Zilbetiko monasterioa
Zilbetiko monasterioa | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Erroibar |
Koordenatuak | 42°59′07″N 1°28′01″W / 42.98526663°N 1.4669723°W |
Zilbetiko monasterioa (beste izenak: San Bartolome, San Zakarias, Ordenakoa) Nafarroa Garaiko Erroibar udalerriko Zilbeti kontzejuan dagoen monasterio zahar bat da.
Bertatik Nafar Bidea igarotzen da, Lintzoaindik Zubirira.
Kokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Monasterioaren jatorrizko kokapena ezezaguna da, baina Urkiagako mendatearen inguruan egongo zela uste da, Arga ibaiaren jaiotzatik gertu.
Ibarrera aldatu zenean (ez Arga ibaira, Etxarroko errekara baizik), Adi eta Tiratun mendiek inguratutako belardi txiki baten gainean finkatu zen. Bere inguruan, Zilbeti herria sortu zen, eta, beraz, gaur egun, herriaren goialdean dago.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zilbetiko monasterioaren sorrera, ziurrenik, inspirazio frankokoa izan zen (mende askotan zehar, frankoak saiatu ziren Pirinioetako bi isurialdeetan euskal mendiak menderatzen; aurre egin behar zieten etengabeko matxinaden ondorioz, eta kontrol militar eraginkorra zaila zenez, beste kolonizazio modu bat saiatzera pasa ziren: ingurua kristautuko zuten monasterioak sortzea eta menditarrak "zentzuz sartzea".
Jatorriz, Erzabal mendiaren magalean kokatua, Arga ibaia jaiotzen den tokitik gertu, berari egin zion erreferentzia San Eulogiok, Kordobako gotzain mozarabeak, 848. urtean Oskako eta Nafarroako Pirinioetatik bidaia bat egin zuena. San Juan de la Peña, San Pedro de Siresa, Igari, Urdaspal, Leire eta "San Zacariasko monasterioa, Arago ibaiaren buruan" bisitatu zituen. Bere idazkian ez du zehazki esaten non zegoen, eta Arago ibaiaren aipamenak egile askori pentsarazi die Aragoi ibaiaren buruan dagoen monasterio bat zela, egungo Jakaren iparraldean. Hala ere, Aragok "Aragoi" zein "Arga" izenetaren antza izateak, Erzabal mendian dauden hondakinek eta Iruñerako ibilbidearen deskribapenek, hondakin horiek Eulogio bisitatu zuen monasterioarenak direla pentsarazten dute.
Eulogio urte batzuk beranduago hil ondoren, Zilbetiko monasteriotik ez zen berriro albiste idatzirik izan mende batzuk beranduago arte; XI. mendean, gaur egungo herrian (Ordenako monasterioa) zegoen monasterioak normaltasunez funtzionatzen zuen. Haren inguruan herria sortu zen, astiro-astiro.
Mendian dagoen lehen monasterioaren gainean ez dago ezer ziurrik. Bere hondamen egoerak, aipamen idatzien bat-bateko desagertzeak eta mendeetan zehar berririk ez egoteak, pixkanakako abandonu batean baino gehiago suntsipen batean pentsatzera bultzatzen dute. Ez dago ezer ziurrik, eta arabiarrak izan zitezkeen, Nafarroako Erresumaren aurkako eraso eta eraso sarrietan, suntsitu zutenak. Baina badago beste aukera bat: normandiarrak. 859an, Eulogiok bidaia egin eta 11 urte geroago, normandiarren itsasontziek Landetako eta Ipar Euskal Herriko kostaldea suntsitu zuten, Bidasoatik sartu ziren eta, Belate zeharkatu ondoren, Iruñera sartu ziren, Gartzia Enekoitz erregea bahituz (urrez egindako erreskate handi bat ordaindu ondoren askatu zuten). Ibilbide hau ez dago Urkiagako mendatetik gertu dagoen monasterioaren antzinako kokapenetik oso urrun. Monasterioaren finkapenari eta bizitzari buruzko albiste sinesgarriak XII. mendekoak dira, batez ere Antso VI.a Jakituna Nafarroako erregearen garaikoak (1133-1194) eta Orreagako kolegiatako administrazio eta eliz mendekotasunekoak.
Eraikina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ordena, Orreagaren tutoretzatik datorren izena, fabrika erromaniko bat da. Ospitalea izan behar zuen etxe bat du atxikita, Tibalt I.a erregeak (1201-1253) emandako pribilegioetan aipatzen den datua. Multzoak, gaur egun, bere kanpoko egitura osoa mantentzen du eta teilatu berri batek ondo babesten du. Harlanduzko eraikina da, irregularrak eta harlanduxkoa goialdean, eta oinplano angeluzuzena du hormatalek. Fatxada nagusian portada eta arrosa-leiho bat nabarmentzen dira. Lehenengoa diamante puntadun bozeldun bi arkiboltaz eta boladun moldura konkabo batez markoztatuta dago, eta erdi-puntuko multzo harmonikoa xake-itxurako mantal batez babestuta dago. Okulua, fatxadaren goiko eskuinaldean dagoena, lobulatua da. Arkiboltak, inposta leun baten gainean daude, eta, hau, berriz, oin zutetan. Tinpanoa izan zitekeenaren arrastorik ez da agertzen. Oinaldeko horman, garai batean kanpai-horma bat zegoela egiaztatzen da. Kanpaiak ere horman bertan kokatu ziren, non bi zulo itsu agertzen diren.
Tenpluak ez du kontrahormarik, eta, beraz, litekeena da jatorrizko estalkia egurrezkoa izatea. Monasterioak, bere fatxadari, harlanduxkoz egindako eraikin horizontal luzeago bat du erantsita, bi isurkiko estalkiarekin, esan bezala, garairen batean ospitalea izan zitekeena.
Antsorena etxeko familiak, Zilbetiko bizilagunen saga bizienetako bat, 1814tik mantentzen du jabetzan, urte horretan Manuel Erreak erosi zuelarik, ondoren desamortizazioak eta immatrikulazioak saihestuz.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- «ZACARIAS - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-02).</ref>
- (Gaztelaniaz) Noticias, Diario de. «Zilbeti, eleberri hutsa» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2021-09-02).</ref>