Kimera (mitologia)
Greziar mitologian, Kimera (antzinako grezieraz Χίμαιρα Khimaira; latinez Chimæra), munstro itsusi bat zen, Tifon eta Ekidnaren alaba, Asia Txikiko eskualdeetatik ibiltzen zena jendea izutu eta artaldeak eta beste animalia batzuk jaten, Ortrorekin, Esfingea eta Nemeako lehoiaren ama izan zen.
Kimera (mitologia) | |
---|---|
Ezaugarriak | |
Sexua | emea |
Familia | |
Aita | Tifon |
Ama | Ekidna |
Bikotekidea(k) | Ortro |
Seme-alabak | Esfinge eta Nemeako lehoia |
Anai-arrebak | Lernako hidra eta Zerbero |
Deskribapenak aldatu egiten dira. Batzuk ahuntz gorputza, suge edo herensuge baten atzealdea eta lehoi baten burua zuela zioten, beste batzuk, berriz, hiru buru zituela: bata lehoiarena, beste bat akerrarena, bizkarraldetik irteten zitzaiona, eta azkena herensugearena, isatsetik irteten zitzaiona. Dena dela, deskribapen guztiek gauza batean bat egiten dute: bere buruetakoren bat edo gehiagotik sua botatzen zuela, alegia. Biziki azkarra zen.
Kimera, azkenean, Belerofontek garaitu zuen Pegasoren laguntzarekin, hegodun zaldia, Liziako Iobates erregearen agindupean. Kimeraren heriotzaren zenbait deskribapen daude: batzuk, Belerofontek bere lantzarekin zeharkatu zuela diote soilik. Beste batzuk, berriz, lantzaren muturra berunez estaliz hil zuela diote. Berun hau, Kimeraren arnas gartsuaren aurrean jarrita urtu zen.
Jatorria eta gaur egungo esangura
aldatuKimera grezieratik dator Χίμαιρα Khimaira, akerra esan nahi duena. Baliteke, mitoaren atzean, benetako borroka bat egotea, gerra buruzagi bat edo akerrarekin zerikusia izan zezakeen ikurra, izena edo tituluren bat zuen bidelapur baten aurka.
Kimera edo kimeriko hitza, sarri, fantasiazkoaren paradigma bezala erabiltzen da, batez ere onuragarria denean: utopikoa. Ingelesez eta gazteleraz testuinguru teknikoetan, metafora bezala erabiltzen da, iturri ezberdinetatik datozen ezaugarri konbinatuak dituzten gauzak deskribatzeko. Genetikan, adibidez, bi iturri ezberdin edo gehiagotik abiatuta sortutako organismo edo ehun bat, kimerikoa deritzo, edo kimerismoz jota dagoela, beste emale batzuen organuekin transplantatutako gaixoen kasuan bezala. Nahasketa edo hibridazio zentzu hori, gaztelerara ere pasa da egungo fikzioen bidez (ordenagailu jokoak, anime, manga...)
Kimera bezala txinatar lehoi edo Furen zakurrei ere deitzen zaie.