[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Peptido

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tetrapeptido baten egitura kimikoa

Peptidoak aminoazidoak elkartzean edo proteina zatitzean sortzen diren molekulak dira. Proteinak baino txikiagoak dira. Orokorrean, peptidoek duten gehienezko aminoazidoen kopurua 100ekoa da; hortik gora proteina izeneko molekulaz hitz egin behar da.

Aminoazidoak lotura peptidikoaren bidez elkartzen dira peptidoak sortzeko. Lehen aminoazidoko karboxilo (-COOH) taldea eta bigarren aminoazidoko amino taldearen (-NH2) artean ematen den lotura zurrunari lotura peptidikoa deritzo.

Bi aminoazido elkartzen direnean dipeptido bat eratzen da; hiru direnean tripeptido bat, etab. Aminoazidoen kopurua 10 baino txikiagoa bada oligopeptido bat, eta hortik gora polipeptido bat deitzen zaie.

Polipeptido baten adibidea intsulina da, 51 aminoazidoz osatutako molekula. Polipeptido hau funtsezko hormona da, glukosaren odol-maila kontrolatzen baitu.

Peptidoen gehienezko pisu molekularra 10.000-12.000 daltonekoa da. Proteinek, aldiz, pisu molekular handiagoa dute eta polipeptidoak elkartzerakoan sortzen dira (polipeptidoez gain talde prostetikoak ere askotan dituzte).

Digestioan hidrolisi entzimatikotik edo kimikotik sortzen diren aminoazido sekuentziak dira non funtzio biologikoak dituzten. Orokorrean, tamaina txikikoak izaten dira 3 eta 20 aminoazido bitartekoak. Gizakiaren osasunarentzat positiboki jarduten dute.

Peptido aktiboen efektu biologikoa euren bioerabilgarritasunaren menpe dago eta azken hori, peptidoak digestioan zehar azaltzen duten erresistentziak determinatzen du.

Peptido aktiboen funtzioak burutu ahal izateko, urdaileko eta hesteetako proteasaren ekintza jasan ondoren, hesteetako epitelioa igarotzeko gai izan behar dute, zirkulazio sistemikoaren bitartez ehunera heldu ahal izateko.

Dipeptido eta tripeptidoak badira, hesteetako mukosan gertatzen da garraioa; peptido handiagoen kasuan, heste mehean xurgatzen dira.

Peptidoen funtzio biologikoa txikiagoa da katea handitzen doan heinean.

Urdailean hasten da peptido aktiboen digestioa, pepsina entzimaren bidez. Proteolisiaz gain, hestean xurgapena gertatu baino lehen, azido kontzentrazio handiak daude peptidoen digestioa emateko. Hesteko endopeptidasaren lanaren ondorioz, 2-6 unitate bitarteko peptidoak sortuko dira. Heste meharrean digeritu gabeko peptidoak heste lodira igarotzen dira. Bertan, hesteko mikrobiotak metabolizatzen ditu, adibidez, Escherichia coli bakterioak[1].

  • Immunitate-sistema estimulatzen dute.
  • Gaixotasun kardiobaskularrak murrizten dituzte; izan ere, angiotensina-l sortzeko entzima inhibitzen dute eta kolesterol gutxikoak dira.
  • Antioxidatzaileak dira, endekapeneko gaixotasunak eta zahartzea atzeratzen dituzte.
  • Digestioa eta xurgapena hobetzen dituzte.
  • Antibakterianoak eta antibiralak dira.
  • Minbiziaren aurkako babesa ematen dute, tumoreen ugalketa murrizten dute.
  • Antikoagulatzaileak dira, odolbilduak izateko arriskua gutxitzen dute[2].

Peptido aktiboen funtzioak eta horien kantitate eraginkorrak oraindik ikertzen dabiltza zientzialariak. Hori dela eta, ezin zaie gomendio zehatzik eman biztanleei. Hala ere, zenbait kasutan jada ikertu da zenbait elikagaik dituzten peptido aktiboen kantitate eraginkorrak funtzio zehatzetarako.

Besteak beste, esne hartzituan dagoen kaseina hidrolizatuaren 20g/egun hartuta, hesteetako epitelioaren odol-jarioa handitzen da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Segura-Campos, Maira; Chel-Guerrero, Luis; Betancur-Ancona, David. (2010eko iraila). Efecto de la digestión en la biodisponibilidad de péptidos con actividad biológica. Revista Chilena de nutrición.
  2. (Gaztelaniaz) Camilo Ocampo Peláez, Juan. (2013). El uso de péptidos bioactivos en la ingesta para la disminución de riesgos cardiovasculares en personas con problemas de obesidad. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]