Mizenastar zibilizazioa
Mizenastar zibilizazioa[1] Brontze Aroaren amaierako zibilizazio aurreheleniko bat da. Peloponesoko Mizenas hiritik hartzen du izena, Atenas, Pilos, Tebas eta Tirinto ere kokaleku garrantzitsuak zirelarik. Minoikoek merkataritzatik etekina lortu zuten bezala, mizenikoek konkista erabili zuten.
Historia
aldatuMizenasko zibilizazioak bostehun bat urte hartu zituen : K.a. 1630 urtetik 1100 urtera, gutxi gorabehera. Denbora bitarte hartan, beraz, loaldi luze batetik esnatuta bezala, bertako tradizioei ezer gutxi zor zien zibilizazio bat sortu zen bat-batean. Zibilizazio hartako hiriak, zibilizazio minoikokoak bezala, jauregien inguruan sortu ziren. Hiri haietan aurkitu ziren artelanak Minoskoak bezalatsukoak izanik, mizenastarrak Kretatik joanak ote ziren pentsatu zen hasieran ; gaur egun, ordea, greziar leinu primitiboen ondorengoak zirela uste da, K.a. 2000 inguruan lurralde hartara aldatuak.
Mizenastar zibilizazioa K. a. 1600. urte aldera sortu zen eta kultura aristokrazia gerlariak menperatu zuen. K. a. 1400 inguru, mizenastarrek zibilizazio minoikoaren bihotza zen Kreta azpiratu zuten. Minoikoez gain, Troia (mizenastarren aurkari zen hiri-estatu boteretsua) ere garaitu zuten bi aldiz, gatazka honi buruz dagoen froga bakarra mitologiarekin nahasten diren Homero eta beste autore batzuen testuak diren arren. Minostarren Lineal A izeneko idazkera bereganatu zuten mizenastarrek, Lineal B deritzon idazkera sortuz haien hizkuntza, grezieraren dauzkagun lehen aztarnak, idazteko.
Mizenastarrek noblezia tholoi izeneko hilobietan ehorzten zuten (adibidez Atreoren altxorra), zibilizazio honen ezaugarri behinenetakoa. Gorpuarekin batera, ezpatak edo gerrarako beste tresna batzuk ehorzten zituzten. Nobleek urrezko maskarak ere eraman zituzten, baita tiarak, armadura eta bitxidun armak ere.
K. a. 1100 inguru, mizenastar zibilizazioa amaitu zen. Antzinateko greziarrek beraiek gainbehera hau azaltzen zuten beste herri greziar baten, doriarren, inbasioarengatik, baina arkeologiak ez du teori honen froga frankorik erakutsi. Hiri andana arpilatuta gertatu ziren eta, historialariek Aro Iluna deitutakoa hasi zen.
Aurkikuntza
aldatuZibilizazio hau XIX. mendearen amaiera aldera aurkitu zuen Heinrich Schliemann arkeologoak, Mizenas (1874) eta Tirintoko (1886) zulaketetan. Schliemannek Homeroren Iliada eta Odisean deskribatutako mundua aurkitu duela konbentzitzen da. XX. mendearen hasieran Arthur John Evansen ikerketek mundu mizenastarri autonomia ematen diote zibilizazio minoikoarekiko, denboran bere aurretikoa dena.
Arkitektura
aldatuMizenasko zibilizazioaren goren mailan arkitektura lan aipagarriak egin ziren : jauregi edo gotorleku handiak, muino malkartsuetan, harresi ikaragarriez (5 m zabal) inguratuta . Nahiko ezagunak dira Mizenas eta Tirintokoak (Argolida), haina aipagarria da ere, adibidez, Gla gotorlekukoa (Beozia), zeinak 3 kilometroko harresia baitzuen. Harresi sendo horiek igarotzeko ateak ere ez ziren, noski, nolanahikoak ; ezagunena, beharbada, Mizenasko Lehoien atea da, gotorleku hartatik gorde den atalik inportanteena. Benetan ikusgarria da ateburuko erliebea : bi lehoi, zutabe baten alde banatan, atezain. Haien gorputz tinko gihartsuek eta egikera simetrikoak antzinako Ekialde Hurbilaren eragina iradokitzen dute.
Mizenasko jauregiak egoitza gotortuak ziren beste ezer baino gehiago, eta gotortasun horrexek bereizten ditu Kretako jauregietatik, erabat ingurura zabalik. Salbuespen bakarra dago : Pilos. Esango litzateke ezen Pilos, Mesenia urrutian bakarrik, ez zela beste herrien erasoen beldur.
Jauregiotako gela nagusia, jauregiaren erdigunea, nolabait esateko, audientzia aretoa zen : megarona. Lauki zuzen baten itxurako gela handia zen megarona ; gelaren erdian, sabaiari eusten zioten zurezko lau zutaberen artean, sutondo biribil bat zegoen. Megaronaren aldamenetan beste gela asko izaten zen : janari biltegia (ardo eta olio pitxerrez betea), baxera gordetzeko gela, artxiboa (buztinezko oholtxoez beterik apalak) etab. Gela batzuk kanpotarren logeletarako gordetzen ziren eta beste txiki bat, lur egosizko ontzi edo upel moduko bat zuena, bainugelatzat erabiltzen zen. Gela gehienetan freskoz apainduta zeuden hormak.
Hilobiak
aldatuHilobi arkitekturan ere hilobi mota berri bat sortu zen, biribila eta kupuladuna.
Muinoren albo batean egiten zen : muinoa albo batetik zulatu, ganbera biribil baten itxura emanez hustu, eta lurrezko tumulu batez estali. Korridore luze bat izaten zen, dromosa, barruko ganbera biribilerako sarbide. Hilobi horietako bat ixten zuen atearen arrasto gutxi batzuk aurkitu dira : zurezko ate gotor bat izan bide zen, bolizko eta urrezko apaingarriekin. Hilobi hauen hormak egiteko erabilitako harriak, putzu hilobietako harkoskor landugabeak ez bezala, harlanduak ziren, zehaztasun handiz ebakiak. Handienak, zeina bere bikaintasunagatik Atreoren altxorra deitzen baita (Mizenas), zortzi metroko ataburu erraldoia du, 120 bat tonakoa.
Artea
aldatuPutzu hilobiak
aldatu"Putzu hilobiak" lurrean oso barne zulatutako putzu handi moduko batzuk ziren ; paretak harkoskorrez eta buztinez eginak zituzten, eta hartxintxarrez estalia zorua.
Barrunbea ixteko, habeak jartzen ziren, eta harlosak edo landareez egindako tapiz moduko bat, buztinez irazgaiztua, gainean. Hilobia hegika jarritako harlosa handiez inguratzen zen, hilen lekua bizien lekutik bereizteko.
Hila lurrean jartzen zen, bere bitei, arma eta metal landuzko gauzen artean. Hilobietako batean, adibidez, hogeita hamar bat arma aurkitu ziren hiru gerlariren ondoan ; beste batean, berriz, emakume eta haurren gorpuzkinak zeuden, urrezko apaingarri eta edergailu ugariren azpian.
Hilobiotan aurkitutako gauzen artean aipagarriak dira mozorroak ; gizonen aurpegien mozorroak dira denak. Oso ezaguna da Schliemannek Argosko eta Mizenasko errege Agamemnonen mozorrotzat jo zuena (30,3 cm). Itxura lasaiko aurpegia da : luzarana, masaila puztuxeak, sudur luze zorrotza, ezpain fineko ahoa, bizarra eta bibote luzea ditu. Atentzioa ematen dute haren begiek, luzaranak eta itxi-itxiak. Mozorro guztiak daude teknika berdinez eginak : tarte handiak mailuaz joz eginak, eta xehetasunak, berriz, tresna zorrotz batez landuak. Ezpata eta sastakaiak lantzen ere trebetasun handia erakutsi zuten Mizenasko urregile eta brontzegileek ; bolia, urrea, lapis lazulia eta harri kristala erabiltzen zituzten heldulekuko zuraren eta ahoko brontzearen apaingarri, eta animaliak eta ehizaldiak irudikatzen zituzten batez ere. Urregintzako lanik harrigarrienak sastakai damaskinatuak dira : urrea, zilarra, elektroa (urre eta zilar nahastura, anbar kolorekoa) eta niela (esmalte beltza) maisutasunez konbinaturik daude, halako eran ezen gai horien kolore nahasketek (zuria, horia, gorrizta eta beltza) metal gaineko fresko ikusgarri moduko bat eratzen baitute.
Hilaren ondoan aurkitutako gauzen artean aipagarriak dira, azkenik, bitxiak eta metal bitxizko ontziak.
Mizenasko bitxigintza, armetarako brontzegintza bezala, Minosko tradizioan oinarritu zen batez ere, baina ez hartan bakarrik, esan baitaiteke putzu hilobietan bi tradizio independentek bat egin zutela : tradizio greziarrak, batetik, eta Minoskoak, bestetik.
Gauza asko eta era askotakoak aurkitu dira hilobiotan, emakumeen gorpuzkinen ondoan batez ere, baina baita gizonen ondoan ere : koroak eta diademak, urrezko xafla eta zirrindolak jantzietan josteko, lepokoak, eskuturrekoak eta orkatilekoak, kateak, orratzak, belarritakoak, eraztunak. Batzuk -diademak, adibidez- hilentzat berariaz egindakoak zirela uste da.
Metal bitxizko ontziek Mizenasko aberastasunaren neurria ematen dute : hilobi zaharrenetan (B zirkuluko hilobiak) urrezko hiru eta zilarrezko bi aurkitu ziren ; geroagokoetan (A zirkuluko hilobiak), berriz, urrezko hogeita lau eta zilarrezko hogei.
Ontzi txikiak dira gehienak, eta bi motatakoak bereiz daitezke : edateko erabiltzen zirenak (edontziak) eta isurtzeko erabiltzen zirenak (pitxerrak). Landare eta animalia irudiez apaintzen ziren batez ere, baina baita eguneroko bizitzako gertaerez ere, behin edo behin. Artelan hauetan ere bi aldetako eragina nabari da, Kretakoa, batetik, eta kontinente barrukoa, bestetik.
Horma irudiak
aldatuKretakoak bezala, Mizenasko zibilizazioko jauregi eta etzeetako hormak (eta zoruak) pinturez apaindu ziren. Hiru gai nagusi erabili zituzten margolanotan : gizarte bizitza, erlijio bizitza eta izadia (izurdeak, olagarroak, arrainak). Beste gai nagusi bat, hartu zuen hedaduragatik besterik ez bada, apaindurazko marrazkia da. Mizenasko pinturak Kretako arte moldeari jarraitu zion, oro har, baina, adibidez, Knossosko jauregiko irudien mugimendu askatasunaren aldean, hura baino askoz zurrunagoa da.
Nolanahi ere, nekez aurkituko da Kretan Mizenasko fresko zati baten marrazkiaren bikaintasuna. Jainkosa baten marrazkia da (K.a. XIII. mendea) ; bularretik burura bitarteko zatia besterik ez da gorde. Blusa lepo-has batez jantzita dago, eskuturrekoez eta lepokoaz apaindua, sorbaldez beheragoko hiru txirikorda luzetan duela orraztua ilea.
Esku batean daramatzan bitxiei begira bezala dago. Harrigarriak dira haren aurpegi soslaiaren garbitasuna eta eskuen eta begiaren marrazkiaren bikaintasuna.
Zeramika eta plastika lanak
aldatuMizenasko zibilizazioaren ezaugarri berezienetako bat zeramika da, zeinak, bide batez esanda, oso lotura estua baitu pinturarekin. Zibilizazioa bera bezala Kretako ereduan oinarritu zen hasieran Mizenasko zeramika ere, bai formetan bai gaietan, baina putzu hilobien garaian ezin bereizi bazitekeen ere Mizenasko ontzi bat Kretako batetik, bilakaeraren bilakaeraz bere molde propioa hartu zuen, margozko dekorazioa estilizatuz, eskematizatuz eta soilduz. Estilo berri hori Peloponeso osora ez ezik, Greziako erdialdera eta Eubeara ere zabaldu zen, zeramikagintza mota berriaren eta zibilizazioaren beraren gailentasunaren erakusgarri.
Beste arte adierazpen batzuk
aldatuMizenasen ez zen, Kretan izan ez zen bezala, estatua handietarako zaletasunik. Tamaina handiko lan bakarra ezagutzen da : igeltsu margotuzko emakume (edo esfinge bat ote?) buru bat (K.a. XIII. mendea). Aldiz, lur egosizko estatua txiki asko aurkitu dira hilobietan, kontinente osoan. Jainkosak dira gehienak, eta egikeran desberdinak badira ere, badute zenbait ezaugarri komun : buru txikia hiruki itxuran moldatua, begi handi irtenak eta sudur nabarmena ; lepo luze iraina, zilindro itxurako enbor soila gorpuztzat, eta erantsitako bi kono txiki bulartzat.
Besoak altxatuta eta koroa buruan irudikatzen da askotan, margo beltz edo marroizko marra soilez apainduta.
Azkenik, metalezko eta bolizko lanei dagokienez, aipatu beharrekoak dira Vafioko urrezko edontziak (K.a. 1500 inguru) eta Mizenasko bolizko hiru jainkosak (K.a. 1550-1400 inguru), zein baino zein bikainagoak. Bolizko irudi honetan atentzioa ematen du keinuen fintasunak eta irudien gizatasunak, ez baita antzinako artearen munduan, greziarrak iritsi arte ez behinik behin, hurkoarenganako maitasuna halako berotasunez eta edertasunez irudikatzen duen obrarik.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.