |
Erreferentziak
aldatu1. (Gaztelaniaz) J. A. López Pérez (1988): Historia de la literatura griega, Madrid, Cátedra, 604. orrialdea.
2. Diogenes Laerzio, IX 50; Filolastro, Vidas de los sofistas, I 10, 1.
3. Apolodoro, FGrHist. 244 F 71 II 1040.
4. Dioegenes Laerzio, IX, 51.
Bibliografia
aldatu- Arrieta, A./Uribarri, I. (koor.)(2008) : Filosofiaren historia, Donostia, Elkar. ISBN 978-84-9783-403-2.
- Kirk, C.S./Raven, J.E. (1970): Los filósofos presocráticos, Madrid, Gredos.
- Reale, G./Antiseri, D. (1988): Historia del pensamiento filosófico y científico, Barcelona, Herder.