Tibalt I.a Nafarroakoa
Tibalt I.a Nafarroakoa | |||||
---|---|---|---|---|---|
1234 - 1253
| |||||
Bizitza | |||||
Jaiotza | Troyes, 1201eko maiatzaren 30a | ||||
Herrialdea | Frantziako Erresuma Nafarroako Erresuma | ||||
Heriotza | Iruñea, 1253ko uztailaren 8a (52 urte) | ||||
Hobiratze lekua | Iruñeko katedrala | ||||
Familia | |||||
Aita | Tibalt III.a Xanpainakoa | ||||
Ama | Zuria Nafarroakoa (1177-1229) | ||||
Ezkontidea(k) | Gertrude of Dagsburg (en) Ines Beaujeukoa Margarita Borboikoa (1232ko martxoa (egutegi gregorianoa) - | ||||
Bikotekidea(k) | ikusi
| ||||
Seme-alabak | |||||
Leinua | Xanpaina leinua | ||||
Hezkuntza | |||||
Hizkuntzak | antzinako frantsesa | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | idazlea, musikagilea, agintaria, trobalaria eta poeta | ||||
Izengoitia(k) | Thibaut le Posthume, Thibaut le Chansonnier eta Teobaldo el Trovador | ||||
Genero artistikoa | olerkigintza | ||||
Tibalt I.a[1] (Troyes, 1201eko maiatzaren 30a - Iruñea, 1253ko uztailaren 8a), izengoitiz Trobalaria, Nafarroako errege (1234-1253) eta Xanpainako kondea izan zen (1201-1253). Ez zen izan, dena den, familiako lehenbizikoa errege titulua izaten. Aurretik Jerusalemgo errege izan zen bere osaba Henrike (1192-1197), eta lehenago Ingalaterrakoa birrosaba Eztebe (1135-1154).
Frantziako noble handia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tibalt 1201eko maiatzaren 30ean jaio zen Xanpainako hiriburua zen Troyes hirian. Aita, Xanpainako Tibalt III.a, egun batzuk lehenago hil zen eta, beraz, jaio eta berehala Tibaltek Xanpainako konde tituluaz jabetu izan zen. Hori zela eta, batzuetan hilondokoa ezizena izan zuen. Aitabitxia Filipe Augusto erregea zuenez, Gortean hazi zen. Amak, Nafarroako Antso VII.a Azkarra erregearen arreba zen Zuriak, ardura hartu zuen seme jaioberriaren ondasunak kudeatzeko. Gainera, Henrike II.a Xanpainakoa bere osabak zorra asko utzi zituen, gehienak aita hil zitzaionean ordaintzeke zeudenak.
1216tik 1222ra gerra piztu zen konderriko jabetzari buruz. Lur Santutik itzulitako Tibalt IV.aren alaba zen Filipa lehengusinak (Henrike II.aren alaba) eta Erard Brienne-Rameruptekoa bere senarrak konderriaren jabetza aldarrikatzen zuten eta gerra pizten. Gerra Xanpainako Ondorengotza Gerra izan zuen izena eta ez zen amaitu 1222an Tibalt adin nagusi bilakatu zen arte. Horretarako Tibaltek dirutza gastatu zuen bere eskubideak ziurtatzeko. Horrela onartu zuten senar-emazteak Tibalten boterea. 1234an Zipreko erregina eta Filiparen ahizpa nagusia zen Alizia Xanpainakoak ere bere eskubideak aldarrikatu eta, berriro, Tibaltek diruaren bitartez mantendu zuen bere agintea.
1221n, alegia, 20 urte beteta zuela, ama Zuriak utzi zuen kudeaketa lana eta Tibaltek hasi zuen bere agintaldi pertsonala. Tibaltek gatazka bat izan zuen Luis VIII.a erregearekin (1223–26) juduekiko erregeak zuen politika zela eta. 1223ko azaroaren 8an, erregeak Etablissement sur les Juifs izeneko legea ezarri zuen zorren interesak kitatuz (nahiz eta, era berean, kapitala hiru urteko epean itzuli behar ziela ezarriz). Zor guztiak jaunen eskuetan geratzen ziren, komisio baten truke, noski. Hogeita sei baroik Luis VIII.arekin bat egin zuten baina Tibaltek, jada juduekin akordio bat zuena, ez zuen legea onartu. Kontuan izan behar dugu Troyesen Rashiren egoitza izan zela mende bat aurrerago, eta orduko judu komunitate herrialde osoko inportanteenetariko bat zela.
1224an, Frantziako Luis VIII.aren ondoan Ingalaterrako Henrike III.aren lurraldeen aurkako gerran parte hartu zuen eta, zehazki, Arroxelako setioan. Gurutzada Albitarren garaian, berriz, berriro ez zen giroa errege eta kondearen artean. 1226ko Avignongo setioan Tibaltek 40 eguneko gutxieneko zerbitzua bete eta etxera itzuli zen. Eskerrak erregea laster hil zen disenteriaz ze noble batzuk Tibalten jarrera saldukeriatzat hartu zuten. Gainera, hauek Tibaltek erregea pozoitu zuelako zurrumurrua zabaldu zuten.
Edonola ere, Luis VIII.a hil zenean, Luis IX.a semea eta oinordekoa oso gaztea zen.[2] Aipatutako zurrumurruak zirela eta, Tibalt ez zen koroatzera joan eta amak ordezkatu zuen zeremonian. Zuria Gaztelakoak, Luis VIII.aren alargunak, semearen izenean agintaldia hasi zuen. Nobleak Zuriaren aurka jarri zirelarik gerra piztu zen. Hugo X.a Lusignangoa La Marcheko kondeak eta Petri Mauclerc Bretainiako dukeak matxinada burutu zuten eta Tibaltek hasieran alde egin arren,[3] erregeordeari leiala egon zitzaion. Portaera honen ondorioz, zurrumurrua zabaldu zen Tibaltek eta Blankak amodiozko harremana zutela. Zurrumurrua zabaldu zuen lehenengo kronikaria Roger Wendoverrekoa ingelesa izan zen. Wendoverrekoak Avignongo pozoitzearen istorioa zabaldu zuen Tibalt maitemindurik zegoela esanez. Mateo Pariskoa kronikariak frantziar nobleek errege berriari duelu bat egitera bultzatu ziotela idatzi zuen, erreginak berak gelditu zuena. Egungo historialarien ustetan, zurrumurru hauek ez zuten oinarri handirik. Izan ere, Tibaltek Gortean zuen botera asko handitu zenez arerioek ez zuten begi onez ikusi eta holako legenda beltzak ohikoak ziren.
1229an Raimundo VII.a Tolosakoarekin Gurutzada Albitarrari amaiera eman zion Parisko itunean lan egin zuen.[4]
Egia izan ala ez, beste baroiek 1229-1230. urteetan Xanpaina inbaditu zuten. Ironiko bazen ere, aliantzak Ondorengotzaren Gerraren aldrebesekoak izan ziren: Henrike II.a Barrekoak ekialdetik eraso eta Tibaltek Lorrenako jaunekin bat egin zuen Barreko dukerria hartzeko. Simon Joinvillekoa, Ondorengotza Gerran bere aurkaria izandakoa, Tibaltekin bat egin zuen Bar-le-Duc hiriburua zuen dukerria erasotzeko. Barrekoek Borgoinako dukerriaren laguntza eskatu eta Hugo IV.a Borgoinakoak hegoaldetik eraso zuen Champagne. Erasoak Blanka Gaztelakoa mugiarazi zuen eta erregeordeak gatazka bertan bera uzteko agindua eman zuen. Tibalt erasotzaileak egozteko gai izan zen[5] baina gatazkak eskualdeko ekonomia hondoraturik utzi zuen. Gainera, aitaren eta osabaren Gurutzadetako zergak oraindik ordaintzeke zeuden eta Tibaltek saldarazi behar izan zituen Parisko mendebaldetik zituen eremuak: Blois, Sancerre eta Châteaudun hain zuzen ere.
1229an bere ama Argensollesko zistertar abadian zegoela hil zen eta hurrengo urtean baita bere izeba Berengaria ere. Ordutik bihurtu zen osaba Antso VII.aren lehen senide. Garai hartan osabak eta ilobak ia harremanetan jarri ziren.
Nafarroako erregea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1234ko apirilaren 7an Antso VII.a Azkarra, Nafarroako erregea Tuteran hil zen. Berria jakinik, Tibalt berehala Xanpainatik Nafarroara joan zen eta 1234ko maiatzen 2an, Iruñeko katedralean Nafarroako errege tituluaz jabetu zen, foruen zina eginez eta osabaren ondorengotza hartuz. Nafarrek ez zuten aurreko erregearen azken-nahia bete, Antsok Jakue II.a Aragoikoa nahiago zuelako. Horrela, Nafarroan Frantzian jaiotako lehendabiziko erregea ezarri zen eta baita Xanpaina leinuaren lehendabizikoa ere.
Bere agintea berresteko itunak sinatu zituen Aragoi, Gaztela eta Ingalaterrarekin. 1234ko urriaren 13an, Burgin, ituna izenpetu zuen Aragoiko erregea zen Jakue II.arekin. Gauza bera egin zen ondoko urriaren 31an, Logroñon, Gaztelako erregea zen Fernando III.arekin. Laster, ohartuta Nafarroako arauak arrotz zituela, agindu zuen Nafarroako Foruen idatzirik biltzea.[6] Hemendik aurrera, Tibalt erregeak bere denbora Xanpaina eta Nafarroa artean banatuko zuen. Gobernuan Xanpainatik etorritako nobleak jarri zituen, jaraunspenezkoak ez ziren karguak (tenentziak) gutxitu zituen eta Erresuma merindadetan banatu zuen (hasieran lau baino ez).
Gaztelaren babesa izateko asmotan, Zuria alabak ezkon-hitza eman zion Alfontso gaztelar ondorengoari. Itunaren bitartez, Fernando III.ak Gipuzkoa eskaini zion Tibalt bizi zen bitartean baina ez nafar erregeek aspalditik aldarrikaturiko Araba. Gipuzkoa kontrolpean bazuen, itsasorako bidea zabalik izango zukeen baina ituna ez zuten inoiz bete eta hurrengo urtean alabak Joan I.a Bretainiakoa ezkondu zuen.
Gregorio IX.a aita santuak hala eskatuta, 1238tik aurrera Tibaltek Lur Santua askatzeko gurutzada antolatu zuen.[7] Nafarroako, Champagneko eta Frantziako nobleek osatutako 1500 zaldunen gudarostea Palestinara iritsi zen 1239ko irailaren 1ean, Akrera hain zuzen ere. Axkelonera mugitu eta Tibaltek bertan gaztelu bat eraikitzeko agindua eman zuen. Bi gudu txikiak izan zituen. Lehenengoan garaipena lortu zuen, baina musulmanen aurkako bigarren guduan, Gazan, urriaren 13an, gurutzatuek porrot handia jasan zuten.[8] Hala eta guztiz ere, Tibaltek Damasko eta Egiptoko aiubtarrekin negoziatu zuen. Horrela siriarrekin akordioa lortu zuen egiptoarren aurka. Akordioaren ondorioz, Jerusalemgo Erresumak Jerusalem bera, Betleem, Nazaret, Galilea gehiena eta hainbat tenplarioen gaztelu, tartean Belfort eta Safed, irabazi zituen.[9] Egiptoarrekin tregoa bat ere negoziatu zuen.[10] Orduko iturri batzuen arabera, Jordan ibaia eta Mediterraneo arteko lur guztiak gurutzatuen eskuetan geratu ziren.
Lehenengo Gurutzadaren ondoren arrakastatsuena zen Gurutzada honen arrakastaren zein zatia zen Tibaltena zaila da esatea. 1240ko irailean Palestinatik itzuli zen, Rikardo Cornwallekoa baino lehen, hasierako indarra pixkanaka gurutzatuen arteko eztabaidetan galdu zelako. Bertatik Damaskoko rosa gallica espezieko arrosa, gurutze santuaren zati bat eta, agian, chardonnay motako mahatsa ekarri zituen.
Bizitzako azken urteak Nafarroa eta Xanpaina artean pasa zituen, bere lurraldeak ongi kudeatuz, bai pertsonalki bai laguntzaileen bitartez. Garai hartan Elizarekin arazoak izan zituen. Iruñeko gotzaina zen Petri Ximenez Gatzolatzekoak 1244an Agoitzen zeuden onibar batzuk aitzakiatzat hartuz, erregea Elizaren askatasuna urratzen zuela salatu zuen.[11] Harrezkero ez zen giro haien artean eta erregea eskumikatzekotan izan zen 1250ean. Gotzainak horretarako kontzilioa deitu zuen baina Inozentzio IV.a aita santuak erregearen alde egin zuen eta erregeen pribilegio gogoratu zuen, Aulki Santuak bakarrik eskumikatu ditzake erregeak.
1253ko uztailaren 18an hil zen Iruñean, 52 urte zituelarik. Katedralean hilobiratu zuten.
Oso olerki eta musikazalea zen, eta berak ere koplak egiten zituen.[12] Zaletasun honek eman zion goitizena. 71 konposizio lirikoen (horietatik 37 amodiozko kantuak) egilea izan zen, non birtuosismo tekniko handia erakutsi zuen (hitz-jokoak, metaforak eta alegoriak erabili zituen) eta baita trebezia ironikoa ere.[13] Bere garaietako trobalari ezagunena izan zen eta mende bat pasa zenean Dantek aurrekaritzat hartu zuen (De Vulgari Eloquentia).[14]
Familia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arbasoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aitona Henrike I.a Xanpainiako konde |
Amona Maria Frantziakoa |
Aitona Antso VI.a Nafarroako errege |
Amona Antsa Gaztelakoa |
Aita Tibalt III.a Xanpainiako konde |
Ama Zuria Nafarroakoa | ||
Tibalt I.a Nafarroako errege |
Ezkontzak eta seme-alabak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1220an Gertrudis Dagsburgekoarekin ezkondu zen Tibalt. Lorrenako dukearen alarguna zenez, Tibaltek uste zuen Lorrena kontrolpean izanen zuela ezkontzaren bidez. Baina, bere asmoak betetzen ez zirela-eta, bi urte geroago harengandik bereizi zen. 1223an, Beaujeuko jaunaren Ines alabarekin ezkondu zen. Ines 1231n hil zen. Alaba bakarra izan zuten:
- Zuria (1226-1283), Joan I.a Bretainiakoa dukearekin ezkondu zena 1236an, eta Joan II.a Bretainiakoa dukearen ama
1232an, Artxibald VIII.a Borboikoaren alaba Margaritarekin ezkondu zen. Margarita 1256an hil zen. Zazpi seme-alaba izan zituzten:
- Tibalt (1239-1270), Nafarroako erregea
- Piarres (1241-1261), Muruzabalgo jauna
- Leonor (1242-?), haurtzaroan hila
- Margarita (1244-1307), Federiko III.a Lorrenakoa dukearekin ezkondu zena 1255ean, eta Tibalt II.a Lorrenakoa dukearen ama
- Beatriz (1246-1295), Oto IV.a Borgoinakoa dukearekin ezkondu zena (1258)
- Henrike (1249-1274), Nafarroako erregea
- Gilen (1250-1267), erlijioan sartua
Ezkontzatik kanpo ere izan zituen haur batzuk, besteak beste:
- Aines (1231-?), Alvaro Perez de Azagra, Albarracingo jaunarekin ezkondu zena (1242)[15]
- Markesa (1251-?), Pedro Fernandez de Hijar jaunarekin ezkondu zena (1262)[16]
Monumentuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kaleak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
- ↑ Petit-Dutaillis, Charles. (1999). Luigi IX il Santo. in: Storia del mondo medievale. V, 840 or..
- ↑ William of Puylaurens. (2003). The Chronicle of William of Puylaurens: The Albigensian Crusade and its Aftermath. 81 Boydell Press.
- ↑ Lebedel, Claude. (2011). Understanding the tragegy of the Cathars. Ouest France, 96f or. ISBN 978-2-7373-5267-6..
- ↑ Jolibois, Émile. Histoire de la ville de Chaumont. .
- ↑ Zudaire Huarte, Eulogio. (1973). Teobaldo I, rey trovador. Iruñea: Nafarroako Foru Aldundia ISBN 84-23501-54-X..
- ↑ Setton, Kenneth M. (ed.). (1969). A History of the Crusades. II — The Later Crusades Milwaukee,: University of Wisconsin Press, 1189 – 1311 or..
- ↑ Catholic Encyclopedia. (1913). Thibaut de Champagne. New York: Robert Appleton Company.
- ↑ Tyerman, Christopher. (2006). God's War: A New History of the Crusades. Penguin Group, 767 or. ISBN 978-0-674-02387-1..
- ↑ Richard. The Crusades. p. 325.
- ↑ Fernández Pérez, Gregorio. (1820). Historia de la iglesia y obispos de Pamplona. II, 10-31 or..
- ↑ Flamant, Paul. (1927). Thibaut le chansonnier. Paris: Eugène Figuier éditeur.
- ↑ Anglés Pamies, Higinio; Sagaseta Aríztegui, Aurelio. (1973). Las canciones del rey Teobaldo. Iruñea: Nafarroako Foru Aldundia OCLC .264965142.
- ↑ Wallensköld, Axel. (1925). Les chansons de Thibaut de Champagne, roi de Navarre, édition critique. Paris: Edouard Champion éditeur.
- ↑ Hodcroft, F.W.. (1984). ««Elpha»: nombre enigmático del «Cantar del Mío Cid»» Archivo de filología aragonesa 34-35: 44. ISSN 0210-5624..
- ↑ Casaus Ballester, María José. (2008). «Los Pedro Fernández de Hijar y el espíritu cruzado entre los siglos XIII y XIV» Aragón en la Edad Media (20): 187-202. ISSN 0213-2486..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aurrekoa: |
Tibalt I.a Nafarroako errege (1234-1253) |
Ondorengoa: |
Aurrekoa: |
Tibalt IV.a Xanpainiako konde (1201-1253) |
Ondorengoa: |