Definizio
Definizioa adigai bati dagozkion ezaugarriak formula zehatz baten bidez mugatzen duen esaldia edo azalpen testu laburra da.
Ezaugarriak
aldatu- Definizio on batek, batez ere, lehen esaldian mugatu behar du azaldu nahi duen adigaia. Entziklopedietan, lehen esaldi horri testu bat eransten zaio, azaldu nahi den adigaia hobeto azaltzeko.
- Definizioak laburra izan behar du.
- Definizioak zehatza izan behar du, definitzen dena antzeko adigaiekin ez nahasteko informazioa eskaini behar da.
- Definizioan hiperonimoa agertuko da askotan. Adibidez, mahai hitzaren definizioan, altzari hiperonimoak agertu behar du: gauza edo objektu hitzak ez dira definiziorako nahiko zehatzak.
- Definizioak definitzen dena bere osotasunean deskribatu behar du: mahai hitzaren definizio egokiak edozein mahaitarako balio behar du.
- Definizioak definitu nahi duenerako bakarrik balio beharko du, ezin izango du antzeko adigairen bat ere deskribatu.
- Aditz bat definitzeko, beste aditzen bat erabili beharko da, objektu bat deskribatzeko, hiperonimoa.
- Hitz askok adiera bat baino gehiago dituzte. Definizioan adiera horien berri eman behar da.
- Definizioa idazteko sinonimoak erabil daitezke.
Definizio bat idazteko, zer ez da egin behar
aldatu- Definizio tautologikoak saihestu behar dira.
- Definitzen den hitza edo bere eratorriak ez dira definizioan erabili behar. Esate baterako, definizio hitzaren definizioa idazterakoan, ez dugu definitu aditza erabiliko.
- Definizioan ez da estilo alokutiboa erabili behar. Irakurleari bigarren pertsonaz mintzatzea ez da definizioen estilo txukuna: esate baterako, gosea definitzean, ez da ederra jateko gogoa duzunean... bezalako moldea erabiltzea.
- -enean moldea ere saihestu egin behar da: hots, desegokia da elurra definitzeko, ...hotz handia egiten duenean... idaztea.
- Definizioan ez da zertan adibiderik sartu. Entziklopedietako azalpen testuetan bai, baina definizio labur batean ezin da adibidea definizioan txertatu: ibaia: Nilo edo Amazonas bezalakoak.
- Sinonimoek beren lekua dute, baina sinonimo huts batek ez du definizio estatusika.
Definizioak idazteko zenbait molde
aldatu- Erlatibozko esaldiak oso erabilgarriak dira definizioak idazteko.
- -(e)n + izena (definizio-oina); musa: ...inspirazio iturri diren izakiak...
- -en + izena (definizio-oina) + adjektibo; ...lau soka dituen musika-tresna zaharra...
- -tako / -riko + izena (definizio-oina); ...bi hidrogeno atomo eta oxigeno atomo batez osaturiko molekula...
- Esanahi bereko aditza erabiliz: irauli: ...hankaz gora jarri...
- -az esaten da.
- -ri esaten zaio / -ri deitzen zaio.
Definizio bat ebaluatzeko galdera sorta
aldatuDefinizioa noraino den txukuna ebaluatzerakoan, BAI erantzuna behar duten galderek definizioa nondik hobetu erakutsiko digute:
- Definizio horrek nahi dugunaz gain beste zerbait ere definitzeko balio du?
- Definizio horrek definizio-gaiaren aldaera guztietarako balio du?
- Alferrikako datuak agertzen dira definizioan?
- Beharrezko datu guztiak agertzen dira? Nahikoa zehatz da definizioa?
- Luzeegia da? Laburregia?
- Ulergaitza?