Abdelkader El Djezairi
Abdelkader ibn Muhieddine (Guetna, Otomandar Aljeria, Otomandar Inperioa, 1808ko irailaren 6a – Damasko, Siriako Valierria, Otomandar Inperioa, 1883ko maiatzaren 26a), (arabieraz: عبد القادر ابن محيي الدين ʿAbd al-Qādir ibn Muḥyiddīn), Abdelkader emirra edo Abdelkader El Djezairi moduan ere ezaguna, Aljeriako emirra izan zen.
Frantziar kolonialismoaren kontrako borrokagatik ezaguna da, eta aljeriar nazioaren aitatzat jotzen da. Literaturgintzan ere aritu zen.
Bizitza
aldatuHaurtzaroa eta ikasketak
aldatuGuetna del Oued al Hammamen jaio zen, Muaskarretik 20 km-ra, Oran eskualdean, garai hartan otomandarren mende. Bere familiak, Banu Hashim tribuko familia garrantzitsuenetako batek, Mahoma profetarenganaino hedatzen zen genealogia zuen.
Gaitasun apartak eta adimen goiztiarra zituen, eta, umetatik, gurasoen zuzendaritzapean, hezkuntza arduratsua jaso zuen. Bere ama Lalla Zohrak, bere bizitza osoan lotura berezia izan zuen emakume landuak, irakurtzen eta idazten irakatsi zion.
Bere aitak, Muhi al Din ibn Mustafa al Hassani, Qadiriyyako muqaddama[1], sufi-bidean ekin zion, eta bide horrek gidatu zituen aurrerantzean bere bizitzako alderdi guztiak. Zientzia islamiarretan ikasi zuten eta oso gazterik hafiz maila lortuko zuen Korana eta hadiza buruz ikasi ondoren. Filosofia, literatura, geometria, geografia, astronomia eta farmakopea ere ikasi zituen. Oso gaztetatik interesatu zen herri kristauen historiaz, politikaz eta Europako zientziez. Eskualdeko gizon garrantzitsuenen instrukzioa jaso zuen, hala nola Si Ahmad Ben Tahar al Rifi, hainbat gai mundutar eta europarrek estrategia zeritzotenak irakatsi zizkionak, edo Si Ahmad ben Jodja, Aljeriako mendebaldeko jakintsu handienetako bat. Hizlari bikaina izan zen, eta zenbait diziplina fisikotan ere nabarmendu zen, hala nola gimnasia, zaldiketa eta ehiza. Zaldizko aparta izan zen, eta zaldien maitale handia.
1825ean, aitarekin batera, lehen bidaia egin zuen Ekialdera. Oran, Tunisia eta Egipto bisitatu zituen. Harrituta geratu zen Mehmet Alík egindako modernizazio-lanagatik. Meka eta Damasko ere bisitatu zituen, eta han Khaled al-Naqshbandi sheikha ezagutu zuen, eta Ibn ‘Arabiren hilobian izan zen lehen aldiz, bere maisu espiritual gisa ikusi zuena. Bagdadera joan ziren, eta han sufismoaren beste maisu handi baten eta Qadiriyya Abdul Qadir Gilaniren hilobia bisitatu zuten. Handik Mekara itzuli ziren, eta han egin zuten hajja edo erromesaldia. 1829an, Guetnara itzuli zen aitarekin.
Frantziar inbasioaren kontra
aldatuAljeriako mendebaldeko tribuak bereziki aktiboak izan ziren otomandarren aurkako erresistentzian. Abdelkaderren aita bere buruetako bat zen. Tribuek otomandarren okupazio atzerritartzat jotzen zutenaren kontrako giro orokor horretan, agertokia berehala aldatuko zen. 1830ean frantsesek Aljer konkistatu zuten[2][3] eta Orango beyak frantsesen aurrean amore eman zuen hurrengo urtean.
Tribuek ez zuten onartu agintari berrien autoritatea. Abdelkaderren aita gaixorik zegoen, eta semeari eman zion bidea. Hark erakutsi zituen aparteko ezaugarriak zirela eta, tribuak bere gidaritzapean elkartu ziren: 1832ko azaroaren 21ean, 24 urte zituela, leialtasun-zina eman zioten (bay’a) eta sultan izendatu zuten. Abdelkaderrekek ez zuen titulua onartu, Feko xharifari aplikagarria zela uste baitzuen, eta emirrarena hartu zuen. Hurrengo urtean aita hil zitzaion.
Emirrek gudu-zelaian izandako etengabeko garaipenak 1834an bukatu ziren, Desmichelseko ituna sinatzean. Itun horren arabera, Emirraren autoritatea onartzen zen Oranen barruan eta Frantziakoa kostaldean. Tratatuaren terminoen anbiguotasunak Abedlkaderreen posizioak erraztu zituen azkenean. Hori dela eta, Desmichels jeneralak ospea galdu zuen, eta Trézelek ordeztu zuen. Trézelekin tropa frantsesek porrotak pilatzen jarraitu zuten, 1835ean Maktako gudua izan zen hondamendi handira arte. Gertaerek hartu zuten norabidea ikusita, Frantziak Thomas Robert Bugeaud bidali zuen, Espainiako Independentziaren Gerran borrokatu eta Abdelkaderrek hain ondo menderatzen zuen gerrilla gerra ondo ezagutzen zuen militarra. 1836ko uztailaren 6an Bugeaudek Abdelkaderren tropak garaitu zituen eta 1837ko maiatzaren 30ean bi alderdiek Tafnako ituna sinatu zuten[4][5]. Itunaren arabera, Abdelkaderrek Desmichels itunean baino lurralde zabalagoa lortu zuen, baina beti Frantziaren subiranotasun formalaren pean, zeinak, gainera, kostako zenbait enklabe kontrolatzen baitzituen.
Estatu moderno baten sorrera
aldatuTafnako itunaren ondoren, Emirrek tribuen leialtasuna finkatu eta estatu baten oinarriak ezarri zituen. J. Berquek eta A. Larouik adierazi dutenez, Abd el-Qazderrek benetako Estatua sortu zuen terminoaren adiera modernoan[6].
Ibn Khaldunen pentsamendua asko ezagutzen zuen, eta bizitza nomadaren eta bizimodu sedentarioaren arteko tentsioa izan zuen beti kontuan. Frantziarren aurka borrokatu zen urteetan, tribuen leialtasun ezegonkorrari aurre egin behar izan zion. Beti adierazi zuen norberekeria tribalak gainditzea eta Otomandar herentzia dekadentearen ustea aldatzea zela bere helburua.
Abdelkaderrek armada bat antolatu zuen, baita plaza indartsuen eta defentsa-gotorlekuen sistema bat ere. Zergak biltzeko sistema bat ezarri zuen eta dirua inprimatzera ere iritsi zen. Al-Andaluseko medikuntzaren miresle handia izan zen, eta osasun-sistema bat planifikatu zuen medikuak eta erizainak barne hartzen zituzten taldeekin. Herritar guztientzako hezkuntza-sistema zehatza ere planifikatu zuen. Informazio-kanal ugari eskuratu zituen, eta horiei esker jasotzen zituen Frantziako egunkariak puntualki, eta Léon Roches lagunari eskatzen zion irakurtzeko. Gibraltarren oinarrituta Britainia Handiarekin eta Frantziarekin zituen armen negoziazioan eta merkataritzan erabili zituen herritar judu gehienak. Bere aurkariek gerragatik gatibuei eman zien tratua nabarmentzen jakin zuten. Abdelkaderrek presoen tratuari aplikatu beharreko giza kode bat ezarri zuen. Horietako asko Pauen erbesteratuta egon zen garaian bisitan joan zitzaizkion.
Hasieran, Tagdemten finkatu zuen hiriburua, Banu Rustam dinastiaren kultura- eta politika-gune izandako hartan. Geroago, 1841eko maiatzean, Frantziako armadaren aurrerapena bere ateetara iristen zenean, bizilagunek erre eta abandonatu egin zuten hiriburua. Orduan planifikatu zuen bere Smala, estatuko benetako hiriburu nomada. Erakunde horretan, beduinoen-dendak zirkulu zentrokideetan antolatzen ziren. Guztiek dute leku zehatz bat, ordena zehatz baten arabera. Smalaren erdian zegoen Emir Abdelkader estatuburua.
Borroka armatua berrartzea
aldatuTafnako itunaren baldintzak ez ziren argiak eta desadostasun berriak sortu zituzten. B. Étienneren arabera, Bugeaud jeneralak jatorrizkoa frantsesez izatea inposatu zuen eta arabierara itzultzeko agindu zuen, itzultzaile frantsesen bidez. Jatorrizkoa bere eskuetan gorde zuen eta hil zenean emazteak suntsitu zuen jatorrizkoa. Yverren eta Emeriten ikerketen zain egon behar izan zen, frantziarrek tratatuaren baldintzak ez zituztela bete jakiteko.
1839an, frantziarrek Burdinazko ateak izeneko eraso militarra abiarazi zuten. Emirrak tratatuaren bortxaketatzat hartu zuen, eta bi bandoen arteko borroka armatua berrabiatu zen. Bugeaudek errepresio izugarria egin zuen, erretako lurraren estrategia erabili zuen gosete etengabeak jasan zituen populazioaren kontra. Bere hitzetan, «ez da beharrezkoa arabiarren atzetik korrika egitea, baizik eta haiek erein, bildu, bazkatu dezaten ekiditea»[7].
Frantziaren garaipenak 1842tik aurrera hasi ziren. 1847an kolpe erabakigarria eman zuten, ausaz ofizial frantses batek Smala aurkitu zuenean. 1843ko maiatzaren 16an, tropa frantsesek ezustean hartu zuten emirraren hiriburu nomada, hura kanpoan zegoen bitartean. Abdelkader Marokon babestu zen, leial izaten jarraitzen zuten tropa urriekin. Ez zuen borroka utzi eta garaipen bakanen bat lortu zuen, Sidi Ibrahimena bezalakoa, baina bere indarren mugan zegoen. Fezko sultanari babesa eskatu zion, baina, azkenean, Frantziako tropek menderatu zuten Islyko guduan, 1844ko abuztuaren 12an. 1844ko irailean, Frantziak eta Marokoko sultanak Tangerko ituna sinatu zuten, Aljeriako mugak finkatzeko. Abdelkader itunetik kanpo geratu zen. Frantziako armadak inguratuta, hainbat gutun bidali zizkien Ingalaterrako erreginari eta Espainiako erreginari[8], babes eske, erantzunik jaso gabe. Azkenik, Agueddingo guduaren porrotaren ondoren (1847) Aljeriara itzuli ondoren, 1848ko abenduaren 23an Lamoricière jeneralaren aurrean errenditu zen. Amore emateko unean, Abdelkaderrek jeneral frantsesari oparitu zion gerra-zaldi onena. Lamoricièrek hitz eman zion emirrari bere familiarekin lur islamdarretan finkatu ahal izango zela, izan Alexandrian edo Akren.
Deserria Frantzian
aldatuEmirra errenditu ondoren, Frantziako Bigarren Errepublikak ez zuen bere hitza bete. Abdelkader, amarekin, hiru emazteekin, seme-alabekin eta gainerako umeekin batera, Asmodée ontzian ontziratu zen, Toulonera bidean, eta handik Pauera. Han, Fort Lamalgue gotorlekuan sartu zuten, oso baldintza eskasetan zegoena. Emirra bere denbora guztian bere dendan egon zen. Bere hitzetan, doluan dagoen arabiar batek ez du inoiz bere denda uzten. Pauera iritsi zenetik, emirrak protesta gisa idatzi zuen frantsesen hitza hausteagatik eta jasaten dituen baldintza eskasengatik. Bertan egoteak berarekin elkarrizketatzera etortzen diren era guztietako pertsonak erakarri zituen. Azkenik, sei hilabeteren buruan, Frantziako agintariek Amboisera eramatea agindu zuten.
1848an Amboise gaztelura iritsi zen, eta gaur egun oraindik ikusgai dago haren erretratua. Han, berak eta bere familiak baldintza zailak pairatzen jarraitu zuten: hotza, hezetasuna, isolamendua, tuberkulosia edo kolera bezalako gaixotasunen eragina, edo eguneroko bizitzako jarduera guztietan segurtasuneko eskolta harrigarri baten zaintza. Amboisen bere taldeko 25 lagun hil ziren. Haien hilobiak gazteluko lorategian daude. Pauen bezala, emirrarekin hitz egitera maiz zetozen Frantziako gizarteko hainbat pertsona. Haiekin eztabaidan aritu eta ideiak trukatzen zituen askotariko gaiei buruz: literatura politikoa, filosofia, zientzia edo erlijioa. Frantziako gizarteak bere erudizio zabalaren, jakin-min agorrezinaren eta bere izaera noblearen lekukotza eman zuen. Emirra Frantziak asko maite zuen preso bihurtu zen. 1852an Amboise utzi zuenean, Pauen gertatu zen bezala, herriak afektuz eta estimazioz agurtu zuen taldea.
Napoleon III.ak, emirraren miresle handiak, ohorezko gaitzat hartu zuen emandako hitza betetzea eta Ekialdean erbesteratzen uztea. 1852ko urriaren 16an, Emirrari jakinarazi zion askatu egin zutela eta pentsio handi bat eman ziotela. Emirrak frantsesen aurkako erresistentziarik ez egitea hartu zuen konpromiso. Geroago, 1865ean, Napoleon III.ak frantziar subiranotasunaren pean baina emiarrak agintea izango zuen arabiar herrialde baten ideia proposatu zuen. Abdelkaderrek baztertu egin zuen proposamen hori.
Damaskon
aldatuNapoleon III.ak gonbidatutako Bigarren Inperioa aldarrikatzeko ekitaldietan Parisen izan ondoren, Abdelkader eta haren taldea Marseillako portutik abiatu ziren Istanbulerako bidean. 1853an Bursan ezarri ziren. 1855ean, hiria astindu duen lurrikara dela eta, Turkia utzi eta Damaskon ezarri zen behin betiko. Bidaia batzuetarako bakarrik atera zen aurrerantzean. 1863an Mekara erromesaldia egin zuen, eta 1867an Parisera joan zen Parisko Erakusketa Unibertsalera. Jerusalem, Istanbul, Europa eta Egiptora ere joan zen bisitan.
Damaskok 28 urte inguru eman zituen, eta Ibn ‘Arabiren figurarekin estu lotuta egon zen. Damaskora iristean, Qasiun mendiaren magalean dagoen hilobia bisitatu zuen. Gainera, familia osoarekin batera, Al-Andaluseko maisu handiak okupatutako etxean jarri zen bizitzen. Damaskon familiaren, ikaskuntzaren eta irakaskuntzaren artean banatu zuen bere denbora. Gero eta ikasle hurbilenekin biltzen zen Ibn ‘Arabiren Futuhat al-Makiyya eta bere Kitab al-mawaqif iruzkintzen zituzten. Damaskoko Meskita Handian, hango ikasleekin jarraitzen zuen ikasten. Hala ere, Abdelkader ez zen isolatu inguruan gertatzen zenaz.
Otomandarrek Ekialdeko kristauak Europako potentziek eskualdean sartzeko erabiltzen zuten zubitzat hartu zituzten beti. Tentsio horrek lehertu egin zituen 1860an drusoen eta maroniten artean izan ziren Libano mendiaren arteko liskarrak. Gertakariek Damaskon bizi ziren kristauen sarraskia eragin zuten. Damaskon bizi ziren aljeriarren komunitateak lagundutako Emirren esku-hartzeak Damaskoko kristau askori bizia salbatzea lortu zuen. Horregatik, aitorpen ugari jaso zituen. Frantziako Gobernuak Ohorezko Legioko Gurutze Handia eman zion eta pentsioa handitu zion; Abraham Lincolnek gaur Arjeleko Museoan erakusgai zeuden bi pistola oparitu zizkion; Britainia Handiak urrezko inkrustazioak zituen fusil bat oparitu zion; Vatikanoak Pio XI.aren Agindua eman zion; Errusiak Gurutze Handia eman zion. Kaukasoko heroi handiak, Imam Shamilek, garai hartan Errusian erbesteratuak, gutun hunkigarri bat bidali zion bere esku-hartzeagatik.
Suezko kanala
aldatuAbdelkader Ferdinand de Lessepsen lagun pertsonala izan zen. 1848an ezagutu zuten elkar, Lesseps Madrilen enbaxadore zebilenean, eta Pauen erbesteratutako Emirra bisitatzera joan zenean. Abdelkader hasieratik interesatu zen Suezko kanalaren proiektuan, eta xehetasun tekniko guztien berri jaso zituen. Lessepsek laguntza eskatu zion herrialde musulmanetako biztanleak Kanala eraikitzeak haiei ekarriko lizkiekeen onurez konbentzitzeko. Proiektuaren ontasunaz eta musulmanen ekialdeak modernizazio teknikoa behar zuela sinetsita, Emir Abdelkaderrek eta haren lagun eta biografo Churchillek zeregin erabakigarria izan zuten Kanala eraikitzeko. 1869ko azaroaren 17an Abdelkader Suezko Kanalaren inaugurazioan izan zen.
Heriotza
aldatuDamaskon hil zen 1883ko maiatzaren 26an, 75 urte zituela. Ibn 'Arabiren hilobiaren ondoan lurperatu zuten. 1966an, independentzia lortu ondoren, Aljeriak bere hondakinak erreklamatu ziten, eta Aljerreko Alia hilerrira eraman zituzten, Aljeriako erresistentziaren martirientzat gordetako eremuan.
Ekintza-gizona izateaz gain, Abdelkader idazle emankorra izan zen. Askotariko gaiak biltzen dituen lan idatzi garrantzitsu bat utzi zuen: bizitza osoan zehar idatzi zuen korrespondentzia izugarria, eduki militarreko itunak, eduki erlijioso eta espiritualeko lanak eta poesia-lan nabarmena. Emirraren poesia-lanak arreta berezia merezi du, arreta gutxien jarri zaion alderdietako bat izan arren.
Eragina
aldatuAbdelkaderrek eragin nabaria izan zuen Aljeria estatuaren sorreran. Haren arerioek ere haren gizatasuna goraipatu zuten hura hil eta gero ere, izan ere gerra presoei erakutsi zien begirunea ez zen batere ohikoa garai haietan.
1846an sorturiko Iowako Elkader herriak Abdelkaderrengandik jaso zuen izena, fundatzaileek biziki miresten baitzuten kolonialismoaren kontra egin zuen borroka[9].
Euskal kulturan
aldatuAbdelkader pastorala antolatu zuten Zuberoan 2021ean Jean-Louis Davant euskaltzainak idatzi testua oinarri gisa hartuta. Davantek, Frantziako milaka gaztek bezala Aljeriako gerlan parte hartu zuen. Han 103 euskal herritar hil ziren gerlan, horien artean 22 xiberotar. Abdelkader mende eta erdi lehenago aritu zen gudari Aljerian bere lurra, herria, eta fedea zaintzen, Frantziako kolonialismoaren aurka Pastoralean ohikoa izaten da ate urdinetik ateratzea, baina kasu honetan Aljeria inbaditu zutenak ate gorritik atera ziren. Kristau eta musulmanen arteko harremanak lantzen ditu pastoralak, haien arteko zubiak eta gogoetak sorrarazten.[10]
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016-09-16 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Ingelesez) Bouyerdene, Ahmed. (2012). Emir Abd El-Kader: Hero and Saint of Islam. World Wisdom, Inc ISBN 978-1-936597-17-8. (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
- ↑ (Frantsesez) AULT-DUMESNIL, Georges Édouard d'. (1868). Relation de l'Expédition d'Afrique en 1830 et de la conquête d'Alger ... Deuxième édition revue, corrigée et ... augmentée, précédée d'un aperçu historique sur l'Algérie ... et suivie d'un appendice sur la colonisation de l'Algérie. (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
- ↑ (Frantsesez) Rousset, Camille (1821-1892) Auteur du texte. (1879). La conquête d'Alger / par Camille Rousset,.... (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
- ↑ «An Account of Algeria, or the French Provinces in Africa» Journal of the Statistical Society of London 2 (2): 115. 1839-03 doi: . (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
- ↑ Ageron, Charles Robert. (2005). De l'Algérie française à l'Algérie algérienne. Bouchène ISBN 978-2-912946-68-3. PMC ocm61273848. (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
- ↑ Dhoukar, Hédi. (1994). «Bruno Étienne : Abdelkader, 1994 ; S. Aouli, R. Redjala, P. Zoummeroff : Abd El-Kader, 1994» Hommes & Migrations 1176 (1): 54–55. (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
- ↑ López García, Bernabé. (1997). El mundo árabo-islámico contemporáneo: una historia política. Editorial Síntesis ISBN 978-84-7738-488-5. (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
- ↑ Epalza Ferrer, Mikel de. (1982). «Nota sobre la correspondencia inédita del Emir Abdelkader de Argelia con España, en visperas de su rendición (1847)» Anales de la Universidad de Alicante: Historia contemporánea (1): 231–240. ISSN 0212-5080. (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
- ↑ «History of Elkader, IA» www.elkader-iowa.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
- ↑ Kanaldude. (2021-07-05). Abdelkader "Aljeriar gudaria eta saindua". (Noiz kontsultatua: 2021-07-25).