[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Xabier Alegria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Xabier Alegria
Bizitza
JaiotzaDonostia1958ko azaroaren 26a (65 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, itzultzailea eta Preso politikoa

Xabier Alegria Loinaz (Donostia, Gipuzkoa, 1958ko azaroaren 26a) ENAMeko buruzagi ohi bat da,[1] besteak beste KAS plataformaren bozeramailea izandakoa eta EPPKko mintzakide izan da Alegria. Egin egunkariaren zuzendaritzako partaidea ere izan zen.

Dena da ETAko presoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dena da ETAko bulkada juridiko-politikoaren ondorioz, Lezoko bizilaguna 18/98 auziaren baitan atxilotu eta espetxeratu zuten lehendabizi, ‘Egin’ atalean, eta urtebete egin zuen preso. Ondoren, Ekinen aurkako sarekadan atzeman zuten, 2000. urtean, eta berriro espetxeratu egin zuten. 2003ko otsailean ‘Egunkaria’ren aurkako operazioan atxilotu zuten eta tortura gogorrak salatu zituen. Orduan ere kartzelara bidali zuten. Udalbiltzaren aurkako auzia iritsi zen ondoren eta hor ere prozesatu egin zuten, oraindik preso zegoela, baina auzi horretan absolbitu egin zuten eta 2004ko abenduan aske geratu zen. 2007ko azaroaren 30ean atxilotu zuten azkenekoz Alegria, 18/98 auziaren baitan Auzitegi Nazionalak 18 urteko zigorra ezarri ondoren –Auzitegi Gorenak gero 12 urte eta 9 hilabetera jaitsi zion–[2].

Auzibide ezberdinen petizioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Egin egunkariaː 1998ko uztailaren 15ean atxilotu zuten, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Orain SA enpresako administrazio kontseiluko kide zelako. Egin egunkaria eta Irratia itxi zituzten operazio hartan, eta berarekin batera beste zazpi lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Auzi horregatik kartzelan zela, 1998ko azaroaren 20an, Garzonek KAS legez kontrako jo zuen. Halaber, ETA eta Egin-en ustezko lotura eginda 26 lagun inputatu zituen, tartean Alegria bera. Kartzelaldi hartatik 60.000 euroko bermea ordainduta atera zen aske, 1999ko ekainaren 15ean[3].
  2. Ekinː 2000ko irailaren 13an berriz atxilotu zuten, beste hemeretzi lagunekin batera, Ekin-en aurkako operazioan. Baltasar Garzonek agindu zuen operazio hori ere. 2001eko ekainera arte egon zen preso Alegria.
  3. Euskaldunon Egunkariaː Akusatuetatik 20rentzat hamarna urteko espetxe zigorra eskatu zuen Fiskalak, erakunde terrorista baten kide izatea leporatuta. Dignidad y Justicia elkarteak, berriz, 14 eta 22 urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituen ETAkideak zirela eta diru publikoen bidegabeko erabiltzea salatuta. Defentsak, azkenik, absoluzio librea eskatu zuen, eta hala izan zen[4]. Guardia Zibilak atxilotu zuen, eta ohartarazi zioten: «Oraingoan bestela izango da. Orain Guardia Zibilaren esku zaude. Bukatu da ez deklaratzen hori». Bost egun egin zituen inkomunikatuta, eta tortura oso gogorrak jasan zituela salatu zuen. Torturapean sinarazi zizkiotenak ere salatu zituen Alegriak, 18/98ko epaiketan deklaratu zuenean. Egunkaria auziko prozesutik atera egin zuten Alegria gero, loturarik ez zuela ebatzita.
  4. Udalbiltzanː Prozesamenduaren zioa zera izan zen, UDALBILTZAn parte hartu zuela, Batzorde Eragileko kide nahiz langile gisa; eta hori zera izan liteke: “erakunde terroristako kide izatearen balizko delitua, Kode Penalaren 515.2º eta 516.2º artikuluetan jasotakoa, bai eta ETA erakunde terroristari dirua bideratze delitua ere”.

Nahiz eta datu edo froga bakar bat ere ez aurkeztu, Autoaren arabera “egiaztatuta dago UDALBILTZAKURSAAL, UDALBILTZA PARTZUEGOA eta EUSKAL GARAPEN ETA KOHESIO FONDOA ETAEKINek zuzentzen duen egitura terroristan sartuta daudela; delituzko egitura bidegabe beraren parte dira (ETAEKIN). Egitura honek baliabide desberdinak erabiltzen ditu baina beti helburu berbera bilatzen du, alegia, ordenamendu konstituzionala iraultzea edota bake publikoa urratzea (Kode Penalaren 571. eta hurrengo artikuluak); beti ere ondareen aurkako indarrezko ekintzak antolatuz, babestuz eta garatuz, arma, lehergailu, koakzio nahiz ondareen aurkako delitutzat jotzen diren beste edozein jardueren bidez, edo egitura eustera eta “nazio eraikuntzarako alternatiba demokratikoa” autoizendatutako zera hori lortzeko sare kriminal hierarkizatu gisa iraunaraztera zuzendutako jarduera ekonomiko finantzarioen bidez”.

Autoak, ildo berean, honako hau baieztatzea ahalbidetzen zuen zantzuak ere bazeudela adierazi zuen, zantzu horiek zeintzuk ziren zehazten ez zuelarik: “UDALBILTZAKURSAAL”, talde nazionalista eta beste partidu politiko zein erakundeen arteko akordiotik sortutako UDALBILTZAren delituzko berrikuntza bat da, ez duelarik UDALBILTZArekin zerikusirik; aitzitik, ENAMen jarduera eremuan kokatzen da, ETAEKINek, baita BATASUNAk berak ere, emaniko arauen menpe; eta alderdi politiko honek kontrolpean zituen udaletatik jasotako diruez finantzatu da, alderdiaren jarduerak oraindik suspenditu gabe zeudenean”.

Zehazki fiskalak auziperatu bakoitzarentzat (Xabierrentzat barne) 10 urteko espetxe zigorra eskatu zituen, 10 urtetan lan edo kargu publiko bat betetzeko debekua eta kostak ordaintzea, ustez erakunde terroristako partaide izategatik. Gainera, hauetako 4 auzipetuentzat (Iñaki tartean zela), 5 urteko espetxe zigor gehitua, 12 urtetako erabateko inhabilitazioa eta kostak ordaintzea eskatzen du fiskalak, fondo publikoen erabilpen bidegabea ere egotzita.

Bestalde, “Dignidad y Justicia” elkarte ultraeskuindarrak, akusazio partikular gisa, auziperatu bakoitzarentzat 14 urteko espetxe zigorra, 20 urtetako erabateko inhabilitazioa eta kostak ordaintzea eskatu zituen. Diru publikoaren erabilpen bidegabea egotzitakoei, berriz, 8 urte gehiagoko espetxe zigorra, 20 urtetako erabateko inhabilitazioa eta kostak ordaintzea[5]. 18/98 makrosumarion zigor eskaera handiena bere aurka egin zuen Enrique Molina fiskalak: 51 urte.

Alegriak epaiketan azaldu zuenez, Guardia Zibilak, deklarazio hartzean, «eskaintza» zehatza egin zion. Eta galdera batzuei erantzuten hasi zen, egoera hura bukatzeko «behar ia fisikoa» sentitu zuelako. Halaxe hasi ziren, Alegriaren hitzetan, gerora egin beharreko deklarazio formala «entsaiatzen». Hiru saio egin zituzten. Guardia zibilek batez ere izenak nahi zituztela azaldu zuen, «nirekin harremana izatea inputatzeko nahikoa arrazoi balitz bezala». Deklarazioa «hitzartzean» izen batzuk sartzera derrigortu zutela esan zuen: «Adibidez, Joseba Permach KAS Teknikoko bileratara joaten zela derrigor esan beharra nuen». Edo alderantziz: «Nahi banuen Rafa Diez talde horretan ez neukala sartu beharrik». Jose Maria Dorronsoro ETAko kideari ustez atzemandako agiriak, Garikoitz-en eta ETAren arteko eskutitzak, deklarazio polizialean bere egin bazituen, guardia zibilek aginduta egin zituela azaldu zuen, zer agiri ziren begiratu ere egin gabe izenpetu zituela, jasaten ari zena behingoz bukatzea nahi zuelako.

Guardia Zibilaren aurrean esandako guztiak «erantzun derrigortuak» izan zirela ziurtatu zuen Alegriak. ETArekin ez duela inoiz inolako harremanik izan ziurtatu zuen. Egunkaria-ren kontra egindako operazioan atxilotu eta torturatu ostean lortutako deklarazio hori izan zen fiskalaren akusazioaren oinarria, 18/98 sumarioan sartu zuelako gero.

Euskal presoen egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dena da ETAko preso ia guztiekin egin zuten bezela, Etakide moduan aurkeztuak izan ziren prentsa espainiar eta unionistan[6] eta urruneko kartzeletan kartzeleratu zituzten. 2015ean, Cadizeko kartzelatik askatu zutenean zera esan zuen presoen egoerari buruzː "zitala da. Egun osoko bakartzea ezartzen diete kide askori". Algecirasko kartzelako presoen kasua edota Arantxa Zulueta eta Jon Enparantzarena aipatu zituen, besteak beste. Preso gaixoen egoera are eta zitalagoa dela nabarmendu du.

Euskal Herritik 1.000 kilometro baino urrunago egon arren, astero-astero hutsik egin gabe senide eta lagunen bisita izan duela nabarmendu du Xabier Alegriak. "Hemengo jendeak flipatu egiten du", esan du euskal presoak ez diren kartzelako beste presoei erreferentzia eginez.

Kartzelako bizimodua "oso gogorra" izan arren, "denbora ez da kalean baino mantsoago igarotzen", Alegriaren irudiko. Hala, ikasten, itzulpengintzan eta "lagunekin Euskal Herriaz hizketan" aritu da espetxean.

Xabier Alegria bera lau urte eta erdiz egon da bakarturik. Bere esanetan, azken espetxeladia izan da gogorrena: "Lehenengo egunetik esan zidaten ez nintzela besteen baldintza berberetan izango"[7].

Xabierren amaren hileta

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013ko martxoak 12an, "Jaurlaritzak ere salbuespen politika presoekin" artikuluan haren senideek Xabier Alegriaren kasua salatu zuten. Bere ama hil zenean hiletara eraman zutenean, besteak beste, gertaera hauek azaldu zituzten: «Ertzaintzak gure senide eta Xabierren ama zenaren hiletan ezarri zuen protokolo ezohikoak geure sakonenean mindu gintuen. Aski dira zenbait adibide. Xabier eskuburdinak lotuta izan zuten une oro, baita elizkizunean ere. Zutik jarritako 8 ertzainek inguratu zuten elizkizunak iraun zuen bitartean, hurbileneko senideek hitz bakar bat esan edo besarkada bat eman ziezaioten eragotzi zutelarik (ezta bere anaiek edo alabek ere). Elizkizunaren hasieran emazteari ere ukatu egin zioten bere ondoan esertzea, eta taldeko buruak nolabaiteko kontsulta egin ondoren soilik eta emazteari bakarrik utzi zioten bere ondoan egoten. Zoritxarrez ezagutu ditugun espetxeetako lekualdaketetan nahiz epaitegi arrotzetan ere aplikatzen ez diren protokoloak aplikatu ziren hileta egunean. Dolua bizi eta elkarrekin arintzeko behar lukeen topaketa propio zapuztu zuen Ertzaintzak».[8]

Xabier Alegriak Eduardo Galeanoren Ispiluak liburua 2013an plazaratu zuen.[9]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]